Edaria animaliek eta, batez ere, gizakiek, kontsumitzen duten edozein likido edo isurkaria da. Gehien kontsumitzen den edaria ura da.

Ura limoiarekin.

Gizakiari dagokionez, egarria asetzea da bere funtzio nagusia dena, baina horrez gain, toki garrantzitsua hartzen du jokabide kulturaletan. Edari mota arruntenak ura, esnea, zukuak, kafea, tea eta freskagarriak dira. Horrez gain, alkohola duten edariak ere, esaterako ardoa, garagardoa eta edari biziak, giza kulturaren parte izan dira milaka urtez.

Biologia

aldatu

Gorputzak deshidratazioa pairatzen duenean, egarri sentsazioa sortzen da. Egarriaren erregulazioa hipotalamoan gertatzen da, gorputzaren elektrolito mailan gertatzen diren aldaketa txikien arabera, bai eta gorputzean barrena zirkulatzen ari den odolaren bolumenean gertatzen diren aldaketen arabera ere. Gorputza edariz hornitzeari uzten bazaio, heriotza eragin dezake, beste edozein substantzia kentzen bazaio baino azkarrago.[1] Ura eta esnea izan dira oinarrizko edariak historian zehar.[1] Ura bizitzarako funtsezkoa denez, gaixotasun askoren eramailea ere izan da.[2]

Gizakia teknologia berriak asmatzen eta eskuratzen joan zen neurrian, edariak sortzeko modu berriak agertu ziren. Ardoaren ekoizpena erakusten duten froga arkeologiko goiztiarrenak Georgian (K.a. 6000 urtea)[3][4] eta Iranen (K.a. 5000 urtea)[5] aurkitu dira. Europako Neolitoan K.a. 3000 urtean seguru asko jadanik ezaguna zen garagardoa[6]. Garagardoaren eta ogiaren asmakuntza teknologia sortzeko eta zibilizazioa eraikitzeko funtsezko osagai gisa hartu izan da.[7][8] Tea, berriz, seguru asko Yunnan eskualdean sortu zen, Txinan, Shang dinastian (K.a. 1500 - K.a. 1046), sendagai gisa.[9]

Ekoizpena

aldatu

Hainbat prozedura erabil daiteke edari bat ekoizteko. Itxura batean inolako prestakuntza behar ez luketen edariek ere, esaterako urak, aurretik tratatzea komeni dira, gaixotasunak eta intoxikazioak saihesteko.

Uraren arazketa

aldatu

Ura edari guztien osagai nagusia da. Ura arazteko metodo anitz dago, besteak beste iragazketa edo konposatu kimikoen gehikuntza, adibidez klorazioan. Ur araztuak garrantzi berezia du Munduko Osasun Erakundearen arabera: beherakoaren ondorioz munduan gertatutako heriotzen % 94a (infekzioen hirugarren kausa da eta urtero 1,8 milioi pertsonak jasaten dute) saihestu egin liteke ingurumena eta, batez ere, uraren segurtasuna, hobetuta.[10]

Pasteurizazioa

aldatu

Pasteurizazioa n, likido bat denbora tarte batez eta tenperatura jakin batean berotzen da, eta ondoren, berehala hozten da. Horri esker, likidoan mikroorganismoen hazkundea moteltzen da eta edari hondatzeko igaro behar den denbora luzatzen da. Batez ere esnearen iraupena luzatzeko erabiltzen da, baina baita zukuen segurtasuna handitzeko ere. Esnearen kasuan, oso arrunta da bakterio patogenoek hura erasatea, eta gaixotasunen sortzaile nagusietako bat da munduan.[11]

Zukutzea

aldatu
 
Erdi Aroan garatutako dolarea mende luzez erabili da fruituei zukua erauzteko.

Zukua fruituetatik eta barazkietatik erauzteko prozesua da. Fruituak eskuz estututa, zuku kantitate handiak atera daitezke zenbait kasutan, esaterako laranjetan eta mahatsean. Dolarea eta beste makina batzuk erabilita, presio handiagoa egiten da eta erauzitako zuku kantitatea handiagoa da. Ardoa ekoizteko lehen urratsa mahatsa zukutzea da.

Infusioa

aldatu

Infusioan, zaporeak eta beste elementu kimiko batzuk landareak uretan -hotzean edo beroan- edukita lortzen dira. Prozesu hori erabiltzen da tea egiteko, eta kafea prestatzeko ere erabiltzen da zenbaitetan.

