Hungariera
Hungariera edo magyarrera[1] (magyar nyelv; hungariarren berezko izenetik eratorria –magyarok, /móddorok/ gutxi gorabeherako ahoskeraz—) uraldar hizkuntza bat da, ugriar adarrekoa, mansiera eta khantierarekin batera.
Haren beste ahaide europar batzuk finlandiera eta komiera dira. XIX. mendearen amaiera arte hungarieraren ahaidetasuna beste uraldar hizkuntzekin zalantzan zegoen, haren lexikoan jatorri ezezaguneko hitz asko daudelako, baina Errusiako uraldar hizkuntzetan –komiera, udmurtera, mokxera, mariera– hungarierazko erroekin ahaidetasuna duten erro asko aurkitu zituzten.
Morfologiari dagokionez, hizkuntza eranskaria da, beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala. Fonetikari dagokionez, bokal asko ditu (hamalau, zehazki) eta bokalen iraupena oso garrantzitsua da, horrek hitzen esanahia alda dezakeelako.
Hiztunen kopuru esanguratsua duten Europako hizkuntza ez indoeuropar bakanetakoa da: 12-15 milioi bat hiztun ditu, batik bat Hungarian, bai eta Errumanian, Eslovakian, Serbian, Ukrainan, Kroazian, Austrian eta Eslovenian ere. Estatu horietan guztietan hizkuntza ofiziala da, bai eta Europar Batasunean ere.
Etimologia
aldatu«Magyar» (mоgor, antzinako hungarieran) hitzak bi zati ditu: lehenengoa –mōś– mansiarren berezko izenarekin alderatzen da eta agian uraldar *mańćɜ «gizaki, gizon» hitzetik eratorria. Bigarren osagaiaren jatorria ezezaguna da, baina agian finlandiar yrkö «gizon» hitzarekin ahaidetasuna du.
Historia
aldatuDuela 900-1000 urte, gutxi gorabehera, hungariarrek Siberia eta Ural utzi eta Panoniako ordokietaraino bizitzera joan ziren, baita Transilvaniaraino ere. Eslaviarren bertaratzea ez bezala, hungariarrena nahiko berandu jazo zen. Hungariarrek borroka asko egin behar izan zuten: eslaviarren aurka hegoalde eta iparraldean, alemaniarren aurka mendebaldean eta errumaniarren aurka ekialdean, baliabideengatik. Horregatik, hizkuntzak —errumanierak bezala— eslaviarren hitz asko hartu zituen: egun, lexikoaren % 20 inguru osatzen dute. XII-XIII. mendeetan Hungariako Erresumak eslaviar lurraldeen zatia menperatu zuen.
1526an Hungariak otomandarren aurkako guda galdu ondoren, Hungariako Erreforma protestantea —150 urte iraun zuen— jazo zen; horrek hungarieraz inprimatutako literaturaren agerpena eragin zuen. «Hungarieraren ortografia» hizkuntza hartan inprimatutako lehen lana izan zen.
1541-1699 urteetan, hungariar gehienak Turkiaren menpean bizi izan zirenez, turkieraren eragina gora egin zen. Transilvania, berriz, lurralde erdi-burujabe bihurtu zen.
Austriar inperioaren zatia bihurtu ostean, Hungariak errepresioa jasan zuen eta alemanak eragin bizia izan zuen hizkuntzan, baina Austria-Hungariako inperioaren garaian, ofiziala bihurtu zen: 1867-1918 hungarieraren «urrezko urteak» izan ziren, mende erdi hartan hiztunen kopuruak indar handiz gora egin zuelako (adibidez, 1915ean, hungariarrak ez zirenen artean hiztunen kopurua % 15,3 zen eta 1880an, % 5,6). Transilvaniako hiri askotan hungarieraz hitz egiten zuten bakarrik (Cluj-Napocan, adibidez). Garai horretan, nazio askotako jendeak hungariera ikasten zuen: juduek, alemaniarrek, errumaniarrek, eslovakiarrek, serbiarrek, kroaziarrek etab. Hala ere, 1918 urtearen ostean, erabilera larriki murriztu zen eta egun Hungaria, Transilvania, Voivodina, Eslovakia eta Transkarpatian nagusiki erabiltzen da.
