Txekia
Txekia[1] (txekieraz: Česko, ˈt͡ʃɛsko ahoskatua) ofizialki Txekiako Errepublika[1] (txekieraz: Česká republika, ˈt͡ʃɛskaː ˈrɛpuˌblɪka ahoskatua) Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da, Bohemia, Moravia eta Txekiar Silesia eskualde historikoek osatua. Ipar-mendebalde eta mendebaldean Alemaniarekin du muga, ipar-ekialdean Poloniarekin, hego-ekialdean Eslovakiarekin, eta hegoaldean Austriarekin. 78.866 kilometro koadroko eremua du, eta 10,5 milioi biztanle[2]. Europar Batasuneko kidea da. Hiriburua eta hiri nagusia Praga da.
Lehen Mundu Gerra bukatutakoan Txekoslovakia izeneko herrialdea osatu zen estatu burujabe gisa. 1939an galdu zuen independentzia, Alemania Naziak inbaditu zutenean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunaren eragin eremuaren barruan geratu zen. 1968an, Txekoslovakian egiten ari ziren erreformek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jar zezaketelakoan, Sobietar armada herrialdean sartu zen. 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, Txekoslovakia sobietar eraginpetik askatu eta Mendebaldeko Europaren eraginpera lerratu zen. 1993ko urtarrilaren 1ean, bakean banandu ziren Txekoslovakia osatzen zuten bi herri nagusiak: Txekia eta Eslovakia.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiako Errepublika Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da, ipar latitudeko 48° eta 51° artean, eta ekialdeko longitudeko 12° eta 19° artean hedatua. 49.035 kilometro koadroko eremua hartzen du.
Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar-mendebalde eta mendebaldean Alemaniarekin du muga, ipar-ekialdean Poloniarekin, hego-ekialdean Eslovakiarekin, eta hegoaldean Austriarekin. Moldauhafen izeneko lurraldea, Hanburgoko portuko 30.000 metro koadroko eremua, Txekiaren aldi baterako barrendegia da, Versaillesko Itunak Txekoslovakiari emandakoa itsasora irteera izan zezan. Lurralde hau Alemaniari itzuliko zaio 2028an.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiako Errepublikako geografia askotarikoa da. Bohemia, herrialdearen mendebaldean dagoena, arro zabala da, Elba (txekieraz: Labe) eta Moldava (txekieraz: Vltava) ibaiek zeharkatua, eta mendi ez oso garaiek (Sudeteak) inguratua. Bertan kokatua dago herrialdeko tontor handiena, Sněžka mendia (1.602 metro). Moravia, ekialdean dagoena, menditsuagoa da. Eskualdeari izena ematen dion Morava ibaia da garrantzitsuena, eta bertan dago Oder ibaiaren (txekieraz: Odra) sorlekua.
-
Hego Bohemiako ikuspegia Kleť menditik
-
Bohemiako paradisua (txekieraz: Český ráj) paisaia babestua
-
Pálava Biosfera Erreserba, Moravia
-
Čeladenka erreka, Silesia-Moraviako Beskideetan
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiak hiru itsaso desberdinetara isurtzen dira: Elba eta Moldava Ipar itsasora, Oder Baltikora eta Morava Itsaso Beltzara.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima kontinental epela du; urteko batez besteko tenperatura 7,9 °C da (0,5 °C otsailean, 18,6 °C ekainean). Temperaturak altitudearekin aldatzen dira. Horrela, Sněžka mendian (1.602 metro) urteko batez besteko tenperatura 0,4 °C besterik ez da, eta hego-ekialdeko Moraviako ordokietan, berriz, 10 °C. Batez besteko tenperaturarik gorenak Pragan neurtu ohi dira, hiriko bero-uhartea dela-eta. Iparraldeko Jizera mendigunea (Sudeteak) da eskualderik euritsuena (1200 mm baino gehiago urtean); prezipitaziorik txikienak hego-ekialdeko Moravian eta Bohemiako ipar-mendebaldean jasotzen dira[3].
