Edukira joan

Ekonomia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekonomikoa» orritik birbideratua)

Azoka harreman ekonomikoetarako toki bat da.

Ekonomia (antzinako grezieratik: oikos, «etxe» + nomos, «lege», hau da, «etxeko legea») gizabanakoaren zein gizartearen beharrak asetzeko ondasun eta zerbitzuen ekoizpen, trukaketa, banakuntza eta kontsumo prozesuak eta prozesu hauek eragiten dituzten gizarte harremanak aztertzen dituen gizarte zientzia da[1].

Ekonomia eragile ekonomikoen portaera eta elkarrekintzetan eta ekonomiaren funtzionamenduan zentratzen da. Mikroekonomiak ekonomiaren oinarrizko elementutzat hartzen dena aztertzen du, baita banako agente eta merkatuak, haien arteko elkarrekintzak eta elkarrekintzaren emaitzak ere balio dute. Banako agenteak sar daitezke, adibidez, etxetresnak, enpresak, erosleak eta saltzaileak. Makroekonomiak, berriz, ekonomia sistema gisa aztertzen du, non ekoizpena, kontsumoa, aurrezkia eta inbertsioak elkarreragiten dituzten, eta eragiten dioten faktoreak hauek dira: lanaren, kapitalaren eta lurraren baliabideen enplegua, diru-inflazioa, hazkunde ekonomikoa eta elementu horietan eragina duten politika publikoak.

Ekonomiaren barruko beste bereizketa zabal batzuk dira: ekonomia positiboaren ("Zer den" deskribatuz) eta ekonomia normatiboaren ("Izan beharko lukeena" defendatuz) artekoak[2]; teoria ekonomikoaren eta ekonomia aplikatuaren artekoak; ekonomia arrazionalaren eta portaerazkoaren artekoak; eta ekonomiaren eta ekonomia heterodoxoaren artekoak[3].

Azterketa ekonomikoa gizarte osoan aplika daiteke, besteak beste, negozioak[4], finantzak, zibersegurtasuna[5], osasun-laguntza[6], ingeniaritza[7] eta gobernuak[8]. Hainbat gairi ere aplikatzen zaie: krimenak[9], hezkuntza[10], familia[11], feminismoa[12], zuzenbidea[13], filosofia[14], politika, erlijioa[15], gizarte erakundeak, gerra[16], zientzia[17] eta ingurumena[18].

Definizioaren arazoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikusgela

Bideoa
Zer da BEZa?
Bideoa
Iruzur piramidala
Bideoa
Soldata garbia vs gordina
Bideoa
Enpresa motak
Bideoa
Zer da inflazioa?
Bideoa
Zer da BPGa?
Bideoa
Zer da PFEZa?

Ekonomia definitzean, lehen arazoa da ea ekonomia jarduera ekonomikoen multzoa den (sistema ekonomikoa) ala jarduera ekonomikoak aztertzen dituen zientzia den. Ingelesez hitz bana dituzte bi adierak azaltzeko: economics zientzia ekonomikoa da, eta economy, sistema ekonomikoa. Euskaraz hitz bakarra dago bi adierak adierazteko: beraz, testuingurua zein den, adiera bata edo bestea ulertu beharko da. Nahasteko arriskua dagoenean, ekonomia zientzia, sistema ekonomikoa edo ekonomia jarduera (nahiz jarduera ekonomikoa) terminoak erabil daitezke. Dena den, zientzia adierak jarduera ekonomikoaren izaera ere hartzen du[1], hasierako definizioan ikus daitekeenez.

Ekonomia politikoa terminoa ere erabiltzen da zientzia ekonomikoa izendatzeko, batik bat sistema ekonomikoaren ikerketa bere osotasunetik eta politikarekin harremanetan egiten denean. Politika ekonomikoa, berriz, zientzia ekonomikoak ekonomiaren arazoetarako ematen dituen irtenbide eta aplikazioak biltzen dituen terminoa da.[19]

