Heavy metal

musika genero

Heavy metala (Metal pisutsua bezala itzulitako euskeraz) rock and rolletik sortua den musika mota bat da. Heavyaren berezitasunak, erritmoen abiadura eta bolumen altuak dira. Heavya hasi zuten talde nagusienak, Deep Purple, Led Zeppelin eta Black Sabbath izan ziren 70eko hamarkadan, haien hasierako kantak entzuterakoan rock and rollaren eta bluesaren eragina zutela nabari da.

Iron Maiden agertokian.

Ezaugarriak

aldatu

Heavy metalaren ezaugarri nabarmenenak gitarraren oinarritutako soinua, erritmo indartsuak eta estilo klasiko, blues edo sinfonikoak dira. Nolanahi ere, heavy metalaren azpigeneroek euren ezaugarri propioak dituzte, zein askotan jatorrizko eratik aldentzen baitiren.

Allmusic.comen arabera, rock and rollaren hamaika eraren artean, heavy metala muturrekoena da bolumena, matxismoa eta eszenaratzeari dagokienez.

Instrumentazioa

aldatu

Heavy metal talde tipikoena bateriak, baxuak, erritmo-gitarrak, gitarra nagusiak eta abeslariak (instrumentu jotzailea edo ez) osatzen dute. Teklatua estilo batzuetan erabiltzen da, nahiz eta beste batzuetan aldatu egiten den. Gitarra da, berriz, heavy metalaren oinarria. Gitarraren distortsioa soinu “heavy” eta boteretsua ateratzeko erabiltzen da. Denboraren poderioz, gitarra-soloak ere heavy metalaren ezaugarria bihurtu dira. Halaber, teknologiak aurrera egin ahala, gitarraren soinua aldatzeko modu berriak sortu dira.

Heavy metalaren abeslarien artean alde handia dago abilezia eta estiloaren aldetik. Badira opera modukoak, Judas Priesteko Rob Halford edo Iron Maidengo Bruce Dickinson bezalakoak, baita nahita zakartutako ahotsak ere, Motörheadeko Lemmy Kilmister edo White Zombieko Rob Zombie gisakoak. Azpigenero batzuek are ahots gogortuagoa erabiltzen dute, death metalak edo black metalak esaterako.

Zuzeneko soinuan, bolumenak berebiziko garrantzia dauka. Jimi Hendrixek eta The Whok (garai batean Guiness Liburuak munduko talderik ozenena izendatu zuen) egindako bideari eutsirik, hasieratik, heavy metal taldeek helmuga berriak bilatu zituzten bolumen arloan. Black Sabbatheko Toni Iommi zein The Whoko Pete Townshed gitarra-jotzaileek entzuteko ahalmenean galera nabarmenak pairatu behar izan dituzte zuzeneko emanaldietako bolumena dela eta.

Hizpideak

aldatu

Pop musikako adar askotan bezala, heavy metalen irudia oso garrantzitsua da. Albumeko azalek, janzkerek edota zuzeneko emanaldiek, musikarekin batera, taldearen nortasuna osatzen dute. Beti ere, musika da, kasu gehienetan, lehentasuna.

Rock historialariek bi eragin ikusten dituzte heavy metalaren hizpideetan. Alde batetik, Mendebaldeko pop musikak errealitatetik ihesa utzi dio metalari, fantasian oinarritutako letretan ikusten den bezala. Beste alde batetik, afrikar amerikarren bluesak bere errealitate gordinaren kutsua eman dio metalari, galera, depresioa edo bakardadea azpimarratzen baititu.

Hori dela eta, iluntasuna, gaizkia, botere edo apokalipsi gaiak bizitzako arazoak adierazteko bitartekoak dira. 1960ko hamarkadako “peace and love” (bake eta maitasuna) filosofiaren aurrean, heavy metalaren kontrakulturak argia iluntasunez nahiz bukaera zoriontsuak errealitate gordinaz ordeztu ditu. Metalaren aldekoek iluntasun hori mezuaren mamia ez dela aldarrikatzen badute ere, kontrakoek bizitzako alde ezkorrak goraipatzen direla egozten diote metalari.

Heavy metalaren hizpideak 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako pop musikarenak baino sakonagoak ohi dira, gerra, hondamendi nuklearra, ingurumenaren auziak edota politika zein erlijio propaganda baititu jomugan. Hala ere, ikuspegia sinpleegia jorratzen da askotan, heavy metalaren hiztegi poetikoak dikotomiak bultzatzen dituelako: argia iluntasunaren aurka, itxaropena etsipenaren aurka, ongia gaizkiaren aurka…

Historia

aldatu

Hastapenak (1960ko eta 1970eko hamarkadak)

aldatu

AEBetako blues musikak oso ospe handia zeukan Britainia Handiko rockzaleengan. Rolling Stones eta Yardbirds gisako taldeek blues kanta klasikoen bertsio berriak egiten zituzten, erritmoa bizkortuz eta gitarra akustikoaren ordez elektrikoa erabiliz. Aldaketa paretsua burutu zuten rock lehen urteetan Elvis Presleyek eta.