Ingurumen arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energia sortzeko indarretxeek sufre bioxido asko kanporatzen dute, eta euri azidoa eragiten dute. Airearen kutsadurak baso eremu handiak hondatu ditu. Lurraldeko zuhaitzen % 75 inguruk defoliazio arazoak ditu. Ura ere oso kutsatua dago leku askotan, batez ere nekazaritza inguruneetan. Industriak, meatzaritzak eta nekazaritzak sortzen dituzten hondakinek arriskuan jartzen dute lurrazalako eta lur azpiko uraren garbitasuna.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde honetako lehenengo giza-aztarnak K.a. 28.000. urte ingurukoak dira. K.a. III. mendetik aurrera, boio izeneko herri zelta iritsi zen. Geroago marcomanni eta quadi tribu germaniarrak finkatu ziren bertan. Migrazioen Garaian, Erdialdeko Europatik hegoaldera eta mendebaldera jo zuten germaniar askok. IV. mendean, eslaviarrak iritsi eta Bohemia erdialdean finkatu ziren.
Bohemiako Erresuma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IX. mendearen amaieran Premysl dinastiak Bohemiako lehenengo erreinua sortu zuen, eta XI. mendean Moraviako lurraldeak hartu zituen. Erdialdeko Europako Erdi Aroko erresuma garrantzitsu samarra izan zen, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuan egon zen beti. 1310. urtean Luxenburgo dinastiak hartu zuen aginpidea. 1355ean, Bohemiako errege zen Karlos I.a Bohemiakoa Inperio Santuaren enperadore izendatu zuten, eta Pragan ezarri zuen Inperioaren hiriburua. Garai hartan kulturak gorakada handia izan zuen.
XV. mendean Jan Husek erreforma bultzatu zuen erlijioan. Haren jarraitzaileak, hustarrak, gogor borrokatu ziren katolikoen aurka, baina 1526. urtean Bohemia Habsburgotarren esku geratu zen. Hala ere, hustarrek borrokak jarraitu zituzten, eta 1627an, Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoren, lurraldea Fernando II.a enperadorearen mendean geratu zen.
XVIII. mende amaieran txekiar nazio sentimentua berpizten hasi zen. 1780ko hamarkadan lehenbiziko txekiar egunkariak karrikaratu ziren eta 1792an Pragako Unibertsitatean txekierazko hizkuntza eta literatura katedra sortu zuten[4]. Napoleondar Gerretan, Germaniako Erromatar Inperio Santua desegindakoan, Austriar Inperioaren zati bilakatu zen Bohemia, eta Austria-Hungariako Inperioarena 1867an.
Munduko gerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerraren amaieran, Austria-Hungariako Inperioa bukatuta, Txekoslovakiako Errepublika independentea eratu zen 1918an. Bohemia, Moravia, Silesia, Eslovakia eta Rutenia Transkarpatikoa zeuden bilduta. Estatu berriak Polonia eta Hungariako zatiak, eta Sudeteetan hiru milioi alemaniarren bizilekua hartzen zituen barruan, gerra irabazi zutenek hala erabakita. Txekiar eta eslovakiar buruzagiek konstituzioa prestatzeko agindu zioten Nazio Biltzar bati. Biltzarrak sistema parlamentario zorrotza hautatu zuen –presidentea, bere ministro kabinetea, eta legegintzarako bi ganbera– eta emakumeari botoa emateko zein hartzeko eskubidea ezagutu zitzaion, aurreneko aldiz. Biltzarrak Tomáš Masaryk izendatu zuen errepublikako lehendakari. Baina estatu berriak alemaniar, hungariar, poloniar eta ruteniar gutxiengoak zituen. Hainbat eskubide eman bazitzaizkien ere, lurralde-autonomia izan gabe, nahigabea eta Txekoslovakiatik alde egiteko gogoa hedatu ziren zenbaiten artean.
