Vatikanoko Museoak
Vatikanoko Museoak | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Vatikano Hiria |
Arkitektura | |
Deskribapena | |
Zuzendaria | Antonio Paolucci |
Webgunea | http://www.museivaticani.va www.museivaticani.va |
Vatikanoko Museoak (italieraz: Musei Vaticani) Vatikano Hiriko artelanek eta eskulturek osatzen duten erakusketa-gunea da. Artelan guzti horiek Eliza Katoliko Erromatarraren bildumaren zati dira, eta munduko arte-bilduma handienetariko bat osatzen dute. Museoak Julio II.a aita santuak bildutako lan guztiekin sortu ziren XVI. mendean eta aita santuek mendeetan zehar pilatutako artelanez osatuta daude. Era berean, aipatu beharra dago aita santuak artelanak jendearentzat ikusgai jarri zituzten lehenengoetariko agintariak izan zirela.
Raffaelek margotutako Kapera Sixtinoa eta aita santuen egoitzak ere Vatikanoko Museoen atal bat dira. Italiako museorik bisitatuenetako bat da: 2008an, adibidez, ia lau milioi eta erdi bisitari izan zituzten; dena dela, zentzu hertsian esanda, Vatikanoko Museoak Italiako Errepublikaren lurraldean ez daudenez gero, Italian bisita gehien jasotzen dituen arte museoa Florentziako Uffizi Galeria dela esan beharko litzateke.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vatikanoko Museoen sorrera Julio II.a aita santuaren eskutik abiatu zen, eta marmolezko eskultura bat izan zen kausa: Laokoon irudikatzen duen eskultura, hain zuzen. Mitologia grekoaren arabera, Laokoon greziarrek troiarrei opari eman omen zieten egurrezko zaldia onartu ez zezaten konbentzitzen saiatu zen apaiza izan zen. Eskultura hau 1506ko urtarrilaren 14an aurkitu zuten Santa Maria Maggiore basilikaren inguruetako mahasti batean, Erroman. Julio II.a aita santuak Giuliano da Sangallori eta Michelangelo Buonarrotiri agindu zien aurkikuntza aztertzeko, eta, haien gomendioari jarraituz, aita santuak segituan erosi zion eskultura mahastiaren jabeari. Hilabete geroago Laokoon eta haren semeak itsas-suge baten kiribiletan estuturik irudikatzen dituen eskultura ospetsua jendaurrean ikusgai jarri zen Vatikanoan. Ondoren, beste eskultura batzuk Estatuen patioan erakutsi ziren, eta hurrengo berrehun urteetan askoz artelan gehiago ere gehitu ziren bildumara.
1756an, Benedikto XIV.ak Liburutegi Eliz-Museoa sortu zuen.
1767an, Klemente XIII.ak sortu zuen leku berean Museo Profanoa, monumentu erromatarrak konserbatzeko asmoz. Horrez gain, Pio-Klementinoar eta Chiaramonti Museoak, eta Lapidaria galeria sortu ziren.
1837an, Gregorio XVI.ak Gregoriar Etruriar Museoa sortu zuen, eta urte batzuk geroago artelan kristau asko gehitu ziren bildumara.
1870tik aurrera, Estatu Pontifizioaren bukaerarekin batera, aldaketa berri asko gauzatu ziren museoan. 1932an Pinakoteka zabaldu zen, eta Napoleonek ekarritako artelan asko berreskuratu eta erakusten hasi ziren. Hurrengo urteetan zehar, zabalkuntza prozesu asko jasan zituen museoak, aspaldiko bildumak bateratuz eta gela berriak zabalduz.
Gertaera gogoangarri bat jazo zen 1938ko maiatzean, Adolf Hitler buruzagi alemaniar nazia Erromara iritsi zenean, Viktor Emanuel III.a erregeak eta Benito Mussolinik gonbidaturik. Pio XI.a aita santuak ez zuen hartu nahi eta horregatik, egun batzuetarako Castel Gandolfoko egoitzara aldatu zen. Gainera, Führerraren bisita motzak iraun bitartean museoa eta basilika bisitariei ixtea erabaki zuen; horrela, buruzagi alemaniarra ezingo zen inola ere Vatikanoko lurraldera sartu, ezta museoetatik ere.
2000. urteko Urte Santuaren hasieran, museoetarako sarrera berri bat ireki zen, Vatikanoko harresian 1932an eraikitako sarrera zaharraren ezkerrean, harresi perpendikular batean. Orain, bi sarbideetako bat bisitariak sartzeko da, eta bestea ateratzeko. 1929an Mussolinik eta Elizak hitzartutako Ituneko artikulu batek ezarritakoaren arabera, Egoitza Santuak ezin du museoen ondasunik besterendu, eta eskubidea du sarrera egun eta orduak arautzeko, baina behartuta dago turisten eta ikertzaileen bisitak onartzera. Museoak itxita egoten dira zenbait jaiegunetan (urtarrilak 1, urtarrilak 6, otsailak 11, martxoak 19, Pazkoa eta Pazko astelehena, maiatzak 1, ekainak 29, abuztuak 15, azaroak 1, abenduak 8, abenduak 25, abenduak 26); halaber, igandeetan ere itxita egoten dira, hileko azken igandean izan ezik, beti ere esandako jaiegunetako bat izan ezean.
2006ko urrian Museoek bostehungarren urtemuga ospatu zuten eta Vatikanoko muinoan aurkitutako nekropoli baten arkeologia indusketak jendearentzat ikusgai jarri ziren modu iraunkorrean.
