Edukira joan

Gupta Inperioa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gupta Inperioa
गुप्त साम्राज्य
320 – 600
Monarkia
Gupta Inperioa kolore grisez; berdez, menpeko estatuak
Geografia
HiriburuaPataliputra
Kultura
Hizkuntza(k)Sanskrito
ErlijioaHinduismo
Budismo
Historia
Aurrekoak
Kanva leinua
Kusan Inperioa
Ondorengoak
Heftalitak
Rashtrakuta leinua
Gurjara-Pratihara
Pala Inperioa

Gupta Inperioa (sanskritoz: गुप्त साम्राज्य, Gupta Sāmrājya) Indiako inoizko inperio politiko eta militar handienetariko bat izan zen. Gupta dinastiak agindu zuen Inperioan 240-550 urte bitartean. Lurraldez, India iparraldeko eremu gehiena eta gaur egungo Pakistan ekialdea eta Bangladesh hartzen zituen[1].

Gupta inperioak iraun zuen bitartean, bakea, oparotasuna eta garapena izan ziren nagusi[2]; horrenbestez, kultura indiarra asko aurreratu zen artean, literaturan eta zientzian: zientzia bera (gaur darabilgun zenbaki-sistema hamartarra garatu zuten, besteak beste), filosofia, arkitektura, eskultura, pintura, literatura, musika eta dantza landu zuten, gaurdaino iraun duena. Sanskritoa zen Gupta Inperioko hizkuntza.

Gupta errege-erreginek administrazio-sistema eraginkorra ezarri zuten; botere zentral indartsua zeukaten, baina, bake-garaietan, herriei autonomia ere ematen zieten. Hinduismoa nagusi zenez, gizartearen antolaketa eredu horren araberakoa zen, kasta edo leinuka banatuta. Hinduismoaren ezaugarri nagusiak orduan ezarri ziren: jainko-jainkosak, erlijio-ohiturak eta tenpluak.

Inperioaren sasoian, merkataritza eta kanpo-harremanak hain aberatsak izan ziren, ezen sinesmen eta arkitektura hinduistak eta budistak Borneo, Kanbodia, Indonesia eta Thailandiaraino heldu baitziren.

Gupten jatorria ez da ziurra[3].​ Teoria baten arabera, gaur egungo Uttar Pradesheko behe-doab eskualdean sortu ziren[4], eta bertan aurkitu dira Guptako lehen erregeen inskripzio eta txanpon gordailu gehienak[5][6].​​ puranatarrek ere teoria horren alde egiten dute, proposamena egin dutenek argudiatzen dutenez. Izan ere, Gupta lehen erregeen lurralde gisa aipatzen dute: Ganges ibaiaren arroko Prayagraj, Saketa eta Magadha[7][8].

Beste teoria entzutetsu batek gaur egungo Bengalako eskualdean kokatzen du Guptaren jaioterria, VII. mendeko monje budista txinatar baten I Ching kontakizunean oinarrituta. I Chingen arabera, Che-li-ki-to erregeak (Sri Gupta dinastiaren sortzailearekin identifikatua) tenplu bat eraiki zuen erromes txinatarrentzako Mi-li-ziss-po-no-tik gertu (itxuraz, Mriga-shikha-vanaren transkripzio bat). Yijingek dioenez, tenplua Nalandatik 40 iojana baino gehiagora zegoen, eta horrek esan nahiko luke Bengala eskualde modernoko lekuren batean zegoela[9].​ Beste proposamen bat da Guptako erresuma zaharra Prayagatik hasi (mendebaldean) eta Bengalako iparralderaino (ekialdean) hedatzen zela[10].