Perkolazioa

aldatu

Perkolazioan, jariakin bat material porotsu eta iragazkor batetik iragaten da, jariakinaren osagai disolbagarriak likidoan gera daitezen. Kafea egiteko prozesuan, adibidez, disolbatzailea ura da, substantzia iragazkorra kafe zatiak dira, eta osagai disolbagarriak kafeari bere kolorea, zaporea, usaina eta propietate estimulatzaileak ematen dizkiotenak dira.

Karbonazioa

aldatu

Karbonazioa erabilita, likidoetan karbono dioxidoa disolbatzen da. Freskagarriak egiteko erabiltzen da.

Hartzidura

aldatu

Hartziduran, legamiak erabiltzen dira likidoetako azukrea etanol bihurtzeko eta, horrela, edari alkoholdunak ekoizteko. Ardogintzan, adibidez, mahatsa legamiarekin nahasten da ingurune hipoxikoan, hartzidura gerta dadin. Ardoaren alkohol maila, azukre kantitatearen eta hartzidurari emandako denboraren araberakoa izango da.

Destilazioa

aldatu
 
Whiskia egiteko destilagailu zahar bat.

Destilazioaren bidez, lurrunkortasun puntu desberdina duten likido nahasteak bereizten dira, nahastea egosten jarrita. Ura arazteko erabiltzen da, baina baita edari biziak ekoizteko ere.

Nahastea

aldatu

Edariak nahastu egin daitezke konbinazio berriak sortzeko. Edari alkoholdun bat tartean dagoenean, koktel deitzen zaie nahaste horiei. Jatorriz, koktelak edari bizien, azukrearen, uraren eta biterren nahasteak ziren.

Alkoholik gabeko edariak

aldatu

Alkoholik gabeko edariak etanolik ez duten edo oso gutxi duten edariak dira. Usu, kategoria horretan sartzen dira alkoholik gabeko garagardoa (zenbaitetan alkohol pixka bat izan arren), alkoholik gabeko ardoa eta sagardoa, alkohol bolumena % 5ekoa baino txikiagoa bada. Alkoholik gabeko edariak dira ura, freskagarriak, tea, limoi ura, zukuak, esnea, txokolate egina, kafea, irabiakiak eta edari energetikoak.

Sakontzeko, irakurri: «Ur»

Munduan gehien kontsumitutako edaria ura da. Hala ere, Lurreko uraren % 97a ezin da edan bere horretan, ur gazia baita.[12] Ur geza ibaietan, lakuetan, barnealdeko hezeguneetan, akuiferoetan eta glaziarretan dago. Lurreko ur gezaren % 1 baino gutxiago atzi daiteke modu eraginkorrean, bai lurrazaleko baliabideetatik bai lurpekoetatik.[13]

Mendebaldeko kulturetan, ura gehienetan hotz edaten da. Txinan, gehienetan bero edaten da.[14]

Sakontzeko, irakurri: «Esne»

Esnea haurren nutrizio iturri nagusia da. Munduko hainbat kulturatan, eta bereziki mendebaldean, gizakiek esnea kontsumitzen jarraitzen dute helduaroan ere, beste animalia batzuen esnea erabilita (batez ere behiena, ardiena eta ahuntzena).

Landareetatik eratorritako edariak ere arruntak dira zenbait kulturatan. Nahiz eta berez esnea ez izan, "esne" izena ematen diete merkaturatze estrategia gisa. Multzo horretan daude soja edaria, arbendol edaria, arroz edaria eta koko edaria.

Sakontzeko, irakurri: «Te»
 
Oolong tea.

Tea munduan gehien edaten den bigarren edaria da, eta Camellia sinensis zuhaixkaren hosto lehorrekin eta ur beroarekin infusioa eginda prestatzen da.[15] Horrez gain, beste zenbait prozesu ere jasan ditzake kontsumitua izan aurretik: limoia, esnea edo azukrea dira tearekin erabiltzen diren gehigarri arruntenak. Beste ongailu batzuk gurina eta gatza dira (Bhutan, Nepal eta Tibeten); burbuiladun tea Taiwanen; jengibrea Indonesia, Malaysia eta Singapurren; menda Iparraldeko Afrikan eta Senegalen; kardamomoa Erdialdeko Asian.

Eskualde bakoitzean tea zerbitzatzeko modua ere berezia da. Txinan eta Japonian kikara txikiak erabiltzen dira; Estatu Batuetan sarritan hotz eta gozogarri askorekin eskaintzen da (te izoztua); Indian esnearekin egosten da...