Idazketa
aldatuHungarieraren lehen idazketa errunak izan ziren (rovás írás, /róvax írax/ ahoskatua), baina kristautasunaren onarpenaren ostean, hungariarrak latindar alfabetoa erabiltzen hasi zen. Egun, errunak batzuetan edergai gisa bakarrik erabiltzen dira.
Gaur egungo idazketa:
Letra | Izena | Hotsa |
---|---|---|
A a | a | [ɒ] ingelesezko got |
Á á | á | [a:] euskal a |
B b | bé | [b] |
C c | cé | [ʦ] euskal tz |
Cs cs | csé | [ʧ] euskal tx |
D d | dé | [d] |
Dz dz | dzé | [ʣ] |
Dzs dzs | dzsé | [ʤ] ingelesezko Joe |
E e | e | [ɛ] |
É é | é | [e:] euskal e |
F f | ef | [f] |
G g | gé | [g] |
Gy gy | gyé | [ɟ] euskal dd |
H h | há | [h] |
I i | i | [i] |
Í í | í | [i:] |
J j | jé | [j] euskal j (joan) |
K k | ká | [k] |
L l | el | [l] |
Ly ly | el ipszilon | [j] euskal j (joan) |
M m | em | [m] |
N n | en | [n] |
Ny ny | eny | [ɲ] euskal ñ |
O o | o | [o] |
Ó ó | ó | [o:] |
Ö ö | ö | [ø] frantsesezko peu |
Ő ő | ő | [ø:] |
P p | pé | [p] |
R r | er | [r] |
S s | es | [ʃ] euskal x |
Sz sz | esz | [s] euskal z |
T t | té | [t] |
Ty ty | tyé | [c] euskal tt |
U u | u | [u] |
Ú ú | ú | [u:] |
Ü ü | ü | [y] zubererazko ü |
Ű ű | ű | [y:] |
V v | vé | [v] frantses v |
Z z | zé | [z] zubererazko s, deusik-en |
Zs zs | zsé | [ʒ] frantses j (je) |
Maileguetan bakarrik erabiltzen direnak | ||
Q q | kú | |
W w | dupla vé | |
X x | iksz | |
Y y | ipszilon |
Ezaugarriak eta egitura
aldatuFonetika
aldatuBokalak
aldatuHungarierak 14 bokal ditu; finlandierak ez bezala, ez du diptongorik, diptongoidoak bakarrik (hau da, hots batzuk beste hots batzuen antzeko entzuten dira: ó, ő, ű bokalak u-aren antzekoak izan daitezke eta é bokala, i-aren antzekoa). Ez du erredukziorik ere (hots, bokal batzuk ahozko hizketan aldatzen edo ahoskatzen ez direnean): bokalak zehaztasun handiz ahoskatu behar dira.
Laburrak (a, e, i, o, ö, u, ü) edo luzeak (á, é, í, ó, ő, ú, ű) dira eta iraupena oso garrantzitsua da: vad «basati» — vád «egozte»; tör «hausten du» — tőr «sastakai»; a / á eta e / é bikoteek ere irekitasun ezberdina dute.
Hungarierak, beste hizkuntza eranskari askok bezala (euskarak ez), singarmonismoa du, hau da, hitz bateko bokal guztiek atzekoak (a, á, o, ó, u, ú) bakarrik edo aurrekoak (e, é, i, í, ö, ő, ü, ű) bakarrik izan behar dute: barnulásotokról, zöldülésetekről; horregatik atzizkiak hitzaren bokalen arabera aldatzen dira: falon «harresian», képen «irudian», tükrön «ispiluan».
Kontsonanteak
aldatuHungarierak kontsonante sabaikariak ditu (ny, euskarazko «ñ» «andereño» hitzean bezala ahoskatua, ty eta gy, hurrenez hurren, euskarazko «tt» eta «dd» bezala).
Azentua beti lehen silaban dago (beste ugrofinlandiar hizkuntzetan bezala, udmurteraz izan ezik).