Guptaren erregistroek ez dute dinastiaren varna (klase soziala, kasta) aipatzen[11].​ Historialari batzuek, hala nola A.S. Altekarrek, vaisia jatorrikoak zirela teorizatu dute, antzinako testu indiar batzuek Gupta izena aipatzen baitute varna vaisia kideentzat[12][13]. R. S. Sharma historialariaren arabera, vaisiarrak, tradizionalki merkataritzarekin lotuta zeudenak, agintari bihurtu zitezkeen aurreko agintarien zerga zapaltzaileei aurre egin ondoren[14].​ Vaisia jatorriaren teoriaren kritikariek diotenez, gupta atzizkia vaisia ez diren askoren izenetan agertzen dela Gupta garaian eta lehenago ere[15], eta Gupta izen dinastikoa Prabhavatigupta izenetik etor zitekeela, besterik gabe. Zenbait adituk uste dute haien aitaren aldeko gotraren (klana) izena Dharana zela, baina inskripzio horien ordezko irakurketa batek iradokitzen du Dharana bere ama Kuberanagaren gotra zela[16].

Sri Gupta eta Gatotkacha

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliteke Sri Guptaren erregealdia 240-280 urteartea izatea[17].​ Historialari modernoek, hala nola K.P. Jayaswalek, uste dute bera eta bere semea kusandarren feudokoak izan zitezkeela. Bere seme eta oinordeko Gatotkachak 280-319 bitartean gobernatu zuen. Ondorengoarekin kontrastean, Chandragupta I.a, zeina Maharajadhiraja gisa aipatzen den, hura eta Gatotkacha semea maharaja gisa agertzen dira inskripzioetan[18]. V. mendearen hasieran, guptek erresuma hindu txiki batzuk ezarri eta gobernatu zituzten Magadhan eta gaur egun Bihar denaren inguruan.

Chandragupta I.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatotkachak (280-319 urteartean izan zen errege) Chandragupta izeneko semea izan zuen (320-335 urteartean izan zen errege), zeina ez den Chandragupta Mauryarekin (K.a. 322-298), Maurya Inperioaren fundatzailearekin nahastu behar. Akordio handi baten bitartez, Chandragupta Kumaradevirekin ezkonduta zegoen, Licchavi printzesarekin, Magadhako herririk boteretsuena. Magadhako erresumako dotearekin (Pataliputran kapitala zuena) eta Nepalgo licchaviekin aliantza bat eginda, Chandraguptak bere boterea hedatzen jardun zuen, Magadha, Prayagraj eta Saketaren zati handi bat bereganatuz. Ganges ibaitik Prayagaraino (egungo Prayagraj) hedatzen zen erresuma sortu zuen; 321. urtearen inguruan, Maharajadhirajaren titulu inperiala bereganatu, eta bere inperioa zabaldu zuen ezkontza-itunen bidez.

Samudraguptako txanpona. Britaniar museoa

Samudragupta, Parakramanka aitaren oinordekoa izan zen 335ean, eta berrogei bat urtez gobernatu zuen. Ajichatra eta Padmavati erresumak hartu zituen bere erregealdiaren hasieran. Ondoren, Malwa, Yaudheya, Arjunayana, Mathura eta Abhira tribuen aurka jo zuen. Hil zenean, hogeita hamar erreinu baino gehiago zituen bere mende, eta bere gobernua Himalaiatik Narmada ibairaino eta Brahmaputratik Yamunaraino hedatzen zen.

Samudragupta ez zen talentu militarra bakarrik izan, artearen eta literaturaren mezenas handia ere izan baitzen, baita poeta eta musikaria ere. Hinduista sinetsia izan arren, beste erlijio gurtzea baimendu zuen, eta Sri Lankako Xuanzang monasterio budista eraikitzea baimendu zuen[19].

Chandragupta II.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gupten erregistroen arabera, Samudraguptak, bere semeen artean, Chandragupta II.a printzea aukeratu zuen bere oinordeko. Horrek 375 eta 415 urteen artean gobernatu zuen. Alaba, Prabhavatigupta, Rudrasena II.arekin ezkondu zen, Deccaneko gobernari vakatakarekin[20].​ Kumaragupta I.a semea Karnataka eskualdeko Kadamba printzesa batekin ezkondu zen. Chandragupta II.ak bere domeinuak mendebaldera hedatu zituen, Saka, Malwa, Gujarat eta Saurastra mendebaldeko satrapak garaituz 409 arte iraun zuen kanpainan.

