Edukira joan

Kanako ezteiak (Veronese)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kanako ezteiak
Le nozze di Cana
Jatorria
Sortzailea(k)Paolo Veronese
Sorrera-urtea1560(e)ko hamarkada
IzenburuaNozze di Cana
Mugimenduamanierismoa
Jatorrizko herrialdeaVeneziako Errepublika
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta Margo-oihala
Dimentsioak677 (altuera) × 994 (zabalera) cm
Genero artistikoaarte sakroa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
OinarrituaKanako ezteiak
Iconclass73C611
Kokapena
LekuaSalle des États, Louvre (en) Itzuli
Refectory of the Monastery of San Giorgio Maggiore (en) Itzuli
BildumaLouvreko margogintza saila
InbentarioaINV 142 eta MR 384
JabeaFrantziar Estatua
Argumentu nagusiaKanako ezteiak
Gertaera nabarmenakKontserbazio-zaharberritzea
1798
Arpilatze

Kanako ezteiak Paolo Veronese italiar pintore manieristaren margolana da. Oihal gainean egindako olio-pintura da, oso neurri handikoa (666 x 990 cm). Lan honetan Veronesek bere bitarteko guztiak baliatu zituen arkitektura espazio artifizialak eta festa giroa sortzeko. 1563an margotua izan zen, eta gaur egun Parisko Louvre museoan dago.

Veneziako San Giorgio Maggiore monasterioko beneditarrek enkargatu zioten margolan hau Veroneseri, Andrea Palladiok diseinatutako errefektorioa apaintzeko. Lekaideek oso neurri handiko lana agindu zioten, jan-aretoko atzeko pareta osoa estali nahi zutelako. Veronesek 15 hilabetez egin zuen 70 metro koadroko obra hau, anaia Benedettoren laguntzaz, ziur asko[1]. 1797an tropa napoleonikoek margolana ebatsi eta Parisa eraman zuten. 1798tik Louvre museoan dago.

Margolanaren azterketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kanako ezteiak»

Margolan honi buruz era askotako azalpenak eman daitezke. Erlijio gai bat azaltzeaz gainera, orduko pertsonaia handi askoren erretratua ere bada: Alfonso Davalos eta Leonor Austriakoa dira, adibidez, ezkonberriak, eta Pescarako markesa, behiz, txotx batez hortzak garbitzen ari den gonbidatua. Orobat azaltzen dira erretrataturik, apain-apain jantzirik, ordurako hilak ziren pertsonaia handi batzuk, hala nola Frantzisko I.a Frantziakoa, Karlos Habsburgokoa eta Maria I.a Ingalaterrakoa, edota, baita ere, Jesukristo eserita dagoen mahai berean kristautasunaren etsai bat eserarazteko beldurrik edo lotsarik ez zuela erakutsiz, otomandarren sultan Suleiman I.a.

Areago ere joan zen, eta margolanaren erdi-erdian, Jesukristo eta Mariaren aurre-aurrean hain justu, musikari talde bat margotu zuen, garai hartako veneziar pintore hoberenek osatua: Veronese bera zuriz jantzia eta biola joz, Tiziano zaharra kontrabaxuarekin, atzerago Tintoretto, biola joz hau ere, eta Jacopo Bassano xirularekin. Gainera, tresnak badu zerikusirik bakoitzak lantzen duen arte motarekin: Tizianok tonua ematen du kontrabaxuarekin, eta Bassanok, gai idiliko eta bukolikoetan espezialista, xirula jotzen du. Pintore musikariak erregeen eta printzeen maila berean azaltzean, ordura arte inork izan ez zuen ausardia erakutsi zuen Veronesek.

Lan gehienetan bezala, honetan ere zenbait animalia margotu zuen: zakurrak, katu bat pitxer batekin jolasean, zakur bat burua goialdeko ezkerreko balkoitik ateratzen, eta zenbait hegazti agertoki fantastikoan zehar hegaldatzen. Ezteietako pertsonaiak inguratzen dituen arkitektura alegiazkoak jauregi bat itxuratzen edo iradokitzen du, eta gehiago ematen du Olinpoko jainkoen egonlekua Ebanjelioko pasadizo baten gertalekua baino. Oso ongi adierazita daude eraikuntzako material mota ezberdinak.

Egiturari dagokionez, margolanak klasikoagoa ematen du, baina hori ere ez da hala. Behatzailearen ikuspuntua Kristoren buruaren aurrez aurre dago, margolanaren erditik beheraxeago. Ikuspuntu horrek aukera ematen du mahai lagun guztiak argi ikusteko eta arkitektura egiturek sortzen duten sakontasun sentipena handitzeko. Perspektiba hiru plano handiren bidez sortzen da, antzeztoki bateko dekoratua balitz bezala albo banatan jarrita dauden arkitektura bloke handiek mugatuak. Perspektiba hori lautua egotea du gauzarik bitxiena. Margolanari begira gaudela, teleobjektibo batekin ateratako argazki baten aurrean daukagun sentipen bera sumatzen dugu; alegia, atzeko planoak daudena baino hurbilago daudela iruditzen zaigu, lentearen efektu optikoak planoen arteko tartea txikitzeagatik. Efektu horrek areagotu egiten du konposizioaren eszenografia itxura.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]