Edukira joan

Literatura teoria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Literaturaren teoria edo literatura teoria (grekerazko, theorein, 'begiratu' edo 'behatu') literatura helburu duen azterketa sistematikoa da. Literaturaren teoria gisa, sistematikotasun-asmoekin, XX. mendearen hasieran jaio zen, formalismo errusiar izeneko eskolarekin. Hala ere, antzinatik ezagutzen dira literatura-egitateari buruzko gogoetak, eta horiek ere, adiera zabalagoan, literatur teoriatzat har daitezke.

Teoria honen aztergaia literatura da, beste erabilera linguistiko batzuekin kontrajarrita definitzen saiatzen dena, baita inguruko konbentzioak bereizten ere: autore bakoitzaren estiloa, idazlanaren literatura-generoa, haren interpretazioa edo kritika eta funtzio soziala.

Aristotelesen poetika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aristotelesen Poetikaren 18. mendeko edizio bat.

Literatura teoria edo literatura zientzia izendatzen den diziplinak historiaurre luzea du poetika deiturapean, pentsamendu europarraren jaiotzarekin batera baitator. Mendebaldean Greziako Antzinatean kokatu ohi dira hastapenak, Aristotelesek Poetika izendatu zuen tratatu ospetsuan, nahiz eta garai berean edo lehenago aztergaia bazegoen Txinan eta Indian ere[1].

Aristotelesek agerian uzten du helburua: literaturaren teoria orokor bat osatzea. Literatur objektuen lantze prozesuaz dihardu, baita moten eta horietako bakoitzaren izaeraz ere, eta mota horietako biren izaera, tragediarena eta epopeiarena, garatzen du. Aristotelesentzat, konposizio poetiko bete-betea lortzeko, landu egin beharra dago, teknika berezi batzuk erabiliz horretarako. Halere, lehen gogoeta sistematiko horri ez zitzaion ospea berehalakoan heldu, ez zuen eragin handiegirik erdietsi hurrengo mendeetako obrarik garrantzitsuenetan; esaterako, Horaziok Ars Poetica lanean ez zuen aipatu ere egin.

Erdi Aroan Horaziori jarraitu zitzaizkion batez ere; eta Pizkundeaz geroztik bihurtu zen Aristoteles erreferentzia puntu. Halaz ere, literaturari buruzko gogoetak ez du berreskuratu Aristotelesen hastapen haietan erakutsi zuen autonomia XX. mende arte; izan ere, Aristotelesek Poetika eta Erretorika diziplinak argi bereizi zituen arren, bi diziplinen nahasketa bat gertatu zen Europako pentsamendua. Poetikak, Erretorikaren gai ugari bereganatuz, bertsoen eta poema liriko eta dramatikoen eraikuntzaz zihar duen erregela eta arau multzoen bilduma bilakatu zen, poetika aristoteliarraren erretorizazioa areagotuz joan zen. XVIII. mendeaz geroztik, bereziki Alemanian, poetika estetika filosofikoaren azpisail bihurtu zen. Literatur testuaren funtzionamendua arakatzeak ez zuen beraz, erakarmen ahalmenik.

Literatur teoria, diziplina teoriko eta autonomo moduan, XX. mendearen bigarren hamarkadan garatu da Europan. Abangoardia sinbolista eta futuristak bizkorturik, erromantizismoaz geroztik, praktika artistikoak aldaketa sakonak izan zituen. Abangoardia horien poesigintzaren nondik norakoa ez zegoen azaltzerik ordura arteko Erretorikaren ikuspegitik, haren izaera arauemailetik aldendua baitzegoen. Poesia berri horrek iritsi nahi zituen efektuak azaldu behar zituen teorialariak, eta kontestu horretan Errusiar formalismoak tokia aurkitu zuen.

Formalismo errusiarrean pertsonai giltzarria Roman Jakobson hizkuntzalaria suertatu zen. Jakobson 1920an Pragara joan zen eta Pragako Hizkuntzalaritza Zirkuluan parte hartu zuen beste hizkuntzalari batzuekin, hala nola Jan Mukarovsky, Trubetzkoy eta Rene Welle. Mukarovskyk hizkuntzaren analisi semiotiko estrukturalista bilakarazi zuen, komunikazio prozesu batean hizkuntza: igorlea, mezua eta jasotzailea. Berregituraketa honen ondorioz literatur kritika eta teoria semiotikarekiko erlazioan ulertu da harrez gero. Hau da, literatura ez da testu idatzia, bakarrik komunikazio jardun osoa (jardun semiotikoa) baizik[2].

