Felix Mendelssohn
Felix Mendelssohn-Bartholdy (Hanburgo, Alemania 1809ko otsailaren 3a - Leipzig, Alemania, 1847ko azaroaren 4a) musikari eta konposatzaile erromantikoa izan zen. Moses Mendelssohn alemaniar filosofoaren biloba zen.
Bizitza
aldatuTxiki-txikitatik bere arreba Fanny Mendelssohnekin egin zituen musika ikasketak. Beti izan zen nabarmendua musika arloan, horregatik, bigarren Mozart bat bezala kontsideratua izan zen. Bere arreba ere, musikari eta konposatzailea izan zen. Judu familiakoa zenez, Jacob Salomon Bartholdy, Felixen osabaren iradokizunez, erlijio protestantean heziak izan ziren, garaiko juduen aurkako ezinikusia zela eta. Bera izan zen, gainera, Johann Sebastian Bachen musika, aspaldi ahaztua izan zena, berriz ezagutzera emango zuena. 15 urte zituenerako, 12 sinfonia, kordentzako bost kuarteto, bederatzi fuga, pianoarentzat hainbat pieza, bi opereta, opereta komiko 1 hiru zatitan, kantata bat, organoarentzat lau pieza, pianoa eta biolinarentzat sonata bat, trio bat piano eta kordentzat, opera bat eta kamera kontzertu bat idatzi zituen. Gainera, 14 urte zituela bere orkestra propioa zuen.
Weber eta Goethe
aldatuCarl Maria von Weber konposatzailearen Ehiztari Furtiboa opera miretsi zuen 1821ean. Eta asko poztu zen Felix, Weber, familiaren laguna bihurtu zenean. Weberrek zerikusi handia izango zuen Felixen musika estiloan. Felixen talentu literarioa ere, oso azkar agertu zen. Urte bereko azaroaren 6an, ordurako 72 urte zituen Johann Wolfgang von Goethe idazlea bisitatzera joan zen Zelter bere irakaslearekin batera, Weimarrera.
Europako ibilaldia
aldatuHogei urte zituela, Europa osotik ibilaldi musikal bat hasi zuen. Lehenik, Ingalaterrara joan zen, Londonera, eta hiriak inpresio handia eragin zion. Bertako orkestra filarmonikoa zuzendu zuen. Horren ondoren, Eskoziara joan zen. Eskoziako egonaldiak, bere hirugarren sinfonia eta Hebridak kontzertu obertura musikalanak inspiratu zizkion. Azkenik, Italiara joan zen, eta bertako paisaiek bere laugarren sinfonia inspiratu zioten. Italiako bisitaldi honetan, Hector Berlioz ezagutu zuen, Erroman bertan.
Düsseldorf eta Leipzig
aldatu1833an, Düsseldorfeko Jaialdian orkestra zuzentzeko gonbidapen bat jaso zuen. Lortutako arrakastaren ondorioz, ezagutza musikal guztien zuzendari postua eskaini zioten. Onartu egin zuen, baina handik denbora batera utzi zuen, kontu ilunak ikusten baitzituen. Hori uzteko arrazoietako bat izan zen Leipzigen zuzentzeko gonbidapena jaso zuela, eta hiri hartara abiatu zen 1835ean. Urte horretan bertan, aita hil zitzaion.
Maitasuna
aldatu1837an Cecile Jeanrenaudekin ezkondu zen. Felixek, 27 urte zituen, eta Cecilek 17. Aurretik, oso erraz haserretzen zen pertsona zen Felix, baina Cecilek asko samurtu zuen bere senarraren izaera.
Langintza geldiezina
aldatuDena ondo zihoakion Felixi, eta alde guztietatik lan mordoa heltzen zitzaion. Ez zen geldirik egoten. Berlineko Arte Akademiako musika saila zuzentzeko eskaintza onartu zion Gilen V.a erregeari. 1844an, bere denbora Leipzig eta Berlin artean banatu zuen, azken herri honetan sekula gustura egon ez zen arren. Beste lan batzuen artean, bere biolin kontzertu ospetsua idatzi zuen.
Jeinu baten higadura
aldatuLan guzti honek erabat haustuta utzi zuen. Horren ondorioz, buruko min jasangaitzak jasaten hasi zen 1845. urtean. Denbora baterako, bere lana utzi eta Berlinetik Frankfurtera erretiratu zen. 1846an, Ingalaterra azkeneko aldiz bisitatu zuen
Fannyren heriotza
aldatuBere arreba Fanny 1847an hil zitzaion, buruko enbolia baten ondorioz. Horrek berebiziko eragina izan zuen Felixen osasunean, urte berean, horren ondorioz, berak buruko odol isuri bat jasan zuelako. Denbora baterako sendatu zen, baina ordutik aurrera idatzi zituen musika lanek ez zioten lehengo estilo berari jarraituko. Azkenean, urte horretako azaroaren 4an hil zen, Leipzigen. Hil aurretik azken abesti bat konposatu zuen: «Nachtlied».
Musika lan nabarmenak
aldatu- Biolin kontzertua (1844)
- Hirugarren sinfonia (Eskoziarra) (1830-1842)
- Laugarren sinfonia (Italiarra) (1833)
- Uda gau bateko ametsa (1843)
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Felix Mendelssohn |