Edukira joan

Antonio Arrue

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonio Arrue


Gorte frankistetako prokuradorea

1967ko azaroaren 6a - 1971ko azaroaren 12a
Hautetsia: Gorte Frankisten 9. Legegintzaldia
Bizitza
JaiotzaAsteasu1903ko martxoaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1976ko azaroaren 16a (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaOviedoko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria, idazlea, poeta, abokatua, kantugilea, politikaria eta antropologoa
Lantokia(k)Madril
KidetzaEuskaltzaindia
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Alderdi politikoa Elkarte Tradizionalista

Inguma: antonio-arrue-zarauz-1903-1976 Literaturaren Zubitegia: 388

Antonio Arrue Zarautz (Asteasu, Gipuzkoa, 1903ko martxoaren 26a - Donostia, Gipuzkoa, 1976ko azaroaren 16a) euskal idazlea, legegizona eta politikari karlista izan zen.

Datu biografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak Lekarozko ikastetxean eta Oviedoko Unibertsitatean egin zituen.[1] Ogibidez legegizona zen, bulegoa Donostian zuen, eta errenta- eta jaraunspen-kontuetan espezializatua zegoen; horrek euskaldun petoekin harreman handia izatea ekartzen zion.[2]

Katolikoa zen, eta Euskal Herrian kristau-sinesteen eta ohituren gainbeherek kezkatzen zuten.[1]

Ibilbide politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politikari tradizionalista izan zen (Gipuzkoako Comunión Tradicionalista izeneko alderdiko burua). 1936ko Gerra Zibilaren osteko diktaduran, Falange alderdiarekin izandako tirabiretan rol nagusia izan zuen.[3]

Euskal kultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere eragin politiko eta profesionala erakundeetan euskara bultzatzeko baliatu zuen. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Egan aldizkariaren zuzendaria izan zen, Aingeru Irigarairekin eta Koldo Mitxelenarekin batera, artikulu ugari idatzi zuen euskaraz garaiko euskal aldizkarietan. Jan-Edanak liburua, sukaldaritzari buruzko artikuluak biltzen zituena, eman zuen argitara (gaiaz Historian euskaraz argitaratutako laugarren liburua[4]). Gabriel Arestiren lehen laguntzaile eta bultzatzaileetakoa izan zen.

1936ko gerra ondorenean Euskaltzaindiaren aldeko kudeaketan eta baimen lortzean egiteko garrantzitsua izan zuen, bereziki 1956ean lehen biltzar nagusi agerikoa Arantzazuko santutegian egin ahal izateko. 1954an euskaltzain oso izendatu zuten. 1960ko hamarkadan Geroren argitaraldi berrirako behar zen dirua lortu zuen. 1969an Euskaltzaindiaren lege-nortasuna finkatzeko lanean aritu zen. Jendaurreko ospakizunetan maiz hitzaldiak euskaraz ematea egokitzen zitzaion, hiztun trebe eta bizia baitzen. Berebat, Euskaltzaindian bertsolari-lehiaketak eta jaialdiak antolatzeko batzordean nabarmendu zen.

Zenbait euskal idazle historikoren lanak ere aztertu zituen. 1950eko hamarkadan Gipuzkoako Aldundiaren liburutegian hitzaldi batzuk ematen ziren euskaraz, aspaldiko euskal idazleei buruz, eta Arruek Asteasuko Agirre eta Gerrikori buruz hitzaldi bana eman zituen, gero Eganen argitaratu zirenak. 1956ean, Mogelen Peru Abarkaren argitaraldiaren (Itxaropena, Kuliska sorta) hitzaurrea egin zuen. Euskera aldizkarian Loramendi, Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Azkue eta Arestiri buruzko hitzaldiak argitaratu zituen. Euskararen batasunari buruzko kezka ere bazuen, eta horren kontura hitzaldia eman zuen Donostian, eta artikulua argitaratu Euzko Gogoa aldizkarian.

Donostiako "Julio de Urquijo euskal Filologi Mintegia"ren sortzaileetako bat izan zen.[1]

  • Egan, Euzko-Gogoa, Herria, Euskera, Zeruko Argia, El Fuerista, etc.
  • Gazi-gezak, Egan, 1956.
  • El bertsolari Bordel en el castillo donostiarra. 1823, 1971.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c VILLASANTE, Luis, 1978. "Jan-Edanak" liburuari hitzaurrean.
  2. Martorell Pérez 2011, p. 855, Bernardo Estornés Lasa, Antonio Arrúe Zarauz
  3. Manuel Martorell Pérez, Antonio Arrue, Euskaltzaindiaren suspertzean lagundu zuen karlista, [in:] Euskera 56 (2011), pp. 847–872
  4. SAN MARTIN, Juan, 1979. https://egoibarra.eus/es/publicaciones/escritores/187/at_download/file

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]