Harrezkero, nolabait, Poetika edo literaturaren zientziaren objektua ez da literatura, baizik eta literariotasuna, hots, idazlan bat literatur idazlan bihurtzen duen zera, hizkuntz zeinuez osatutako komunikazioa, komunikazio artistiko bihurtzen duen indarra. Literatur diskurtsoaren barne jokabidea atzeman nahi zuen teoriak, hizkuntza horren ezaugarri bereizleak zedarritu, hizkuntzazko adierazpenen barrutian ez ezik, baita beste agerpen artistikoekiko harremanean ere. Errusiar Formalismoak, New Criticism amerikar eta ingelesak, Alemaniako Eskola Morfologikoak, Estrukturalismo Txekiarrak, Formalismo Frantsesak... egin dute saiorik literariotasuna mugatzeko; literaturaren ikuspegi orokor eta zientifikoa lortzen ahalegindu dira, batez ere hizkuntzalaritzan euskarria bilatuz, baina baita literatur idazlanaren azken zentzua atzematen lagunduko dieten beste diziplina batzuen ekarriaz ere baliatuz[1].

Komunikazioa eta funtzionaltasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20. mende hasierako biratze formalista edo semiotiko horien ondoren, literaturan funtzionamenduaz kezkatu izan dira teoriak. Testuaren osotasunetik abiatzen, mamiari dagozkionak dakartzate lehen mailara (egilearen asmoak eta hartzailearen igurikapenak barne), eta testuaren alderdi global horietatik abiaturik, testuaren funtzionamendutik alegia, azaleko kontu xeheagoetarako bidea egiten dute. Adibidez, teorialari moderno batek, hitz batean ageri den metafora soltea solte aztertu baino areago, testua bera osorik den metafora aztertzea nahiago luke, eta, aukeran, literaturaren figura edo baliabide banakakook baino lehenago, beste alderdi formal oinarrizkoagoetan islatzen dena (denbora narratiboa, subjektu poetikoa...) aztertuko luke, eta bereziki ea nola burutzen eta gauzatzen den komunikazio ekintza testu jakin horretan[3].

Guztiarekin, komunikazio kontzeptuaren inguruan ere bada eztabaidarik. Zabal onartzen da literatura testuek ez dutela "informazio" soila helburu, baina hainbatek, poesiarako bereziki, "komunikazio" izaera ere ukatzen dio literatur obrari (artetzat harturik, eta arteari ukaturik, oro har, komunikazio-izaera hori): obra "hor dagoen" zerbait dateke, "produktu" bat -"kreazio" bat-, dagoeneko bere egiletik bereizi dena eta hartara hurbiltzen denak bere gisa atzeman beharrekoa. Beste ikuspegi batetik, ordea, arte/literatur obrarik hermetikoenak ere zerbait komunikatzen du, bere hermetikotasun hori besterik ez balitz ere.

Ikuspegi ez-komunikatibo horretatik, literatur obraren definizio negatibo bat emateraino hel gaitezke, haren eginkizunari (edo eginkizun ezari) begiraturik: berez inolako helburu praktiko, utilitario zuzenik ez duen testua litzateke, ikuspegi horretatik, literatur testua. Honen kontra, teoriko batzuek zentroa ekartzen dute, testugilearen asmoa eta hartzailearen jarrera (asmo horren onarpena) funtsezkoak direla literaturtasuna gauzatzeko orduan ("Nahi duzu ipuin bat konta diezazudan?"). Ikuspegi hau berria ere ez da, Gianbattista Vico klasikoaren ikuspegian, kontaketa original antzinako haiek, hizkuntza poetiko hutsa zirela, eta aurrerago sortu zela prosa; eta hain zuzen ere literaturen bilakabideen azterketan ere neurri batean halaxe izan da garapena, olerkitik hitz-laura joan da azterketa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «literatur teoria - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
  2. Gabilondo, Joseba. (2013-03-21). «“Literatur kritika eta teorika kritikoak: berauon historia eta arkeologia”. Anuario del Seminario Julio de Urquijo XXIV (1990): 21-51.» Anuario Del Seminario De Filologia Vasca Julio De Urquijo (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
  3. Lur Entziklopedia Tematikoa, Lur. (2011-07-13). «Literatur obra» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]