Campi Flegrei
Campi Flegrei Napoli hiritik mendebaldera eta Pozzuoliko golkoan dagoen eremu handi bat da, antzinatik ezaguna bere aktibitate bolkaniko handiagatik; izan ere, izena grezieratik datorkio (Φλέγραιος, phlegraios, "sutan nago" esan nahi duena).
Campi Flegrei | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 458 m |
Mota | mendi eta Sumendi-galdara |
Diametroa | 13 km |
Geografia | |
Koordenatuak | 40°49′37″N 14°08′20″E / 40.827°N 14.139°E |
Mendikatea | Apeninoak |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Campania |
Italiako hiri metropolitarra | Metropolitan City of Naples |
Geologiari dagokionez, eremu guztia supersumendi lokartu bateko galdara da, 12-15 km-ko diametrokoa. Perimetro horren barruan, hainbat krater eta esparru bolkaniko daude (gutxienez hogeita lau), haietako batzuk gas-irteera handiekin (Pozzuoliko Solfatara edo sufretegia) edo agerpen hidrotermalekin (Agnano, Pozzuoli, Lucrinoko aintzira); aipagarria da, orobat, bradisismo delako fenomenoa ere, lur-mailaren gorakada edo beherakada, alegia, inguru horretako itsasertzaren marra asko aldatu duena denboran zehar.
Eremu guztian, jatorri bolkanikoa duten deposituak ikus daitezke, hala nola Campaniako toba grisa edo toba horia. Era berean, jatorri bolkanikoko zenbait aintzira ere badaude (Avernoko aintzira) eta lur-barrak agertu izanaren ondorioz sortutako itsasertz-aintzirak (Lucrino aintzira, Fusaro aintzira eta Miseno aintzira).
2003. urtean, Campi Flegreiko parke erregionala eratu zuen Campaniako gobernu erregionalak. Arrisku bolkaniko handiko eremua izanik, Vesuvioko Behatokiaren zaintzapean dago uneoro[1].
Ikuspuntu biologiko eta naturaletik, balio handikoak dira Miseno lurmuturra, Baiako urpeko parkea, Monte Nuovo mendia eta Cratere degli Astroni deritzona. Campi Flegrei eremua zenbait udalerriren artean banatuta dago: Bacoli, Monte di Procida, Pozzuoli, Quarto, Giugliano in Campania eta Napoli. Lehen hirurak ia osorik sarturik daude Campi Flegrei eremuan, ia Quarto, berriz, zati handi batean; Napoli hiriari dagokionez, mendebaldeko zati bat sarturik dago eremu honetan, Bagnoli, Fuorigrotta, Pianura, Posillipo, Soccavo auzoak eta Agnano Terme (Bagnoli auzoko zati bat) eta Pisani (Pianura auzoko zatia).
Orobat, Campi Flegrein sarturik daude (nahiz jatorrizko kraterretik kanpo kokatuta egon) baita Ischia, Procida eta Vivara uharteak. Berauek historia eta kronologia desberdina dute. Bestetik, hainbat krater aurkitu dira Pozzuoliko golkoan, urpean.
Arestiko historia
aldatu1970 eta 1972 bitartean, bradisismoak 170 cm goratu zuen Pozzuoliko kaiko zorua; 1984ko bukaeran, beheranzko fase bat hasi zen 2005era arte, eta geroztik goranzko mugimendua hasi da berriro. Aipagarria da 1982-84 bitartean 10.000 lurrikara baino gehiago gertatu zirela, haietako batzuk jendeak nabarmentzeko modukoak.
2009an argitaratutako artikulu batek esan zuen galdararen goranzko mugimendua hamarkada baten buruan gertatuko zen erupzio baten iragarpena izan zitekeela.[2]
2012an, Deep Drilling Project (CFDDP) delakoa jarri zen abian Campi Flegrei aldean, ICDP (International Continental Scientific Drilling Program) izendapenarekin Europan egiten ari den zulaketa kontinentalen nazioarteko programa zientifikoaren barruan; egitasmo honen bidez, 3.5 km-ko putzu bat egin nahi da Bagnoli aldean, Posillipoko muinotik hurbil, beheko kamera magmatikoa monitorizatzeko eta lur-azalaren bertako estratigrafia ikertzeko.[3]. 2016an egindako lehen zulaketak dituen 501 metroekin, 47.000 urtetan metatutako estratigrafia birreraiki ahal izan da, bai eta denbora-tarte horretan erupzio-aktibitateak izandako bilakaera ezagutu ere. [3]. Adibidez, hari esker jakin ahal izan da galdararen ekialdeko muga Posillipo alderaino iristen dela, horrela baztertu ahal izan delarik Napoli hiriko erdialdera iristen delako hipotesia, lehenago uste zen bezala[3].
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Italieraz) Giudicepietro, Flora. Campi Flegrei - stato attuale. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- ↑ (Ingelesez) Isaia, Roberto; Marianelli, Paola; Sbrana, Alessandro. (2009-11-01). «Caldera unrest prior to intense volcanism in Campi Flegrei (Italy) at 4.0 ka B.P.: Implications for caldera dynamics and future eruptive scenarios» Geophysical Research Letters 36 (21): L21303. doi: . ISSN 1944-8007. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- ↑ a b c Mattoni, Silvia. Campi Flegrei Deep Drilling Project (CFDDP): primi risultati dal pozzo di Bagnoli. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).