Morfologia
aldatuMorfologiari dagokionez, euskara eta beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala, hizkuntza eranskaria da.
Izenak
aldatuIzenek numeroak (singularra eta plurala), kasuak eta artikuluak (zehaztua eta zehaztu gabea) dituzte; ez dute generorik.
Plurala -k, -ok, -ak eta -ek atzizkien bidez adierazten da, barruko bokalen arabera: erdő «baso» — erdők «basoak»; madár «txori» — madarak «txoriak»; férfi «gizon» — férfiak «gizonak»; város «hiri» — városok «hiriak»; ember «gizon, gizaki» — emberek «gizonak, gizakiak, jende».
Jabetza, turkiar hizkuntzetan bezala, baina ez euskaran, atzizkien bidez adierazten da: könyvem «nire liburua»; könyved «zure liburua»; könyve «haren liburua».
Kasu ugari ditu:
Kasua | Atzizkiak | Galdera | Singularreko adibidea | Pluraleko adibidea | Hungarieraz - euskaraz |
---|---|---|---|---|---|
Nominatiboa | - | Zer(k)? / Nor(k)? | ház («etxe») | házak («etxeak») | Еz a ház magas. — «Etxe hau garaia da» |
Akusatiboa | -t/-at/-ot/-et/-öt | Zer? / Nor? | házat | házakat | Vettem egy házat. — «Etxea erosi dut» |
Inesiboa | -ban/-ben | Non (Zeren barruan)? | házban | házakban | A család egy szép házban lakik. — «Sendia etxe ederrean bizi da» |
Idlatiboa | -ba/-be | Nora (Zeren barrura)? / (Sartu) Non? | házba | házakba | Lépj be a házba! — «Sartu etxean!» |
Superesiboa | -n/-on/-en/-ön | Non (Zeren azaleran / gainean / kanpoko aldean)? | házon | házakon | A házon meglátszott az idő vasfoga. — «Denboraren aztarnak etxearen kanpoko aldean ikusten dira» |
Sublatiboa | -ra/-re | Nora (Zeren gainera / azalerara)? / (Eseri) Non? | házra | házakra | Egy fehér galamb szállt a házra. — «Uso zuria etxearen gainean eseri zen» |
Adesiboa | -nál/-nél | Non (Zeren ondoan)? | háznál | házaknál | Megálltunk a háznál. — «Etxearen ondoan gelditu gara» |
Adlatiboa | -hoz/-hez/-höz | Nora? | házhoz | házakhoz | Odamentek a házhoz. — «Etxera hurbildu ziren» |
Elatiboa | -ból/-ből | Nondik (Zeren barrutik)? | házból | házakból | Kisétált a házból. — «Etxetik irten zen» |
Delatiboa | -ról/-ről | Nondik (Zeren azaleratik / gainetik / kanpoko aldetik)? | házról | házakról | A házról levették a zászlót. — «Etxearen gainetik bandera kendu zuten» |
Zeri buruz? | Sokat mesélt a házról. — «Etxeari buruz asko esan zuen» | ||||
Ablatiboa | -tól/-től | Nondik? | háztól | házaktól | A háztól nem messze egy kutat találtam. — «Etxetik hurbil iturria aurkitu nuen» |
Datiboa | -nak/-nek | Nori? | háznak | házaknak | Búcsút intett a szülői háznak. — «Gurasoen etxeari agur egin zion» |
GenItiboa | -nak a/-nek a | Norena? | háznak a | házaknak a | Ennek a háznak a fala is üvegből volt. — «Etxe horren hormak beirazkoak dira» |
Adlatibo terminatiboa | -ig | Noraino? | házig | házakig | Két és fél kilométer az iskolától a házig. — «Eskolatik etxeraino 2,5 kilometro ditugu» |
Instrumental-komitatiboa | -val/-vel | Zerekin? | házzal | házakkal | Mi legyen a házzal? — «Zer egin behar dut etxearekin?» |
Prolatiboa | -ként | Zertzat? / Nortzat? | házként | házakként | Ez a nyaraló családi házként van nyilvántartva. — «Baserri hau familia etxe gisa erregistratuta dago» |