Munduan zehar, belarrez egindako beste zenbait infusiori ere te deitzen zaie.[16] Hostoak, loreak, sustraiak edo azala erabil daiteke belar infusioak egiteko, eta gai freskoa, lehortua edo hauts formatuan erabil daiteke.[17]

 
Kikara bat kafe.
Sakontzeko, irakurri: «Kafe»

Kafea Coffea generoko zenbait zuhaixka espezieren hazi xigortuak erabilita prestatzen da. Gehien erabilitako espezieak Coffea arabica (estimatuena) eta Coffea canephora gogorragoaren "robusta" aldaera dira. Kafe landareak 70 herrialde baino gehiagotan ekoizten dira. Kafe haziak, bildu ondoren, xigortu egiten dira, nahi den zaporearen arabera xigortze maila desberdinean. Ondoren, ehotu eta prestatu egiten da, kafe edaria sortzeko.

Kafea pixka bat azidoa da (pH 5,0–5,1) eta estimulatzailea da, kafeina baitu. Kafeak gizakiengan duen eragina hainbat ikerketatan aztertu da, baina emaitzak aldakorrak izan dira haren onurei eta kalteei dagokienez.

Kafea Arabian laboratu zen lehen aldiz,[18] eta kafearen kontsumoaren lehen ebidentzia XV. mendekoa da, Yemenekoa.[18]

Edari karbonikoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Freskagarri»

Edari karbonikoek karbono dioxidoa dute disolbatuta. Gasa modu naturalean ager daiteke, hartziduraren bidez eta ur karboniko naturalen iturburuetan, edo modu artifizialean sar dakioke edariari, presioaren bidez. Lehen edari karboniko artifiziala 1770eko hamarkadan agertu zela uste da, Thomas Henry izenekoak ekoiztuta.[19] Zaporea emateko, kola, limoia, laranja jengibrea eta beste hainbat substantzia erabiltzen dira; ondoren, azukrea eta kontserbatzaileak gehitzen zaizkio freskagarriari.

Zukuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zuku»
 
Laranja zukua.

Fruitu zukuak gehigarririk ez duten edo oso gutxi duten produktu naturalak dira. Zuku zitrikoak (laranjazkoak batez ere) oso arruntak dira gosarietan eta askarietan, eta beste zuku batzuk ere asko kontsumitzen dira: mahatsezkoak, pinazkoak, sagarrezkoak...

Fruituak oso iragankorrak direnez, haien zukua erauzi eta biltegiratzeak balio erantsia izan du historian zehar. Zenbait fruitu oso azidoak dira, eta batzuetan urarekin eta azukrearekin edo eztiarekin nahastu izan dira gozoagoak izan daitezen.

Landareetatik abiatuta egindako zukuak hotz edo bero (zopa modura) zerbitza daitezke. Landare askok eskaintzen dute zukua egiteko aukera: azenarioa, tomatea, luzokerra, apioa, etab. Landare zukuak, sarritan, fruitu zukuekin nahasten dira, zapore hobea lortzeko.

Edari alkoholdunak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Edari alkoholdun»

Edari bat alkoholikoa dela irizten zaio etanola neurri esanguratsuan duenean. Hainbat kulturetan, tradizio kultural errotua da edari alkoholdunak tabernatan hartzea, gizarte elkarrekintzarako.

Garagardoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Garagardo»

Garagardoa sortzeko prozesuan, almidoiaren sakarifikazioa eta horren ondorioz sortutako azukrearen hartzidura gertatzen da. Prozesurako behar diren entzimak sarritan zereal maltatua da, gehienetan zekalea. Garagardo gehienek lupulua daukate zaporea emateko eta kontserbatzaile natural gisa jokatzeko. Zaporea emateko beste belar edo fruitu batzuk ere izan ditzake.

Garagardoa munduan gehien edaten den edari alkoholduna da.[20] Historian zehar, emakumeak izan dira garagardo egile nagusiak, eta etxean kontsumitzeko egin izan da.[21]

Sagardoa

aldatu
 
Sagardoa zerbitzatzen sagardotegi batean.
Sakontzeko, irakurri: «Sagardo»

Sagardoa sagar zukutik abiatuta sortzen den edari alkoholduna da. Badaude beste fruitu batzuk erabilita (madaria, mertxika, etab.) egiten diren antzeko edariak. Edozein sagar mota erabil daiteke sagardoa egiteko, baina zenbait sagar aldaera bereziki sagardorako landatzen dira.

Munduan sagardo gehien kontsumitzen eta ekoizten duen herrialdea Erresuma Batua da[22]. Euskal Herrian ere tradizio handia dauka sagardoaren kontsumoak.

Sakontzeko, irakurri: «Ardo»

Ardoa mahatsaren hartziduraren bitartez ekoiztutako edari alkoholduna da. Mahatsen konposizio kimiko naturalari esker, ez da beharrezkoa izaten azukrerik, azidorik, entzimarik, urik edo beste ezein produkturik gehitzea hartzidura gerta dadin.[23] Legamiek mahats zukuaren azukreak kontsumitzen dituzte eta alkohola eta karbono dioxidoa sortzen dute. Fruituaren ezaugarrien arabera, elkarrekintza konplexuak gertatzen dira fruituaren eta legamien artean, mota askotako zaporeak eta usainak sortzen dira, eta horri esker, askotariko ardo aldaerak ekoizten dira.

Edari biziak

aldatu

Edari biziak edari destilatuak dira, gehitutako azukrerik ez dutenak eta gutxienez % 20 alkohol dutenak. Multzo horretako edaririk ezagunenak brandya, gina, rona, tekila, vodka eta whiskia dira.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Ingelesez) Cheney, Ralph. (1947ko ekaina). «The Biology and Economics of the Beverage Industry» Economic Botany 1 (3): 243–275.  doi:10.1007/bf02858570..
  2. (Ingelesez) Burnett, John. (2012). Liquid Pleasures: A Social History of Drinks in Modern Britain. , 1–20 or. ISBN 978-1-134-78879-8..
  3. (Ingelesez) Keys, David. (2003-12-28). «Now that's what you call a real vintage: professor unearths 8,000-year-old wine» The Independent (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  4. (Ingelesez) Spilling, Michael; Wong, Winnie. (2008). Cultures of The World Georgia. , 128 or. ISBN 978-0-7614-3033-9..
  5. (Ingelesez) Ellsworth, Amy. «7,000 Year-old Wine Jar» The Penn Museum.
  6. «Prehistoric brewing: the true story» Archaeo News 2001-10-22 (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  7. (Ingelesez) Mirsky, Steve. (2007ko maiatza). «Ale's Well with the World» Scientific American 296 (5): 102.  doi:10.1038/scientificamerican0507-102. Bibcode2007SciAm.296e.102M. (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  8. (Ingelesez) Dornbusch, Horst. (2006ko abuztua). Beer: The Midwife of Civilization. (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  9. (Ingelesez) Mary Lou Heiss; Robert J. Heiss. (2007). The Story of Tea: A Cultural History and Drinking Guide. .
  10. (Ingelesez) (PDF) Combating Waterborne Diseases at the Household Level. , 11 or. ISBN 978-92-4-159522-3. (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  11. (Ingelesez) Wilson, G. S.. (1943). «The Pasteurization of Milk» British Medical Journal 1 (4286): 261.  doi:10.1136/bmj.1.4286.261. PMID 20784713..
  12. Earth's water distribution. (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  13. Van Ginkel, J. A.. (2002). Human Development and the Environment: Challenges for the United Nations in the New Millennium. , 198–199 or. ISBN 9280810693..[Betiko hautsitako esteka]
  14. Liu, Nicole. (2016-03-12). «China's go-to beverage? Hot water. Really.» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  15. (Ingelesez) Martin, Laura C.. (2007)., 7–8 or. ISBN 0-8048-3724-4..
  16. (Ingelesez) Mars, Brigitte. (2009). Healing Herbal Teas: A Complete Guide to Making Delicious, Healthful Beverages. , vi or. ISBN 1-4429-6955-5..
  17. Safi, Tammy. (2001). Healthy Teas: Green, Black, Herbal, Fruit. (Illustrated. argitaraldia), 16 or. ISBN 0-7946-5004-X..
  18. a b (Ingelesez) Weinberg, Bennett Alan; Bealer, Bonnie K.. (2001). The World of Caffeine: The Science and Culture of the World's Most Popular Drug. , 3–4 or. ISBN 0-415-92722-6. (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  19. (Ingelesez) Steen, Dr. David; Ashhurst, Philip.. (2008). Carbonated Soft Drinks: Formulation and Manufacture. , 1–2 or. ISBN 1-4051-7170-7..
  20. «European Beer Statistics» www.europeanbeerguide.net (Noiz kontsultatua: 2018-03-31).
  21. Shoemaker, Camille. (2017ko maiatza). Women & the Beverage that Changed the World.. .
  22. National Association of Cider Makers. (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  23. Johnson, H.. (1989). Vintage: The Story of Wine. , 11–6 or. ISBN 0-671-79182-6..

Kanpo estekak

aldatu