Edukira joan

Kashgar

Koordenatuak: 39°27′00″N 75°59′00″E / 39.45°N 75.98333°E / 39.45; 75.98333
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kashgar
Konderri mailako hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Eskualde autonomoXinjiang
PrefekturaKashgar prefektura
Izen ofiziala喀什市
قەشقەر‎
Posta kodea844000
HerriburuaChasa Subdistrict (en) Itzuli
Geografia
Koordenatuak39°27′00″N 75°59′00″E / 39.45°N 75.98333°E / 39.45; 75.98333
Map
Azalera1.003,39 km²
Altuera1.270 m
Demografia
Biztanleria506.640 (2010)
782.662 (2020)
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaAdierazpen errorea: Hitz ezezaguna "br" (2010)
Dentsitatea505 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia998
Ordu eremuaUTC+08:00
Hiri senidetuakMalacca (en) Itzuli
Matrikula新Q
xjks.gov.cn

Kashgar[1] edo Kashi[1] (uigurreraz: قەشقەر‎; txinera sinplifikatuz: 喀什) Xinjiangeko basamortuko oasi-hiria da, Txinako Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan dagoena. 2010ko erroldaren arabera 500.000 biztanle pasatxo ditu eta metropoli eremuan milioi bat inguru bizi dira.

Txinako hirien artean mendebalderen kokaturik dagoena da, Afganistan, Kirgizistan, Tajikistan eta Pakistanekiko mugatik oso gertu. 2.000 urtetan zehar Zetaren Bideko hiri garrantzitsua izan zen eta inperio eta kultura anitzen elkargunea izan zen, bai eta borroka askoren tokia ere.

Jatorrizko izena Kāš (harkaitza) izan zen eta honi ekialdeko irandarrezko -yar (mendia) edo paxtunerazko ġar (mendilerroa) gehitu zitzaion[2]. Klaudio Ptolomeoren Geografia atlasean (II. mendean) Kasi aipatzen da eta uigurrek Kāshígá'ěr izena ematen diote. Kashgar inguruko eskualdeari Kashgaria izena eman izan zaio historikoki[2].

Kashgar izena sanskritora itzultzearen ondorioz tibetarrek Śu-lig ("zorioneko adeitasuna") izena eman zioten eta txinatar agiri zaharretan Shule (疏勒) izena ematen zaio[3].

Pamir mendien oinean dago, Tian Shan mendiak eta Kunlun mendiak batzen diren gunean; kokapen horri esker, garrantzi handia izan du historian, Asiako erdialdeko karabana bidea zelako[4].

Oso lurralde lehorra da, eta klima kontinentala du (urtarrilean -6 °C, eta uztailean 26 °C, batez beste).


    Datu klimatikoak (Kashgar (1971−2000))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 0.3 5.1 13.5 22.2 26.4 30.2 32.1 30.7 26.5 19.8 10.6 1.9 18.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −10.2 −6.2 1.7 8.6 12.9 16.1 18.6 17.2 11.9 4.7 −1.9 −7.7 5.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 2.1 5.7 6.7 5.2 8.5 7.7 9.1 7.9 5.3 2.5 1.6 1.7 64.0
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 2.2 2.1 2.3 1.6 2.9 3.5 3.7 3.7 2.5 1.1 0.6 1.7 27.9
Eguzki orduak 154.9 160.1 184.5 213.7 255.6 304.3 312.2 287.5 259.4 239.9 196.2 158.0 2726.3
Hezetasuna (%) 67 58 48 40 41 41 43 49 53 56 61 70 52.0
Iturria: China Meteorological Administration[5]

Aurreneko aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kashgarren aurreneko aipamena Han dinastiako txinatarrek mendebaldeko lurrak esploratzeari ekin ziotenekoa da[6]. K.a. 76 urtean txinatarrek Xiongnuen lurraldeak konkistatu zituzten, tartean Yutian (Hotan) eta Sulei (Kashgar) hiriak. Tarim arro osoa eskuratu zuen Han dinastiak, Tian Shan mendilerraren maldetaraino. Han liburuan (K.a. 125- K.o. 23) 1.510 etxalde zeudela esaten da eta bertan bizi ziren 18.647 pertsonetatik 2.000 gai zirela armak hartzeko. Han liburu berantiarrean (K.o. 25-170) 21.000 etxalde aipatzen dira.

Wei eta Sui dinastia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tarim arroa, III. mendean. Kashgar erresuma kolore morez markatua.

III. eta VI. mendeen arteko garaiari buruzko aipamen handirik ez dago. Wei dinastiaren hasieran (220 urtea) txinatarren zergadun ziren hainbat erresuma zeuden Tarim arroaren inguruan, handienak honako hauek ziren: Kashgar, Kuqa, Hotan, Turfan eta Shanshan. 270 urtean ordea txinatarren zergadunen taldean ez da Kashgar aipatzen.

