Edurne Garitazelaia
Edurne Garitazelaia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zaldibar, 1926ko urtarrilaren 29a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Arrigorriaga, 2005eko urtarrilaren 16a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak |
Edurne Garitazelaia Berasaluze (Zaldibar, Bizkaia 1926ko urtarrilaren 29a – Arrigorriaga, Bizkaia, 2005eko urtarrilaren 16a ) emakume euskaltzalea eta Arrigorriagan bertako herritarrei euskara klaseak eman zizkien lehen emakumea izan zen. Bere oroimenez, 2022an inauguratutako Arrigorriagako Kultur Etxeak Edurne Garitazelaia izena izango du.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edurne Garitazelaia 1926an jaio zen Zaldibarren. Bere gurasoak Josefa Berasaluze Berasaluze eta Toribio Garitazelaia Sarriugarte izan ziren, biak zaldibartarrak. Josefa eta Toribio 1924an ezkondu ziren Behobian, Toribio bertara ihes eginda baitzegoen. Josefa Zaldibarrera etorri zen Edurne erditzeko orduan, eta ondoren ama-alabak Behobiara bueltatu ziren Toribiorengana. Han bizi izan ziren Edurnek 3 urte bete arte. Josefak hamaika lanetan ibili behar izan zuen familia aurrera ateratzeko. Ume bat galdu ondoren inude sartu zen markesa baten alaba hazteko. Zaldibarrera itzuli ondoren beste 3 ume izan zituzten. Edurnek laster ikasi zuen irakurtzen aitonarekin egunkaria irakurriz. 5 urte zituenean eskolara hasi zen eta 10 urte arte egon zen ikasten. Beti izan zuen irakurtzeko zaletasuna, baita euskaraz ere.[2]
Gerra hasi ondoren, 1937an frontetik ihes alde egin zuen familiak, Gernikara, Urdulizera, Karrantzara eta Santanderrera. Han utzi zuten Toribio gaixorik ospitalean, eta ama eta umeek Asturiasera joan ziren eta handik Bordelera eta Kataluniara errefuxiatu gisa. Katalunia matxinatuen esku geratu zenean Zaldibarrera bueltatu ziren, eta denbora gutxira Edurneren neba gaztea hil egin zen.[2]
Gerra amaituta bizimodu gogorra izan zuten eta familiaren laguntzari esker egin zuten aurrera. Aita Toribio urte luzez ospitalean egon ondoren Zaldibarrera bueltatu zen eta bere familiako lantegi batean hasi zen lanean.[2]
Edurne 14 urterekin hasi zen lanean fabrika batean, eta denbora librean jatetxe batean zerbitzari eta etxeetako garbiketak egiten jardun zuen. Etxean apopiloak hartzen zituzten eta horietako batekin, Eugenio Etxebarriarekin ezkondu zen Edurne 1948an. Hurrengo urtean bikiak izan zituzten, Ramon eta Jose Luis eta 1950ean Ernesto jaio zen.[2]
1952an Eibarko Agirre y Aranzábal eskopeta fabrikan hasi zen lanean Eugenio, eta han ikasi zuen armak egiten eta konpontzen. Hurrengo urteetan Guillermo, Miren Alazne eta Maria Isabel jaio ziren, eta 1962an Ernesto hil egin zen.[2]
1962an Eugenio Arrigorriagara joan zen lanean eta han ogibidea bazegoela eta, familia osoa bertara joan zen. Eugenio eta biak euskaldunak ziren, seme-alabei beti euskaraz egin zietenak. Arrigorriaga herri erdalduna zen, eta hori talka handia izan zen Edurnerentzat, bere familia euskalduna ezezik abertzalea eta euskaltzalea bait zen. Hasieran apopilo eta geroago beste pisu batean bizi ondoren, 1970ean etxebizitza bat erosi zuten eta eskopetak egiteko eta konpontzeko tailer bat jarri zuten. Bitartean Lander seme gazteena jaio zen. Arrantzarako tresnak ere egiten eta saltzen hasi ziren, erretelak, salabardoak, butroiak…, eta fama handia hartu zutenez Euskal Herritik kanpo ere saltzen hasi ziren. Lana ugaritu zen eta Edurne tailerraren zutabe bihurtu zen. Logistikaz eta burokraziaz arduratzen zen. Seme-alabek ere euren denbora librean asko laguntzen zieten.[2]
60ko hamarkadaren bukaeran Edurne Mikel Sáenz de Cabezón Papelerako kapilauarekin ados jarri zen helduen talde bati euskarazko klaseak emateko, eta horrela Papelerako eskoletan gaueko klaseak ematen hasi zen. Esaldi errazak zituen liburutxo bat zeukan, ikasleak ikasten joan zitezen. Abestiak ere erakusten zizkien.[2]
Lehen ikasle talde hark Edurne eta bere eskolen oroitzapen on asko gordetzen ditu:
” Ez zuen titulurik, baina etxekoandre kementsu eta ausarta zen, euskara maite zuena. Nik bere eskuzabaltasuna azpimarratuko nuke, bere interes bakarra guk euskara ikastea zen. Oso barregarria zen, eta eskolak oso atseginak egiten zizkigun”.[3]
Zerotik hasita, hasieran liburu oinarrizkoagoa erabili zuten, baina bigarren urtean Xabier Peñaren gramatikarekin hasi ziren.[3]
“Bere klaseak euskararen hastapen bat izan ziren, hizkuntza ikasteko modu bat, kulturarekiko interesa pizteko modu bat.”
“Euskal hizkuntzaren defendatzaile sutsua zen, adibide asko jartzen zituen beti, eta horrek gauza guztiez oroitzea eragiten zuen.”
“Edurne bakarra zen, oso pertsona ona, oso langilea, eta familia eta lagunak maite zituen. Ez nion inoiz entzun "ezin dut!" esaten, beti zegoen prest eskatzen zionari laguntzeko.”[3]
Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren eta mezak eta bestelako ospakizunak euskaraz onartu ondoren, Edurnek katekesia euskaraz ematea sustatu zuen, gazteleraz bakarrik eman ez zedin, 70eko hamarkadara arte gertatu zen bezala.[3]
Bere seme-alabei euskararekiko maitasuna eta euskara mantentzearen garrantzia transmititu zien, eta, beraz, herriko gazte euskaldun urriekin batera, eskolak ematen hasi ziren, lehenik haur txikiei eta gero gazteei eta baita helduei ere.[3]
1975ean, eskolaurreko ikastetxeetako eta oinarrizko hezkuntza orokorreko ikastetxeetako programetan bertako hizkuntzak sartzea arautu zen, eta irakasle askok euskara klandestinitatetik ateratzeko aukera gisa ikusi zuten. Arrigorriagan, Alazne Etxebarria izan zen, Edurne Garitazelaiaren alaba, Bizkaiko eskola publiko batean euskara klaseak eman zituen lehen maistra. Alazne Etxebarriak eskolak eman zituen eskolako zortzi ikasturteetan, astean ordubete ikasturte bakoitzean, hilabete batzuetan, martxotik ikasturte amaierara arte.[3]
2003ko Korrika Arrigorriagatik pasatu zenean lekukoa hartu zuen Edurnek 77 urte zituela.[2]
Edurne 2005eko urtarrilaren 16an hil zen.[2]
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abarrak, Arrigorriagako Euskara Taldeak, 2007. Urtean Edurne Garitazelaiaren omenez bideo bat egin zuen bere euskalzaletasuna goraipatuz.[4]
- 2022an inauguratutako Arrigorriagako Kultur Etxeak Edurne Garitazelaia izena izango du.[5]
- Arrigorriagako idazketa tailerrak, Edurne Garitazelaiari buruz sortutako kontakizunak bideoan jaso ditu.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Txema1967. (2021-03-18). «La Kultur Etxea de Arrigorriaga llevará el nombre de Edurne Garitazelaia» Ibaizabal Digital (Noiz kontsultatua: 2022-06-30).
- ↑ a b c d e f g h i EDURNE GARITAZELAIA BERASALUZEREN BIZITZA 1. (Noiz kontsultatua: 2022-08-10).
- ↑ a b c d e f «Edita: Ayuntamiento de Arrigorriaga Área de Igualdad Web : Correo electrónico: - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-30).
- ↑ Edurne Garitazelaia Berasaluzeri omenaldia (Abarrak, 2007). (Noiz kontsultatua: 2022-06-30).
- ↑ Larrabeiti, Jon Goikouria. (2022-03-14). «Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxea inauguratu dute herritarren aurrean» Geuria (Noiz kontsultatua: 2022-06-30).
- ↑ Edurne Garitazelaiari buruzko kontakizunen irakurketa. (Noiz kontsultatua: 2022-06-30).