Edukira joan

Diez melodías vascas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Diez melodías vascas
Jatorria
Ezaugarriak


Hamar Euskal Melodia[1] edo Diez Melodías Vascas gehien entzuten den Jesus Guridiren obra da. 1941ko abenduaren 12an Madrileko Monumental Zineman estreinatu zuten, Enrique Jordá musikari donostiarrak Madrilgo Orkestra Sinfonikoa zuzentzen zuela. Anatoli Liadov-en Zortzi errusiar herri abestiak obraren antzekoa zela aitortu zion Guridik Jordá maisuari ... baina obraren abiapuntua diren herri-doinuak askoz hobeak zirela Guridiren kasuan. [2]

« Doinuen hautapena, armoniaren distira, instrumentazioaren sakontasun eta grazia kontutan hartuz, niretzat obra hau gaurko espainiar musikaren artean baliotsuenetarikoa da, eta, batez ere, euskal eredu kontsideragarriena. »

—Arozamena[2][3]


1947ko ekainaren 9an, Jesús Guridi Madrileko San Fernandoko Arte Ederren Akademian sartu zen, "Kantu herrikoia musika-konposizioarako iturria" izeneko hitzaldia emanez. Aurreko urtean Manuel de Falla hil zen Argentinan eta handik urte gutxira “51ko belaunaldia” izeneko konpositore gazteen taldea sortu zen. Eta ildo hori da Guridiren azken konposizio-etaparen kokagunea. Zehazkiago, 1941. urtean estreinatutako Hamar Euskal Melodia obra da ildo horren haren erreferentzia-esparru historikoa.[4]

Azkueren Euskal kantutegi herrikoitik jaso zituen doinu guztiak, seigarrena izan ezik (Amorosa, Maitasunezkoa), Charles Bordes-en Douze chansons amoureses du Pays Basque-Français bildumatik datorrena, eta hamargarrena izan ezik (Festiva, Jai-girokoa), Bilbon Euskal Gaztedik argitaratutako Euzkel Abestijak bildumatik hartua.

Obraren ezaugarri orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamar euskal melodia Jesus Guridiren estilo nazionalistaren lan adierazgarrienetako bat da. Hemen, beste konposizio batzuetan ez bezala, eraldaketarik gabeko herri-materiala erabiltzen du, baina melodia bakoitzerako giro berezi bat sortzen saiatzen da, harmonizazio landu baten eta instrumentazio oso aberats baten bidez.[4]

Pieza bakoitzaren giroa eta tratamendua jatorrizko melodiaren izaeraren arabera hautatu zituen Guridik. Adibidez, maitasun-abestiaren (Amorosa, Maitasunezkoa) eta abesti elegiakoen tonalitate estatiko oso tradizionala jatorrizko musikaren antolamendu klasikotik dator; baina beste pieza batzuetan tonalitatea askatasun handiagoz zabaltzen da; beste batzuetan, berriz, argi eta garbi definitzen dira melodia bakar batez, akonpainamendu instrumentalarekin, eta batzuek izaera monodikoa dute.

Guridiren hizkuntza diatonikoa da, melodiak hautatzeko irizpidearen ondorio zuzena. Hirudun edo laudunen bitartezko akordeekin sortutako eraikuntza harmonikoa kontrapuntuzko idazkera bati gainjartzen zaio, bilbe polifoniko batean elkartzen diren zelula melodiko txikiz osatua. Zazpidun eta bederatzidunen bitartezko akordeen progresio kromatikoak ere erabiltzen ditu, adibidez, lehen melodian, baina musika horretan erreferentzia klasiko eta modalak dituen estilo harmoniko eta melodikoaren tradizioa gailentzen da.

Ikuspegi orokorretik, Guridik konposizioaren teknikan duen erabateko nagusitasuna erakusten du lan honek, zeina bere eraikuntzen artikulazioan eta orkestrazio-dentsitate zuzen eta egokian agertzen baita, adierazitako ideiaren arabera. Estetikoki, eremu tonal batean mugitzen da, nahiz eta hedapen batzuk ere dituen, Guridiren obran ezaugarri den lirismo adierazkorrak erakarriak.

