- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2024-25
- Sporting Clube Portugal - Athletic Club
Sporting Clube Portugal - Athletic Club
- 10' Gonçalves
- 80' Edwards
- 83' Trincão
KokapenaJosé Alvalade , Lisboa
Gehiegizko porrota Jose Alvalade zelaian
Athleticek Sporting CP-ren kontraerasoak defendatzeko arazoak izan dituen arren, beste era bateko emaitza lortzeko abagune argiak izan ditu
Sporting CP-k 3-0 irabazi dio Athletic Clubi Jose Alvalade zelaian jokatu den 'Trofeo V Violines' Txapelketan. Markagailuak adierazten duen aldeak ez du talde bilbotarrak soropilean erakutsitakoarekin bat egiten, baina lehoiei erasoko sendotasuna falta izan zaie eta asko sufritu dute lisboarren kontraerasoekin.
Aurreikusi bezala, Sporting oso aurkari indartsua izan da Athletic egun murgilduta dagoen denboraldiaurreko unerako. Portugalgo Ligako txapeldunak zuri-gorrien zelai erdian egindako lehen akatsa Pedro Gonçalvesen bidez ondo ordainarazi du. Bigarrena ere gertu izan du etxeko taldeak, Padillak erantzun ezin hobea eman dio Gyökeresen jaurtiketari. Lehoiak ez dira kikildu eta arerioaren presioaren aurrean, lerroak luzatu eta erasora jo dute.
Guruzetak, korner batean, eta Berenguerrek, Williamsen pase on baten ondoren, epaileak Guruzetaren gol bat baliorik gabe utzi baino lehen, berdinketa egiteko zorian izan dira. Iñakiren bolea batekin amaitu da Valverderen taldearen erasoko ahalegina lehen zatian. Aldiz, Ruben Amorimen taldeak bilbotarren atea Quenda gaztearen pare bat abagunerekin, langan jo duen beste batekin eta Yerayk gol-marran bertan baloia aldendu duen aukerarekin estutu du.
Athletic amorratuta zelairatu da bigarren zatian. Iñakik, Guruzetak eta, batez ere, Berenguerrek, hiru aukera huts egin dituzte jarraian, eta Sancetek ere berea izan du, penalti argia zirudien saiakera batean. Ordea, etxekoen erantzuna azkarra izan da. Lehenik, Padillak Gyökeresen jaurtiketa lehorra gelditu du eta, gerora, Gorosabelek atezaina gainditu duenTrincãoren buruka atepetik desbideratu du.
Neurketak aurrera egin ahala, Valverdek aldaketak gauzatu ditu. Lagunartekoaren amaierako minutuetan, Athleticek beste bi gol jaso ditu, lehen zatian ikusitako espazioak defendatzeko arazoak berriro ere agerian utzi dituelarik. Marcus Edwardsek eta Trincãok biribildu dute Lisboatarren aldeko markagailua, nahiz eta Martonek azken minutuan aldea murrizteko abagunea izan duen. Porrotetatik garaipenetatik baino gehiago ikasten dela diote. Horretan dihardugu, aurrera.