1929tik aurrera, mundu osoa erasan zuen Depresio Handiak eragin handiagoa izan zuen Sudeteetan, eskualde industrializatuena zelako, eta alemaniar nazionalismoa piztu zuen. Adolf Hitlerrek agintea lortu zuenean, 1933an, nazionalismoa areagotu egin zen. Sudeteetako alemaniarrek Txekoslovakiatik bereiztea eskatu zuten. 1938an, Ingalaterrak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Txekoslovakiaren egonkortasuna lortzeko Sudeteak Alemaniaren eskuetan uztea erabaki zuten, 1938ko Municheko Itunaren bidez. Masarykek kargua utzi zuen, eta haren ordez, Edvard Beneš izendatu zuten. Ia aurreikus zitekeen bezala, hurrengo urtean Alemaniako gudarosteak Txekoslovakia osoa hartu zuen. 1939ko martxoan, Eslovakia independizatu zen, Hitlerrekin aliatuta. Okupazioa 1945eko maiatzaren 9an amaitu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasuneko gudarosteak okupatua, Txekoslovakiak 1919ko mugak berreskuratu zituen atzera. Hurrengo urteetan, 2,7 milioi alemaniarrak Alemaniara eta Austriara kanporatu zituzten.
Txekoslovakia komunista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1946ko hauteskundeetan, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botoen % 38 eskuratu zituen, eta 1948an, botoen % 51. Azkeneko urte horretan, ekainean, gobernu komunistak hala aginduta, herrialdeak Herri Errepublika izena eta sobietarrena bezalatsuko eredu ekonomikoa hartu zituen. Halaber, Txekoslovakia Sobietar Batasunaren mendeko itun sistemako kide bihurtu zen, alegia, COMECONeko eta Varsoviako Ituneko kide. 1960an, Txekoslovakiako Herri Errepublikak Sozialista deitura hartu zuen. Hamarkada hura aldaketa politiko baten hasiera izan zen. Aurreko hamarkadan Alderdi Komunistatik kanporatutako buruzagi eslovakiarrak atzera onartu zituzten, eta eslovakiarrak sutsuago aritu ziren beren autonomiaren alde borrokan, konstituzio sozialista berriak murriztu egin baitzuen.
1967an, ikasleen manifestazioek alderdi komunistako burua, Antonín Novotný, bere karguaren dimisioa ematera behartu zuten. 1968ko hasieran, Alexander Dubček hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari, eta Ludwik Svoboda lehendakari. Bi buruzagi berriek ekonomiaren deszentralizazio programa bat abiarazi eta nazioaren burujabetasuna berretsi zuten, herriaren gehiengoaren babesaz. Sobietar Batasunak eta Varsoviako hitzarmeneko gainerako kideek erreforma haiek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jartzen zutela iritzi zioten, eta abuztuan sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. Pragako Udaberria deitzen zaioneko buruzagiak alderdi komunistatik kanporatu zituzten, eta herrialdeko politika Sobietar Batasunaren esanetara jarri zen ostera.
Belusezko Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasunean bultzatu zuen erreformak aldaketa handiak eragin zituen Txekoslovakian. 1989an, errepresioa gorabehera, gobernuaren kontrako protestak handitu egin ziren, eta erregimena kinka larrian geratu zen. Gobernuak oposizioko taldeak ordezkatzen zituen Foro Hiritarrarekin negoziatzen hasi behar izan zuen. Urtearen bukaeran, behin-behineko gobernu bat eratu zen, gehiengo ez komunistarekin. Horrela, 1946. urteaz geroztik agintean zegoen erregimen komunistari amaiera eman zitzaion. Abenduan, Foro Hiritarrak alderdi komunista salatu zuen alderdikideak postu nagusietan jartzeaz. Pragan berrehun mila pertsona inguru elkartu ziren, kabinetean oposizioko kide gehiago egon behar zuela eskatzeko. Gustáv Husák lehendakariak dimisioa aurkeztu zuen, eta Václav Havel idazleak hartu zuen haren lekua. Havelek preso politikoentzat amnistia dekretatu zuen, eta hauteskundeak deitu zituen 1990eko ekainerako.