Hamar melodiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Narratiboa (Narrativa), jatorrizko melodia: Santo Urbanen Bezpera.
  2. Maitasunezkoa (Amorosa), jatorrizko melodia: Aritz adarrean.
  3. Erlijiosoa (Religiosa), jatorrizko melodia: Garizuma luzerik.
  4. Epitalamikoa (Epitalámica), jatorrizko melodia: Jentileri bat.
  5. Errondakoa (De Ronda), jatorrizko doinua: Alabatua.
  6. Maitasunezkoa (Amorosa), jatorrizko doinua: Ala baita dolu egingarri.
  7. Errondakoa (De Ronda), jatorrizko doinua: Asiko naz.
  8. Dantza (Danza), jatorrizko doinua: Zortziko.
  9. Elegiazkoa (Elegiaca), jatorrizko doinua: Zorabiatua naiz.
  10. Jai girokoa (Festiva)

Melodia motel eta malenkoniatsuen kasuan (II, VI eta iX) harmonizazio oso egonkorra eta modulaziorik gabea erabiltzen da. Tonikaren maila eta estilo erromantiko eta sentimentala dira nagusi. Zenbait unetan, batez ere seigarren piezan, bigarren mailako motibo kromatikoak agertzen dira, eta tentsioak eta adierazkortasuna sortzen dira, melodia nagusiarekin kontrajarrita.[4]

Narratiboa eta Jai-girokoa melodien kasuan (I eta X) jatorrizko melodietako notarik garrantzitsuenetatik abiatuta eraikitzen dira. Melodia horiek elkartu egiten dira, erritmo-melodiko setatsuak eta pedal-taldeak osatuz, eta horrela pasarte bitonalak sortzen dira. Horrela, Guridik izaera bizia eta distiratsua lortzen du. Lehen melodian, une batzuetan fa maior (nagusi) eta do minor akordioak gainjartzen dira. Hamargarrenaren kasuan, pedalak agertzen dira “do – fa – do” akordearen gainean, eta batzuetan “sol – sib – re” akordearekin batzen da.

Bosgarrena den Errondakoa melodiak (De ronda)ere imitaziozko kontrapuntuko pasarteak eta arpegioen eta beheranzko eskalen bidez garatutako bestelako trantsizio-pasarteak ditu. Lehen eta hamargarren melodiarekin batera, obra osoko animatuenak dira.

Dantza melodia (VIII) nolabaiteko anbiguotasun tonala da, Guridik oinarri gisa erabiltzen duen jatorrizko melodiaren egitura melodikoa dela eta. Guridiren bertsioak etengabe txandakatzen ditu do maior eta sol maior. Kasu honetan elementu nagusia erritmoa da, jatorrizko piezaren motibo bereizgarriarekin, 5/8 konpasean.

Epitalamikoa melodian (Epitalàmica, IV), Guridik harmonizaziorako oinarri gisa erabiltzen du jatorrizko melodiaren izaera tetratonikoa: pieza osoa laudunekin harmonizatuta dago, sol#, do# eta re# noten inguruan eraikitako “tonalitate” lausoan.

Errondakoa melodian (De Ronda, VII) jatorrizko melodiaren izaera alaia eta dotorea estilo barrokoko kontzertu moduko bihurtu zuen Guridik, tutti eta kontzertino txandakatuz (2 biolin eta biola), hiru eta lau zatiko kontrapuntu imitatzailearekin.

Eta Erlijiosoa melodian (Religiosa, III), Guridik organoa ezagutzen duela erakusten du, erregistroak oso modu arrakastatsuan imitatuz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Udal Musika Banda ere etxean geratzen da - Gasteiz» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  2. a b Salaberri, Sabin. (2005). Bidegileak: Jesus Guridi (1886-1961). Eusko Jaurlaritza ISBN 84-457-2384-7..
  3. (Gaztelaniaz) AROZAMENA, Jesus Maria. (1967). Jesus Guridi. Inventario de su vida y de su música.. Madrid: Editora Nacional.
  4. a b c Nagore, María. (1998). La utilización del folklore en la obra de Jesús Guridi. Las Diez melodías vascas (The use of folklore in Jesús Guridi´s work. The Diez melodías vascas). Univ. de Valladolid. Fac. de Filosofía y Letras Plaza de la Universidad s/n, 73-86 or. ISSN 1138-8552..
  • (Gaztelaniaz) AROZAMENA, Jesus Maria: Jesus Guridi. Inventario de su vida y de su música. Editora Nacional, Madril, 1967.
  • (Gaztelaniaz) CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.
  • (Gaztelaniaz) FERNANDEZ CID, Antonio: Músicos que fueron nuestros amigos, "Guridi", 105. orrialdetik 121. orrialdera. Editora Nacional, Madril, 1967.
  • (Gaztelaniaz) SAGARDIA, Angel: Jesus Guridi. Ediciones de Conferencias y Ensayos, Bilbo, 1950.
  • (Gaztelaniaz) ILLAR, Rogelio: Músicos Españoles (Compositores y directores de orquesta), "Jesús Guridi", 200. orrialdetik 203. orrialdera. Ediciones Mateu, Madril (argitaratze datarik gabe).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]