Kumaragupta I.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gupta inperioa 450. urtean.

Chandragupta II.a bere bigarren semeak ordezkatu zuen, Kumaragupta I.ak, Mahendraditya titulua hartu zuelarik[21]. 455 urterarte gobernatu zuen.

Skandagupta, Kumaragupta I.aren seme eta oinordekoa, Gupta gobernari handien arteko azkentzat hartzen da. Vikramaditya eta Kramaditya tituluak bereganatu zituen[22]. Pushyamitraren mehatxua garaitu zuen, baina, gero, ipar-mendebaldetik zetozen Heftaliten inbasioari aurre egin behar izan zion. Erasoari, 455. urtean egin zion aurre, baina gerraren gastuek inperioaren baliabideak agortzea ekarri zuten, eta haren gainbeherari lagundu zioten[23].

Inperioaren gainbehera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Skandagupta hil ondoren, inperioak gainbehera egin zuen argi eta garbi[24].​ Tronua, gero, hauen eskuetara pasa zen: Purugupta (467-473), Kumaragupta II.a (473-476), Budhagupta (476-495), Narasimhagupta (495-? ), Kumaragupta III.a (530-540), Vishnugupta (540-550) eta hain ezagunak ez diren bi errege, Vainyagupta eta Bhanugupta izenekoak. 480ko hamarkadan, gupten defentsak zapuztu zituzten heftalitek (huno) ipar-mendebaldean, eta, 500. urtearen inguruan, inperioaren zati handi bat inbaditu zuten, Toramanaren eta haren ondorengo Mihirakularen erasoen ondorioz desegin baitzen. Inskripzioei erreparatuta, badirudi inperioak, gutxitua izan arren, oraindik hunoen aurka egin zuela, bada, Bhanuguptak 510ean Toramana garaitu baitzuen[25][26].​​ 528an, Narasimhagupta enperadore Gupta eta Malwako Yashodharman erregea elkartu ziren hunoak Indiako hegoalderantz desbideratzeko[27].​ VI. mendeko ondorengotza ez dago argi, baina badirudi azken erregea Vishnugupta izan zela.

Gupta Inperioan, dena enperadorearen gainean jausten bazen ere, estatuaren elementu nagusi gisa, hark ezin zuen gobernatu ministroen babesik gabe, ezta herrialdea gobernatzen zuen biltzarraren edo aholku eskumena zuten funtzionarioen babesik gabe ere. Batzarra Gupta Estatuaren indar bizietako bat zen: erregea aukeratu, eta arduragabekeria kasuetan epaitzen zuen; arlo juridiko eta administratiboan laguntzen zion iritzia emanez. Haren osaketa ez zen egonkorra, printzeek, buruzagi militarrek, apaizek, ordezkari korporatiboek eta baita behe-mailako klaseetako buruek ere osatzen baitzuten.

Karga politikoen funtsezko zatia ministroen kontseiluak hartzen zuen, 3 eta 37 kide artean zituenak. Kontseiluak isilpeko saioak egiten zituen, eta, batzuetan, bere ikuspuntua inposatzen zuen. Haren lanak ziren: errege-arrandiari zegokiona arautu, hau da, koroatzea, haren joan-etorriak, subiranoaren hileta-ohoreak, eta anarkia saihesteko ordena zaindu. Kanpoko arazoen barruan, harreman diplomatikoez arduratzen ziren; itunak sinatzen zituzten, eta atzerritik jasotako zergei buruzko informazioa erregistratzen zuten.

Ministroen azpiko mailan zerga-biltzaileak eta errege-funtzionarioak zeuden, eta haiek arduratzen ziren ekonomiaren adar guztiak zaintzeaz. Beste funtzionario batzuk ziren: enbaxadoreak, probintzietako gobernadoreak, funtzionario militarrak eta artxiboetako kontserbadoreak.

