Edukira joan

Konpartsa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inauterietako konpartsa bat.

Konpartsa (edo eraldeak) inauteri eta beste jaietan modu aktiboan parte hartzen duen talde bat da, kolore edo mota bereko janzkera izaten duena. Saio komikoak antzeztu, musika jo nahiz dantza egitea izaten dira konpartsek jaietan parte hartzeko moduak, publikoaren arreta erakarri eta jai giro bizia sortzearren.

Donostiako eraldeak XIX. mendean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteriak eta eraldeak antzinatik daude Donostiari lotuta, baina ez dago 1813ko abuztuaren 31ko sutearen aurreko informaziorik, sutean udal-artxibo aberatsa galdu egin baitzen. Dokumentatuta dagoena gerraoste hura du abiapuntu, 1816an, hain zuzen ere.[1]

Donostiako gizarteak ezaugarri sozial eta ekonomiko aldakorrak izan zituen XIX. mendean. Hasiera batean, 1816tik aurrera, inauterietako egunetarako prestatutako emanaldietan nabariak ziren 1813an gertatutakoaren zirrararen oihartzunak. Geroago, Hirurteko Liberaleko gorabeherek eta ondorengo Ehun Milen inbasioak (1823) eta bi karlistadek (1836-1839 eta 1872-1876) eragina izan zuten jaian, eta jaia etenda geratu zen aldi luzeetan.[1]

Antero Aranzamendik 1816tik 1880ra bitarte albiste izan ziren programa ludiko-musikalak bildu zituen Eraldeak, Donostiako inauteriak XIX. mendean liburuan. Jasotako informazioaren arabera, 1816 eta 1879 urteen artean 64 urteko epean 28 aldiz antolatu zuten Donostiako inauteria.[1]

Bilboko konpartsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bilboko Aste Nagusia 1978

Konpartsak Bilboko Aste Nagusiaren osagarri herrikoi garrantzitsuena dira, bai eta hiriko festetako sortzaile historikoak eta urteroko antolatzaile ofizialak ere, Udalarekin batera. Txosnak dituzte agertoki nagusia.[2]

1978an sortu zen Bilboko jai-eredua non jatorri herrikoi duten konpartsek Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko rol garrantzitsua izan zuten. Denbora asko igaro da 1978tik, baina jai-eredu horrek indarren jarraitzen du.

Bilboko Konpartsen Federazioak ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dute lan konpartsek urte osoan eta hainbat jaitan parte hartzen dute (Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak). Konpartsen helburua herritarrek herritarrentzat egindako jaiak antolatzea da.

Konpartsen kokapena 2015eko Aste Nagusian Bilbon.

2024an konpartsak 27 ziren, 2002an sortutako Bilboko Konpartsen Federakundeak koordinaturik. Beteranoenen artean Txomin Barullo, Bizizaleak, Hontzak, Moskotarrak, Pinpilinpauxa, Satorrak eta Uribarri ditugu, 1978an jaiekin eurekin batera sortutakoak. Berrienak, aldiz, Altxa Porrue, Txinbotarrak, Zaratas, Komantxe, Piztiak, Trikimailu eta Txinparta Feminista dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Antero Aranzamendi, Juan Antonio. (2023). Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak. Instituto Dr. Camino. Kutxa Fundazioa. ISBN 978-847173-615-4..
  2. «Bilboko konpartsak» Bilboko Konpartsak (Noiz kontsultatua: 2023-02-09).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.