Bizkortutako blues musika hori gitarra elektrikoak sortu zuen, eta soinu berri eta ozenaren bidez sustatzen zen. Blues-rockak bateria txikia eta xumea erabiltzen zuen bezala, bateria jole berriak indar gehiago eskatzen zuen instrumentu konplexuagoak jotzen hasi ziren. Izan ere, gitarra ozenagoaren gainetik jo behar izaten zuten. Abeslariek ere, arrazoi berengatik, teknika aldatu zuten, anplifikatzaileetan oinarrituz. Teknologiaren aurrerapenek ahalbidetzen zituzten holako aldaketak.

Heavy metaltzat jotzen den lehen musika Ingalaterrako Birmingham aldean sortu zen. 1960ko hamarkadaren bukaeran, Led Zeppelin eta Black Sabbathen eskutik. Jimi Hendrixek eta AEBetako psikodelia rockak oso eragin handia izan zuten aitzindari haiengan.

Aitzindariak izan ziren blues rocka bizkortzeko orduan. Honela, AEBetako musika beltza nahiz Europako musika zuria uztartu zuten. Beste eragin handia The Who edo The Kinks talde britainiarrak izan ziren, rock musikan perkusio oldarkorragoa sortu baitzuten.

1968ko bukaerako heavy-blues musika ohiko bilakatu zen. Hala ere, adituak ez datoz bat lehen heavy metal diskoa zein den esaterakoan: Jeff Beck Grouparen Truth edo The Yardbirdsen "Think about it" kanta dira aipatzen diren batzuk. Nolanahi ere, Led Zeppelinen izen bereko diskoaren plazaratzeak (1969an) genero berri baten jaiotza iragarri zion munduari.

Lehen heavy metal taldeak –Led Zeppelin, Deep Purple, Uriah Heep, UFO eta Black Sabbath besteak beste- hard rock labelpean ezagutzen dira gaur egun, batez ere egungo heavy metalaren zaleen artean. Hala ere, kasu gehienetan, hard rock edo heavy metal kategoriek esanahi paretsua dute.

Heavy metal klasikoa (1970etako bukaera eta 1980etako hasiera)

aldatu

Garai honetako heavy metalak eztabaida franko eragin du musika historialarien artean. Blue Öyster Cult bezalako taldeek arrakasta dezente lortu zuten, eta Los Angelesko glam metalak popzale anitz bereganatu zuen. Hala ere, historialari batzuek talde horien garrantzia gutxietsi dute, eragin klasikoak goraipatzearren. Beste batzuek, 1970eko hamarkadetako bukaerako eragin anitzeko bategite emankorra azpimarratzen dute. Judas Priest eta Iron Maiden dira bategite horren emaitza nabarmenena. Zale batzuek, tartean heavy metal talde batzuen puntako kideek, uste dute estiloaren behin betiko ezaugarriak Judas Priesten hiru aurreko albumek eraiki zituztelako: Sad Wings of Destiny (1976), Sin After Sin (1977) eta Stained Class (1978).

Eddie Van Halenek Jimi Hendrixen gisako gitarra birtuosismoa ekarri zuen metalera 1978ko “Eruption” kantan, generoko mugarria. Beste talde askok gitarra-soloak areagotu zituzten. Judas Priest eta Iron Maidenek gitarra leherketa hori heavy metal “klasikoa” bihurtu zuten, beti ere, Jimi Hendrix, Led Zeppelin, Deep Purple eta Black Sabbath “aitonen” harira.

Korronte nagusian (1980ko hamarkada)

aldatu

1980ko hamarkadako heavy metalaren azpigenero sonatuena, glam metala hain zuzen ere, Los Angelesen sortu zen. Glam metalaren lehen olatua Mötley Crüe, Ratt, WASP, Dokken eta Twisted Sister taldeek osatu zuten. Gitarra-soloak kanta gehienetan sartuta, Deep Purple, Black Sabbath edo Led Zeppelin eredutzat zituzten. Alice Cooper eta KISS taldeek zuzeneko emanaldietan zabaldutako ikuskizun txundigarriak baliatu zituzten Mötley Crüe eta W.A.S.P. moduko taldeek. Hala ere, glam metalaren emakumezko moduko irudiak (Poison edo Bon Jovi bezalakoak) banaketa eragin zuen zaleen artean

Glam metal 1992 arte izan zen korronte nagusia, harik eta Nirvana eta grunge mugimendua lehen azalera igaro zen arte.

Underground korrontea (1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadak)

aldatu
 
Megadeth 2005eko kontzertu batean.

