Castor Narvarte
Castor Narvarte | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Irun, 1919ko azaroaren 11 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Santiago, 2011ko abenduaren 13a (92 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Txileko Unibertsitatea lizentzia : filosofia Madrilgo Complutense Unibertsitatea doktore : filosofia |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta filosofoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Abertzale Ekintza |
Castor Martin Narvarte Sanz (Irun, Gipuzkoa, 1919ko azaroaren 11 – Txileko Santiago, 2011ko abenduaren 13a) gipuzkoar filosofo, unibertsitate-irakasle, idazle eta ideia demokratikoen defendatzaile eta militantea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Castor Narvarte zena 1919an Irun-en jaio zen, Errepublikazale eta euskaltzale ideologiako familian. Beste gazte askok bezala, frankistek gerra zibila piztu zutenean, haren gaztetasuna puskatuta gelditu zen. Filosofo honen kasuan, hemezortzi urte zituenean Kataluniatik penintsulara itzuli zen eta Errepublikako Batallón Vasco-Navarro izeneko batailoiaren kidea bihurtu zen; aldi berean, Eusko Abertzale Ekintza alderdian sartu zen. Behin gerra galduta Narvartetarrak, gurasoak eta lau seme-alabak, erbestera ihes egin behar izan zuten, lehenengo Parisera eta, handik urtebetera, Txilera non haien bizitza berreraikitzeko aukera eskaini zitzaien. Orbita izeneko itsas ontzi britainiarrean egin zuten Txilerako bidaia eta 1939ko maiatzaren 21an hantxe zeuden. Herrialde hartan negozioak ongi eman zitzaizkien eta urte gutxitan 50 langile izango zituen lantegi baten jabea zen irundarra. Baina lantegi hark ez zituen Castor Narvartek zituen gogo intelektualak betetzen eta, azkenik, erabaki gogor bat hartu zuen: dena saldu eta Txileko Unibertsitatean ikasle gisa sartu zen. Lan trinkoaren urteak etorri ziren orduan, beti haren emaztea izan zen Elena Arregiren laguntzaz. Elena Arregi nazionalitatez txiletarra bazen, haren arbasoak ere euskaldunak ziren.
1954 urtean Castor Narvarte karrera amaitu eta Filosofia Sailaren laguntzaile gisa sartu zen, lan emankorra irakaskuntzan zein ikerketan egiten. Hirurogeiko hamarkadan Municheko Unibertsitatean ikastaro bat egiteko aukera izan zuen. Hortik aurrera Madrilgo Universidad Complutense delakoan matrikulatu ahal izan zen, bertan doktoretza egiteko. Haren doktoreago tesia Platonen pentsamenduaren ingurukoa izan zen, La doctrina del Bien en Platón, alegia. Ondoren, Txileko Unibertsitatera itzuli zen eta han irakasle lanean zein Santiagoko Euskal Etxearen ekintzetan murgildu zen buru-belarri. Irakaslearen lan intelektuala liburu askoren bitartez zabaldu zen –saiakerak, nobelak, antzezlanak- gehienak oinarri filosofikoko idaztiak. Txilen ere bai beste diktadura odol-isurlea ezagutu behar izan zuen, Augusto Pinochetena, Francorena bezain ankerra. Eta maila pertsonalean izugarrizko mina eragin zion gertaera: 1993an, auto istripu absurdo batean haren emaztea hil egin zen.[1]
Txilen, bestetik, Izarra argitaletxea bultzatu zuen.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Introducción a la Filosofía (saiakera). Santiago, 1958.
- La Filosofía en Sócrates (saiakera). Santiago, 1958.
- Orígen y fases de la teoría de Platón de la esencia y la idea (saiakera). Santiago, 1958.
- La hoz (nobela). Santiago: Nascimento, 1962.
- La doctrina del Bien en la filosofía de Platón (saiakera). Santiago, 1972.
- Manuscritos (saiakera). Santiago, 1975.
- Los ojos del gavilán (nobela). Santiago: Txileko Unibertsitatea, 1975.
- Problemas de método y teoría. (saiakera). 1981.
- Nihilismo y violencia (saiakera), 1981. Bi liburuki, bigarren edizioa, Donostia: Hamaika Bide Elkartea, Saturraran Argitaletxea, 2004.
- Ir a una estrella (antzerkia). Santiago, 1984.
- Perfil biográfico de nuestro pueblo (saiakera). Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1991.
- Sobre patriotismo (saiakera). 1992.
- El Teetetos de Platón (saiakera). 1993.
- Hacia la integración ontológica de la filosofía (saiakera). Donostia: Jose Angel Ascunce argitaratzailea, 1994.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Palmira Oyanguren
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- : Euskal Kulturan argitaratutako artikulua.
- (Gaztelaniaz): Auñamendi Entziklopedian.
- (Gaztelaniaz): Palmira Oyangurenen artikulua Euskonews aldizkari digitalean.]