Ekialdeko Frontea Bigarren Mundu Gerran
Ekialdeko Frontea, Bigarren Mundu Gerran, Ekialdeko Europan, batik bat, Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren artean burututako borroka izan zen, 1941eko ekainaren 22an hasia eta 1945eko maiatzaren 8an amaitua. Historiako gerra esparru handiena da. Gainera, gerra latz horretan, fronte hau nabarmendu zen oldarkortasunean, suntsipenean eta heriotzaren kopuru handietan. Honen ondorioz, Hirugarren Reicha amaierara helduta, Alemania erdibiturik geratu zen eta Sobietar Batasuna munduko gerra eta industria superbotere bilakatu zen, ia Ekialdeko Europa okupatuta.
Gerraren garapena
aldatuAlemaniak eta Sobietar Batasunak 1939ko abuztuaren 23an, ustekabean, Molotov-Ribbentrop ituna sinatu zuten, elkarren kontra ez jotzeko. Halaber, Polonia bien artean banatzeko isilpeko klausulak bazituen itun horrek. Bi urte iraun zuen itaunak, Alemaniak Danimarka, Norvegia, Frantzia eta Balkanak konkistatzen zituen bitartean. Dena den, Hitlerrek hitzarmena apurtzeko gogoa beti izan zuen, komunismoa nazismoaren etsai nagusia izanda. Badirudi 1940ko udaberrian ekiteko asmoa zuela, sobietarrek berehala amore emango zutelakoan, alemaniarren erasoa bortitz nahikoa bazen.
Stalinek Hitlerren asmoak ezagutzen zituen, baina ez zuen espero Alemaniak bi fronteko gerran borroka egitea. Nahiz eta Poloniako ekialdeko mugan tropa andana paratu edo SESBren gainean isilpeko hegaldiak egin, inteligentzia zerbitzuen ohartarazpenei muzin egin zien. Are gehiago, inbasioaren egunean bertan Semion Timoxenko eta Georgi Zhukov jeneralek, Stalinek nahi zuen bezala, probokazioei erantzunik ez emateko agindu zieten tropei. Hori dela eta, ustekabean harrapatu zituen sobietarrak Bizargorri Operazioa izeneko inbasioak.
1941
aldatuEgun hori 1941eko ekainaren 22a izan zen, Napoleonek aukeratutako egun bera. Erasoa hiru frontetan zegoen antolaturik: lehenengoa iparraldera begira, Leningradera; bigarrena, Moskuko bidera; eta hirugarrena, Donets industria eskualdera eta Kaukasoko petrolio zelaietara. Hitlerren asmoa Armada Gorria Bielorrusia eta Ukrainako lautadetan ixtea eta azkar garaitzea zen. Gero, Sobietar Batasuneko europar aldea okupatu nahi zuen, Ozeano Artikotik Kaspio Itsaso arte. Horretarako, 140 dibisio prestatu zituzten alemaniarrek, guztira 3.200.000 soldadu, 625.000 zaldi, 7.100 kainoi, 3.300 gerra-gurdi eta 2.770 hegazkin. Hainbat aliatuk, Italiak, Hungariak, Errumaniak edo Bulgariak dibisioak ere erantsi zituzten. Armada Gorriak, beste aldetik, 134 dibisio zituen: 2.500.000 soldadu, 24.000 gerra-gurdi eta 8.000 hegazkin. Zalantzarik gabe historiak operazio militarrik handiena.
Estreinako asteetan alemaniarren aurrerapena bizkorra eta eraginkorra izan zen. Iparraldean, Baltikoko estatuak okupatuta, Leningradeko setioa irailaren 8an hasi zen (1944ko urtarrilera arte irautekoa zen). Erdialdean, Bielorrusia osoa azpiratuta, Smolensk uztailaren 16an hartu zuten. Hegoaldean, berriz, Ukrainan zeharkako martxa uste baino motelagoa izan zen. Hori zela eta, Hitlerrek erdialdeko fronteko tropei gelditzeko agindu zien, hegoaldekoei lagun ziezaieten. Jeneral alemaniar gehienak ez zatoz bat egitasmo horrekin, Mosku jomuga nagusitzat hartzen baitzuten. Azkenean, behin Kiev hartuta, irailaren 19an, Moskuraino jarraitzeko agindua eman zen. Nolanahi ere, ekialdeko frontean eguraldi txarra hasi zen, eta alemaniarren aurrerapena motelduta suertatu zen. Gainera, hirira hurbildu ahala, sobietarren erresistentzia gero eta gogorrago bilakatu zen. Naziak Kremlindik 30 kilometrora iritsi ziren, baina ez haratago. Abenduaren 5ean, Hitlerrek geldialdi orokorra agindu zuen, hurrengo udaberrian ekitzeko asmotan.
