Segi Euskal Herriko gazte erakunde independentista eta iraultzailea izan zen. Jarrai eta Gazteriak erakundeen elkartzeak sortu zuen Haika erakundearen oinordekoa zen eta 2003tik Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan legez kanpo dago, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, ETAren helburu berak zituela eta ETArekin zerikusia zuela egotzita.[erreferentzia behar] 2007ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Gorenak talde terroristatzat hartu zuen,[erreferentzia behar] eta Segiko hainbat kide kartzelan daude gaur egun. 2009ko azaroaren 24an 34 gazte atxilotu eta inkomunikatu zituzten, legez kanpoko Segirekin zerikusia zutelakoan.[erreferentzia behar]

Ekitaldia Gazte Martxaren bukaeran. Atzealdean Jarrai, Haika eta Segiren ikurrak ikus daitezke.

Segiren helburu nagusiak bi ziren: independentzia eta sozialismoa. 2012 urtean desegin zen erakundea.[1]

Segiren autodefinizioa

 
Segiren pankarta, Ibaetako campusean (2010).

Gazte eragilea

Segik bere burua gazte erakunde bat bezala definitzen zuen gazteez osatua egoteaz gain, euskal gazteriaren arazoak lantzen zituelako[erreferentzia behar]. Gazteria jendarte sektore berezitua den bezala, arazo propio eta espezifikoak ditu, eta Segi "arazo horiek borrokatu eta alternatibak eraikitzeko bitartekoa gisa" irudikatzen zuten. Segiren jarduera ez zen bakarrik, horrela, "gazte erakundearen proiektu politikoarekin bat egiten duten gazteetara mugatzen, euskal gazteri osoari zuzenduta dago". Segik "Euskal Herriko gazte guztien mesedera egin nahi du lan". Gazteen arazoak jendartearen arazo bilakatu, gazteek Euskal Herriaren askapen prozesuan kolektibo berezitu gisa dituzten kezka eta arazoen abiapuntutik, jendartean dauden gazteengana helduz.

Euskal Herriko erakundea

Mugen gainetik, Euskal Herri osoan zehar eta errealitate guztietan lan egin zuen: auzoetan, herrietan, hiriburuetan eta eskualdeetan lan egiten zuen Segik. Errealitate ezberdinak kontuan hartuz, bere iharduera garatzen.

Erakunde independentista

Segi erakunde independentista zen, eta honela justifikatzen zuen:

« Euskal Herriaren biziraupenerako aukera bakarra, herri honek askatasuna, hau da, independentzia eskuratzea izango da. Segi, erakunde abertzale eta independentista da eta bere jarduera, praktika independentista batean oinarritzen da. »


Erakunde iraultzailea

Segi ere erakunde iraultzailea zen eta hau ere honela adierazten zuten:

« Segik jendarte eredu berri baten aldeko apustua egiten du. Sistema kapitalistaren hatzaparretatik kanpo egongo den gizarte baten eraikuntzan lan egiten du Segik. Ama lurraren defentsa, elkartasuna, sexu askatasuna, parekidetasuna eta ondasunen banaketa lantzen dugu egunez egun. Gure herriaren independentzia borrokatzen dugun bezala, herritarren independentzia pertsonala ere borrokatzen dugu. Ez dago herritar askerik gabeko herri askerik.Segik herrien arteko harremana eta elkartasuna bultzatu nahi du. Nazio eta jendarte askapen borrokan dauden herriekin bat egiten du gazte erakundeak. Munduko iraultzei Euskal Herriak egin diezaiekeen ekarpenik handiena Independentzia eta Sozialismoa lortzea da. »


Erakunde euskalduna eta euskaltzalea

Euskara Euskal Herriaren hizkuntza izanik, Euskal Herri osoko gazteria elkar komunikatzeko tresna bakarra eta baliotsua dela uste zuten. Euskara, gainera, hizkuntza batetik haruntzago nortasuna, izaera, kultura eta balore multzoa da. Segik, euskal gazteria eta Euskal Herria euskalduntzeko konpromisoa zuen, eta gazte erakundearen kanpo zein barne jarduera euskaraz burutu ohi zuen.

Erakunde feminista

Segik feministatzat zuen bere burua, eta bereziki "emakume gazteek pairatzen dituzten zapalkuntzei aurre egitekoo" asmoa erakutsi zuen. "Parekidetasunean oinarritzen den jendarte bat" eraiki nahi zuela adierazi ohi zuen.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Segi  


Euskal Herriko gazte erakunde politikoak
Aitzina!ErnaiEuzko GaztediGazte AbertzaleakGazteok BaiGazte KomunistakIratzarriJeunes Populaires
Jóvenes Demócratas de NavarraJSE-EgazJuventudes NavarrasMouvement des Jeunes Communistes
Mouvement des Jeunes SocialistesNafarroako Gazte SozialistakNuevas Generaciones del País Vasco
  1. «Txomin Catalogne eta Amaia Elixiri, Segiko kideak: "Segi, tresna gisa, amaitu da, baina guk lanean jarraituko dugu"» Berria 2012-06-15 (Noiz kontsultatua: 2015-12-18).