Amoeba
Amoeba | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Filuma | Amoebozoa |
Klasea | Tubulinea |
Ordena | Amoebida |
Familia | Amoebidae |
Generoa | Amoeba Bory de Saint-Vincent, 1822
|
Azpibanaketa | |
Amoeba Amoebidae familiako protista unizelularren genero bat da. Genero honetan, 5 espezie deskribatu dira. Protozoo hauen ezaugarri nagusia da forma aldakorra dutela, pareta zelularrik ez dutelako eta pseudopodo bidezko mugimendu ameboideoa dutelako. Pseudopodoek, hau da, zitoplasmaren epe laburreko proiekzio horiek, azalera bat hartzean eta aurrerantz bultzatzen laguntzen diete amebei. Pseudopodoa gainazal batean zehar norabide zehatzean mugitzen den heinean, amebaren atzeko zatia uzkurtu egiten da. Uzkurdurak zitoplasma aurrera bultzatzen du hedatzen ari den pseudopodoa betetzeko, eta uzkurdura horrek atzeko zatia mugiarazten du.
Era berean, amebek pseudopodoak erabiltzen dituzte elikagaiak harrapatzeko (solido zein likidoak), fagozitosi (solidoen kasuan) edo pinozitosi (likidoen kasuan) izeneko prozesuetan. Genero honetako espezieak aske bizi dira uretan zein lurrean eta bertan aurkitzen diren organismo txikiagoez, zenbait bakterioez edota deskonposizioan dauden partikulez elikatzen dira.
Espezie ezagunena Amoeba proteus da eta 700-800 μm neurtzen ditu. Hala ere, beste espezie batzuk askoz txikiagoak izaten dira. Ameba hauek honako ezaugarriak dituzte: nukleo zelular bakarra, presio osmotikoa mantentzen duen bakuolo uzkurgarri bat eta elikagaiak prozesatzeko bakuolo digestiboak
Dena dela, beste ameba espezie eta genero asko daude (ikus Amoebozoa eta Ameboide), eta horietako batzuk gizakien edo animalia batzuen hesteetan parasito bezala jarduten dute.
Medikuntzan garrantzia duten espezie nagusien artean, Entamoeba histolytica nabarmentzen da, disenteria amebiar edo amebiasia eragiten duena. Eritasun honek, hestearen kanpoaldean lesioak sortzeko gaitasuna dauka. Zenbait espeziek, bizitza askea izan arren, meningoentzefalitisaren koadro larria eragin dezakete (Naegleria, Hartmannella eta Acanthamoeba generoak). Hala ere, hestean bizi diren, ameba apatogenoak existitzen dira eta horien artean aipatzekoak dira Entamoeba coli eta Endolimax nana[1].
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amoeba |
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egungo nomenklaturaren arabera, amebak protozooa erreinuko izaki zelulabakarrak dira. Zehazki, amebek, protozoo genero konkretu bat osatzen dute beste zenbaiten artean, eta bizi estrategiaren baitan taldeetan banatu izan dira: ameba sinbionteak, bizkarroiak eta bizitza-askedunak[2].
Bizitza-libredun amebetan, talderik garrantzitsuenak, protozooa erreinuko bi filumetan banatzen dira, Percolozoa eta Rhizopoda filumetan. Lehenak, Heterolobosea klasean, Schyzopyrenida ordeneko eta Vahlkampfiidae familiako Naegleria (amoeboflagelatu primitiboak) eta Vahlkampfia generoko amebak barneratzen ditu. Rizopodoetan, berriz, bi klasetan banatzen dira, Lobosea eta Entamoebidae[3].
Badira zenbait bizitza-askedun ameba lurtar zein urtarrak, baina giza gorputzean soilik Naegleria, Vahlkampfia, Acanthamoeba, Balamuthia y Hartmannella generokoak aurkitu dira, talde hauek izanik medikuntzarako, eta ondorioz, oro har, gehien ikertu diren taldeak[4].
Morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amoeba generoko espezieek zelula eukarioto baten egitura tipikoa dute, eta zitoplasma, nukleoa eta hainbat organulu dituzte. Zitoplasma honela banatzen da: endoplasma izeneko granulu-masa zentrala eta ektoplasma izeneko kanpo-geruza argiagoa[5]. Amebaren elementu ezagunenak nukleoa eta presio osmotikoari eusteko erabiltzen duen bakuolo uzkurkorra dira (ikus Osmoerregulazioa). Bakuolo horrek gehiegizko ura jasotzen du zelulatik, eta aldizka mintz zitoplasmatikoarekin bat egiten du ura kanpora botatzeko. Bakuolo digestiboek zelulan barneratu ondoren jasotzen dute janaria liseritu egiten dute.
Espezieak zitoplasma kanporantz hedatuz desplazatzen dira, tentakuluen antzeko luzapenak eratzen dituztelarik. Luzakin hauek pseudopodo edo oin faltsu gisa ezagutzen dira. Pseudopodoak elikagaiak fagozitosia izeneko prozesu batean biltzeko ere erabiltzen dira. Pseudopodoak sortzen edo igortzen dira mikroorganismoek, zelulek eta abarrek sortu ohi dituzten estimulu kimikoak jasotzen direnean. Pseudopodoek mikroorganismoa hartzen dute barnean, eta barrunbe edo bakuolo batean sartzen dute. Hondakin-materiala eta digeritu gabeko hondarrak ektoplasmaren bidez ezabatzen dira[5].
Formaren arabera pseudopodoak izen ezberdinak jasotzen dituzte; lobopodoak edo lobopodoak (zabalak eta laburrak, ektua eta endoplasma dutenak), podoak edo filopodoak (finak eta adarkatuak, ektoplasmarekin soilik), erretikulopodoak (podo anastomosatuak), akantopodoak (Acanthamoeba generoan ohikoak), etab[2].
Baldintzak txarrak direnean, amebek kisteak sor ditzakete. Atseden-etapa horretan, amebak bola forma hartzen du, babes-pareta bat jariatuz. Kisteak jatorrizko amebak baino ingurumen-baldintza gogorragoetan iraun dezake. Horrela, zelula loaldi fasean sartzen da baldintzak onuragarriago bilakatu arte. Kistearen barruan, zelula hainbat aldiz zatitzen da mitosiaren bidez; hala, kanpo baldintzak hobetu direla antzematen duenean, kistea ireki egiten da, eta ameba alaba batzuk kanporatzen dira[6].
Amoeba generoko espezieek zelula eukariotiko baten egitura tipikoa dute, eta zitoplasma, nukleoa eta hainbat organulu dituzte. Adibidez, pseudopodoak, bakuolo uzkurkorra, endoplasma, ektoplasma, mintza eta bakuolo digestiboa[2].
Historia eta sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amoeba-ren antzeko organismo baten lehen erregistroa 1755ean sortu zen Johann Rösel von Rosenhof-en eskutik. Bere aurkikuntzari "der kleine Proteus" ("Proteus txikia") izena eman zion, Proteus-en omenez, greziar mitologiako itxura aldakorreko itsas jainkoa[7]. Nahiz eta Röselen ilustrazioek gaur egun Amoeba proteus bezala ezagutzen denaren antzeko izaki bat erakusten duten, bere "Proteus txikia" ezin da identifikatu gaur egungo espezie modernoren batekin[5].
"Proteus animalcule" terminoa XVIII. eta XIX. mendeetan zehar erabili zen, edozein amoeboide handi eta askerentzako izen informal gisa[8].
