Gregori Margulis
Gregori Alexandrovitx Margulis (errusieraz: Григо́рий Алекса́ндрович Маргу́лис; Mosku, Errusia, 1946ko otsailaren 24a) errusiar matematikaria da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moskuko Unibertsitatean atera zuen titulua 1967an, eta hantxe jarraitu zuen ikasten. 1968an Moskuko Matematika Elkarteko matematikari gazteentzako saria irabazi zuen, ikasten ari zela oraindik. 1970ean bukatu zituen ikasketak, eta tesia aurkeztu zuen, U-sistemen teoriari buruzkoa. Informazio Igorpenerako Problemen Institutuan lanean hasi zen.
1978an Fields domina eman zioten Helsinkiko Nazioarteko Kongresuan. Sobietar agintariek ordea Helsinkira joatea debekatu zioten, eta ezin izan zuen domina jaso. 1979an, Sobietar Batasuna utzita, Bonngo Unibertsitatera joan zen. Hurrengo urteetan Bonngo Max Planck Institutuan, Ikerketa Aurreratuetako Institutuan, Collège de Francen, Harvarden eta Princetongo Ikerketa Aurreratuetako Institutuan aritu zen. 1991. urteaz gero katedra baten arduradun da Yale Unibertsitatean.
Fields dominaz gainera, beste sari asko jaso du: Collège de Franceko domina (1991) eta Humboldt saria (1996), besteak beste. Gainera, Arte eta Zientzietako Akademia Amerikarreko kide eta Tata Institutuko kide ere bada. Margulisek arlo hauek landu zituen: konbinatoria, geometria diferentziala, teoria ergodikoa, sistema dinamikoak eta Lie taldeen azpitalde diskretuak. 1986an Oppenheimen aierua frogatu zuen, 1929az gero ebatzi gabe zegoena. 2005. urtean, Margulisek Wolf saria jaso zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gregori Margulis |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.