Limbourg anaiak
Limbourg anaiak (nederlanderaz: Gebroeders van Limburg), Paul (Nimega, 1386-1387 - Bourges, 1416)[1], Herman (Nimega, 1385 - Bourges, 1416)[1] eta Johan (Nimega, 1388 aldean - Bourges, 1416)[1], Erdi Aroko herberetar margolari eta miniaturagileak izan ziren. XV. mendearen hasieran, Frantzian garatu zuten euren produkzioa eta gaur egun ezagunak dira Les Très Riches Heures du Duc de Berry obragatik.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1399 baino lehenago, Pariseko urregile batekin ikasi zuten lanean, eta 1400 inguruan, Paulek eta Johanek Filipe II.a Borgoinako dukearentzat lan egin zuten. 1404an, hiru anaiak Joanes I.a Berryko dukearen zerbitzuan jarri ziren, eta hark aginduta egin zuten ospe handiena eman zien obra: Les Très Riches Heures izeneko orduen liburua (Condé museoa, Chantilly), baina ez zuten amaitzerik izan, hala artistak nola bezeroa, denak hil baitziren 1416ko izurritean.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uste da taldean lan egiten zutela, eta oso elkar harturik, ezin izan baitira bereizi izan batzuen eta besteen lanak. Nolanahi ere, Paul zen lantegiko burua. Hasierako lanetan -1402an Filipe II.a Borgoinakoarentzat egin zuten Bible Moralisée-n (Frantziako Liburutegi Nazionala) eta Les Belles Heures du duc de Berry-n (The Cloisters museoa, New York)-, erakutsi zuten ongi ezagutzen zituztela flandriar artisten arte ikusmolde berrienak. Hala ere, Les Très Riches Heures du Duc de Berry liburuko orrialde osoa hartzen duten miniaturetan jo zuen gailurra Limbourgtarren talentuak, lan horretan adierazi eta landu baitzituzten ondoen beren maisuen ezaugarri behinenak: naturalismoa, alde batetik, eta gotiko beranduko formalismoa, bestetik.
Antzematen da, gainera, ongi ezagutzen zutela italiar artea, eta ez Sienako eskolakoa soilik, baita Giottoren margolanak ere. Les Très Riches Heures egutegia apaintzen duten hilabeteen pasarteak benetako maisulanak dira, ordu arteko miniaturetan inoiz egindako paisaia handienak marraztu baitzituzten.
Eskema berdintsua errespetatzen da hilabete guztien irudikapenetan: aitoren semeak azaltzen dira, garaian garaiko jostetan, edota nekazariak, urte sasoiari dagozkion zereginetan, baina denak Berryko dukearen gaztelu edo egoitzaren bat ikusten den paisaia batean kokaturik. Nekazarien irudiak biziagoak, libreagoak dira, eta jauntxoenak, aldiz, dotoreak, luzekak eta zurrun samarrak. Alegia, behe mailako pertsonak ikuspegi naturalista batetik marraztu zituzten, eta gortekoak, berriz, modu formalagoan.
Har dezagun, esate baterako, urriari dagokion pasartea. Bi nekazari lanean ari dira alorrean, neguko laboreak ereiten. Egun argia eta eguzkitsua da, eta lehen planoan dauden irudien itzalak antzematen dira lurrean (lehen aldiz, Antzinate klasikoaz geroztik). Errealismo harrigarriz islatuta daude xehetasun asko: erdiko txorimaloa, eta ereileak lur erabili berrian utzitako oin zuloak, adibidez. Baina hazia ereiten ari den nekazariak beste zantzu ohargarri batzuk ere ditu. Piltzar zaharrez jantzita dago, eta aurpegiera mindua eta goibela du. Irudi patetiko horrekin nekazari pobreen zorigaitzeko patua adierazi nahi izan zuten Limbourg anaiek, batez ere, atzeko gaztelu aberatsak sinbolizatzen duen aristokraziaren luxuekin alderatzen bada.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Les Belles Heures du duc de Berry: Deikundea, 1406–1408 edo 1409, The Cloisters museoa, New York.
-
Les Très Riches Heures du duc de Berry: L'Homme anatomique edo Homme zodiacal, 1411-1416 aldean, Condé museoa, Chantilly.
-
Les Très Riches Heures du duc de Berry: Otsaila, 1412-1416, Condé museoa, Chantilly.
-
Les Très Riches Heures du duc de Berry: Magoen adorazioa, , 1411-1416 aldean, Condé museoa, Chantilly.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/02/29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Les Très Riches Heures du Duc de Berry. issuu.com (Noiz kontsultatua: 2016-03-01).