Xunzi
Xunzi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zhao (en) , K.a. 313 |
Herrialdea | Qi Zhao |
Heriotza | Chu (en) , K.a. 230(e)ko hamarkada (82/92 urte) |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Konfuzianismoa |
Xunzi (K. a. III. mendea) filosofo txinatarra izan zen, eta batzuen ustez, konfuzianismoaren baitan dagoen hirugarren pentsalari handienetarikoa (Konfuzioren eta Mengziren atzetik). Txinako historia inperialean zehar Mengziren ideiak baztertzeagatik erratutako konfuziartzat hartua izan ondoren, azken hamarkadatan Xunzi Txinako pentsalari eraginkorrenen eta garrantzitsuenen artean sartu ohi da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xunzi izenak “Xun Maisua” esan nahi du, Xun Kuangi (荀況) buruz mintzatzeko erabili izan delarik. Xun Kuangen bizitza berreraikitzeko ikasketa moderno guztiak saiakera izaera dute; halabeharrez, hutsune, kontraesan eta zehaztasun falta handia dago berari buruzko informazioan. Eztabaidak eztabaida, badirudi k.a. 310. urtean jaio zela eta k.a. 238an hil (urte horretan bere nagusia zen Chunshen Printzea (春申君) hil zuten, bera oraindik bizi zela). Xunziren bizitzari buruzko ia informazio eskuragarri guztia, bi iturri ezberdinetatik eratorria da: alde batetik, bere lanen bildumako barne-erreferentzietatik (bera hil ondoren bildutako eta argitaratutako lanen bilduma, Xunzi izena daramana), eta bestetik, Sima Qianek (司馬遷) Xunziri buruz idatziriko biografiatik, Historia Bilduma (Shiji,史記) deituriko lanetik. Sima Qianen arabera, Xunzik bere lan guztiak zuzendu eta txukundu zituen zahartzaroan, baina bera hil ostean denak desagertu ziren[1].
Xunziren lanen bilduma: "Xunzi". Ezaugarri orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Existitzen diren Xunziren edizio guztiek Liu Xiangek (劉向) (k.a. 79-8), jauregiko liburuzain batek, egindako bilduman dute jatorria. Liu Xiangek banbuzko estrabeetan idatziriko 322 fardel aurkitu zituen; Xunzik idatziak zirela egiaztatu eta haietatik 290 baztertu egin zituen, bikoiztuak zeudelako. Bikoizketen kopuru handi honek, Xunziren saiakerak bi mendetan zehar independenteki zabaldu zirela adieraz lezake (Sato 2003: 27-36). Gaur egungo adostasun orokorra ondoko hau da: Xunzi, nagusiki jatorrizkoak diren saiakeren bilduma da; haatik, ez dago Xun Kuang berak onartuko lukeen eran antolatua (Knoblock 1988-94: I, 105-108). Xunziren pentsamendua ulertu ahal izateko, kapituluen mugak gainditu behar dira: osotasunean, liburuak jarrera filosofiko bereizgarria transmititzen du, baina kapituluak isolatuta, desegokiak eta batzuetan koherentzia gabekoak ere suerta daitezke[1].
Filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza natura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza izaera txarra da (Xing`e,性惡) izeneko 23. kapitulua Xunziren filosofiarako sarrera aproposa da, bildumako gai garrantzitsuenetariko bat jorratzen duelako. Horretaz gain, mende askotan zehar Xunziren pasarte aipatuena izan da[1].
Hasteko, ezinbestekoak diren bi kontzeptu argitu behar dira: Xing (性); “giza izaera” moduan itzulia izan dena, etimologikoki zalantzagarri suertatu den terminoa izan da, filosofo aitzindariek esanahi ezberdinekin erabili izan zutena. Mengzik (孟子)(k.a. 372-289), adibidez, baldintza egokietan organismo batek lortzen duen egoera ideala adierazteko erabili zuen edota egoera horretarako berezko joerari erreferentzia egiteko (Graham 1989: 117-32; Graham 1990: 7-66). Gizakiaren giza izaera berez ona zela zioen argudio ospetsua egin zuen Mengzik. Honen arabera, gizaki orok du on (Shan,善) bihurtzeko gaitasuna, nahiz eta berez gizaki guztiak onak ez izan; ez dutelako lortu ardura nahikoaz jokatzea edota ez dituztelako beraien egin beharrak ganoraz bete.