1942
aldatu1941-42ko neguan, Sobietar Batasunak Mosku inguruko lurralde pixka bat berreskuratu ahal izan zuen, baina ezin izan zuten gehiagorik alemaiarrak atzera eragin, Stalinek nahi zuen bezala. Eguberrian, frontea egonkortu zen, bi aurkariek udako erasoa prestatzen zuten bitartean.
Hitlerrek aurreko urteko helburua aldatu zuen, eta Kaukaso aldeko petrolio zelaiak hartzen ahalegindu zen. Honela, sobietarrak erregai horniketarik gabe utzi nahi zituen, eta bide batez, petrolioa lortzeko alemaniarrek zeuzkaten arazoak konpondu. Bere egitasmoa Itsaso Beltza eta Kaspio eta Kaukaso Mendilerroaren artean dagoen eskualdea hartzea zen. Bitartean, armadako beste zati bat Volgan gora joatekoa zen, Stalingraderaino, alemaniarren aurreratzea babestu ahal izateko.
Erasoa 1942ko ekainean hasi zen, eta abenduan amaitu zen Groznin, petrolio-zelaietatik hurbil, zeren, ironikoki, Alemaniako gerra-gurdiak erregairik gabe geratu baitziren. Gainera, alemaniarrek sortu zuten frontea luzeegia zen, sobietarren kontraerasoetatik babesik gabe. Honela, atzera egiteari ekin zioten, hasieran motel, baina bueltarik gabe.
Volgara abuztuaren 20an iritsi ziren alemaniarrak. Stalingraden aurkako erasoa segituan hasi zen. Stalinek hiria kosta ahala kosta defendatu behar zela agindu zuen. Horrela, hiru hilabetez, kalez kale borrokatu zen, sobietarren defentsek atzera egiten zuten bitartean. Hala ere, azaroaren 19an kontraerasoa jarri zuen Armada Gorriak, zeinek Alemaniako 6. Armada hirian inguratuta utzi zuen. Hitlerrek ez zuen ihes egitea baimendu, okupatutako lurraldea uzteak tropen nahigabea eragiten zuelakoan. Setioa apurtzeko kanpotik egin ziren ahaleginei eutsi zieten sobietarrek. Hilabete horietan, setiatutak airez hornitu zituzten, baina behar baino arma eta janari gutxiagoa jasotzen zuten, eta, urtearen bukaerako, kinka benetan larria zen Stalingradeko alemaniarrena.
1943
aldatuStalingradeko azken tropa alemaniarrak 1943ko otsailaren 2an errenditu ziren. Alemaniak 6. armada osatzen zuten 300.000 soldatutik 96.000 besterik ez ziren Stalingradetik bizirik atera. Hauxe izan zen Bigarren Mundu Gerrako norabidea aldatu zuen une garrantzitsuenetako bat.
Sobietar Batasunak 1943ko hasieran erasoari ekin zion berriz, Don ibaitik hurbil. Hasieran aurrera egitea lortu zuen Armada Gorriak, harik eta alemaniarrak sobietarren armada hedatuegiaz eta egoera ahulaz baliatu ziren arte. Kontraerasoan, alemaniarrek Kharkov hiria eta aldameneko eremua berreskuratu zituzten. Nazien azken garaipen inportantea izan zen.
Udaberrian euriteek borroketan hastea galarazi zuten, baina bi aldeak denboraz probestu ziren udan etortzekoa zen bataila prestatzeko. Erasoaren data behin eta berriro atzeratu ostean eta gerra osoko indar handiena bildu ondoren, uztailaren 4an ekin zioten alemaniarrek erasoari Kursken. Asmo horiek ezagutua, sobietarrek lubaki-sare erraldoia industu zuten defentsarako. Kurskeko bataila gerrako tanke-borroka handiena bilakatu zen. Errefortzurik gabe, alemaniarrek sobietarren kontraerasoari ezin izan zioten eutsi.