1989tik aurrera, sobietar eta txekoslovakiar gobernuek Armada Gorriko 70 mila soldadu handik ateratzeko egin beharreko urratsak hitzartu zituzten. Lehendakariak kontinentea erdibanatzen zuten bi bloke militarren desagerpena aldarrikatu zuen lehenago, baina Varsoviako Ituna indargabetu zenez gero, eta Jugoslaviakoak bezalako gerra nazionalistak pizteko arriskuaren aurrean, 1991n NATOrekin nolabait elkartzeko eskaria egin zuen, Hungaria eta Poloniarekin batera.
1990eko ekaineko hauteskundeetan Havel atera zen garaile, eta Txekia eta Eslovakiako Errepublika aldarrikatu zen. Hauteskundeen ondoren, Foro Hiritarra bitan banandu zen: Alderdi Hiritar Demokratikoa, eskuinekoa, eta Mugimendu Hiritarra. Eslovakian, Eslovakia Demokratikoaren aldeko Higikundeak herrialdea hartzen ari zen eskuin joerari aurre egitea deitu zuen. Gobernu berriaren erreformek ez zituzten berehala emaitza onak eman. 1991ko martxoan, 185.000 pertsona lanik gabe zegoen, eta urteak aurrera egin ahala askoz gehiago izango zirela kalkulatzen zen.
Txekia burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992ko hauteskundeetan, Txekiako Alderdi Hiritar Demokratikoa eta Eslovakia Demokratiko baten aldeko Higikundea atera ziren garaile, zein bere errepublikan. Federazio berriaren estatutuari buruzko negoziazioek ez zutenez aurrera egiten, txekiar eta eslovakiar buruzagiek elkarrengandik banatzea erabaki zuten, alegia, Txekoslovakia mapatik desagerraraztea eta haren ordez bi errepublika burujabe sortzea: Txekiako Errepublika eta Eslovakiako Errepublika. Txekoslovakiako lehendakari federalak, Václav Havelek, bere karguaren dimisioa eman zuen 1992ko uztailean, Eslovakiako Biltzar Nazionalak errepublika honen burujabetasuna aldarrikatu ondoren. Eslovakiaren nahi nazionalak areagotuta, 1993ko urtarrilaren 1ean Txekiar Errepublika eta Eslovakia jaio ziren.
1993an, Vaclav Havel bera izan zen Txekiar Errepublikako lehen lehendakaria, eta Václav Klaus lehen ministroa. 1994an, Txekiako Errepublika Bakerako Elkartean sartu zen, bloke sozialistako herrialdeak pixkana sartzeko NATOk sortutako erakundean, hain zuzen. Herrialdearen zorra inguruko herrialde komunista ohiena baino txikiagoa zen, eta atzerritarren inbertsioa, berriz, handienetako bat. Klaus lehen ministroak gidatu zuen erreforma ekonomikoa, pribatizazio kanpaina azkar batean oinarritua. 1995ean, Txekiar Errepublika Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (OCDE) kide egiten zen lehen herrialde komunista ohia bihurtu zen. 1996ko hauteskundeetan, sozialdemokratek aurrera egin zuten, eta Klausek Legebiltzarreko gehiengoa galdu zuen. Abenduan, Txekiako Errepublikak eta Alemaniak adiskidantza agiri bat izenpetu zuten. Agirian, Alemaniak barkamena eskatzen zuen naziek Bigarren Mundu Gerran egin zituzten gehiegikeriengatik. Txekiar Errepublikak ere barkamena eskatzen zuen, gerraren ondoren hiru milioi alemaniar Sudeteetatik egozteagatik.
1997an zehar, diruaren debaluazioak kaos politikoa ekarri zuen. Alderdi Hiritar eskuindarra eta haren burua, Klaus, finantza talde jakin batzuei ezkutuko sariz laguntzeaz akusatu zituzten. Havelek Klausi kargua uzteko eskatu zion jendaurrean. Klausek azaroan aurkeztu zuen dimisioa eta Josef Tosovskyk hartu zuen haren lekua. Krisi ekonomikoaren batera, xenofobiak gora egin zuen, eta arrazismo ekintza bortitzak gertatu ziren ijitoak bezalako gutxiengoen aurka. Itxura denez, ekintza horiek biztanleriaren parte handi baten babesa dute. 1998ko apirilean, Txekiako Errepublika NATOko kide bihurtu zen.
