Edukira joan

Kolariko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
1804ko mapa; ezkerraldean Kolari.

Kolariko historia Kolari Lappiko udalerri finlandiarraren historia da. Eskualdearen iparraldean dagoen udalerri honen historia, k.a. VII. mendean hasten da.

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [1].

Suediar garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Vestrobotnia (antzinako probintzia)»

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediako Erresumako antzinako Vestrobotnia probintziaren barruan zegoen, hegoaldeko Torne ibarreko herri guztiekin batera. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lurralde hau Pajalako kaperaren esku gelditu zen. Kristautasunarekin batera, samitarrek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren Savoniako finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. 1580. urtean, udalerriaren gaur egungo izenaren lehen aipamena dago; izena, nekazari savoniar batek eman zion, kolare, suedieraz ikatz-labe esan nahi duena. XVII. mende amaieran bestalde, samitarren elur-orein abeltzaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren samitarrak, haien artean kolaritarrak, beren bizimodu bereziagatik ipar samitar deitura jaso zuten.

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Errusiar garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Dukerri Handia»

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta samitarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendean aldiz, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandiako Dukerri Handia eta Suediako Erresumaren arteko muga berria Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan jarri zen, eta orduan bat izandako elizbarrutiak banatu egin ziren; Kolari orduan, Turtolaren menpe gelditu zen. Hala ere, menpekotasun horrek ez zuen asko iraun, Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta eta 1819. urtean eraikitako eliza berriari esker, Turtolatik bereizi eta udalerri propioa sortu zutelako herritarrek 1867. urtean; udalerri berri honek, eliza zegoen herriaren izena jaso zuen, Kolari. Urte hauetan, finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samitarrek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten.

Independentzia eta II. MG

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Finlandiako Gerra Zibila» eta «Laponiako Gerra»
Soldadu finlandiarrak Laponiako Gerran.

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, Lappiko biztanle guztiak herrietatik atera zituen eta naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala nola, 1944ko urriaren 20ean alemaniarrek herri gehienak suntsitu zituzten; haien artean, Kolarin kirkonkylä eta bertako eliza [2].

Aro garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. 1960ko hamarkadan basogintza eta esne-industria garatu ziren eta jarduera hauek udalerriko ekonomia monopolizatu zuten garai hartan. 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. Industria udalerrira iritsi zen eta 70eko hamarkadan, burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrika bana ireki zituzten. Kolaritarren bi bostenek bertan egiten zuen lan 1987. urtean meatzea eta fabrika itxi zituzten arte. Finlandiako Gobernuak emandako diru laguntzei esker, sektore turistikoa bultzatzearen alde egin zuten herritarrek [3][4].

Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, hala nola 1998. urtean eraikitako geltoki berria, iparrean ez dauden herriek urtez urte biztanleria galtzen dute. Ylläs muinoaren inguruan dauden herriek bestalde, turismoak neguan eskaintzen dizkien etekinak baliatu eta biztanleria mantentzea, eta kasu batzuetan igoztea, lortu dute [5].

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]