Xunzik “Giza izaera txarra da” esan zuenean, Mengzik esandakoarekin talka egin zuenez, eztabaida piztu zen. Haren ustetan, gizakion Xing kontzeptua Shan kontzeptuak esan nahi duenaren guztiz aurkakoa da, hots, e 惡. E kontzeptuaren oinarrizko esanahia “gorrotagarri” hitzaren antzekoa da (aditz transitibo moduan, Wu, “gorrotatu” esan nahi du).
Xunzirentzako “Xing jaiotzez horrela dena da” (Xunzi 22.1b). Beraz, Xingi buruz ari denean, jaiotzetik ditugun eta hortaz “onak” deitu ezin ditugun ahalmen, oinarrizko desio eta gaitasunei egiten diote erreferentzia. Gure Xingak sortzen dituen bulkadei inolako arretarik ipintzen ez badiegu, ez badugu horien inguruan gogoetarik egiten edota ez baditugu bulkada horiek nolabait erregulatzen, egoera kaltegarri bat ondoriozta daiteke.
Esan beharra dago, bai Xunzik eta bai Mengzik gizaki orok on bihurtzeko duten gaitasunaren alde argudiatu zutela; nahiz eta pertsona batzuk ahalmen hau garatzen duten eta beste batzuk, aldiz, ez (Graham 1989: 250; Shun 1997: 222-31). Bien artean eman izan diren desberdintasun garrantzitsuenak -berriki onartuak izan direnak- honako bi hauek izan dira: batetik, Xing kontzeptuari bakoitzak emandako esanahia eta erabilera desberdina, eta bestetik, Xunzik norbere morala lantzeko emandako aholkuak, hots, pertsonen berezko izaera gorrotagarria gainditzeko burubideak; Mengzik emandakoak baino konplexuagoak zirenak.
“Gizakiaren izaera txarra da” izenburuan arreta ipintzeak, kapitulu bereko bigarren zatian jorratzen den jarraibidera bultzatuko gaitu: “(jenderen baitan) ona dena bere artifizioa da”(qi shan zhe wei ye其善者偽也). “Artifizioa, nahitakoa” (Wei,偽) gure ekintza kontzienteen bitartez lortutako ezaugarri eta ohituren multzoa da. Zerbait ona lortzekotan gure artifizioei esker izango da. Hortaz, norbere morala lantzeko erabiltzen den esaldiak ez du Xinga baztertzea edo ahaztea esan nahi, eraldatzea baizik (Huaxing,化性).
Barne heziketa moralaren teknikak: erritua (Li) eta musika (Yue)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xunzik norbanako bakoitzaren portaera morala lantzeko eredu egokiak kanpoan, hau da, gugandik at, aurkituko direla azpimarratu zuen. Horrek funtsean, gizakion bihotzean gotorlekua duen “Lau Printzipioen” (Siduan,四端) nozio mentziarrarekin talka egiten du. Moralaren lanketari dagokionez, Mengzik norberak bere barnera begiratzeari eta hura lantzeari garrantzia ematen zion bitartean (batzuetan zeregin konplexua da, bihotza usteltzeko aukera dagoela onartzen baita), Xunziren “norbere morala” lantzeko modua ulertezina da kanpora begiratu gabe[1].
Xunzik indar handiz sostengatu zuen herritar gehienentzat, antzinako jakintsuek (Shengren,聖人) agindutako erritualak (Li,禮) zirela bizitzarako jarraibiderik edo eredurik aproposenak. Xunzik, inplizituki Hobbes eta Rousseau gogorarazten duten pasarte batzuetan, erritualen sorrera ondokoari egotzi zion: mugarik gabeko gizarte batean, pertsonen artean sortzen den konpetentziak egoera jasanezinetara eraman ditzakeela biztanleak.
Zenbaitetan erritual hauek konbentzio sozial eraginkor gisa deskribatuak izan dira (Perkins 2014: 189-97), baina hau desegokia da bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, aipatzekoa da Xunzik era arbitrarioan aukeratutako erritual sorten eraginkortasuna esplizituki ukatzen zuela. Hobeto esanda, errege jakintsuek arautzen zituzten errituak ziren benetan legitimoak; horiek dira “gizakiak gizaki egiten dituztenak” (ren zhi suoyi wei ren zhe,人之所以為人者) (Xunzi 5.4) esaldiarekin lotura estuena dutenak. Beraz, lehian dauden kode erritualak kondenatuak daude huts egitera. Gizakiek, gainerako animalia espezieek baino gehiago nabarmentzen dituzte desberdintasunak (Bian,辯). Errege jakintsuen erritualek naturaz gizakiak ezberdinak direla eta ezberdin jokatzen dutela baieztatzen dute (Xunzi 5.4 da testu zentrala; 10.3 eta 19.1c ere ikus daiteke).