2004an Europako Batasunean sartu zen. Václav Klaus politikari kontserbadorea izan zen lehendakaria 2003 eta 2013 bitartean, eta nahiz ez zen Europako Batasunaren zalea, Txekiar Errepublikari egokitu zitzaion 2009ko lehenengo sei hilabeteetan Europako Batasunaren lehendakaritza. 2013ko martxotik Miloš Zeman da Txekiako presidentea.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekia ordezkaritza bidezko demokrazia parlamentarioa da. Presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak (txekieraz: Parlament České republiky) bi ganbera ditu: Diputatuen Ganbera (txekieraz: Poslanecká sněmovna), 200 eserleku dituena, eta Senatua (txekieraz: Senat), 81 eserlekurekin[5].
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000tik, Txekiako Errepublika 13 eskualde (kraje, singularra kraj), gehi hiriburuaz (hlavní město), osaturik dago. Eskualde bakoitzak Eskualde Batzar bat du (krajské zastupitelstvo) eta hejtman edo lehendakari bat. Pragan, eskumen hauek udalbatzak eta alkateak dituzte. Lehengo banaketa administratiboa, 76 barrutikoa (okresy, sing. – okres), 1999an aldatu zen.
(Matrikula) | Eskualdea | Hiriburua | Biztanleria (2004) | Biztanleria (2012)[6] |
---|---|---|---|---|
A | Praga hiriburua (Hlavní město Praha) | 1.170.571 | 1.241.664 | |
S | Erdialdeko Bohemia (Středočeský kraj) | bulegoak Pragan kokatuak | 1.144.071 | 1.279.345 |
C | Hego Bohemia (Jihočeský kraj) | České Budějovice | 625.712 | 636.138 |
P | Pilsen eskualdea (Plzeňský kraj) | Pilsen | 549.618 | 571.709 |
K | Karlovy Vary eskualdea (Karlovarský kraj) | Karlovy Vary | 304.588 | 303.165 |
U | Ústí nad Labem eskualdea (Ústecký kraj) | Ústí nad Labem | 822.133 | 828.026 |
L | Liberec eskualdea (Liberecký kraj) | Liberec | 427.563 | 438.600 |
H | Hradec Králové eskualdea (Královéhradecký kraj) | Hradec Králové | 547.296 | 553.856 |
E | Pardubice eskualdea (Pardubický kraj) | Pardubice | 505.285 | 516.411 |
M | Olomouc eskualdea (Olomoucký kraj) | Olomouc | 635.126 | 638.638 |
T | Moravia-Silesia (Moravskoslezský kraj) | Ostrava | 1.257.554 | 1.230.613 |
B | Hego Moravia (Jihomoravský kraj) | Brno | 1.123.201 | 1.166.313 |
Z | Zlín eskualdea (Zlínský kraj) | Zlín | 590.706 | 589.030 |
J | Vysocina (Kraj Vysočina) | Jihlava | 517.153 | 511.937 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015ean Txekiak 10.553.843 biztanle zituen[2], 134 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin. Biztanleriaren banaketa ez da berdina alde guztietan: Moraviako iparraldeko industria guneetan jende asko bizi da, eta beste leku batzuetan, berriz, Bohemiako hegoaldean, adibidez, oso jende gutxi. Biztanle gehienak hirietan bizi dira, % 73 2015ean[7]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 15,1, 15-64 urte bitartekoak % 66,4, 65 urtetik gorakoak % 18,5[7]. Bizi itxaropena 78,6 urtekoa da, 75,7 urtekoa gizonezkoena eta 81,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespena)[7].
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiarrak dira gizatalde nagusia, biztanleen % 64,3. Moraviarrak % 5 dira eta eslovakiarrak % 1,4 (2011ko zenbatespena)[7]. Horiez gainera, poloniarrak, alemaniarrak, ijitoak, hungariarrak eta ukrainarrak daude.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiera da hizkuntza ofiziala, biztanleriaren 95,4-k hitz egiten duena. Eslovakieradunak % 1,6 dira[7].