Porrot honen ostean, Ekialdeko Frontean eta gerra bukatu arte alemaniarrek atzera egiten zuten sobietarrek aurrera egin ahala. Izan ere, Alemaniak ezin izan zuen Kursken jasandako galerei aurre egin. Abuzturako Hitlerrek Dnieperrera itzultzeko agindu zuen. Baina urrian Dniper ere ezin izan zuten defendatu. Azaroran Kiev berreskuratu zuten sobietarrek.
1944
aldatuSobietarrek fronteko hegoaldean oso azkar egin zuten aurrera 1943ko irailetik 1944ko maiatza arte, Ukraina osoa berreskuratu baitzuten, Errumania eta Poloniako mugetaraino. Fronteko iparraldean, Leningradeko setioa hautsita, Estonia eta Letonia aldera abiatu ziren. 1941ean Finlandiak hartutako lurraldea ere berreskuratu zuen SESBk. Ondorioz, Finlandia irailaren 4an errenditu zen. Fronteko erdialdean, Bagration Operazioan Alemaniako armada suntsiturik suertatu zen. Sobietar Batasunak 600 km egin zuen aurrera, Bielorrusia zeharkatuta, Lituania, Polonia eta Hungariaraino.
Fronteko hegoaldean, Errumaniako armada garaituta, Karlos II. erregeak bakea eskatu zien sobietarrei. Horrean aurrean, naziak erregea hiltzen saiatu ziren. Ekintza horrek Errumania aliatuen aldera eraman zuen, Alemaniari gerra deklaratuta. Aste baten buruan, Bulgaria ere aliatuen aldera igaro zen. Sobietarrek Jugoslaviarantz jo zuten, Belgradera urriaren 15ean iritsirik. Greziak alemaniarren menpe jarraitzen zuen arren, isolaturik ez geratzeko, naziek utzi behar izan zuten.
Polonian, alemaniarren agintearen kontrako matxinada sortu zen abuztuaren 1ean, Varsovian hain zuzen ere. Poloniarrek matxinadak egun batzuk irautea espero zuten, Armada Gorria hirira iritsi arte. Baina Stalinen asmoa bestelakoa zen, zeren, naziak kanporatuta, Poloniak gobernu komunista izan zezan nahi zuen, eta matxinatuak Poloniako herbesteko gobernuaren aginduetara jarri ziren. Bitartean, alemaniarrek tropa berriak igorri zituzten hiriaren gaineko kontrola berreskuratzeko. Honela, urriaren 2an, azken matxinoak errenditu ziren.
1945
aldatuVistula ibaian trabaturik geratu ondoren, 1945eko urtarrilaren 12an Poloniaren kanpainari ekin zion berriro SESBk. Ordu gutxiren buruan, Alemaniako defentsa behera etorri zen, eta, beren harridurarako, aurrera egin zuten sobietarrek. Ekialdeko Prusia okupatuta, bertako alemaniar jatorriko milioika biztanlek ihes egin zuten, errusiarren errepresioaren beldurrez. Urtarrilaren 19an gerraren aurretiko Alemaniako muga zeharkatu zuten. Oder ibaian, Berlindik 70 kilometrora gelditu ziren indarrak biltzearren.
Fronteko gainerako zonaldeetan ere ziztu bizian egiten zuten aurrera sobietarrek. Budapest otsailaren 13an hartu zen, setio luze baten ostean. Austrian martxoaren 30ean sartu ziren, eta Viena apirilaren 13an bereganatu.
Apirilaren 16an Berlinen kontrako azken erasoa hasi zen iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik, hiria inguratzeko asmotan (ikusi, Berlineko bataila). Defentsa alemaniarra zibilek osatu zuten, eta horietako asko nerabeak ziren. Auzoz auzo eta kalez kale, pixkanaka-pixkanaka hiriburua menderatuz joan ziren. Hitlerrek ihes egiteari uko egin zion, eta, apirilaren 30ean, sobietarrak kale batzuk haratago zeudela, bere buruaz beste egin zuen. Berlin maiatzaren 2an erori zen.
Karl Dönitz almiranteak, Hitlerren ondorengoak, maiatzaren 7an baimendu zuen Jodl jenerala Alemaniaren baldintzarik gabeko errendizioa onar zezan. Honela, Europako frontean amaitu zen gerra.