Estatuaren burokraziaren behealdean zeuden: trobadoreak eta heraldoak, idazkariak, errege-intsignia eramaileak, altxor eta haremaren zaindariak, espioiak, gurdi eta elefante gidariak, zaintzaileak, zerbitzariak eta zaindariak zeuden.

Gupta aroko urrezko txanpona, Gupta errege bat arku bat eusten
Vishnuren eskultura, V. mendea

Gupta Inperioa ezin zitekeen garaile atera antolaketa militar onik izan gabe. Alor horretako informazio-iturri nagusiak txinatarrak eta mendebaldeko behatzaileak dira, nahiz eta klasikotzat jotzen den indiar dokumentu garaikide bat badagoen, Siva-Dhanur-veda, non gupten sistema militarraren barne-ikuspegia eskaintzen den.

Badirudi guptek infanteriako arkulariengan oinarritu zutela beren armada. Arkulariek metalezko edo banbuzko arku handi bat eta punta metalikodun banbuzko geziak zituzten. Asiako etsaiek erabilitako arku konposatua ez bezala, diseinu horretako arkuak ez zukeen hain joera handirik izango deformaziorako eskualdean nagusi diren hezetasun-baldintzekin. Indiar arkua arma boteretsua izan zen, zaldi inbaditzaileen aurka sartzeko eta eraginkor izateko ahalmen handia zuena. Burdinazko ardatzak erabili ziren korazatutako elefanteen aurka, eta suzko geziak arkularien armategiaren zati gisa. Nobleek altzairuzko arkuak erabiltzen zituzten (banbuzkoak baino gutxiago erabiliak), irismen handikoak eta sartzeko ahalmen handikoak. Oinezkoek babesten zituzten arkulariak armarri, xabalina eta ezpata luzeekin. Katapultak eta bestelako setio makina sofistikatuak ere ezagutzen zituzten.

Haien garaipen militarrak, ziurrenik, elefanteen, zalditeria korazatuaren eta oinezko arkularien erabilera konbinatuaren ondorio izan ziren. Era berean, eskualdeko urak kontrolatzen zituen itsas armada ere bazuten.

Gupta Inperioa hunoen aurrean kolapsatu izana ez zen izan armadari dagozkion akatsengatik, barne arazoengatik baizik, Europa mendebaldean eta Txinan ere gertatzen ari zen bezala.

Chandragupta II.aren erregealdian, armada osatzen zuten: 500.000 oinezko, 50.000 zaldun, 20.000 gurdi eta 10.000 elefantek, gehi 1.200 itsasontziko armada. Chandragupta II.ak Indiako azpikontinente osoa menperatzen zuen. Gupta Inperioa munduko boteretsuena izan zen haren erregealdian, Erromatar Inperioa, berriz, gainbeheran zegoen.

Maurya Inperioarekin kontrastean, guptek hainbat berrikuntza militar sartu zituzten Indiako gerran. Horietako nagusia setio-makinak, zalditeria astuneko arkulariak eta ezpata astuneko zalditeria erabiltzea izan zen. Zalditeria astunak Guptako armadaren nukleoa osatu zuen, eta indiarraren elementu tradizionalek sostengatu zuten elefante eta infanteria arineko armada[28].

Zaldi-arkulariak Gupta garaian erabili zirela ikusten da Chandragupta II.a, Kumaragupta I.a eta Prakasaditya (Purugupta[29] izenarekin izendatua) enperadoreak zaldi-arkulari gisa agertzen direlako txanponetan[30][31].​

