Michael Faraday
Michael Faraday (Surrey, Ingalaterra, 1791ko irailaren 22a - Hampton Court, Ingalaterra, 1867ko abuztuaren 25a) elektromagnetismoa eta elektrokimika ikasi zituen fisiko eta kimiko britainiarra da.
Humphry Davy kimikariarekin ikasi zuen eta indukzio elektromagnetikoaren aurkikuntzagatik ezagutzen dute gehienek, generadore eta motore elektrikoak eraikitzea ahalbidetu baitu honek, edo elektrolisiaren legeengatik, bera baita elektromagnetismoaren eta elektrokimikaren benetako sortzaile.
Bere garaiko beste ikertzaile batzuen antzera, Faraday eremu magnetikoen bidez korronte elektrikoak sortzen saiatu zen. Hamar urtetan ez zuen emaitza arrakastatsurik lortu, egoera estatikoan, hots, geldirik zeuden imanak eta bobinak erabili baitzituen. Hala ere, ekinaren ekinaz, korronte elektrikoaren indukzioa sortzeko eremu magnetiko aldakorrak behar direla frogatu ahal izan zuen.
Gaztetan ikasketak burutu gabea zen, eta ez zekien ia ezer matematikaz. Kalkulu diferentziala erabat arrotz zuen azken fisikari handia izan zela esan daiteke, nahiz eta gabezia hori grafikoak egiteko zuen trebetasun izugarriz gainditu zuen.
Bere egunkaria idatzi zuen 1820 eta 1862 bitartean, etenik gabe, bertan buruturiko esperimentuak deskribatuz. 3.236 orrialde eta zenbait mila irudi dituen egunkari hori Fisikaren historiako funtsezko lanetako bat da gaur egun.
Biografia
aldatuFaraday britainiar fisikaria Surreyn (Ingalaterran) jaio zen 1791ko irailaren 22an. Michaelen aita James Faraday izan zen eta Newingtonen jaiotakoa zen, Londres inguruan (Ingalaterra).
Ez zuen eskolara joateko aukera handirik izan eta, 13 urte zituenean, Michael lanean hasi beharrean izan zen eta Londresko azaleztatzaile batekin ofizioa ikasten hasi zen. Han aritu zen 7 urtetan, zientziari buruzko liburu asko irakurri zuen eta, horrekin batera, elektrizitatearekin zerikusia zuten esperimentuak ere burutu zituen, zientziarako grina betirako piztu zitzaiolarik. Hala ere, ez zekien ezer asko matematikaz, baina Kalkulu diferentziala ez bazuen ezagutzen ere, grafikoak egiteko trebezia berezia erakutsi zuen.
Karrera zientifikoa
aldatuBere garaiko beste ikertzaile batzuen antzera, Faraday eremu magnetikoen bidez korronte elektrikoak sortzen saiatu zen. Hamar urtetan ez zuen emaitza arrakastatsurik lortu, egoera estatikoan, hots, geldirik zeuden imanak eta bobinak erabili baitzituen. Hala ere, ekinaren ekinaz, korronte elektrikoaren indukzioa sortzeko eremu magnetiko aldakorrak behar direla frogatu ahal izan zuen.
Davyren pean egin zituen lehen ikerketak kimikan. Kloroa ikertzean, bi karbono kloruro berri aurkitu zituen, bentzenoa ere deskubritu zuen... Ekarpen handiak egin zituen elektrizitatearen esparruan. 1821ean, Oersted kimikari daniarrak eletromagnetismoa deskubritu ondoren, Faradayk bi tresna egin zituen bere hitzetan errotazio elektromagnetikoa ekoizteko, hau da, motore elektrikoa.
1824an, Faraday Londresko Errege Elkartean sartu zen eta, hurrengo urtean, Errege Erakundeko laborategiko zuzendari izendatu zuten.
1831n, bere esperimentu ospetsuak hasi zituen eta indukzio elektromagnetikoa aurkitu zuen; esperimentu horiek gaur egun ere teknologia elektromagnetikoaren oinarri dira. Indar lerroen kontzeptua txertatu zuen eremu magnetikoak irudikatzeko eta, elektrolisian eginiko ikerketen ondorioz, bere bi oinarrizko legeak, bere izena daramatenak, deskubritu zituen:
- Elektrolisiaren bidez askatzen den sustantzia baten masa, elektrolitotik igaro den elektrizitate kantitatearekiko zuzenki proportzionala da. Beraz,
- m= clt [(masa = balore elektrokimikoa (c) x intentsitatea (l) x denbora (t)]
- Elektrizitate kantitate batek askatutako sustantzia ezberdinen masak zuzenki proportzionalak dira bere pisu baliokideekin.
Bere ikerketek aurrerapen izugarria izan ziren elektrizitatearen garapenerako, magnetismoak, mugimenduaren bitartez, elektrizitatea ekoizten duela ezarri zuelako.
Elektrizitate estatikoarekin lanean zebilela, karga elektrikoa eroale elektrikoaren gainazalean metatzen dela frogatu zuen, barruan daukanak eraginik ez duelarik. Faradayren kaiola izena duen dispositiboan erabiltzen da efektu hau.
Michael Faradayren omenez, Nazioarteko Unitate Sisteman farad (F) izena ezarri zitzaion. Definizioak coulomb bateko karga duen eroale batek volt bateko potentzial elektrostatikoa hartzeko gaitasuna dela dio.
1833an, Davyren lekua hartu zuen Erakundeko kimika irakasle postuan eta, bi urte geroago, urtean 300 liberako biziarteko pentsio bat esleitu zioten.
1858an, Victoria erreginak bere Grazia eta Faboreetako Etxeetako bat eman zion eta hantxe bizi izan zen 9 urtez, 1867ko abuztuaren 25ean hil zen arte. Westminsterreko Abadian, bere omenezko plaka bat dago, Isaac Newtonen hilobitik gertu, berak ez baitzuen han lurperatzerik nahi. Londresko Highgate Hilobian dago ehortzita, gaur egun desagertuta dauden sandemanien gunean.
1820 eta 1862 bitartean, etenik gabe, bere egunkaria idatzi zuen, bertan buruturiko esperimentuak deskribatuz. 3.236 orrialde eta zenbait mila irudi dituen egunkari hori Fisikaren historiako funtsezko lanetako bat da gaur egun.
Faradayren 6 printzipioak
aldatu14 urte zituenean irakurritako Isaac Wattsen The Improvement of the Mind -Adimenaren hobekuntza-lanetik, Michael Faradayk diziplina zientifikoaren printzipio konstanteak hartu zituen:
- Beti eraman behar da libreta txiki bat, oharrak edozein momentutan hartu ahal izateko.
- Komeni da posta trukea erruz erabiltzea.
- Kolaboratzaileak izatea komeni da, ideiak elkar trukatu ahal izateko.
- Eztabaidei ekidin.
- Entzundako guztia egiaztatu.
- Ez orokortu arin-arinka; ahalik eta zehatzen hitz egin eta idatzi.