1758. urtean itxuraz Rösel-en "Proteus" bere kabuz ikusi gabe, Carl Linnaeus-ek organismoa bere sailkapen sisteman sartu zuen, Volvox chaos izenarekin. Hala ere, Volvox izena jada alga flagelatuen genero bati aplikatu zitzaionez, izena Chaos chaos izatera pasatu zen. 1786. urtean Otto Müller naturalista daniarrak Proteus diffluens izeneko espezie bat deskribatu eta ilustratu zuen, gaur egun Amoeba proteus izenez ezagutzen den organismoa dena[5].
Amiba generoa, grezieratik amoibè (ἀμοιβή, "aldaketa" esan nahi duena), 1822. urtean eraiki zuen Bory de Saint-Vincent-ek[9][10]. 1830. urtean C. G. Ehrenberg naturalista alemaniarrak genero hau hartu zuen izaki mikroskopikoen bere sailkapenean, baina idazkera aldetik "Amoeba" izatera pasatu zen[11].
Anatomia, elikadura eta ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amoeba generoko espezieak pseudopodo deritzen aldi baterako egituren bidez mugitu eta elikatzen dira. Pseudopodoak zitoplasma zelularrean kokatzen diren mikrofiruez osatuta daude, itxura tubularrekoak dira eta mutur borobilduak dauzkate[12].
Pseudopodoak luzatu eta zabaltzen direnean, amebaren forma aldatu egiten da. Ameba aske flotatzen ari denean bereziki, aldi berean pseudopodo bat baino gehiago sortzeko gai da. Azalera baten gainean mugitzen denean, aldiz, normalean forma monopodiala hartzen du, mugimenduaren norabidean hedatzen den pseudopodo bakarra, hain zuzen[13].
Historikoki, ikertzaileek zitoplasma bi zatitan banatu dute: endoplasma pikortsu bat, barnekoa eta ektoplasma, kanpokoa, geruza garden bat, biak mintz plasmatiko malgu baten barruan sartuta[5]. Era berean, ameben zelulak normalean nukleo pikortsu bakarra du, organismoaren DNA gehiena duena. Bakuolo uzkurkorra zelularen gehiegizko ura iraiztuz oreka osmotikoa mantentzeko erabiltzen da (ikus Osmoerregulazioa).
Amoeba batek fagozitosiaren bidez lortzen du bere elikadura, materia organikoko partikula eta organismo txikiagoak bilduz, edo pinozitosiaren bidez, mintz plasmatikoaren barruan eratutako besikulen bidez disolbatutako mantenugaiak hartuz[5]. Amoebak inguratutako elikagaiak janari-bakuolo izeneko digestio-organuluetan gordetzen dira.
Amoebak, beste organismo eukarioto unizelular batzuk bezala, asexualki ugaltzen dira mitosiaren eta zitokinesiaren bidez. Ugalketa sexuala ez da zuzenean aztertu Amoeban, nahiz eta jakina den beste talde amoebozoarretan material genetikoaren trukaketa sexuala gertatzen dela. Amoebozoo gehienak singamia, birkonbinazioa eta murrizpen ploidiala egiteko gai agertzen dira, prozesu meiotiko estandar baten bidez. Amoeba proteus eredu "asexualak" prozesu sexualei lotutako proteina gehienak ditu. Organismoak indarrez zatituta dauden kasuetan, nukleoa kontserbatzen duen zatiak biziraun egingo du, eta zelulen zati berri bat osatuko du, nahiz eta beste zatia hil egiten den.
Osmoerregulazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste protista askok bezala, Amoeba generoko espezieek presio osmotikoak kontrolatzen dituzte, bakuolo uzkurgarria izeneko mintzak mugatutako organulu baten bidez. Amoeba proteusek bakuolo uzkurgarri bat du, zitoplasmako (diastolea) urez poliki-poliki betetzen dena, eta, gero, zelula-mintzarekin fusionatzean, azkar uzkurtzen da (sistolea), eta ura kanporatzen du exoitosiagatik. Horrela, amebak zitoplasman dagoen ur kantitatea erregulatzen du[14].