Gupta Armada Inperialaren operazio taktikoak zehazten dituzten iturri garaikideen eskasia dago. Dagoen informaziorik hoberena «mahakavya» sanskritotik dator, Raghu-vaṃśa (poema epikoa), Kālidāsa idazle eta antzerkigileak sanskrito klasikoz idatzitakoa. Aditu moderno askok uste dute Kalidasa, izan ere, Chandragupta II.aren erregealditik Skandaguptaren erregealdira arte bizi izan zela[32][33][34], eta Raghuko kanpainek, Raghu-vaṃśaren protagonista izan zena, Chandragupta II.arenak islatzen dituztela.​ Raghu-vaṃśaren IV. kantuan, Kalidasak kontatzen du nola erregearen indarrek indar boteretsuen aurka talka egiten duten, zaldierian, pertsiarretan eta, geroago, ipar-mendebaldean dauden javanetan (ziurrenik hunoak) zentratuta. Erregeen armadan zaldiz ibiltzen ziren arkulariak aipatzen ditu bereziki, eta zaldiek atseden handia behar izaten zuten borroka gogorren ondoren[35]. Guptako armadaren bost armek barne hartzen zuten: infanteria, zaldieria, gurdiak, elefanteak eta itsasontziak. Gunaighar Vainyaguptako kobrezko plakan agertzen den inskripzioak itsasontziak aipatzen ditu, baina ez orgak[36].​ Itsasontziak Indiako armadaren parte bihurtu ziren VI. mendean.

Chandragupta II.aren urrezko bi txanpon

Gupta Inperioa sortu baino lehentxeago, Indiako ekonomia eta kulturan pizkunde moduko bat izan zela uste da, nahiz eta pizkundearen Urrezko Aroa guptekin lortu.

Astronomia eta matematikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi horren ikertzaileek Varaja Mijira eta Aryabhata nabarmentzen dituzte, bi astronomo eta matematikari oso garrantzitsuak. Indiako zenbakikuntza hamar oinarriko kokapen-notazioa duen lehen zenbaki-sistema da. Aryabhata zeroaren kontzeptua erabili zuen lehen matematikaria izan zela uste da.

Aldi horretako astronomoek, berriz, teoria heliozentrikoa postulatu zuten, eta eklipseak aztertu zituzten, bai eguzki-eklipsea, bai ilargi-eklipsea, eta Lurrean proiektatutako itzal gisa azaldu zituzten[37].

Susruta testu sanskrito famatu bat da, eta medikuntza ayurvediarraren kontzeptu nagusiak eta kirurgiari buruzko kapitulu berritzaileak ditu. Medikuek hainbat tresna mediko asmatu zituzten, eta, horiei esker, operazio kopurua handitu ahal izan zen.

Kama Sutra antzinako testu gupta, izan ere, askok sanskritoko literaturaren sexu-portaerari buruzko erreferentzia gisa hartzen dute.

Krishna eta Radha txaturanga jokoan.

Xake jokoa garai horretan sortu zela uste da[38].​ VI. mendeko forma primitiboari txaturanga deitzen zitzaion, «lau dibisio militar» izenez itzulia –infantería, zalditeria, elefanteak eta orgak– pieza horiek peoi, zaldi, dorre eta alfil modernoetara eboluzionatu zuten, hurrenez hurren.

Kalidasa poeta eta antzerkigileak, Chandragupta II.aren garaikoak, Raghú Vamsha (Raghuren leinua) lan ospetsuak idatzi zituen, Rāmaren omenez, eta Meghaduta (Hodei mezularia). Shakuntala, Majabharataren pertsonaiari buruzko moldaketa bat ere egin zuen.

Sotiltasun orekatu eta irribarretsua ezaugarri duen artean, Sarnath-eko Budaren eskulturan eta beste erliebe askotan ikus daitekeenez, garaian eraiki ziren santutegi gehienak hinduistak dira; Guptaren garaian hinduismoa zen nagusi, subiranoak hinduistak baitziren, nahiz eta haiek beste kultu batzuen jarduera onartzen baitzuten, haien artean budismoa, hainbesteraino, ezen Faxian monje txinatarrak gupten lurraldeak bisitatu baitzituen bere ezagutzak sakontzeko.

Eskulturaren bi gune nagusiak Mathura eta Gandhara izan ziren, azken hori arte greko-budistaren erdigunea. Biek ala biek India iparraldeko beste leku batzuetara esportatu zituzten beren ekoizpenak. Aurreko Kushan Inperioan ez bezala, ez dago monarken irudikapenik, ezta txanpon guptetan ere[39], mendebaldeko satrapen txanpon batzuetan izan ezik.