Vatikanoko Museoak osatzen dituztenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vatikanoko Museoak, zehatz hitz eginez, museo eta bilduma bat baino gehiagoz osaturik daude, eta museoez gain, Vatikanoko jauregi eta egoitzen zenbait areto ere sarturik daude bisita daitezkeen lekuen artean.
- Museoak.
- Pinacoteca Vaticana: Bilduma piktoriko hau aurretik Borgien Egoitzan zegoen, Pio XI.a aita santuak aparteko jauregi bat eraiki eta bertan kokatzea agindu zuen arte. Lan honetaz arduratu zen arkitektoa Luca Beltrami izan zen. Museo honetan, Giotto, Leonardo, Rafael eta Caravaggio margolarien lanak ikus daitezke, besteak beste.
- Arte Erlijioso Modernoen Bilduma (Collezione d’Arte Religiosa Moderna): Francis Bacon, Carlo Carrá, Marc Chagall, Salvador Dalí, Giorgio de Chirico, Paul Gauguin, Wassily Kandisky, Henri Matisse eta Vincent van Gogh artisten lanak ditu, besteak beste.
- Museo Pio-Clementino: Klemente XIV.a aita santuak fundatu zuen 1771n, eta hasieran antzinako eta Pizkundeko artelanak biltzea zuen xede. Museoa bera eta haren bilduma hurrengo aita santuak, Pio VI.ak zabaldu zuen, eta gaur egun antzinako greziar eta erromatar eskulturak ditu.
- Museo Missionario-Etnologico: Pio XII.ak sortu zuen 1926an eta mundu osoko artelanak ditu, gehienbat erlijiosoak. Aita santuei egindako opariez osaturik dago batez ere.
- Museo Gregoriano Egizio: Gregorio XVI.a aita santuak sortu zuen eta antzinako Egiptoko hondakinen bilduma oso zabala du. Ikusgai daudenen artean papiroak, momiak, Hilen Liburua deritzan liburu ospetsua eta Grassi Bilduma delakoa daude.
- Museo Gregoriano Etrusco: Gregorio XVI.a aita santuak sortu zuen 1836an, zortzi galeria ditu eta etruriar garaiko hondakin garrantzitsuak ditu, arkeologia indusketetatik etorriak; besteak beste, ontziak, sarkofagoak, brontzeak eta Guglielmi bilduma ezaguna.
- Museo Pio Cristiano.
- Museo Gregoriano Profano.
- Il Padiglione delle Carroze: Iraganeko aita santuek leku batetik bestera joateko erabiltzen zituzten ibilgailu batzuk gordetzen ditu. Egoitza nagusia Laterango jauregian daukan Museo Storico Vaticano delakoaren zati bat da.
- Museo Filateliko eta Numismastikoa.
- Vatikanoko Liburutegi Apostolikoaren Museoak.
- Chiaramonti Museoa: Pio VII.a Chiaramonti aita santuaren izena darama, hark sortu baitzuen XIX. mende hasieran. Arkudun galeria zabal batez osaturik dago eta hauen ondoan ikusgai daude eskultura, sarkofago eta friso ugari. Braccio Nuovo deritzan hegal berrian, Augusto di Prima Porta estatua ospetsua ikus daiteke, besteak beste. Museoko beste atal bat Galleria lapidaria deritzana da, harrian egindako 3.000 inskripzio baino gehiago dituena, mota horietakoen munduko bilduma handiena delarik. Hala ere, eskaera bidez bakarrik irekitzen da bisitarientzat, gehienetan ikerlanetarako.
- Jauregi Vatikanoak.
- Galeriak:
- Galleria Lapidaria;
- Braccio Nuovoko galeria;
- Argimutilen galeria (Galleria dei Candelabri)
- Tapizen galeria (Galleria degli Arazzi)
- Mapen galeria (Galleria delle carte geografiche)
- Kaperak:
- Areto edo egoitzak:
- Sala della biga
- San Pio V.aren apartamentua.
- Sobieski Aretoa
- Sala dell'Immacolata
- Rafaelen egoitza (Stanze di Raffaello)
- Loggia di Raffaello
- Argi-itzalen aretoa (Sala dei Chiaroscuri)
- Appartamento Borgia
- Galeriak:
Artelanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinatekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mironena, Atenea eta Marsia
- Fidiasena, Mattei amazonak
- Praxitelesena, Afrodita Knidioa
- Leokares-ena, Apollo del Belvedere
- Lisiporena, Apoxyómenos
- Laokoon eta bere semeak
- Augusto di Prima Porta
- Klaudioren estatua kolosala
- Trajanoren hamargarren urteurreneko erretratua
- Zutabe Antoninoaren oina
- Plotinoren sarkofagoa
- Karakalaren Termetako atleten mosaikoa
- Helenaren sarkofagoa
- Kostantinaren sarkofagoa
Erdi Aroko artelanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Giottorena, Stefaneschi poliptikoa
- Gentile da Fabriano
Pizkundeko artelanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fra Angelico
- Filippo Lippi
- Ercole de' Roberti
- Melozzo da Forlì
- Perugino
- Giovanni Bellini
- Leonardo da Vinci
- Michelangelo
- Rafael
- Correggio
Artelan modernoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Italieraz) Musei Vaticani webgune ofiziala
- Vatikanoko Museoak hiru.com webgunean
- (Ingelesez) Vatikanoko Liburutegiko altxorrak