Edukira joan

Iosune Cousillas Aramendi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iosune Cousillas Aramendi

zinegotzi

2015 - 2023
Bizitza
JaiotzaErrenteria1970eko irailaren 3a (54 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
irakasle 1991)
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta aktibista
Enplegatzailea(k)Ikastola
KidetzaEuskal Herria Bildu

Iosune Cousillas Aramendi (Errenteria, Gipuzkoa, 1970eko irailaren 3a) Irakaslea, euskal ekintzailea eta feminista da. Kirol zalea, natura eta baserri munduko lokera maite du.

Errenteriako Galtzaraborda auzoan jaio zen. Aita, Pedro Cousillas Blanco galiziarra, Corme herrikoa eta ama Pili Aramendi Tizon Erenteriakoa. Hiru senidetan hirugarrena da, Pedro eta Aitor anaien atzetik. 25 urterekin izan zen ama eta Fausto Kazabon Amigorena bikotekidearekin, lau urteren buruan hiru seme izan zituzten: Peio, Mattin eta Nikolax.

Zortzi urte zituela Oiartzungo Altzibar auzora etorri ziren bizitzera eta Pasaiako La Anunciata ikastetxean jarraitu zuen oinarrizko ikasketak egiten. Batxilergoa berriz, Errenteriako Koldo Mitxelena institutuan. Hortxe beste mundu bat ireki zitzaiola esan daiteke. Izan ere, batetik, eskolako lagunak ez ziren bizi Oiartzunen, eta bestetik, ordurarte ez zen Altzibarko eremutik atera. Beraz, Institutuan hasterakoan harremanei dagokionez asko zabaldu zen eta egoera politiko sozialaz jabetzen hasi zen.

Magisteritza ikasketak egin zituen, haur-hezkuntzako espezialitatean (1991). Horra iristeko, ordea, lan asko egitea tokatu zitzaion. 16 urterekin hasi zen lanean sosak ateratzeko. Eskailerak garbitu, umeak zaindu, etxeko lanak egin, eskola partikularrak eman… Karrera bukatu eta lanean hasi zen arte.

21 urterekin hasi zen lanean. Oiartzungo Iturburu udal haur-eskolan eman zituen 14 urte irakasle lanetan[1] (226 orr) eta 2006tik Haurtzaro ikastolan dabil haur-hezkuntzako irakasle modura.

Senarraren aldeko familiaren baserria hartu zuten bizileku, bikotekidea eta bion artean, pixkanaka berritzeari ekin ondoren. Hiru seme izanda, urte batzuk lana eta amaren eginkizunetan murgilduta pasa behar izan zituen, militantzia albo batera utzita. Senarra baserrira dedikatzen zen (bazituzten 25 esne-behi, goizean eta gauean jetzi behar izaten zirenak) eta bere ondoan ikasi zuen Iosunek baserriaz dakien guztia. Senarra baserrira dedikatzeak, bestalde, zaintza lanetarako lagungarria izan zen, lanordu finkorik ezean, bere gain hartzen baitzuen eginkizun hori.

2010. urtean, arrazoi etikoak eta osasunezkoak tarteko, barazkijalea izatea erabaki zuen, ahal dela berak ekoiztutako barazkiaz elikatzea.

Gaztelera izan da ama-hizkuntza eta zortzi urte arte, inguru erdaldunean hazitakoa da. Institutuan ere gaztelera hutsean hezi izan zen. Gurasoek, nahiz eta ikastolara bidali ez, bazuten euskararekiko begirunea eta hiru seme-alabak eskola partikularretara eraman zituzten euskara ikastera.

Nerabezaroan bizitako inguruneak lagunduko zion euskararen munduan bete-betean murgiltzen. 14 urterekin Oiartzungo Emakume Eskubaloi taldean sartu zen. Horrekin batera, Oiartzungo plazaren inguruko giroan sartzen hasten da eta ezkerreko mugimendutan murgiltzen. Hor aurkitu zituen euskal giroko taldeak eta euskara ikasi eta jorratzeko inguru aproposa. Magisteritza euskaraz egin nahi zuen eta euskara maila nahikoa ez zuenez, Etxarri Aranatzeko barnetegira joango zen hilabete baterako. Unibertsitateko karreran lortu zuen euskara maila zientifikoan ikastea. Prozesu horretan bikotea euskalduna izateak ere, beste plus handia suposatu zion. Ondoren etorriko zen hika mintzatzen ikasteko ikastaroa, eguneroko harremanetan modu naturalean erabiltzen duena.

Prozesu guzti horretan Euskal Herrian integratzeari eman zion lehentasuna eta euskaldun peto-petoa sentitu nahirik edo, jatorri galiziarra gorde xamarra eduki zuen urtetan. Sustraiei garrantzia ematea geroago etorriko zen, eta gaur egun harrotasunez mintzatzen da bere jatorriaz.