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko datuen arabera, % 34 ateoak dira, % 10 katolikoak eta % 0,8 protestanteak; % 45ek ez zuen erantzun[8].
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiria | Eskualdea | Biztanleria[9] | Metropoli eremuko biztanleria | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1. | Praga | Praga | 1 246 780 | 2 300 000 | ||||||
2. | Brno | Hego Moravia | 378 327 | 729 510 | ||||||
3. | Ostrava | Moravia-Silesia eskualdea | 297 421 | 1 164 328 | ||||||
4. | Plzeň | Pilsen eskualdea | 167 472 | 380 000 | ||||||
5. | Liberec | Liberec eskualdea | 102 113 | 270 000 | ||||||
6. | Olomouc | Olomouc eskualdea | 99 471 | 480 000 | ||||||
7. | Ústí nad Labem | Ústí nad Labem eskualdea | 93 747 | - | ||||||
8. | Hradec Králové | Hradec Králové eskualdea | 93 035 | - | ||||||
9. | České Budějovice | Hego Bohemia | 93 883 | 190 000 | ||||||
10. | Pardubice | Pardubice eskualdea | 89 467 | - | ||||||
11. | Havířov | Moravia-Silesia eskualdea | 82 679 | - | ||||||
12. | Zlín | Zlín eskualdea | 76 010 | 450 000 | ||||||
13. | Kladno | Erdialdeko Bohemia | 70 178 | - | ||||||
14. | Most | Ústí nad Labem eskualdea | 67 058 | 95 316 | ||||||
15. | Karviná | Moravia-Silesia eskualdea | 59 627 | - | ||||||
16. | Opava | Moravia-Silesia eskualdea | 58 643 | - | ||||||
17. | Frýdek-Místek | Moravia-Silesia eskualdea | 58 193 | - | ||||||
18. | Karlovy Vary | Karlovy Vary eskualdea | 53 737 | - | ||||||
19. | Jihlava | Vysočina eskualdea | 50 760 | - | ||||||
20. | Děčín | Ústí nad Labem eskualdea | 50 289 | - | ||||||
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekia Europako herri industrializatuenetako bat izan da XIX. mendearen erdialdez geroztik. Bloke komunistaren baitan ere, Txekoslovakia COMECON (estatu sozialisten arteko ekonomia harremanak sendotzeko eta elkarren laguntza sustatzeko sortu zen erakundea, Europar Ekonomia Erkidegoaren parekoa) erakundeko potentzia industrial handienetakoa zen, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoarekin lehiatzen zen teknologia handiko produkzioetan. Komunismoa erori zenean, Txekiak merkatu kapitalistaren beharrizanetara egokitu behar izan zuen bere produkzio azpiegitura. Horrek sektore guztien birmoldaketa eta modernizazioa eragin zuen, eta aldaketa traumatikoa izan zen askotan. Hala ere, Txekiak Europa ekialdeko beste herrialdeek baino baldintza hobeagotan aurre egin zion prozesuari, bere teknika eta zientzia maila handiari esker.
Lehen sektorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015ean, nekazaritza eta abeltzaintzak hartzen zuten barne produktu gordinaren % 2,5[7]. Moraviako eta Bohemiako lur behereetan, laboreak eta azukre erremolatxa egiten dira batez ere, eta behi eta txerri hazkuntzak garrantzi handia du. Bohemiako ibarretan, berriz, zekalea eta patata egiten dira. Oloa pentsutarako erabiltzen da, eta garagarra garagardoa egiteko, batez ere. Izan ere, Txekia munduko garagardo ekoizle handienetakoa da. Laboreez gainera, azukre erremolatxa, patata, tabakoa, kalamua eta lihoa egiten dira, eta baita mahatsa eta fruta ere, baina lekurik beroenetan bakarrik. Abere hazkuntzak ere garrantzia handia du, lurraldeko larre eremu eta pentsu produkzio handiei esker. Basoek lurraldearen laurdena hartzen dute, eta paper eta altzari fabrikak hornitzen dituzte.