Zientzia izaera hartu zuenez geroztik, etengabe eztabaidatu da ekonomiaren definizioa. Eztabaida arlo anitzetan gertatzen da: ekonomia kontzeptu unibertsal bat den, une historiko bakoitzarekin lotu edota gizartearen beste arlo batzuekin batera (arlo politikoa, soziala edo kulturala) definitu behar den, esaterako. Zientzia ekonomikoaren sorreran, lana eta beste kategoria ekonomiko absolutuak sortzeko joera izan zen, uneko eta tokiko ekoizpen moduak kontuan hartu gabe, Adam Smith eta David Ricardoren eskutik esaterako. Karl Marx izan zen definizio hauen mugak azaldu zituen lehena. Bere ustez, harreman ekonomikoa ezin da isolatu gizarteko beste harremanetatik eta ekoizpen-harremana ez da inoiz soilik ekonomikoa. Horrela, Marxen tesietan funtsezkoa den lanaren kontzeptua, ekonomiaren giltzarri dena, aztertzeko politika eta kultura ere aztertu behar dira[20]. Zientzia ekonomikoa modu zabal honetan ulertzen denean, ekonomia politiko terminoa erabiltzen da.

Modu objektiboago (ez ordea zuzenago) batez, ekonomia eskasia kontzeptua erabiliz definitu ohi da. Ezaguna Lionel Robbins ekonomialariak 1932. urtean eman zuen definizioa:

« xedeen eta hautazko erabilerak dituzten baliabide urrien arteko erlazioari begira giza portaera aztertzen duen zientzia »

[21].

Baliabide urriak izateak ez du esan nahi baliabide gutxi dagoela eskura, baizik eta beharrak neurrigabeak eta baliabideak mugatuak izanik, hautua egin behar dela zein eta zenbat baliabide erabiliko den aukeratutako beharra asetzeko. Horrela, ekonomia hautuaren eta erabakiaren zientzia da. Definizio hau ekonomiak baliabideen banaketa eta bestelako aspektuak ere aztertzen dituela ezarriz osa daiteke.

Ekonomia positiboa eta ekonomia normatiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia positiboa sistema ekonomikoa deskribatu, modelizatu (matematika eta estatistika erabiliz, esaterako) eta berari buruzko aurresanak egiten dituen zientzia ekonomikoaren ikuspegia da, azalpen objektiboak emanez.

Ekonomia normatiboak, ordea, sistema ekonomikoak planteatzen dituen arazoen aurrean, hartu beharreko erabakiak nolakoak izan beharko liratekeen aztertzen du, irizpide etiko, politiko edo ideologikoetan oinarrituz.

Labur, ekonomia positiboak sistema ekonomikoa nolakoa den aztertzen du. Ekonomia normatiboa, berriz, sistema ekonomikoa nolakoa izan beharko litzatekeen horretaz arduratzen da[22].

Mikroekonomia eta makroekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia aztertzeko bi ikuspegi bereizi ohi da: mikroekonomia (antzinako grezieratik: mikros, «txiki») eta makroekonomia (antzinako grezieratik: makros, «handi»).

Mikroekonomiak ekonomiako banako eragileen erabakiak eta egintzak aztertzen ditu, hala nola kontsumitzaileek zer eta zenbat erosten duten eta enpresek zer eta zein preziotan saltzen duten.

Makroekonomiak ekonomiako aldagai bateratuen azterketa egiten du: Barne Produktu Gordina, inflazio tasa, langabezia eta ziklo ekonomikoak, esaterako[23].

Makroekonomiaren azterketa mikroekonomikoaren hedapenaz egin liteke teorian, baina oinarrizko unitate ekonomikoen bateratzean kontuan hartu beharreko interakzioen konplexutasuna zaildu egiten du mikroekonomia aztertzeko erabiltzen diren metodoak makroekonomiara zabaltzea. Hala ere, ez dira guztiz bereizi beharreko arloak, azterketa mikroekonomikoaren emaitzek makroekonomia ulertzen laguntzen baitute askotan.

Pentsamendu ekonomikoaren eskolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia aztertu eta eratzeko pentsamendu-eskola edo joera anitz izan da historian zehar. Grezian, Platon izan zen ekonomiari buruzko lehen hausnarketa egin zuena, eta ekonomia zerbait ordenatua eta antolatua izan behar zela esan zuen Erepublika liburuan, polisak dena kontrolatu behar zuela, eta braz esan daiteke estatuaren parte hartzearen eta lehen keynestarra izan zela.

Aro modernoan hasita, XVIII. mendean fisiokratak dira ekonomiaren lehenengo teoria osotu bat eratu zutenak. Batez ere Frantzian garatu zen eskola honetako jarraitzaileek nekazaritza, eta zabalago, ekoizpena ekonomiaren zirkulazioa eta horrela gizarte osoaren ongizatea bermatzen dituen iharduera nagusia dela pentsatzen zuten, garaiko merkantilismoaren aurka. Indibidualismoa eta liberalismo ekonomikoa ere bultzatzen zituzten, ekoizpenaren oinarrian dagoen kapitalaren garrantzia azpimarratzearekin batera[24].