Translatibo-faktiboa | -vá/-vé | (Bihurtu) Zer / Nor? | házzá | házakká | Közösségi házzá alakult át az egykori mozi. — «Zinema etxe publiko bihurtu zen» |
Kausualitibo-finala | -ért | Zertarako? / Zergatik? | házért | házakért | Mennyit fizettél a házért? — «Zenbat ordaindu zenuen etxeagatik?» |
Kasua | Atzizkiak | Galdera / Funtzioa | Adibidea | Hungarieraz - euskaraz |
---|---|---|---|---|
Esibo-modala | -ul/-ül | Nola? / Zein hizkuntzaz? | magyarul | Hogy van ez magyarul? — «Hungarieraz, nola esaten da hau?» |
Formala | -képp(en) | Zein eratan? | másképpen | Én másképpen oldanám meg a feladatot. — «Nik zeregina bestelako eran ebatziko nuke» |
Denborazkoa | -kor | Noiz? / Non (denborari buruz)? | tízkor | A vonat tízkor érkezik. — «Trena hamarretan etorriko da» |
Soziatiboa | -stul/-stül | Norekin batera? | családostul | Családostul költözött külföldre a magyar hegedűművész. — «Hungariar musikaria bere familiarekin batera atzerrira joan da» |
Banatzailea | -nként | Bakoitzarentzakoa | fejenként | A rafting ára fejenként 12000 Ft. — «Raftingaren salneurria 12.000 forint da pertsonako» |
Denborazko banatzailea | -nta/-nte | «-ero, (denbora)n behin» (denborari buruz) | havonta | A folyóirat havonta jelenik meg. — «Aldizkaria hilero argitaratzen da» |
Lokatiboa | -tt | Non? | Pécsett | Felhőszakadás volt Pécsett és Pétervárott. — «Péts eta San Petersburgon euria egin du» |
Aditzak
aldatuAditzek bi denbora bakarrik dituzte: lehenaldia eta orainaldia. Geroaldiaren ordez, orainaldia erabiltzen da gehienetan; geroaldia aditz osagarriaren –fog– bidez osa daiteke, baina ez da beharrezkoa.
Ez dago «izan» bezalako aditzik: Nekem van egy ágy «Ohea dut»:zehazki «Nirekin dago ohe bat» da; era berean, Ő egy ember «Hura gizona da», hitzez hitz «Hura bat gizon» da.
Konjugazioaren atzizkiak aldatzen dira, esaldian objektu zehatza egotearen ala ez egotearen arabera: Olvasom az újságot «Egunkaria irakurtzen dut», Újságot olvasok «Egunkari bat irakurtzen dut».
Izenondoak
aldatuHungarierazko izenondoak ez dira kasuen arabera aldatzen: a gyönyörű erdő «baso ederra», a gyönyörű erdőbe «baso ederrera». Ez da horrela, adibidez, baltiar-finlandiar hizkuntzetan (finlandieran edo bepsaeran).
Hiztunen banaketa geografikoa
aldatu- Hungarian: 9,5-10 milioi hiztun (2001)
- Errumanian, bereziki Transilvanian: 1.443.970 (2002)
- Eslovakian: 520.528 (2001)
- Serbian, bereziki Vojvodinan: 293.299 (2002)
- Ukrainan, bereziki Zakarpatian: 149.400 (2001)
- AEBetan: 117.973
- Kanadan: 75.555 (2001)
- Israelen: 70.000
- Austrian: 22.000
- Kroazian: 16.500
- Eslovenian: 9.240
Erakundeak
aldatuMagyar Tudományos Akadémia Nyelvtudományi Intézete edo «Hungarierazko Zientzia Akademiaren Hizkuntzetarako Ikerketa Institutua» erakundeak hizkuntza arautzen du.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/12/21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-19).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)(Hungarieraz) Hungarierazko Zientzia Akademiaren webgune ofiziala
- (Ingelesez) Uralic Page webgunea
- (Ingelesez)(Hungarieraz) Hung-Ing hiztegia eta beste batzuk on-line
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |