George W. Bush
George Walker Bush (New Haven, Connecticut, 1946ko uztailaren 6a) estatubatuar politikaria da, 2001-2009 bitartean Ameriketako Estatu Batuetako 43. presidentea izandakoa. 1995-2000 bitartean, Texas estatuko 46. gobernadorea izan zen. George H. W. Bush 41. presidentearen semea eta Jeb Bush Floridako gobernadore ohiaren anaia da, denak Alderdi Errepublikanoko kideak.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Connecticuten jaio arren, ume zelarik Texasko Odessara aldatu zen familia osoa, aitak hango petrolio eremuetan inbertitu baitzuen. Yale eta Harvard unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Politikan hasi aurretik, petrolioaren negozioetako enpresaburua izan zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan. 1975ean CEO konpainia sortu zuen Midlanden, eta Arlingtongo Texas Rangers beisbol taldearen bi fundatzaileetako bat izan zen. Talde horiekin egindako gestio lanekin arrakasta profesional handia lortu zuen.[1] 1978an, Ordezkarien Etxerako hautagai izan zen, baina ez zuen arrakastarik izan.
1994an, Texas estatuko gobernadore aukeratu zuten, eta Ann Richards demokrataren lekua hartu zuen. Hezkuntzako finantza-sistema eraberritu eta estatuko historiako zerga murrizketa handiena egin zuen bere agintaldian. Lau urte geroagoko hauteskundeetan, karguan berretsi zuten, botoen %60 eskuraturik. 1999an, 2000. urteko hauteskundeetan Estatu Batuetako presidentetzara aurkezteko asmoa agertu zuen. Alderdi Errepublikanoaren barruan zuen neutraltasun ideologikoari esker, talde kontserbadoreenak eta moderatuak alde izan zituen. Hauteskundetarako inoiz bildu den diru kopururik handiena lortu zuen, 73 milioi dolar.[1]
1999ko ekainean hasitako hauteskunde kanpainan zehar kritika gogorrak jaso zituen: kontserbadoreegia izatea leporatu zioten, eta prestakuntza eta ezagutza politikorik eza. Bere aldekoek, ordea, herriarengandik hurbil zegoela eta estatubatuarren balioak berreskuratzeko gaitasuna zuela esanez defendatzen zuten. Kanpainan zehar, enpresaburu txikiei zergak murriztuko zizkiela eta hezkuntzarako diru gehiago emango zuela agindu zuen. Elebitasunaren aldekoa izaki, gaztelania erabili zuen hispanoen botoak erakartzeko. Abortuaren aurka agertu zen, intzestu, bortxaketa edo amarentzako arrisku kasuetan izan ezik; homosexualitatearen gaia tabu izan zuen, eta heriotza zigorraren defendatzaile sutsua izan zen. Hain zuzen ere, Bush da heriotza zigor gehien ezarri duen Estatu Batuetako politikaria: Texasko gobernadore zela, 120 pertsona hil zituzten.[1]
Hauteskundeak 2000. urteko azaroaren 17an egin ziren. Bush eta Al Goreren arteko lehia estua eta polemikoa izan zen, bereziki Florida estatuan, baina Epaitegi Gorenaren ebazpen bat zela medio, garaile atera zen Bush. Azkenik, hauteskundeak egin eta bost astera izendatu zuten Estatu Batuetako presidente. Agintean, zerga murrizketa handiak egin zituen umeak babesteko programetan, eta Osasun sistema pribatizatzen ahalegindu zen. Gizarte arloan ere jokabide kontserbadorea agertu zuen, abortua eta sexu berekoen arteko ezkontzak oztopatuz. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, terrorismoaren kontrako gerra deitu zuen. Afganistango inbasioa agindurik, talibanen gobernua eraitsi zuen, Al-Kaida birrindu eta Osama bin Laden atzemateko. AEBen barnean, haren sona hazi zen. 2003an, Irakeko inbasioa agindu zuen, Saddam Hussein Irakeko presidenteak omen zituen suntsipen handiko armak indargabetzen ez zituelako. Hala ere, hari buruzko ikerketak bukatzekoak ziren eta, herrialdea menderatu ostean, suntsipen handiko armak ez ziren agertu.
Bere burua Gerra garaiko presidente-tzat jota, 2004ko presidentziarako hauteskundeak irabazi zituen, John Kerry demokrata aurkari zuela. Harez geroztik, gero eta kritika gehiago jaso zituen, baita aliatuen aldetik ere. Izan ere, gerraosteko Irakeko egoerak (batez ere Abu Ghraib espetxeko torturen eskandalua) eta barneko auziek (hala nola, zelula amekin ikerketak egiteko mugak, Katrina urakana..) haren ospea gutxitu zuten. Gainera, 2007ko abendutik aurrera, finantza sistemak sortutako krisi sakonean sartu ziren AEBak. Lehman Brothers bankuak porrot egindakoan, gobernuak 700.000 milioi dolar jartzea erabaki zuen finantza merkatuak bere onera itzularazteko,[2] herrialdeko zorra izugarri handitu arren. Azkenik, 2009ko urtarrilaren 20an, Barack Obamak ordeztu zuen presidentzian. Bush Texasera joan zen bizitzera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: George W. Bush |
- ↑ a b c Bush, George. Lur hiztegi entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-1-18).
- ↑ Bushen salbamendu plana onartu du AEBetako Senatuak, berria.eus
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak | ||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Egungoa: Joe Biden |