Ekonomia politiko klasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ekonomia klasikoa»
Adam Smith-en argazkia eskuinera begira
1776an Adam Smith-en Nazioen aberastasuna argitaratzea pentsamendu ekonomikoaren lehen formalizaziotzat hartzen da.

XVIII. mendearen bukaera aldera eta Adam Smithen eta David Ricardoren ideietatik abiatuz, ekonomia klasikoaren eskola garatzen da, XIX. mendeko erdialdera arte. Ekonomia kapitalista elkarrekin harremanetan zegoen elementu eta kontzeptuez (merkatua, lana, soldatak, kapitala, balioa, ...) osatutako sistema moduan ikusi eta sistema hau era zientifikoan aztertzeko lehenengo ahalegina egin zutenak biltzen ditu. Aldi berean, ordea, beraien artean oso heterogenoak ziren jakintsuak zirela esan behar da. Banako erabakien gainetik, oreka ekonomikoaren kontzeptua ere eratu zuten [25]. Eskola honek jarraitutako metodologiatik bi joera bereiziko dira XIX. mendean zehar: Karl Marxek abiaraziko duen ekonomia marxista, batetik, eta eskola neoklasikoa bestetik[26].

Ekonomia neoklasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola neoklasikoko ekonomilariek ikuspegi mikroekonomikotik abiatuz, ekonomia osoaren mekanismoen azaltzea bilatzen zuten. Beraien iritziz, oinarrizko agente ekonomikoek, kontsumitzaileak eta ekoizleak alegia, beren interesen alde jokatzen dute beti, utilitatea eta mozkina maximotuz hurrenez hurren, erabateko arrazionaltasunez eta merkatuari buruzko informazio osoa eta zehatza edukirik. Axioma hauen pean, giza- eta gizarte-konplexutasuna osatzen duten beste faktoreak, kultura eta politika edo agenteen balizko irrazionaltasuna esaterako, kontuan hartu gabe, eredu matematiko konplexuak eratu zituzten ekonomiaren funtzionamendua azaltzeko, ekonomia zientzia fisiko bihurtu nahian. Eskola honi egin zaion kritika nagusiak bere izaera estatikoa, historia alde batera uztea, gehiegizko sinplifikazioa eta errealitatearekin zer ikusi handirik izatea, edo kontrastazio enpiriko eza dira[27][28][29].

Ekonomia marxista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ekonomia marxista»
Karl Marx

Ekonomia marxistak Karl Marx filosofoaren Das Kapital liburuan oinarriturik, kapitalismoaren azterketa kapitalisten eta langilegoaren arteko harreman gatazkatsutik abiarazten du. Kapitalista kapital edo ekoizpen baliabideen jabea da eta beren mozkina ziurtatzeko, langileari bere lanaren emaitza baino gutxiago ordaindu behar dio. Kapitalistak beretzat hartzen duen gainbalio horrek ematen dion mozkin tasa murriztu egiten da denboran zehar inbertitutako kapitalaren balioa teknologiari esker gero eta handiagoa delako. Horrek langabezia sortzen du baina hain zuzen langabeziak dakarren soldata jaitsierari esker, kapitalistak bere gainbalio tasa berreskura dezake. Bilakaera horrek azkenik bueltarik gabeko krisi batera darama, iraultza piztuz eta sozialismoa ekarriz. Ekonomia marxistak beste kontzeptu batzuk ere eratzen ditu kapitalismoaren dinamika osotuago azaltzeko, erabilpen-balioa eta trukaketa balioa esaterako. Marxismoaren barnean kokaturik, gatazka ideologiko eta politiko handien inguruan garatu den pentsamendu ekonomikoaren eskola bat izan da eta XIX. eta XX. mendeko munduko historian eragin handia izan duela esan behar da, ekonomia sozialistaren eta komunismoaren eredua hartu duten herrialdeen kasuan batez ere.

Ekonomia keynesiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Keynesianismo»
John Maynard Keynes ekonomian funtsezko teorialaria izan zen.

John Maynard Keynes ekonomialariaren ideietan oinarriturik [30], ikuspegi makroekonomikoa duen keynesianismo izeneko eskola ekonomikoa garatzen da Depresio Handiaren garaian. Eskola klasikoan eta neoklasikoan ez bezala, sistema ekonomikoa oreka egoera batera, erabateko enplegura batez ere, berez ez dela heltzen dio Keynesek. Aldi berean, ekonomia marxista ez bezala, merkatuaren akatsak estatuaren ekimenez zuzendu daitezkeela, batez ere eskaera sustatuz, pentsatzen da keynesianismoan[31].

Ekonomia keynesiarrak bi oinordeko ditu. Ekonomia post-keynesiarra zurruntasun makroekonomikoetan eta doikuntza prozesuetan ere zentratzen da. Oro har, Cambridgeko Unibertsitatearekin eta Joan Robinsonen lanarekin lotuta dago[32].

Ekonomia keynesiar berriaren moda ere estilo keynesiarraren bilakaerekin lotzen da. Talde horren barruan, ikertzaileek beste ekonomialari batzuekin partekatu ohi dute mikroinarriak eta portaerak optimizatzen dituzten ereduen enfasia, baina gai estandar keynesiarretan arreta estuago jarrita, hala nola prezioak eta soldata zurruntasuna. Horiek ereduen ezaugarri endogenoak izateko egin ohi dira, sinpleki estilo keynesiar zaharragoak asumitu beharrean.

Chicagoko Ekonomia Eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Chicagoko ekonomia eskola»

Chicagoko Ekonomia Eskola ezaguna da merkatu librearen aldarrikapenagatik eta ideia monetaristengatik. Milton Friedmanen eta monetaristen arabera, merkatu-ekonomiak berez egonkorrak dira diru-eskaintza asko hedatzen edo uzkurtzen ez bada[33].

Austriako Ekonomia Eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Austriar eskola»

Austriako Eskolak giza ekintza, jabetza eskubideak eta kontratatzeko eta negoziatzeko askatasuna azpimarratzen ditu ekonomia oparoa eta arrakastatsua izateko[34]. Halaber, azpimarratzen du estatuak ahalik eta paper txikiena jokatu beharko lukeela (eginkizunik balego) bi transakzio-alderdien arteko ekonomia-jardueraren erregulazioan[35]. Austriako ekonomiaren funtsezko osagaia diruaren printzipioa da. Ludwig Von Mises XX. mendeko austriar ekonomialari nabarmenetako batek adierazi zuenez: «Ideologikoki (diru sendoa) konstituzio politikoen eta eskubideen agirien klase berean dagokio»[36]. Ekonomialari austriarrek diotenez, diru sendoak gobernuko eragileei dirua hondatzea eragozten diete biztanleriaren aurrezki-tasa hausten eta eragile indibidualen aukera ekonomikoak artifizialki desitxuratuz.

Beste eskola eta planteamendu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu zabalean ezagun egin diren akademiko talde ongi definituetatik abiatuz, ekonomia estilo jakin bati buruzko beste pentsamolde batzuk ere aipatzen dira: Friburgoko Eskola, Lausanako Eskola, ekonomia keynesiar eskola eta Stockholmeko eskola. Ekonomia garaikidea, batzuetan, bananduta dago (norengatik?) AEBko ekialdeko eta mendebaldeko kostaldeko unibertsitate horietako Saltwater ikuspegian eta Freshwater edo Chicagoko eskolaren ikuspegian.

Makroekonomiaren barruan, oro har, literaturan agertu diren ordena historikoa da: ekonomia klasikoa, ekonomia neoklasikoa, ekonomia keynesiarra, sintesi neoklasikoa, monetarismoa, ekonomia klasiko berria, ekonomia keynesiar berria[37] eta sintesi neoklasiko berria[38]. Oro har, garapen alternatiboen artean sartzen dira ekonomia ekologikoa, ekonomia konstituzionala, ekonomia instituzionala, ekonomia ebolutiboa, dependentziaren teoria, ekonomia estrukturalista, munduko sistemen teoria, ekonofisika, ekonodinamika, ekonomia feminista eta ekonomia biofisikoa[39].

Modelo ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealitate ekonomikoaren konplexutasuna laburtu eta errazteko eratzen dira modelo ekonomikoak. Modelo ekonomikoetan ekonomia eratzen duten aldagai, faktore, eragile eta elementu nagusien arteko harremanak zehazten dira. Abiapuntu, zehaztasun eta aplikazio maila ezberdinak dituztela, bi helburu izaten dute: lehenengo, ekonomia bat era argi batean azaldu eta ulertaraztea; eta bigarren, aldagai ekonomikoei aurresanak egitea.

Ekonomia baten funtzionamendua azaltzeko erabili ohi den modelo sinple bat, sarri kritikatua ordea, fluxu zirkularra da. Fluxu zirkularreko modeloan bi eragile, familiak eta enpresak, eta espazio bat, merkatua alegia, lotzen dira. Familiek ondasun eta zerbitzuak ekoizteko behar diren ekoizpen bitartekoak, hala nola lana eta lurrak, saldu edo alokatzen dizkiete enpresei. Horrela lortutako etekinak enpresek beraiek ekoiztutako ondasun eta zerbitzuak erosi eta eskuratzeko erabiltzen dituzte. Horrela moneta fluxu zirkular bat sortzen da familien eta enpresen artean. Aldi berean, fluxu fisiko zirkular bat ere sortzen da: familiek enpresei ekoizpen bitartekoak ematen dizkiete, enpresek familiei ondasun eta zerbitzuak ematen dizkietelarik[40].

Sistema ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema ekonomikoa ekonomia bat eratu eta antolatzeko modua da. Anitz dira historian zehar gauzatu eta teorian planteatu diren sistema ekonomikoak. Egun munduko sistema ekonomiko nagusia kapitalismoa da, non ekoizpen bitartekoak jabego pribatuak kontrolatzen dituen. Kapitalismoan ekoizpen bitartekoak merkatu batean trukatzen dira eta etekinak ekoizpen bitartekoen jabeen esku geratzen dira, langileei soldatak ordaindu ondoren. Kapitalismoan helburua etekinak maximotzea da, merkatua nagusia den erabateko konkurrentzia inguru batean. Beste muturrean, sistema ekonomiko sozialista dago, non ekoizpen bitartekoak langileek beraiek kontrolatzen dituzten, etekinen banaketan kapitalismoan baino berdintasun handiagoa lortzearren. Tartean, sistema ekonomiko mistoak daude non estatuaren parte hartzea onartzen den ekoizpen bitartekoen jabegoan zein merkatuen erregulazioan. Egun, ekonomia guztiek jasotzen dute estatuaren esku sartzea neurri handiago edo txikiago batean. Adibidez, neoliberalismoak estatuaren esku sartzea onartu baina minimotu nahi duen sistema bat da; sozialdemokraziak, berriz, estatuaren merkatuetan parte hartze eta kontrol handiagoa defenditzen du, merkatuaren kalteak ekidin eta herritarrenganako babesa argudiatuz. Nolanahi ere, sistema ekonomikoak eduki beharko lituzkeen ezaugarriak eztabaida politiko biziak sortarazten dituen gai bat dira[41].

Sistema ekonomikoek beste ezaugarri batzuk ere bil ditzakete, hala nola autarkia edo ekonomia itxia, protekzionismoa edo estatuak bertako ekoizleek kanpoko ekonomien eraginez jasandako kalteak ekiditeko politika eta azpiko ekonomia edo inongo kontrolik gabeko ekonomia. Historian zehar gainera egun ia indarrean ez dauden sistema ekonomikoak izan dira, esklabotza eta feudalismoa esaterako.

Geografia ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko herrialde eta eskualdeek euren ekonomiari buruz ezaugarri bereziak izaten dituzte. Hau dela eta, ohizkoa da bertako ekonomia bereziki aztertzea. Horrela, adibidez, Gipuzkoako ekonomia edo Frantziako ekonomiak aztertzen dira. Beste alde batetik, munduko ekonomia guztiak biltzen dituen globalizazio izeneko fenomenoa gorabehera, sakonak dira herrialdeen arteko ezberdintasun ekonomikoak. Ezberdintasun hauen ondorioz, lehenengo munduko eta hirugarren munduko ekonomiak bereizi ohi dira, egungo munduko sistema ekonomikoak ekarri duen ezberdintasunen eraginez. Geografikoki eta ekonomikoki gertu dauden herrialdeak nazioz gaindiko erakunde ekonomikoetan biltzen dira munduan zehar, elkarren interes ekonomikoak defenditu eta politika ekonomiko bateratuak erabaki, Europar Batasuna esaterako.