VI. mendean Kashgar Inperio Heftalitaren barnean (Huno zuriak) zegoen baina hauen inperioa gainbeheran sartzean mendebaldeko turkiarrak Kashgarretik sartu eta Tarim arro guztia eskuratu zuten.

Tang dinastia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

618 urtean Tang dinastiak hartu zuen Txinako inperioaren boterea. Txinaren mugak zabaltzeari ekin zion eta mendebaldean turkiarrekin egin zuen topo. Borroka ugari izan ziren eta 639 urtean Kashgarrek txinatarrekino menpekotasuna aitortu zuen.

644 urtean Xuanzang ikasle budista Kashgarren izan zen Indiatik Txinara itzultzen ari zela eta Kashgarri buruzko deskribapen zehatza egin zuen. Indian gainbehera zihoan budismoa Kashgarren oso indartsu zegoen. Ehundaka monasterio zituen eta 10.000 fededunetik gora. Ohitura bitxiak ere aipatu zituen, gorputzak tatuatzea eta beren haurren buruak lautzea adibidez. Kashgartarrek begi berdeak zituztela ere aipatu zuen. Kashgarrek uzta oparoak zituen, fruti eta lore ugari eta artilezko produktu finak ekoizten zituen. Indiarren idazkera zuten baina inguruko herrietatik desberdina zen hizkuntzaz mintzatzen ziren. Zetaren Bidean pausaleku garrantzitsua zen Kashgar eta oparotasun handia ekarri zion hiriari.

VII. mendean turkiarren matxinada ugari izan ziren eta txinatarrek uigurren laguntza izan zuten garaipena lortzeko. 658 urterako Tarim arroaren kontrola lortu bazuen ere 662tik aurrera Tibetar inperioaren aurka borrokatu beharra izan zuen Tang dinastiak. Aurrez 711 urtean arabiarrek Kashgar inbaditu zuten eta beraiekin islama ekarri zuten[7]. Ez zen okupazio luzea izan, lau urte baino ez[8], eta islama ez zen asentatu Kashgarren X. menderarte[9]. 722 urtean Kashgarrek 4.000 gizonetako armada bidali zuen txinatarrei laguntzeko eta 728an emandako laguntzagatik saritua izan zen. IX. mendean Txina barnean gertaturiko An Lushan matxinadak nabarmen ahuldu zuen inperioa eta mendebaldeko lurren kontrola bertan behera utzi behar izan zuen.

Turkiarren agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IX. mendean Erdialdeko Asian turkiar jatorria zuten Karluk, Yaghma, Txigil eta beste hainbat leinuk Kara-Khanid Khanerria eratu zuten. X. mendean Satuq Bughra Khan sultana musulman bihurtu zen. Berak Kashgar eskuratu zuen eta Khanerriaren hiriburu izendatu zuen. Musulman karakhanidarrek Hotango budisten aurka jo zuten baina hotandarrak garaile atera ziren eta Kashgar eskuratu zuten 970 urtean[10]. 1006an ordea karakhanidarrak izan ziren Hotan konkistatu zutenak[10].

X. mendetik aurrera Kashgar islamaren erdigune garrantzitsua bihurtuz joan zen. XI. mendean Mahmud al-Kashgari lexikografo handiak Diwan Lughat al-Turk ( "Turkiar dialektoen bilduma) liburua idatzi zuen eta 26 hizkuntzetara itzuli da dagoeneko. Kashgarreko islamak txinatar, pertsiar, turkiar eta indiar eragin handiak jaso zituen eta artean eta arkitekturak nabaritu zen batez ere[9].

Kara-Khanid Khanerria bitan zatitu zen eta mendebaldeko zatia Seljuktarren dinastia turkiarrak menperatu bazuen ere ekialdekoak independente jarraitu zuen[11]. XII. mendean Erdialdeko Asiako Qara Khitai inperioak Kara-Khanid Khanerria eskuratu zuen[12]. Kashgar eskuratzea kostatu zitzaien ordea. Kashgarreko azken karakhanidarra 1211 urtean erahil zuten. Qara Khitai inperioaren erlijioak budismoa eta nestorianismoa baziren ere Kashgarren islamak arazorik gabe iraun zuen.

1219 urtean Genghis Khan-en Mongolen Inperioak eremu osoa konkistatu zuen eta Txagatai Khanerria eratu zuen. Kashgar Khanerri honen barnean gelditu zen. 1273 eta 1274 artean Marco Polo veneziar bidaiari eta merkataria izan zen Cascar deitu zuen hirian. Eliza nestoriar asko ikusi zituen. XIV. mendean Txagataiko Tughluq Timur khana musulman bihurtu zen eta islamari bultzada berria eman zion. 1572 urtean Txatagai khanerrian bi khoja alderdi indartsu sortu ziren, menditar zuriek eta menditar beltzak. Bien arteko istiluek khanerria nabarmen ahuldu zuten eta Dzungariako Khanerriak eskuratu zuen Kashgar.

