Heskai
Heskaia zuhaixka biziz, eta batzuetan zuhaitzez eginiko hesia da, batez ere bi lursail banatzeko landatua. Bideak eta esparruak mugatzeko ere erabiltzen dira, eta beste askotan apaingarri gisa, arte topiarioa eratuz. Heskaiek etxabereak ihes egitea eragozten dute ohiko hesiek bezala, baina gainera haize bortitzetik babestu[1] eta inguruneko baldintzak hobetzen dituzte, bocage izeneko paisaian esaterako. Gainera, landa lurren bioaniztasuna hobetzen dute, landare eta animalientzat babesleku eta janleku egokiak eratuz.
Batzuetan landaresi eta landare hesi[2] terminoak ere erabiltzen dira, bai eta hesibizi ere.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heskaiek, gizakien esku hartzearen (eta transformazioaren) arabera sailka ahal dira:
- Heskai naturala (aske hazten dena, tokiko baso landareekin): heskai garai eta zabal honek soroak eta landare autoktonoak babesten ditu eguraldi txarretik (euriteak, haizeteak, izozteak...). Bioaniztasun handikoa da, landare autoktono ugariz osatua baitago, fauna ugari eta erabilgarria erakartzen duena.
- Heskai bizia (aske hazten dena, baina jatorri anitzeko landareekin, batzuetan exotikoak): heskai zabal eta trinko honeki zuhaitz eta zuhaixkak ez dira inausten, edo oso gutxi. Eragozpen gabe hazten dira eta ekosistema berezi eta aberatsa aterpetzen dute.
- Heskai moztua (kontrolatuta hazten da, mozketa edo inausketa periodikoetan): mozketak hiru helburu izan ditzake, heskai motaren eta jabearen nahiaren arabera:
- inausiz garaiera eta zabalera murriztea, lursailean edo inguruan gehiegi ez hedatzeko.
- lepatuz egurra lortzea (neguan) edo animalientzat bazka ekoiztea (udan).
- aizturrez moztea, heskaiari itxura jakin bat emateko (ohikoenak laukizuzena edo biribildua). Espezie bakarrekoa izan ohi da, hostoiraunkorra eta hazkuntza geldokoa (hagina, ezpela edo huntza). Heskai honek balio ekologiko urria du.
- Heskai horma (oso kontrolatuta hazten dena, mozketa ugariekin landare-horma geometriko antzekoa eratzeko): lorategi edo etxe-inguruetako ohiko heskaia da, 1 eta 2m garai bitartekoa (horma edo hesien antzera), normalean hostoiraunkor eta hazkuntza azkarreko espezie bakar batez osatua (altzifrea, erramua, arbustua, tuia).
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko kantaurialdean, ingurunearen baldintzen arabera, bost habitat banatu daitezke. Habitat hauen arabera, landaredi potentzial bat garatu daiteke eta, honela, heskaietako landare espezieak desberdinak dira[2]:
- haltzadiak erreka bazterretan:
- zuhaitzak: haltza, lizarra, astigarra, haritza eta neurri txikiagoan, ezkia eta zumarra
- zuhaixkak: sahatsak, zuhandorra, intsusa, basaerramua, hurritza, elorri zuria, arbustua
- hariztiak ibar hondoetan:
- zuhaitzak: haritza, lizarra, urkia, astigarra, gereziondo txertaka, pagoa, sagarrondoa, aranondoa, gereziondoa, intxaurrondoa, gaztainondoa
- zuhaixkak: elorri zuria, elorri beltza, hurritza, sahatsa, zuhandorra, basaerramua, gorostia, arbustua, intsusa, sagarmina, makatza, mizpirondoa eta irasagarrondoa.
- pagadiak hariztien gaineko lurretan:
- zuhaitzak: pagoak, lizarrak, astigarrak, urkiak, otsalizarrak, haginak
- zuhaixkak: elorri zuria, elorri beltza, hurritza, gorostia, sahatsa, sagarmina, makatza eta hostazuria
- artadiak kareharrietan:
- zuhaitzak: artea, ereinotza, frantses iharra, ametz ilaunduna
- zuhaixkak: txorbeltza edo karraskiloa, gartxua, gurbitza, gorostia, arbustua, elorri zuria, elorri beltza eta andura
- igokariak: endalarra, astalar hosto iraunkorra eta huntza
- ameztiak lur hareatsuetan:
- zuhaitzak: ametza, haritza, urkia, lertxuna, otsalizarra, gaztainondoa eta hostazuria
- zuhaixkak: gorostia, oilakarana, sagarmina, makatza, elorri zuria eta elorri beltza.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Galarraga, Ana. (2006). Heskaiak, hesi biziak. Elhuyar.
- ↑ a b Goimen. (2002). (pdf) Zuhaitz eta zuhaiskak baserri eremuan. Landare-hesien onurak eta erabilpenak.. .