Ekonomia sektoriala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia sektore ekonomiko ezberdinetan zatitu daiteke, iharduerari edo beste ezaugarri bati buruz. Horrela, nekazal ekonomiaz, bigarren sektoreko ekonomiaz edo berrikuntzaren ekonomiaz hitz egiten da. Adar edo sektore ekonomiko bakoitzak arazo bereziak ditu eta beharrezkoa da beraz arazo horiei berariazko irtenbideak ematea. Gainera, herrialde bateko ekonomia sektoreren batean oinarriturik izan daitekeenez, garrantzitsua sektore horrek dituen ezaugarri ekonomikoak kontuan hartzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b R., Krugman, Paul. (2013). Economics. (3rd ed. argitaraldia) Worth Publishers ISBN 1464128731..
  2. (Ingelesez) Essays in Positive Economics. 2023-03-27 (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  3. (Ingelesez) Caplin, Andrew; Schotter, Andrew. (2010-06-25). The Foundations of Positive and Normative Economics: A Handbook. Oxford University Press ISBN 978-0-19-989011-8. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  4. (Ingelesez) «Applied regression analysis for business and economics | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  5. (Ingelesez) Kianpour, Mazaher; Kowalski, Stewart J.; Øverby, Harald. (2021-01). «Systematically Understanding Cybersecurity Economics: A Survey» Sustainability 13 (24): 13677.  doi:10.3390/su132413677. ISSN 2071-1050. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  6. Tarricone, Rosanna. (2006-06-01). «Cost-of-illness analysis: What room in health economics?» Health Policy 77 (1): 51–63.  doi:10.1016/j.healthpol.2005.07.016. ISSN 0168-8510. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  7. Dharmaraj, E. (2010). Engineering Economics. Mumbai: Himalaya Publishing House. ISBN 978-9350432471. OCLC 1058341272
  8. (Ingelesez) «FISCAL TIERS : the economics of multi-level government | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  9. Becker, Gary S (January 1974). "Crime and Punishment: An Economic Approach" (PDF). In Becker, Gary S.; Landes, William M. (eds.). Essays in the Economics of Crime and Punishment. National Bureau of Economic Research. pp. 1–54. ISBN 0-87014-263-1. Archived (PDF) from the original on 13 September 2021. Retrieved 1 July 2022
  10. (Ingelesez) Hanushek, Eric A.; Woessmann, Ludger. (2007-02). The Role Of Education Quality For Economic Growth. The World Bank  doi:10.1596/1813-9450-4122. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  11. (Ingelesez) Becker, Gary S.. (1991). A Treatise on the Family: Enlarged Edition. Harvard University Press ISBN 978-0-674-90699-0. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  12. (Ingelesez) Nelson, Julie A. (1995-05-01). «Feminism and Economics» Journal of Economic Perspectives 9 (2): 131–148.  doi:10.1257/jep.9.2.131. ISSN 0895-3309. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  13. Posner, Richard A. (2007) [1972]. Economic Analysis of Law (7th ed.). Wolters Kluwer – Aspen Publishers. ISBN 978-0735563544. Retrieved 1 July 2022 Posner, Richard A. (1983). The Economics of Justice. Harvard University Press. ISBN 978-0674235267. Archived from the original on 30 July 2022. Retrieved 1 July 2022
  14. Smith, Adam (1982) [1759]. Raphael, D. D.; Macfie, A. L. (eds.). The Theory of Moral Sentiments. Indianapolis: Liberty Classics 1976. ISBN 978-0-86597-012-0 Introduction only. Boulding, Kenneth E. (1969). "Economics as a Moral Science" (PDF). American Economic Review. 59 (1): 1–12. JSTOR 1811088. Archived (PDF) from the original on 5 October 2021. Retrieved 1 July 2022. Heilbroner, Robert L. (1999) [1953]. The Worldly Philosophers: The Lives, Times, and Ideas of the Great Economic Thinkers (7th ed.). Touchstone. ISBN 0-684-86214-X. Archived from the original on 30 July 2022. Retrieved 1 July 2022 Sen, Amartya (2009). The Idea of Justice. Harvard University Press. ISBN 978-0674036130
  15. Iannaccone, Laurence R. (September 1998). "Introduction to the Economics of Religion" (PDF). Journal of Economic Literature. 36 (3): 1465–1495. JSTOR 2564806. Archived (PDF) from the original on 9 February 2020. Retrieved 1 July 2022