16 urterekin eskubaloia utzi eta sokatiran hasi zen, orduntxe 10 neskaren artean sortutako Oiartzungo Girizia Emakume Sokatira taldean.[2]

Girizia Emakume Sokatira Taldeko neskek bost urtez jarraian Euskal herriko txapelketa irabazi zuten eta Getxon jokatutako Munduko txapelketan, urrezko domina lortu zuten 480 kilotan eta 520 kilotan zilarrezko domina.[3]

Geroztik ez du talde antolatuetan parte hartu baina kirolari egunero eskaintzen dio tartea, lanera joan aurretik bada ere. Mendia, korri egitea eta bizikleta ditu gustukoen. Urtero ibilaldi bat egiten du, bera bakarrik edo beste lagunaren batekin. Barrenak eskatzen diona da, indarberritzeko behar-beharrezkoa. Behin seme txikienak 11 urte beteta eskaini zion tartea bere kabuz abentura batzuk egiteari. Baditu balentria aunitz eginak, esterako: Donejakue bidea, hiru leku ezberdinetatik: Frantziako bidea, Kostako bidea eta Platako bidea.Transpirenaika, oinez eta bizikletaz. Pirineotatik barrena ibilaldiak, Camí de Cavalls, O Camiño dos Faros. Horiez gain Euskal Herriko mendi gailur asko zapaldu ditu, eta Euskal herritik barrena antolatzen diren mendi ibilaldietan parte hartu du: hala nola, XIV orduko ibilaldia,[4] Sakanako ibilaldia, Txirrita ibilaldia, Intxixu trail,[5] Arantza, Lesaka eta Etxalarko ibilaldiak, etab.

Herri ekintzaile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetatik egon da Iosune herri mugimenduetan kolaboratzen. Auzo bizitzan parte hartu izan du, bai Altzibarren bizi zirela eta baita Gurutzen ere. Jai batzordetako partaide iraunkorra izan da,[6] tartean, Gurutzeko emakumeen urteko bazkaria ekimenaren sustatzaile.[7]

1995. urtean, bere lehen semea jaio zenean, Atsolorra, jaiotza erritua berpiztu nahi izan zuen etxean egindako ospakizunarekin. Geroztik herrian errotu den ohitura bihurtu da.[8]

Amaren bularra taldeko sortzaile izan zen. Edoskitze naturala bultzatzea zuen helburu, kultura horretako transmisio falta sumatzen zen garaian. Jakintza hutsunea nabarmena zen eta euren kezkak eta ezagutzak partekatuz laguntzen zioten elkarri.

El Watan Sahararen Lagunen elkartearekin bat, Saharako haurrak 2 urtez hartu izan dituzte familian, oporrak bakean ekimena bultzatuz.

Bi legealditan izan da Oiartzungo udaleko kultur zinegotzi 2015-2019ra[9] eta 2019-2023ra.[10]

Exijentzia handiko saila da.[11] Esparru asko hartzen ditu bere barnean; demanda asko eta herritarrekin harreman zuzena eskatzen du. Horrez gain herrian agerpen ugari egitea eskatzen duen ardura da, sailari gainkarga handia erantsiz. Bere ardurapekoak dira besteak beste: liburutegia, herriko eragileak, auzoetako jai batzordeak, Xanistebanak,[12] Soinuenea, Arizmendi[13] eta Luberri museoak, Ibargain musika eskola, Ondarea (mahaia eta web),[14] Urtekaria, Arditurri, Beloaga,[15] Landetxe kultur etxea,[16] Atsolorra ekimena, Concha Murguia omenaldi ekitaldia, etab. Emakumea izanda, gainera, udaletik bultzatu diren uka ezineko ekintzetan erantzukizuna ere izan du.[17]

Herriko aitortza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko udalekuetako haur talde batek bere izena eraman zuen.[18]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «2022: Iturburu Udal Haur Eskolako historia» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  2. (Gaztelaniaz) «Balentria baten 25. urteurrena» El Diario Vasco 2016-02-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  3. (Ingelesez) «2016 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-09-15 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  4. XIV ORDUKO IBILALDIA. (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  5. «Azken berriak» www.intxixutrail.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  6. (Gaztelaniaz) «Festa giro ederra Gurutze auzoan» El Diario Vasco 2016-09-16 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  7. (Gaztelaniaz) BASTEROBERRI. (2017-10-31). «Gurutzeko emakumeen bazkaria giro paregabean» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  8. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  9. Erik, Gartzia(e)ko. (2019-06-10). «Hamazazpi zinegotziek larunbatean hartuko dituzte beren karguak» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  10. Udal Korporazioa. .
  11. «Hasi saioa Facebook-en» Facebook (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  12. (Gaztelaniaz) «Iosune Cousillas Aramendi: «Oso aberatsa da xanistebanak herritarren artean antolatzea»» El Diario Vasco 2016-07-27 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  13. (Ingelesez) «95. Udala Informatzen by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2021-07-22 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  14. (Ingelesez) «251. Aski Prexko! by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2020-11-20 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  15. (Ingelesez) «27. Mugarri: Beloaga, gaztelu baten historia by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2021-09-15 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  16. «Landetxe (Oiartzun): eraikin publiko berria» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  17. «Gutuna: "M8. Oiartzungo Gobernu taldeko emakumeon* adierazpena"» Oarsoaldeko Hitza 2018-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  18. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]