Yakub Beg jenerala.

Qing dinastiak Dzungar Khanerria garaitu eta 1759 urtean eskuratu zuen Kashgar. Beren kontrola bermatzeko inmigrazio politika abiatu zuen Qing gobernuak eta mantxuarren inmigrazioa sustatu zuen. XIX. mendean inguruko inperioek (Kokand Khanerriak) hainbat eraso eta kashgartarrek (Khojak) hainbat matxinada saiakera egin bazituzten ere txinatarrek denak garaitu zituzten.

1862 urtean Hui etniako txinatar musulmanek Dungan matxinada abiatu zuten Gansun eta berehala zabaldu zen Tarim arro osora ere. 1864 urtean Kashgar ondoan dagoen Yarkand hirian 7.000 txinatar mantxu erail zituzten eta Kashgarren bertan ere matxinada gertatu zen Sadik Beg kirgiz buruzagiaren eskutik eta honi Buzurg Khan khoja eta Yakub Beg jeneralak lagundu zioten. Hiruren artean Yakub Beg nagusitu zen eta Kashgaria deituriko erresuma sortu zuen hiriaren inguruan. Hurrengo urteetan Tarim arro guztia eskuratu zuen txinatarrei aurre eginez. 1877 urtean Korlan erahila izan zen eta erresumaren amaiera izan zen.

Txinako errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933 eta 1934 urteetan bi borroka gogor izan ziren hirian, uigur eta kirgiz leinuak alde batean eta txinatar musulmanak bestean. 1949 urtean Txinako Herri Errepublikaren barnean gelditu zen Kashgar[9]. 1986 urtean Txinako gobernuak "garrantzia historiko eta kultural handiko hiria" izendatu zuen Kashgar. XXI. mendean uigurren altxamenduak izan dira.

Uigurrrak dira gehiengoa hirian eta beraz islama da erlijio nagusia. 1998ko erroldaren arabera uigurrek populazioaren %81a osatzen zuten eta Han txinatarrek %18a baino ez[13].

Xinjiangeko hiriburua den Ürümqirekin alderatuz gero Kashgarrek ez dauka hainbesteko industriarik eta nekazaritzan oinarritzen du bere ekonomia. Labore ugari ekoizten dira: artoa, arroza, garia, fruituak (meloiak, mahatsa, albertxikoak, melokotoiak, gereziak...) Igandero Yekshenba bazarra izaten da eta bertan nekazal produktuez gain kotoizko eta zetazko produktuak, larrugintzazkoak, zeramikazko eta kobrezko ontziak eta egurrezko bitxi-kutxak saltzen dira besteak beste[14].

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
  2. a b «KASHGAR – Encyclopaedia Iranica» www.iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  3. «Shule, China - Geographical Names, map, geographic coordinates» geographic.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  4. (Ingelesez) «Kashgar | China» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  5. .
  6. «Silk Road, North China» The Megalithic Portal (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  7. (Ingelesez) Ring, Trudy; Watson, Noelle; Schellinger, Paul. (2012-11-12). Asia and Oceania: International Dictionary of Historic Places. Routledge ISBN 9781136639791. (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  8. (Ingelesez) Dillon, Michael. (2014-08-01). Xinjiang and the Expansion of Chinese Communist Power: Kashgar in the Early Twentieth Century. Routledge ISBN 9781317647218. (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  9. a b c «Saudi Aramco World : Kashgar: China’s Western Doorway» web.archive.org 2015-12-08 (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  10. a b (Ingelesez) Hansen, Valerie. (2012-10-11). The Silk Road. OUP USA ISBN 9780195159318. (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  11. Davidovich, E. A.. (1998). History of Civilisations of Central Asia. UNESCO Publishing, 119-144 or. ISBN 92-3-103467-7..
  12. Biran, Michal. (2005). The Empire of the Qara Khitai in Eurasian History: Between China and the Islamic World. Cambridge University Press, 80-81 or. ISBN 0-521-84226-3..
  13. Stanley W. Toops. (2004). "The Demography of Xinjiang". In S. Frederick Starr (ed.). Xinjiang: China's Muslim Borderland.. Routledge, 256-257 or. ISBN 978-0765613189..
  14. «Kashghar | SILK ROADS» en.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).
  15. a b (Ingelesez) «Silk Road | Kashgar | China | Luxe and Intrepid Asia» Remote Lands (Noiz kontsultatua: 2019-11-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]