1980ko Korrika
1980ko Korrika | |
---|---|
Leloa | Zuk ere esan bai euskarari |
Mota | ekitaldi |
Honen parte da | Korrika |
Denbora-tarte | 1980ko azaroaren 29a - 1980ko abenduaren 7a |
1982 → | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Abiapuntu | Oñati |
Helmuga | Bilbo |
1980ko Korrika edo 1. Korrika[1] Euskal Herrian zehar ospatzen den Korrika jaialdiaren lehen edizioa izan zen. AEK elkarteak antolatu zuen eta ekitaldi honetan Xabier Peña omendu zuen. Zuk ere esan bai euskarari leloa izan zuen.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezohiko datetan egin zen Korrika, Oñatin 1980ko azaroaren 29an hasi eta Bilbon abenduaren 7an bukatu baitzen. Oñatiko Unibertsitatearen atean hasi zen Korrika eta zazpi probintziak igaro zituen 1820 kilometrotako ibilbide luzean. Lekukoarekin batera hasiera emango zion korrikalaria Oñatiko alkatea Eli Galdos izan zen. Lekukoa hau eraman zutenen artean izen garrantzitsu asko izan ziren, tartean Jose Migel Barandiaran, Telesforo Monzón, Francisco Letamendia eta Jon Castañares (Bilboko alkatea). Bilbon eman zitzaion amaiera eta azken kilometroa antolatzaileek egin zuten.
Mezua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lekuko barruan eramandako mezua Rikardo Arregik 1966an Euskaltzaindiari idatziriko eskutitza zen. Bertan Alfabetatze saila sor zezan proposatzen zion, jendeak euskaraz irakurri eta idazten ikastearen garrantziaz hausnartzen zuen. Ibilbidean zehar ordea mezua galdu egin zen eta Bilbon bertan antolatzaileak horretaz konturatu zirenean fotokopiaren bila hasi ziren baina astirik ez zegoen eta Julen Kaltzadak mezua inprobisatu zuen. Julenen hitzetan hau gertatu zen:
« | Satrustegi Korrika hasi aurretik heldu zen, baina ez zekarren mezurik. Donostiara bidali zuen txukuntzera, eta ez zen heldu. Beraz, hasiera mezua lekukoan sartu gabe eman zitzaion Korrikari. Urdiainera heltzen zenean mezua sartzeko geratu ginen, eta Urdiainera heldu zenean han zegoen Satrustegi zain. Korrika pitin batean geratu zen, Satrustegik mezua sartu zuen lekukoan, argazkiak atera zitzaizkion, eta han joan zen Korrika aurrera korrika.
Urdiainera heldu aurretik Iparraldea eta Nafarroa egin zituen. Iparraldean AEK hasi berri zegoen, eta, lan izugarria egin zuten arren, Zuberoa eta Baxenabarre bitarteko mendi inguruko eta elurrez jantzitako kilometro gutxi batzuk saldu gabe geratu ziren. Busturialdetik talde bat joanda bete ziren kilometroak. Urdiainen sartu zen mezua, baina Korrika Bilbora heldu eta lekukoa zabaldu genuenean ez zekarren mezurik. Han geundenok urduri jarri ginen, baina lasai itxura hartu eta ezer gertatu ez balitz bezala eman genion bukaera AEKko batzordeak prestatutako idazkia irakurrita. Komunikabideek AEKri ezarri zioten lekukoa hutsik etortzearen errua, eta zenbait erakundek AEKren amarrua izan zela saldu zuten, prestatuta zeukala eta. Hain eragin handia izan zuen ezen hurrengo Korriketan erakunde publikoei laguntza eskatzen zitzaienean, gehienek berdin erantzun baitziguten: Eusko Gobernuak eta EAJko buruek jakinarazi diotela Korrikari diru-laguntzarik ez ematea, AEKk Gobernuarekin daraman jokabideagatik. |
» |
Julen Kaltzada, 2017 |
Bertan Julenek honako esaldi hauekin amaitu zuen ekitaldia:
Komisaldegietan torturak sufritzen dituztenak, torturak hartuko dituzten beldurrez angustiaturik daudenak...
Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!"[3]
Honek polemika handia ekarri zuen eta hurrengo ekitaldietarako ondorioak ere izan zituen. Euskaltzaindiatik kanporatua izan zen AEK eta Eusko Jaurlaritzak ere Korrika diruz ez laguntzea erabaki zuen. Francisco Javier Ansuategi, Nafarroako Gobernadore Zibila ere saiatu zen Korrika Nafarroatik pasatzea eragozten, lortu ez zuen arren.
Abestia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte berean Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea izango zen Xabier Amurizak egin zuen Korrika 1 izeneko kanta.[4]
Bat Korrika, bi Korrika
milaka korrikari
Euskal Herri guztietan
denok bai euskarari (errepika)
Batzuk dira euskaldunak
besteak euskaldungai
hizkuntzaren jatorria
ez dugunak galdu nahi.
Odoletik baino hortik
gara gehiago anai.
Guk ere bai, zuk ere bai
esan euskarari bai.
Eguzkiak sor lezake
milaka argi suzi,
hizkuntzarik gabe gaude
hutsik eta biluzik.
Ez dugu nahi Euskadirik
euskaraz izan ezik.
Esan baietz eta korri
ez gero, orain baizik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «1 Korrika» Korrika (Noiz kontsultatua: 2022-11-09).
- ↑ https://web.archive.org/web/20171113222933/https://www.berria.eus/paperekoa/1853/004/001/2017-03-31/lehenengo_korrika_eta_aurreko_gertakizunak.htm
- ↑ Korrika - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).
- ↑ MerkaldiTV. (2013-03-17). Korrika 1 1980 Oñati - Bilbo. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).