Uharte-estatu
Uharte-estatu bat uharte batek edo gehiagok osatzen duten estatua da. Munduan 48 uharte estatu daude, eta bi taldetan bana daitezke. Alde batetik, uharte estatu handiak eta erlatiboki biztanle asko dituztenak; eta bestetik, uharte estaturik txikienak.
Uharte estatu handienak kontinente batetik hurbil egon ohi dira, eta normalean kontinente horrekin kultura antzekotasunak izaten dituzte. Indonesia da uharte estaturik handiena. Australia ere talde honetako kide da; hala ere, hainbat ikerketek Ozeaniako sektore kontinentaltzat hartzen dute.
Uharte estaturik txikienak kontinenteetako estatuekin alderatuz ezberdinak izan ohi dira (batez ere kulturari dagokionez). Txikiak direnez, uharte estatu hauek natura baliabide urriak izan ohi dituzte. Gaur egun uharte estatu txikietan turismoak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Talde honetan; besteak beste, Zipre, Bahamak, Tonga eta Maldivak daude.
Uharte estatu batzuk uharte batez edo biz osatuta daude (Erresuma Batua, adibidez); beste batzuk ehundaka edo milaka uharte hartzen dituzte barne (Maldivak, adibidez); eta herrialde batzuek beste batzuekin partekatzen dituzte uharteak (Haiti eta Dominikar Errepublikaren kasua, esaterako)