Edukira joan

Kronikagile

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kronikagilea gertaera historikoak edo garaikideak bildu eta idazten dituen idazlea da. Ilustraziora arte historialari hitzaren sinonimoa zen, eta eginkizun horietarako kargu ofizial bat zuen.

Erdi Aroko eta Aro Modernoko kronikagileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kazetaritza modernoa sortu eta kronika kazetaritza genero bezala sistematizatu baino lehen, kronikagilea gertakari historiko garrantzitsuak kontatzen zituena zen; historialariaren paretsukoa. Kantu epikoen egileak ez bezala, historialari eta kronikagileek egia kontatzeko borondatea zuten Antzinatetik. Aro Modernoan jakintzat ematen zen kronikagileak gertakariak eta ohiturak lekukotzen zituela, eta honegatik praktikan historia orokorrak egiten zituztenetatik bereiziak ziren (adibidez, Juan de Mariana, Historia de España ospetsuaren egilea, 1591-1601), nahiz eta batzuetan ez zen horrelako bereizketarik egiten. Erdi Aroan Asturias, Leon eta Gaztelako erresuma kristauek kronika tradizio bat sustatu zuten, Errekonkista zuritzeko eta erregearen boterea bermatzeko: Mozarabiarra, Albeldakoa, Siloskoa, Donemiliagakoa, Espainiako Kronika Orokorra, etab.), Alfonso X.a Jakitunaren Estoria de España eta Grande e General Estoria (XIII. mendea), eta abar.

Kronikagile zaharretako batzuk euskaldunak izan ziren, hala nola Pedro Lopez de Ayala (1332-1407), Esteban Garibai (1533-1599), etab. Gure artean ezaguna da, halaber, Ibarguen-Cachopin kronika, zatika bakarrik gordea, Julen Arriolabengoak bere tesian aztertu eta editatu duena (2006) [1]. Egin zituzten kroniketan Euskal Herria eta euskarari buruzko hainbat berri daude bilduta, inoiz euskarazkoak ere bai.

Indietako kronikagileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrek Amerika aurkitu ondoren, Indietako kronikagile deituak izan zirenen obrak eman ziren ezagutzera: bertako geografiaren eta indigena amerikarren bizimoduaren berri ematen zuten, Cristóbal Colón berarengandik hasita, haren seme Hernandok, Américo Vespucioren gutun ospetsuak eta hainbat aurkitzaile eta konkistatzaile gehiagok, hala nola Hernán Cortés. Idazki hauen izaera zuritzailea oso argia da. Bartolomé de las Casasen ekarpena (Brevísima relación de la destrucción de las Indias), erabat ezberdina, hain izan zen garrantzizkoa ezen Valladolideko batzarra delakoa eratu baitzen, indigenen aldekoak eta kontrakoak elkarrekin eztabaidatzeko; Legenda beltza ere handiagotu zuen, Europa osoan barrena hedatu baitzen haren entzutea Espainiaren aurkaku propaganda modura. Indigenen ikuspegia, beren dokumentuak eta kultura materiala arpilatuta eta suntsituta ikusi baitzituzten, salbuespen bakanetan baino ez zen jaso, hala nola Felipe Guamán Poma de Ayala inkaren kasuan.

Ofizialki Indietako kronikagile kargua Pedro Mártir de Angleríak bildutako dokumentazioarekin hasten da XVI. mendearen hasieran. XVIII. mendean instituzio hau bat egiten da Historiaren Erret Akademia eta Indietako Agiritegi Nagusiaren sorrerarekin.

Nabarmentzekoak dira Bernal Díaz del Castillo, Fernando de Alva Ixtlilxóchitl, Garcilaso de la Vega Inka, Pedro Cieza de León, Hernán Cortés, López de Gómara, Gonzalo Fernández de Oviedo, Diego Durán, Francisco Ximénez, Frai Toribio de Benavente, Frai Bernardino de Sahagún eta Frai Francisco Vásquez, besteak beste.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Julen Arriolabengoa (2008), Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan BBK Euskaltzaindia

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]