  16. Nordhaus WD (2002). "The Economic Consequences of a War with Iraq" (PDF). In Kaysen C, Miller SE, Malin MB, Nordhaus WD, Steinbruner JD (eds.). War with Iraq: Costs, Consequences, and Alternatives. Cambridge, Massachusetts: American Academy of Arts and Sciences. pp. 51–85. ISBN 978-0-87724-036-5. Archived from the original (PDF) on 2 February 2007. Retrieved 21 October 2007
  17. (Ingelesez) Diamond, Arthur M.. (2016). «Science, Economics of» The New Palgrave Dictionary of Economics (Palgrave Macmillan UK): 1–9.  doi:10.1057/9780230226203.1491. ISBN 978-1-349-95121-5. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  18. Towards a Green Economy: Pathways to Sustainable Development and Poverty Eradication (PDF) (Report). United Nations Environment Programme. 2011. Archived (PDF) from the original on 26 March 2017. Retrieved 1 July 2022
  19. (Gaztelaniaz) Ricossa, Sergio. economía. in: Diccionario de economía., 205 or..
  20. (Gaztelaniaz) de la Garza, Enrique; et al. Ciencia económica. Transformación de conceptos. , 4-6 or..
  21. (Ingelesez) Robbins, Lionel. (PDF) An Essay on the Nature and Significance of Economic Science. , 16 or..
  22. (Gaztelaniaz) Joseph E. Stiglitz, María Esther Rabasco: La economía del sector público, 27. orrialdea.
  23. (Gaztelaniaz) Javier Díaz-Giménez: Macroeconomia, 39. orrialdea.
  24. (Gaztelaniaz) Antonio Blavia Esquirol: Evolución del pensamiento político, 85-89 orrialdeak.
  25. Adam Smithek merkatua ikusezinezko esku batek gidatzen zuela uste zuen. Horrela, merkatuak, fisikak bezala, bere legeak dituela pentsatzen zuen.
  26. (Gaztelaniaz) Sergio Ricossa: op. cit. (escuela clásica sarrera), 95. orrialdea
  27. (Gaztelaniaz) Sergio Ricossa: op. cit. (economía sarrera), 205. orrialdea
  28. (Gaztelaniaz) José Manuel Naredo: La economía en evolución, 185. orrialdea.
  29. (Gaztelaniaz) Manuel Ahijado: Microeconomía[Betiko hautsitako esteka], 20. orrialdea
  30. Bere ideia nagusiak berak idatziriko Enplegua interesa eta diruari buruzko teoria orokorra (1936) liburuan azaltzen dira
  31. (Gaztelaniaz) Paul Krugman: Introducción a la Macroeconomía, 420. orrialdea.
  32. (Ingelesez) Harcourt, G. C.. (2016). «Post-Keynesian Economics» The New Palgrave Dictionary of Economics (Palgrave Macmillan UK): 1–7.  doi:10.1057/9780230226203.3307. ISBN 978-1-349-95121-5. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  33. Bernanke, Ben (8 November 2002). "Remarks by Governor Ben S. Bernanke". The Federal Reserve Board. Archived from the original on 24 March 2020. Retrieved 22 February 2009
  34. "WHAT IS AUSTRIAN ECONOMICS?". Archived from the original on 23 October 2020. Retrieved 13 February 2022
  35. (Ingelesez) Judy. (2019-11-06). «The Austrian Theory of Efficiency and the Role of Government» Mises Institute (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  36. (Ingelesez) «Ludwig von Mises argues that sound money is an instrument for the protection of civil liberties and a means of limiting government power (1912) | Online Library of Liberty» oll.libertyfund.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  37. Gali, Jordi (2015). Monetary Policy, Inflation and the Business Cycle: An Introduction to the New Keynesian Framework and Its Applications (2nd ed.). Princeton University Press. pp. 5–6. ISBN 978-0-691-16478-6
  38. Woodford, Michael (January 2008). "Convergence in Macroeconomics: Elements of the New Synthesis" (PDF). The New Consensus. Archived (PDF) from the original on 21 December 2008. Retrieved 31 August 2021
  39. Greenwire, NATHANIAL GRONEWOLD of. «New School of Thought Brings Energy to 'the Dismal Science' - NYTimes.com» archive.nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  40. (Gaztelaniaz) Gustavo Vargas Sánchez: Introducción a la teoría económica. Un enfoque latinoamericano., 26-33 orrialdeak.
  41. (Gaztelaniaz) Irvin B. Tucker: Fundamentos de economía, 495-503 orrialdeak.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]