Bizirik iraun duten gupta estiloko monumentu ospetsuenak, Ajantāko, Elefantako eta Ellorako haitzuloak (budista, hindua eta mistoa dira, hurrenez hurren); berez, ondorengo dinastietatik datoz, baina gupta estiloaren monumentaltasuna eta oreka islatzen dute. Ajanták garai hartako margolan garrantzitsuenak ditu, estilo helduarekin, ziurrenik garapen luzea izan zuena, batez ere jauregietan[40].

Borobudur, Javan (Indonesia). Gupta arkitekturaren eraikuntzen diseinuak Indiak eskualdean izan zuen eragina islatzen du.[41]
Borobudur, Javan (Indonesia). Gupta arkitekturaren eraikuntzen diseinuak Indiak eskualdean izan zuen eragina islatzen du.[41]

Erlijioari dagokionez, ideia hinduistak, neurri handi batean, aldi horri dagozkio; beharbada, gupten garaian izan zen (eragin budistari esker), hinduismoak bere sinesmen-sistemaren barruan iritzirik ezberdinenak, baita antagonikoenak ere, toleratu baitzituen. Hinduismoari datxezkion elementuak (beste sineskizunetatik bereizten dutenak) kasten (varna) erregimena (ordena sozial gisa) eta erritu jakin batzuk dira, zeinetara, beren klasearen arabera, kasta bakoitzeko kide guztiak banandu gabe loturik dauden.

Sineskizun hinduisten arabera, kosmosa betierekoa da berez, baina eboluzio-egoera iraunkorrean dago, eta, aldi berean, izaki bizidun guztiek (jainkotasunetatik belar soileraino) arima hilezkor bat (ātmāb) dute gorputz-materiaz jantzita.

Bere panteoiaren gailurrean, hiru jainko gorenak daude —Brahmā, Vishnú y Shivá—, zeinak hiruko batean biltzen diren (Tri-murti). Gainera, jainko, erdijainko, tokiko jainko, deabruzko izaki eta naturaz gaindiko indar asko gurtzen ditu. (ibaiak, animaliak, harriak, mendiak, landareak, etab.).

Budismoaren atzerakadaren eta hinduismoaren berrezarpenaren ondoren, Gupta gizartea, oraindik ere, lau jati edo varna (kasta) sistema zaharkituak zatitzen jarraitzen zuen:

  • Bráhmanak: erlijio agintariak (apaizen kasta).
  • Kshatriyak: agintari zibil eta militarrak.
  • Vaisiak: lur-jabeak, abeltzainak, nekazariak eta merkatariak.
  • Shudrak: beheko kasta, esklaboena (hil bazitezkeen ere, ezin ziren saldu, ezta lan «lohietan» okupatu ere, xandalak egiteko zirenak) eta nekazariak.

Varna sistematik kanpo leudeke «ukiezinak» edo «pariak» (xandalak edo arhijanak), ehiztariak, kale-garbitzaileak eta gorpu-errausleak.

Gupta garaian hiriek izandako oparotasunari esker, artisauak korporaziotan bildu ziren, lanbidearen arabera, eta korporazio horietako pertsonarik oparoenek burgesia moduko bat osatu zuten.

