Piarres Xarritton

Lapurdiko euskal idazlea (1921-2017)
Piarres Xarriton» orritik birbideratua)

Piarres Xarritton[1] Zabaltzagarai[2] (Hazparne, Lapurdi, 1921eko urriaren 19a - Baiona, 2017ko martxoaren 17a) euskal idazle eta politikaria izan zen.[3] Aditua zen Euskal literaturan, hala nola Teologian eta Filosofian. 1950ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1985ean euskaltzain oso.[4]

Piarres Xarritton
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPierre Charriton
JaiotzaHazparne1921eko urriaren 19a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaKanbo eta Baiona2017ko martxoaren 17a (95 urte)
Hezkuntza
HeziketaPariseko Letren Fakultatea
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, saiakeragilea, apaiz katolikoa, idazlea eta irakaslea
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
Udako Euskal Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Alderdi politikoa Eusko Alkartasuna

Inguma: piarres-xarriton-zabaltzagarai-1921-2017 Literaturaren Zubitegia: 367
Piarres Xarritton[5], sorterriaz. Euskal Herriko Ahotsak[6] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
1964ko[Betiko hautsitako esteka] Baionako Euskal Idazkaritza. Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan (Jose Ramon Etxebarria, Gasteiz, 2018-06-21).

Idazki andana argitaratu zuen hainbat euskal idazlez; besteak beste, tesi doktorala Piarres Broussain euskaltzalearen bizitzaz eta obraz egin zuen. Hazparneko eskola teknikoaren sortzaileetarikoa eta zuzendaria izan zen. Eusko Alkartasunaren sortzailetariko bat izan zen, eta baita EAren Ipar Euskal Herriko burua ere. 1993tik 1995era, Baionako udaleko zinegotzia izan zen alderdi horrekin.[7]

Bizitza

aldatu

Piarres Xarritton Hazparnen jaio zen, 1921eko urriaren 19an. Sei anai-arrebaren artean zaharrena izan zen. Hazparnen bertan egin zituen lehen ikasketak. Gazte-gaztetatik erabaki zuen erlijio-bizitzari ekitea eta 1935erako Uztaritzeko seminarioan zegoen. Besteak beste, Piarres Lafitte ezagutu zuen han, ordurako euskal kulturan aski ezaguna zen pertsona. Garai hartan hasi zen euskal klasikoak irakurtzen, hala nola, Oihenart, Jaurgain eta Campion.[8]

21 urterekin irakasle hasi zen Biarritzen, eta urtebete geroago Hazparnen. Garai gogorrak ziren Euskal Herrian, eta 1936ko Gerratik ihesi joandako jende ugari ezagutu zuen Xarrittonek, baita naziengandik gordetzen ari ziren beste asko ere. Eta etxean horietako batzuei lagundu zieten, Russel Kirby ingelesari adibidez, zenbait hilabetez gorderik eduki zutena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Erromara joan zen Teologia ikastera eta ondoren, 1947an, apaiztu zen. Lan horretan ari zen bitartean bihurtu zen euskaltzain.[8]


« Aipatu nahi ditut 5 pertsona, 5 unibertsitari handi, euskarazko unibersitatea sortzeko beharra defenditu zutenak, UEU sortzeko bidea markatu zutenak: Haritxelhar, Xarriton, Karlos Santamaria, Txillardegi eta Manex Goienetxe. »

Jose Ramon Etxebarria[9]


1960ko hamarkadan utzi zuten haren esku Hazparneko eskolaren ardura, Langintza eskola plantan ezartzeko. Horretan ari zela ezagutu zituen Txillardegi eta Kristiane Etxaluz, besteak beste. Euskara batuaren sorkuntzan zinezko detonagailua izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarritton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen zorioneko biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu zorioneko hatxe hura. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean eskaria eginez Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan. [10][11]

1970eko hamarkadaren erdialdean hartu zuen ondorengo urteak markatuko zituen erabakia: apaizgoa utzi eta ezkondu egin zen. 1980ko hamarkadan amaitu zuen Euskal Ikasketetan abiatua zuen doktoretza, Hazparneko auzapez eta kontseilari orokor izan zen Piarres Broussaini buruzko tesi batekin. Euskaltzaindian ere kide izan zuen Jean Haritxelhar izan zuen tesi-zuzendari.[8] Lan garrantzitsua egin zuen Jean Etxepare Bidegorriren (1984-1988) eta Piarres Lartzabalen idazlanak (1991) hainbat liburukitan bildu eta argitaratuz.[12] Politikan Eusko Alkartasuneko kide gisa nabarmendu zen, 1988ko hauteskundeetan hautagai izateraino.[8]

Saiakera

aldatu
  • Eskualdunak, 1943, Aintzina
  • Eliza eta formazioa Hazparne aldean (XVIII-XX), 2000, Arizmendi
  • De re publica edo politikaz, 2003, Elkar

Biografiak

aldatu
« - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?

- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker.

Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin...

»

Xipri Arbelbide[13]


Erreferentziak

aldatu
  1. elkarmedia. «Xarritton, Piarres» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
  2. Frantsesezko grafian Charritton.
  3. Piarres Xarriton Auñamendi Eusko Entziklopedian
  4. Piarres Xarriton. idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
  5. «Xarriton, Piarres - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  6. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  7. Arbelbide Lete, Nora. Piarres Xarriton euskaltzaina hil da. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
  8. a b c d Bereziartua Mitxelena, Gorka. Piarres Xarriton hil da, mende bateko ikuspegia galdu du euskal kulturak. argia.eus, Creative Commons, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
  9. Etxebarria, Jose Ramon. (2017). Katedralaren eraikuntza (Ikergazte 2017, Bideoa). Udako Euskal Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Noiz kontsultatua: 2017-12-04).
  10. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  11. «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  12. Lur entziklopedietatik hartua.
  13. Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).

Kanpo estekak

aldatu