Baina Txekiaren aberastasun handienetako bat bere mea baliabideak dira: harrikatza, lignitoa, grafitoa eta uranioa Bohemian, eta ikatza Moravian. Meatoki nagusiak Bohemiako iparraldean eta batez ere Ostravako ikatz arroan daude, Silesian. Gai horiez gainera, gas naturala, burdina, urrea, zilarra eta mea erradioaktiboak ustiatzen dira.
Industria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industriak barne produktu gordinaren % 37,3 sortzen du[7]. Bi sektore nabarmentzen dira guztien gainetik: ehungintza, iparraldean, eta siderurgia, Silesian eta Bohemian. Eraikuntza mekanikoen sektorea ere oso aurreratua dago: zentral nuklearretako osagaiak egiten dira Pilsenen, motorrak Brnon, gerrarako makinak eta tresnak Vitkovicen. Industria kimikoa ere oso aurreratua dago, Ostravako eskualdean batez ere, eta garrantzi handikoa da, baita ere, nekazaritzako produktuen eraldatze industria, batez ere azukregintza eta garagardogintza (Praga eta Pilsenen batez ere). Azkenik, oinetako eta larruzko produktuen fabrikak eta Bohemiako beira industria ospetsua aipatu behar dira.
Turismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turismoa herrialdearen diru iturri nagusietako bat bihurtu da. Ekialdeko Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Errumanian edo Jugoslavian, esate baterako, Txekian bakean gauzatu ziren erreforma demokratikoa eta herrialdearen zatiketa, eta horri esker turismoak ez zuen batere indarrik galdu, alderantziz baizik. Praga da, bertako kultura tradizioagatik eta hiriaren bikaintasunarengatik, turista gehien erakartzen duen lekua.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aireportuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiar idazleen artean, azpimarragarriak dira Franz Kafka, alemanez lan egin zuena, eta Milan Kundera, txekieraz eta frantsesez idatzi zuena.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiako Orkestra Filarmonikoa munduko hoberenen artean dago. Bestalde, Antonín Dvořák (1841–1904) da musikagile klasikorik ezagunena.
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Miloš Forman (1932–), zuzendaria.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Emil Zátopek (1922–2000), atleta.
- Martina Navrátilová (1956–), tenislaria.
- Pavel Nedved (1972–), futbolaria.
- Jaroslav Plašil (1982–), futbolaria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b Czech Republic: Regions and Major Cities. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2016-12-4).
- ↑ République tchèque: conditions climatiques. czech.cz (Noiz kontsultatua: 2016-12-4).
- ↑ Short Introduction to Czech History. lsa.umich.edu (Noiz kontsultatua: 2016-12-7).
- ↑ The Constitution of the Czech Republic. psp.cz (Noiz kontsultatua: 2016-12-9).
- ↑ Počet obyvatel v oblastech, krajích a okresech České republiky k 1.1.2012, Český statistický úřad
- ↑ a b c d e f g Txekia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- ↑ Population by religious belief and by municipality size groups. Czech Statistical Office, czso.cz (Noiz kontsultatua: 2016-12-5).
- ↑ Txekiar Errepublikako udalerrietako biztanleria, 2013ko urtarrilaren 1ean Czso.cz
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Gaur egungo Txekiar Errepublikako eskualde historikoak | ||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
|
Europar Batasuneko estatu kideak | ||
---|---|---|
Alemania · Austria · Belgika · Bulgaria · Danimarka · Errumania · Eslovakia · Eslovenia · Espainia · Estonia · Finlandia · Frantzia · Grezia · Herbehereak · Hungaria · Irlandako Errepublika · Italia · Kroazia · Letonia · Lituania · Luxenburgo · Malta · Polonia · Portugal · Txekia · Suedia · Zipre Sartzeko negoziatzen ari direnak: Albania · Ipar Mazedonia · Montenegro · Serbia · Turkia |