Enperadoreen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gupta Dynasty – MSN Encarta. Archivado desde el original el 1 de noviembre de 2009.
  2. India – Historical Setting – The Classical Age – Gupta and Harsha Archivado el 18 de octubre de 2015 en Wayback Machine.. Historymedren.about.com (17 June 2010). Retrieved on 2011-11-21.
  3. Ashvini Agrawal 1989, 79 orr. .
  4. (Ingelesez) Zhang, Guand-da; B, Litvinsky; R, Shabani Samghabadi; UNESCO. (1996-12-31). History of civilizations of Central Asia: The Crossroads of Civilization: A.D. 250 to 750. UNESCO Publishing ISBN 978-92-3-103211-0. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  5. Dilip Kumar Ganguly 1987, 14 orr. .
  6. Tej Ram Sharma 1989, 39 orr. .
  7. Dilip Kumar Ganguly 1987, 2 orr. .
  8. Ashvini Agrawal 1989, 96 orr. .
  9. Dilip Kumar Ganguly 1987, 7–11 orr. .
  10. Dilip Kumar Ganguly 1987, 12 orr. .
  11. Tej Ram Sharma 1989, 44 orr. .
  12. Ashvini Agrawal 1989, 82 orr. .
  13. Tej Ram Sharma 1989, 42 orr. .
  14. (Ingelesez) Sharma, Ram Sharan; Sharma, R. S.. (2003). Early Medieval Indian Society (pb). Orient Blackswan ISBN 978-81-250-2523-8. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  15. R.C. Majumdar 1981, 4 orr. .
  16. Ashvini Agrawal 1989, 83 orr. .
  17. Agarwal, Ashvini (1989). Rise and Fall of the Imperial Guptas, Delhi:Motilal Banarsidass, ISBN 81-208-0592-5, pp.84–7
  18. R.C. Majumdar 1981, 474 orr. .
  19. Vidya Dhar Mahajan 1990, 487 orr. .
  20. H.C. Raychaudhuri 1923, 489 orr. .
  21. Agarwal, Ashvini (1989). Rise and Fall of the Imperial Guptas, Delhi:Motilal Banarsidass, ISBN 81-208-0592-5, pp.191–200
  22. H.C. Raychaudhuri 1923, 510 orr. .
  23. Raychaudhuri, p. 516
  24. Sachchidananda Bhattacharya, Gupta dynasty, A dictionary of Indian history, (George Braziller, Inc., 1967), 393
  25. Ancient Indian History and Civilization by Sailendra Nath Sen p.220
  26. Encyclopaedia of Indian Events & Dates by S. B. Bhattacherje p.A15
  27. Columbia Encyclopedia
  28. Roy, Kaushik (2015). Warfare in Pre-British India, 1500 BCE to 1740 CE. Routledge. p. 56. ISBN 978-1-315-74270-0
  29. (Ingelesez) Ganguly, Dilip Kumar. (1987). The Imperial Guptas and Their Times. Abhinav Publications ISBN 978-81-7017-222-2. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  30. (Ingelesez) Roy, Kaushik. (2015). Warfare in Pre-British India, 1500 BCE to 1740 CE. Routledge ISBN 978-0-415-52979-2. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  31. Majumdar, bimal Kanti. (1955). The Military System In Ancient India. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  32. Vasudev Vishnu Mirashi and Narayan Raghunath Navlekar (1969). Kālidāsa; Date, Life, and Works. Popular Prakashan. pp. 1-35. ISBN 9788171544684
  33. |Ram Gopal|. p.14
  34. C. R. Devadhar (1999). Works of Kālidāsa 1. Motilal Banarsidass. pp. vii-viii. ISBN 9788120800236
  35. Klidsa; Mallinatha. Sajvan; Kle, M. R. (Moreshvar Ramchandra). (1922). The Raghuvamsa of Kalidasa : with the commentary (the Samjivani) of Mallinatha ; Cantos I-X ; edited with a literal English translation, copious notes in Sanskrit and English, and various readings &c. &c. by M.R. Kale. Bombay : P.S. Rege (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  36. Bimal Kanti Majumdar (1949). «Military Pursuits and National Defence Under the Second Magadhan Empire». Proceedings of the Indian History Congress 12: 105-109. JSTOR 44140516
  37. Thomas Khoshy, Elementary Number Theory with Applications, Academic Press, 2002, p. 567. ISBN 0-12-421171-2
  38. Murray, H. J. R. (1913). A History of Chess. Benjamin Press (originally published by Oxford University Press). ISBN 0-936317-01-9. OCLC 13472872
  39. J.C. Harle 1994, 87-89 orr. .
  40. J.C. Harle 1994, hurrenez hurren: 118-122, 123-126, 129-135 orr. .
  41. Wonderful Indonesia - Borobudur: A Wonder of Indonesia History. Indonesia.travel 2012-09-26.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]