Bigarrenik, Xunziren arabera, erritualek ez dute soilik koherentzia sozial bat errazten, norbanako bakoitzaren egoera psikologiko eta morala garatzen ere laguntzen dute (Ivanhoe 2014; Yearley 2014: 92-101). Izan ere, hori egingo ez balute, erritualak izan beharrean elkarbizitzarako tresnak baino ez lirateke izango.
Xunziren erritualek emozioen garapenean nahiz moralean daukaten funtzioa hain da garrantzitsua, non erritualen bitartez ematen diren adierazpen artistikoen azalpena kapitulu oso batean eskaintzen duen. Horretarako, “musika” (Yue,樂) terminoaz baliatzen da. Erritoa eta musika bi elementu desberdin dira, baina Xunzik kontzeptu horien jatorrian eta helburuan duen ikusmoldea antzekoa izanik, ia ezinezkoa da bi kontzeptuetako bati buruz hitz egitea bestea aipatu gabe. Beraz, “erritoa eta musika” (Liyue,禮樂) gizakien artifizioaren bi alderdi gisa soilik uler daitezke (Wei): erritoak gizarteko kohesio soziala sustatzen duten forma kulturalak dira; musikak, aldiz, gizakien emozioen adierazpen ordenatua eragiten du.
Konfuziar guztiek bezalaxe, Xunzik gizakiak beregan hobetu daitezkeen eta sostenga ezinak diren bulkadak dituela onartzen du (Xunzi 20.1). Arazoa, ordea, emozioek soilik bultzatutako suminaldi buruarinek eragin dezaketen minean dago; horregatik, norbere bulkadak ez deuseztatzea eta kontuan edukitzea eskatzen zaie (alderatu Xunzi 22.5a).
Xunziren atal honen helburua musika hondakina dela zioen Mohisten iritziaren aurka egitea zen. Xunzik erantzun zien Mozi eta haren jarraitzailei, arreta kostu materialetan soilik jartzeagatik, morala erdiesteko tresna gisa ez zutela musikaren erabilgarritasun psikologikoa onartu (Cook 1997: 21-24; Graham 1989: 259-61).
“Musika zentratua eta orekatua denean, pertsonak harmoniatsuak dira eta ez dira urratzen. Musika zuzena eta serioa denean, jendea uniformea da eta ez eragabea. Jendea uniformea eta eragabea denean, armada sendoa da eta gotorlekuak seguruak; estatu etsaiak ez dira inbaditzen ausartuko (Xunzi 20.2).”
Goiko aipuaren arabera, errituala era zuzenean erabiltzea erabakigarria da, bai politikan bai nazio arteko harremanetan ere.
Honela, Xunzik erritualaren esanahia mailaz igo zuen. Honela, agintari batek bere herrialdea erritualen arabera gobernatzeko duen gaitasuna izango da gudu-zelaian arrakasta edo porrota bermatuko duen irizpide bakarra.
Errituen iturriak: Bidea (DAO, 道) eta zerua (TIAN,天)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xunziren pentsaera hertsiki lotua dago jarduera praktikoarekin; horregatik, banakoaren jarrera lantzeko errituak proposatzen ditu; kanpoan aurkitzen baita giza-izaera txarra bideratzeko irtenbidea, aurretik aipa bezala. Errituak bide zuzena jarraitzeko abiapuntu izango dira[1].
Xunzirentzat gizakia bere jarreraren arduraduna da. Horregatik, “Zeruaz” eta “Bideaz” modu ezberdinean hitz egiten du. “Bidea” (Dao,道) gizakiek errituen bidez jarraitu beharreko jarrera litzateke. Esan bezala, errituen bidez gizaki orok ondo jokatzen ikasiko du, askotan jarraitutasun edota konstantzia kontzeptuekin lotzen delarik. Bestalde, “Zeruak” (Tian, 天) tradizio txinatarrean garrantzitsua izan arren, Xunzik bestelako interpretazioa eskaintzen du. Zeruaren fenomenoak anitzak dira, eta Txinako pentsamenduan aieruak ekartzen dituzte. Aieruen interpretazioek eragina izango dute gizakiengan. Hortaz, seinale bezala ulertuak ziren arren, Xunzik gizakiaren gain utzi zuen jasaten zuen eragin horren ardura.
Laburbilduz, “Bidea” eta “Zerua” ezagutzearen funtsa praktikotasunean datza. Alde batetik, “Zerua” ezagutu beharko dute gizakiek, baina errepikatzen diren fenomenoak soilik aztertuz eta hauen erabilgarritasuna bilatuz. Bestetik, “Bidea” errituen bidez landu beharko da. Halaber, erritu hauek ez dira praktika xume edo hutsalak; hauen bidez antzinako jakintsuak (Shengren,聖人) unibertsoaren patroietan oinarritzen baitziren. Jakintza hori jarraituz lortuko da jokaera zuzen bat.
Bidea: Aurkitua ala eraikia?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko puntuan azaldu bezala, Xunzik “Bidea” konstantziarekin lotzen duen kontzeptua da. Xunziren pentsamenduan Bidearen kontzeptuarekin planteatzen den zalantza ondorengoa da: “Bidea” egoera onartzera bideratzen gaituen seinale kosmologikoa da edo gizakiak eraikitakoa bidea?[1].
Izan ere, tradizio txinatarraren arabera “Bidea” aurkitu beharreko zerbait da; hau da, seinale kosmologikoz osatua dago, non gizakia horietara moldatu behar den. Hala ere, Xunzik Zeruarekin egiten duen ezberdinketa antzekoa egiten du Bidearekin. Xunziren arabera, “Bidea” antzinako jakintsuek emandako errituekin egiten da. Hortaz, erreferentzia egiten dio bakoitzak bere bidea eraiki behar duelaren esaerari. Adibidez, izar iheskorrak teorikoki Bidearen azalpen gisa uler zintezken. Baina Xunziren arabera, patroi zehatz bat jarraitzen ez dutenez, gizakiek ez diete fenomeno astronomiko hauei men egiten.
Eztabaida honetan, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan: alde batetik, Xunziren testu asko galdu dira eta hortaz, zaila da zehaztea zeri egiten dion erreferentzia Bideaz hitz egiten duenean. Kontuan hartu behar da anbiguotasun hori ematea ohikoa dela, bere tradizioan irmoki ezarrita zegoen naturaren jarraipen horrekin apurtzen duelako; izan ere, bere pentsaeran “Bidea” gizakiarena den zerbait bezala agertzen dela.
Izenak zuzentzen (Zhengming, 正名)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zhengming (“Izendapenak zuzentzen”) Xunziren hizkuntzari buruzko idazlan esanguratsuenetarikoa da. Bertan, hizkuntza eta komunikazioarekiko hainbat hausnarketa aurkezten ditu; komunikatzeko naturari buruzkoak, esaterako. Hala ere, moralitatearen gaia lantzen du gehien bat, hizkuntzaren gainetik[2].
Hizkuntzaren ikerketa honetan aztertzen duen lehenengo puntua “izena” eta “gauzaren” arteko harremana da. Gauzak izendatzean, ezberdina eta berdina denaren arteko bereizpenak egiten dira. Hortaz, izendapenak gauzen sailkapenetan oinarritzen dira. Izenak, aldiz, aurretik dagoen errealitate bat definitzeko erabiltzen dira. Epistemologia deritzo ikerketa hauek egiten dituen filosofiaren atalari. Honela, idazlanaren gai nagusia izenak jartzea, izendapenak lantzea eta horien bitartez munduaren berantolamendu bat egitea da.
Xunziren izendapenen teorian, gauzei ezarritako izendapenen jatorri “artifiziala” (naturala edo berezkoa ez dena) aztertzen da; gizakien artean adostutako konbentzioz jartzen direnak. Behin konbentzio horretara ohitzen garela, izen horiek ez dira onargarritzat hartzen. Hala ere, Xunzik aitortzen du hori dela arrazoi bakarra izen batzuk onartuak izateko beste batzuen aurrean. Gainera, taldeak osatzen dituzten desberdintasun biologikoak daudela onartzen du; berak, ordea, jarrera edo ekintzak gida bezala funtzionatzen duten hizkuntzetan ipintzen du arreta.
Kontuan izan behar da, hierarkia elementu garrantzitsua dela kultura txinatarrean eta aldi berean, filosofia praktikoa dela idazleak lantzen duena. Ez da praktikatik at dagoen filosofiarik burutzen. Horrenbestez, hierarkia eta ordena defendatzen ditu Xunzik lan honetan. Ideia nagusia izendapenetan datza, errealitateko elementuak ordenatzen ari garela onartzean; ideia hauek aurretik zuten izaera kualitatiboa berrizte aldera. Lanak, beraz, gai etiko eta epistemologikoak nahasten ditu.
Xunzirentzat izendapenak garrantzitsuak dira, hizkuntza eta moralaren artean dagoen loturarengatik. Haren ustez, esaera txarrek Bidetik aldentzen ditu banakoak. Pentsalari honentzat, hizkuntzaren helburu nagusia erregearen tresna izatea da. Hizkuntzari esker, pertsona guztiek agintariaren esanak ulertu ahal izango dituzte, eta horrela, zuzen jokatzeko gai izango dira. Dena den, herrialdeak gidatzeko ezinbestekoa izango da denek ulertuko duten hizkuntza edukitzea. Erregeak bere aginduak ezarriko ditu ordena mantentzeko; horregatik, Mengzi pentsalariak ez bezala, Xunziren aburuz ezinbestekoa izango da izen hauei eustea, orden hierarkikoa mantendu ahal izateko.
Bihotz-burua (XIN,心)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xin (心) hitzak bihotza esan nahi du txinatarrez. Xunzik prozesu mentalak atxikitzen dizkio kontzeptu honi. Kontuan izan behar da Txinako filosofia modernoaren aurretik gogamena ez zela buruan kokatzen. Horregatik, Xin, “bihotz-buru” edo “bihotz-pentsamendu” bezala itzul daiteke; honen bitartez izango da gizakia Bidea ezagutzeko gai. Bihotz-buruak hiru ezaugarri nagusi ditu: hutsunea (Xu,虛), unitatea (Yi,壹) eta lasaitasuna (Jing,靜).
- Hutsunea (Xu): Xinak informazioa gordetzeko duen gaitasuna. Xunziren aburuz, gizakiek ez zuten daturik ezabatu behar informazio berriari lekua uzteko.
- Lehentasuna (Yi): Xinak informazio ezberdina laburtu eta teoriak eraldatzeko duen gaitasuna. Hau da, informazio hori kudeatu eta garrantzitsuenari lehentasuna emateko gaitasuna.
- Lasaitasuna (Jing): Fantastikoa eta arrazionala dena ezberdintzeko Xinak duen ahalmena. Uraren metafora erabiltzen da egoera hau azaltzeko; ur putzu edo laku bat irudikatu. Hau bare dagoenean, erraz ikus daiteke norberaren islada bertan. Ur barearen pareko egoera lasaira heldu behar dira pertsonak Xunziren ustez, egoera horretan izango baitira arrazoia erabiltzeko gai. Lasaitasuna da arrazionaltasunaren ahalmena garatzeko lortu behar den egoera.
Xina da, beraz, beste organo guztiak gidatzeko gai den bakarra. Gizakia gai izan beharko da inmoralak diren ekintza horiek identifikatu eta sahiesteko. Kontuan izan, aurreko atalean azaldu bezala, Xunzirentzat gizakiaren berezko natura (Xing, alegia) txarra dela, eta horren ondorioz, Xinak egoera txarretara eraman ahal dituela gizakiak. Horregatik, ekintza txar bat aurreko erantzukizuna ez dago desio eta emozioen baitan; une horretan gure gogogamen-bihotzak (Xin) huts egin duela onartu behar baita. Bestalde, banakoaren ardurei buruz hitz egiten du, ardura hori lantzeko gizakia errituez baliatuko delarik.
Gizakiaren funtzionamendua azaltze aldera, Xunzik estatuaren analogia erabiltzen du. Edozein lurraldek baldintza edo ezaugarri jakin batzuk dauzka; handia edo txikia ala pobrea edo aberatsa izan daiteke. Haatik, elementu hauek ez dute lurralde horren etorkizuna determinatuko. Ezaugarri horiekin egiten dena izango da lurraldearen etorkizuna definituko duena; hau da, gobernariaren eta auzokideen erabakiek determinatuko dute etorkizuna. Hauek bi elementuren bidez gida daitezkeela azaltzen du Xunzik: metodo aproposa eta buruzagi aproposa, hain zuzen ere.
Lurraldearen adibidea Xinera eramanez gero, antzeko zerbait gertatzen da. Gizakia bi zatiz osaturik dago: alde batetik, Xinga, hasierako egoera txarra, eta bestetik Weia edo jarrera kontzientea. Lurraldearen etorkizuna bezala, gizakia hasierako egoera kaskarrean egongo da jarrera kontzientearen bidez erabaki zuzenak egiten ez baditu. Honela, Bidea jarraitzen ez badu, errituak errespetatuz eta berezko naturari soilik erreparatuz (Mengzik proposatzen zuen moduan), ez du egoera on bat lortuko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f Goldin, Paul R.. (2018). Zalta, Edward N. ed. «Xunzi» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «✍ Historia del pensamiento chino [1997»] Teoría de la historia 2012-09-16 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Xunzi |