Bakuolo uzkurgarria (BU) ura bota eta berehala, mintza zimurtu egiten zaio. Handik gutxira, BU-ren mintza inguratzen duten bakuolo edo besikula txiki asko agertzen dira. Besikula txikiak pixkanaka handitzen dira ura xurgatzean, eta, gero, BU-arekin fusionatzen dira; BU-a handitu egiten da urez bete ahala. Beraz, besikula txiki horien funtzioa zitoplasmaren gehiegizko ura biltzea eta erdikora bideratzea da. BU-a hainbat minutuz puzten da, eta gero uzkurtu egiten da, ura kanporantz botatzeko. Zikloa berriro errepikatzen da[14].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ameba. Diccionario Médico.
- ↑ a b c DiMiceli, Lauren. (2004-10-01). «Distinguishing Between Pathogenic and Non-Pathogenic Species of Entamoeba» Laboratory Medicine 35 (10): 613–615. doi: . ISSN 1943-7730. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ Schuster, Frederick L.; Visvesvara, Govinda S.. (2004-08). «Free-living amoebae as opportunistic and non-opportunistic pathogens of humans and animals» International Journal for Parasitology 34 (9): 1001–1027. doi: . ISSN 0020-7519. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ Schuster, Frederick L.. (2002-07). «Cultivation of Pathogenic and Opportunistic Free-Living Amebas» Clinical Microbiology Reviews 15 (3): 342–354. doi: . ISSN 0893-8512. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ a b c d e f Giese, A. C.. (1973-03-30). «The Biology of Amoeba. Kwang W. Jeon, Ed. Academic Press, New York, 1973. xviii, 628 pp., illus. $34. Cell Biology» Science 179 (4080): 1316–1316. doi: . ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ «Amoeba - body, parasites, used, water, process, form, animals, carbon, oxygen» www.scienceclarified.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Rösel von Rosenhof, August Johann; Kleemann, Christian Friedrich Carl. (1746). Der monathlich-herausgegebenen Insecten-Belustigung ... : mit Kupfern nach dem Leben abgebildet /. gedruckt bey J.J. Fleischmann, (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ McAlpine, Daniel; McAlpine, Archibald N.. (1881). Biological atlas: a guide to the practical study of plants and animals. Johnston (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Bory de Saint-Vincent; Lamarck, Jean-Baptiste-Pierre-Antoine de Monet de. (1826). Essai d'une classification des animaux microscopiques / par M. Bory de St-Vincent. Veuve Agasse (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ McGrath, Kimberley A., ed. (2001). The Gale encyclopedia of science. (2. ed. argitaraldia) Gale Group ISBN 978-0-7876-4370-6. (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Ehrenberg, Christian Gottfried. (1830). Organisation, systematik und geographisches verhältniss der infusionsthierchen. Zwei vorträge, in der Akademie der wissenschaften zu Berlin gehalten in den jahren 1828 und 1830, von C.G. Ehrenberg. Mit 8 kupfertafeln in folio .... Druckerei der Königlichen akademie der wissenschaften, (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Alberts, Bruce, ed. (2008). Molecular biology of the cell: media DVD-ROM inside. (5. ed. argitaraldia) Garland Science ISBN 978-0-8153-4105-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ Dumack, Kenneth; Siemensma, Ferry; Bonkowski, Michael. (2018-02). «Rediscovery of the Testate Amoeba Genus Penardeugenia (Thaumatomonadida, Imbricatea)» Protist 169 (1): 29–42. doi: . ISSN 1434-4610. (Noiz kontsultatua: 2024-10-31).
- ↑ a b (Ingelesez) Nishihara, Eri; Yokota, Etsuo; Tazaki, Akira; Orii, Hidefumi; Katsuhara, Maki; Kataoka, Kensuke; Igarashi, Hisako; Moriyama, Yoshinori et al.. (2008-03). «Presence of aquaporin and V‐ATPase on the contractile vacuole of Amoeba proteus» Biology of the Cell 100 (3): 179–188. doi: . ISSN 0248-4900. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).