Heavy metalaren azpigenero andana garatu ziren 1980ko hamarkadan. Hard rocken sustraietatik mugituta, hardcore-punk musikan oinarritutako generoa sortu zen: Thrash metal. Haren soinua glam metalarena baino oldarkorragoa, ozenagoa eta bizkorragoa zen.

Genero honen aitzindariak Anthrax, Megadeth, Metallica eta Slayer izan ziren; Testament, Exodus, Overkill eta Sepultura ere maila altuko thrash taldeak izan ziren. Metallica izan ezik (And Justice for All diskoa ederki saldu baitzen), salmenten eta hedebideen aldetik gainerakoak 1980ko hamarkadako musikaren korronte nagusitik at zeuden. Hurrengo hamarkadan thrash taldeen salmentek gora egin zuten, batez ere 4 aitzindarietakoek.

1980etako hasieran, death metal (Possessed eta Death taldeak buruan) eta black metal (Mercyful Fate, Bathory eta Mayhem taldeekin) sortu ziren, haren hizpide pagano eta satanikoekin.

Power metal 1980etako bukaeran zein 1990eko hamarkadan garatu zen, batez ere Europan. Death metal eta thrash metalaren norabide kontrakoa harturik, merkatuaren aurkako nortasunari eutsi zioten. Orokorrean, “garbi” abesten da power metalean, death metalaren zakartutako ahotsaren oposizioan. AEBetako Manowar Europan eta Hego Amerikan bilakatu zen ospetsu, haren lirika vikingo eta paganoarekin.

Progressive metal, Rush eta King Crinsom bezalako taldeen estilo progresibo nahiz heavy metalaren arteko nahasketa, entzutetsu bihurtu zen 1980ko hamarkadan Fates Warning, Queensryche eta Dream Theater taldeen eskutik. Glam metalaren garaian fama eta onarpen dezente gozatu zituzten.

Alternative metal/nu metal (1990ko eta 2000ko hamarkadak)

aldatu

Nirvana eta grunge beste talde batzuen sormenak metala musikaren korronte nagusiaren lehen postutik aldendu zuen.

Grungek, edo, azken finean, alternative rockak eragindako eten honi esker, 1980ko hamarkadan underground moduan ibili ziren talde frankok korronte nagusiaren arreta bereganatu zuten. Batez ere alternative rock eta heavy metala nahasten zituzten taldeek, alternative-metalaren estiloan. Eskaintza zabala zen oso: grunge musikan oinarritutako Alice in Chains, goth-metalak eragindako Jane’s Addiction, noise-rocka nahasten zuen White Zombie.... Red Hot Chili Peppers taldeak alternative rock, punk, funk, hip hop eta metala nahastu zituen.

Alternative-metalak arrakasta lortu ahala, generoko talde nagusiek –Fear Factory, Helmet, Marilyn Manson, Rage Against the Machine edo Tool, besteak beste- rock talde olatu berri baten gainean eragin zuzena izan zuten. Talde horiek ez ziren alternative-rock eta heavy metalaren nahasmenik, nahasmen horren hurrengo urratsa baizik, nu metal izenpean ezaguna. Korn, Limp Bizkit eta Slipknot dira nabarmenenak. MTVri zein 1996an Ozzy Osbournek sortutako Ozzfest metal jaialdiari esker, genero honek korronte nagusian arrakasta are handiagoa erdietsi du. Linkin Parkek, esaterako, 35 miloi disko saldu ditu.

Gizartearen gaineko eragina

aldatu

Herrialde askotan, heavy metalaren alde ozena eta gogorrak zaleen eta kritikoen arteko ika-mikak sortu ditu. Gizarte atzerakoietan batik bat, heavy metalak hedonismoa eta erlijioaren kontrako jarrerak sortzen dituela aldarrikatzen da. Jordanian, 2001ean Metallicaren lehenaldiko zein etorkizuneko album guztiak debekatu ziren.

Europako eta Ameriketako heavy metal zaleak 30 urte baino gutxiago dituzten mutil txuriak ohi dira, metalaren lirika fantastikoak, muturreko bolumenak eta erritmoak nahiz gizartearen kontrako portaerak erakartuta.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Black Sabbath, Iron Maiden, KISS, Mercyful Fate, Judas Priest, Led Zeppelin, Mötley Crue, Ozzy Osbourne edo WASP gisako taldeei satanismo leporatzen zieten kristau fundamentalistek. Garai horretan, legenda ospetsu batek zioen heavy metalaren albumek Deabrua gurtzeko mezu ezkutuak gordetzen zituztela.

Ez da hain ezaguna, halere, heavy metalaren musika-egitura konplexuen eragina abangoardiako musika klasikoko New Complexity musikaren gainean.

Barne estiloak

aldatu

Azpigeneroak

aldatu

Nahastutako generoak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu