Globo-arraina oso arrain berezia da, tetraodontido izeneko familia batekoa. Arrain hauek itsasoan bizi dira batez ere.
Badakizu zergatik deitzen diren globo-arraina? Trebetasun harrigarri bat dutelako: beldurtuta daudenean edo norbait horiek jaten saiatzen denean asko puztu daitezke, globo bat bezala.
Globo-arrain bat arriskuan sentitzen bada, ura edo airea har dezake eta askoz handiagoa egiten da. Hori dela eta, animalia handiago batentzat oso zaila da hura irenstea, globo erraldoi batean bihurtzen delako.
Globo-arrainak itsas trikuen oso antzekoak dira. Itsas trikuek arantza handiak dituzte kanpotik, beraien gorputza babesteko armadura bat izango balute bezala. Baina globo-arrainek arantza mehe eta ezkutuak dituzte, globoak bezala puzten direnean bakarrik ikusten direnak.
Nolakoa da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Globo-arrainek ezaugarri harrigarri batzuk dituzte, bakar bihurtzen dituztenak. Imajinatu arrain bat gorputz luze batekin eta buru biribil batekin, pilota bat balitz bezala. Gainera, batzuek ohartarazpen-seinaleak dituzte gorputzean, hala nola koloreak edo markak, beste animalia batzuei arriskutsuak izan daitezkeela esateko.
Globo-arrainen beste gauza zoragarri bat da batzuk beren inguruarekin kamuflatzen direla, mozorro bat erabiliko balute bezala. Koloreak eta patroiak dituzte, uretan inguruan dutenaren antz handia ematen dietenak. Batzuk horiak edo berdexkak dira, eta orban beltzak dituzte gorputz osoan zehar.
Eskeletoari dagokionez, nahiko leuna da beste arrain batzuekin alderatuta. Bere gorputza arantzez estalita dago, aho aldean izan ezik. Gainera, ezkatarik gabeko arrainak dira eta azal latza dute.
Globo-arrainak tamaina askotakoak izan daitezke: batzuk oso txikiak (2,5 zentimetrokoak bakarrik), baina beste batzuk metro erdikoak izan daitezke. Denek dute zerbait berezia ahoan, mokoa osatzen duten lau hortz. Hortz horiek berezi samarrak dira; izan ere, kasualitatez hausten bazaizkie, azkar hazten dira berriro. Hortz hauek oso erabilgarriak dira beste animalia batzuen oskolak zanpatu eta apurtzeko, krustazeoak eta moluskuak kasu.
Kontuz globo arrainekin!
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Japoniar bat sukaldean.
Globo arrainak oso arriskutsuak izan daitezke: pozoitsuak dira. Oso pozoi gogorra dute gorputzean, zianuroa baino indartsuagoa.
Arrain horiek gibela, obulutegiak, hesteak eta batzuetan, azala bezalako zatiak tetrodotoxina izeneko toxinaz beteak dituzte. Toxina hau oso indartsua da, pertsona baten kilo bakoitzeko 8 mikrogramo baino ez dira behar pertsona bat hiltzeko.
Norbaitek globo-arrain pozoitsu baten zati bat jaten duenean, pozoiak gorputzeko muskuluak geldo bihurtzea eta geldiaraztea eragin dezake. Hori dela eta, pertsonak ezin du arnasa hartu. Ez dago pozoi hau senda dezakeen sendagai berezirik, ez dago antidotorik. Horregatik, oso garrantzitsua da globo-arrainekin kontu handiz ibiltzea eta pozoitsua izan daitekeen espeziea ez jatea.
Bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ugalketa prozesuaren hasieran, globo-arrain arrek zerbait berezia egiten dute: hondarretan marrazkiak egiten dituzte globo-arrain emeak txunditzeko. Astebete ere pasa dezakete irudi politak sortzen hondarretan.
Beste batzuetan ez dure marrazkirik egiten eta arrak emeen atzetik joaten dira. Honen bidez arrek emeei erakutsi nahi diete zein prest dauden aita izateko.
Behin globo-arrain eme bat erakarrita, honek kontu handiz arrautzak prestatutako toki berezian uzten ditu. Gero, arra joan eta ongarritu egiten ditu arrautzak globo-arrain bihurtzeko. Arrautzek 4 egun inguru behar dituzte hausteko eta kumeak ateratzeko.
Imajinatu hau! Amak 300 arrautza jar ditzake ziklo bakarrean! 4 egun horietan, globo-arrain arrak, hau da, aitak arrautzak zaintzen ditu. Hondarretan dituzten marrazkiekin laguntzen da arrautzak harrapakarietatik edo itsas korronteetatik babesteko. Azken finean, globo-arrain arrak hondarrean egiten dituen marrazkiak ikusgarriak izateaz gain etxe seguru gisa balio dute ere.
Globo-arrain txikiak beren oskoletik aterazen direnean globo-arrain arrak igeri egiten eta bere kabuz bizirik mantentzeko jakin beharrekoak irakasten dizkie. Dena jakinda kumeek beraien bizitza hasten dute. Egun gutxi behar dituzte globo-arrain gazteek beraien bizitza independentea hasteko eta honek suposatzen du ozeanoaren erronka guztiei aurre egin behar dietela eta globo-arrain heldu batean bihurtu.
Ondoren, globo-arrain helduak kumeak edukitzeko prozesua egingo dute eta ziklo hau behin eta berriro errepikatzen dute belaunaldiz-belaunaldi.
Zer jaten dute?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Globo-arrainak orojaleak dira, eta horrek esan nahi du itsasoko gauzak eta landareak jaten dituztela. Bere janari gogokoena hezurrik gabeko animaliak dira. Asko gustatzen zaizkie moluskuak, barraskiloak bezala, eta krustazeoak, izkirak bezala. Gainera, algak, animalia ornogabeak eta beste gauza batzuk jatea gustatzen zaie, hala nola belakiak eta tunikatuak.
Janari ohiturak aldatzea kostatzen zaie. Hau da, jateko zerbait berria ematen badiezu, janari lehorra edo ohituta daudenaz bestelakoa, denbora asko behar dute janari berrira ohitzeko.
Zientzialariek uste dute globo-arrainek duten toxina hilgarria, toxina boteretsu hori jaten duten animaliatxoen bakterioek garatzen dutela. Horregatik, oso garrantzitsua da globo-arrainek gauza seguruak eta osasuntsuak jaten dituztela ziurtatzea, pozoi arriskutsu hori ez garatzeko.
Beraz, globo-arrainek menu interesgarria badute ere, batzuetan nekeza egiten zaie gauza berriak probatzea.
Non bizi dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nola jokatzen dute globo-arrainek akuarioa partekatzen dutenean?
Ez da gomendagarria Globo arraina akuario batean beste arrain batzuekin edukitzea, oso jenio txarreko animalia baita. Arrain gehiagorekin sartzen baduzu, normalena izango da beste arrainak jatea baita, bere espezie berdineko aleak jateko gai izango da!-
Globo-arraina akuario batean.
Globo-arrainak ur beroko guneetan bizi dira, hala nola zona tropikaletako eta subtropikaletako ur ozeanikoetan.
Gehienak ozeanoan bizi diren arren, globo-arrain batzuk ur gozo eta gazitan bizi dira, hau da, ez bakarrik itsasoko ur gazitan. Baina arrain horiei ez zaizkie batere gustatzen ur hotzak, klima tropikala nahiago dute eta ez dira asko ikusten hotza egiten duen lekuetan.
Badakizu non bizi diren ozeano barruan? Koral uharrien ondoan. Izugarri gustatzen zaie uharri koloretsu eta itsas bizitzaz beteriko hauen inguruan igeri egitea. Batzuetan 300 metroko sakoneran aurki daitezke. Baina normalean, janaria eta bizitzeko leku segurua aurki dezaketen uharrietatik gertu egoten dira.
Arriskuan dagoen espezia da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zorionez, oro har, globo-arrain kopurua ez da asko murriztu. Egia da, gizakiak kontsumitzen dituen espezie ezberdinak behin baino gehiagotan arriskuan egotera heldu direla. Hau gertatu da bereziki Japonia bezalako lekuetan, pertsona batzuentzat oso jaki preziatua delako. Beste aldetik, gehiegi arrantzatzeak espezie hau arriskuan jartzea ere ekarri dezake.
Globo-arrainen gehiegizko arrantza ez da arazo bakarra, arrasteko arrantzak ere globo-arrainentzat izugarrizko kaltea eeragiten du. Globo-arrainak koraletan bizi dira eta arrasteko arrantza hondarretik sarea arrastaka eramatean datza eta horrek beraien bizilekua eta beste zenbait animaliena apurtzea dakar.
Honetaz gainera, ozeanoen kutsadura globo-arrainentzat zein beste animalia akuatikoentzat kaltegarria da. Eta kutsadura maila zenbat eta altuagoa izan orduan eta kaltegarriagoa da animalientzat.
Gehiago jakiteko!
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gauza gehiago ikasteko gogoz geratu bazarete, hona hemen gai interesgarrien zerrenda, ikasten jarrai dezazuen: