Tsunami
Tsunamia (japonieraz 津波, portuko olatua) olatu erraldoi bat[1][2] edo multzo bat da, itsasoko ur kopuru handia bertikalki eta laster desplazatzen denean sortua. Fenomeno natural hau lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak (itsasikara[1]) sortua da gehienetan[3], baina baita luizi, sumendi erupzio zein meteorito handien talkak ere[3]. Itsaspeko eztanda atomikoek ere sortu omen ditzakete. Horregatik, nahiz eta olatu erraldoi itxura izan, ez dira egiazko olatuak, hauek haizeak eragindakoak baitira.
Fenomeno hau sarrien pairatzen duen eskualdea Ozeano Bareko kostak dira, bertan kokaturik baitago Suzko Eraztuna edo aktibitate sismiko handien duen bi plaka tektonikoen talka lerroa, batez ere Asiako ekialdea.
Garrantzitsua da jakitea ez dela nagusiki tsunamiaren garaiera suntsitzaile egiten duena, baizik eta ur mailaren igoeraren iraupena eta honek desplazatutako ur kopurua: hainbat metro garaierako olatuak, agian hamar metro ingurukoak, sarri agertzen badira ere Ozeano Bareko kostetan, ez dute nahiko ur eramaten lur barnera sartzeko haina. Aldiz, olatuak bi metro eskas izanik ere, ur kopuru handia badu, suntsitzailea izan daiteke oso, lehorrean ehunka metro sartuz, leku laua eta oztopo naturalik gabea bada. Halaxe gertatu zen Indonesiako Banda Aceh estatuan 2005eko abenduan, olatua lehorrean hainbat kilometro sartu baitzen.
Hitzaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izena japonieratik dator, eta bi hitz batuz sortua da: «portu» (tsu, 津) gehi «uhin» edo «olatu» (nami, 波 edo 浪). Grafiari dagokionez euskarak hitza maileguan hartu du, ohiko forma hartuz: tsunami bat, tsunamia, tsunamiak; japonierazko ahoskerari dagokionez, hasierako soinua euskarazko tz-tik hurbilago dago. Japoniako arrantzaleek sortu zuten hitza, noizean behin portura itzultzean kaiko inguruak urak suntsituta aurkitzean, nahiz eta haiek olatu bakar bat ere ez nabaritu itsasoan zeudenean. Tsunamiek uhin garaiera (anplitude) txikia dute itsaso barruan eta uhin luzera handia (maiz ehunka kilometro luze); horregatik, nabarigaitzak dira itsasoan, pasatzen den konkortxo samurtzat ageri baitira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edozein fenomenok eragin dezake tsunamia, ur kopuru handi bat laster desplazatzen badu: lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak, luiziak, sumendi erupzioak zein meteorito handien talkak. Hala ere, lurrikarek sortzen dituzte tsunami kopuruaren %90a (tsunami tektoniko deritzatenak). Tsunami bat sortzeko txikiegia den lurrikara batek itsaspeko luizi handi bat sortu dezake, eta honek tsunamia.
Itsaspeko plaka ozeanikoa bortizki igotzen edo jaisten bada, plaka tektonikoen talka dela eta, gainean duen ur masa desplazatzen du. Grabitatearen eraginez, ur masa handi honek oreka bilatzen du eta alboetara hedatzen da, putzuan botatako harri koxkorrak bezala. Lurrikara eragile hauek batez ere sortzen dira plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian irristatzen denean, subdukzio izeneko prozesuan. Ur desplazamendua hurbildik hurbilera lekualdatzen da eta uhin luzera handiko (askotan ehunka kilometro luze) eta periodo handiko (hamarka minutu) mugimendua sortzen.
Itsaspeko luiziek uste baino ur kopuru handiagoa desplaza dezakete, tsunamia sortzeraino. Sumendi erupzioek eta meteorito talkek sortutakoak bezala, energia kontzentrazio erraldoia izatera irits daitezke, baina lurrikarek sortutakoak baino lasterrago sakabanatzen dira, urrutiko kostetara iritsi gabe. Hala ere, iturburutik gertu talka-uhin erraldoiak (solitoiak) altxa ditzakete, hala nola Lituya Badiako (Alaska) megatsunamia, zeinek 50–150 metro inguruko olatua sortu baitzuen, inguruko 524 metroko mendietara iritsi zelarik.
Fisika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago muga argirik lurrikara baten beharrezko magnitudearekiko tsunami bat sortzeko. Tsunami bat sortzeko elementu erabakigarriak hauek dira: lurrikara sortzailearen magnitudea, hipozentroaren sakonera eta plaka tektonikoen morfologia. Honen ondorioz, planetako toki batzuetan lurrikara handiak behar dira tsunami bat sortzeko, beste batzuetan, berriz, nahikoa dira tamaina txikiagokoak.
Olatuen abiadura honako ekuazioaren bidez zehaztu daiteke[3]:
non D uraren sakonera den, eta g lurreko grabitatea (9,8 m/s²)[4].
Horrela, ur sakonetan olatuen abiadura L uhin-luzerarekiko independentea da. Ur sakonera 1/2L eta 1/25L bitartekoa bada, ekuazio zehatzagoa erabili behar da[3]:
4-5 km-ko sakoneran, olatuek 600 km/h edo gehiagoko abiadura har dezakete. Gainazaleko anplitudea edo gandorraren H garaiera txikia izan daiteke, baina eragiten duten ur masa handia da, eta horregatik da hain handia abiadura. Goraguneen arteko distantzia (uhin luzera) ere handia da. Ohikoa da tsunami baten uhin-katearen luzera 100-200 km edo gehiagokoa izatea.
Gandorren arteko denbora-tarteak (uhinaren periodoa) 10 eta 30 minutu bitartean izan daiteke. Olatua plataforma kontinentalean sartzen denean, sakonera izugarri murrizten denez, olatuaren abiadura txikitu egiten da eta garaiera handitzen. Kostaldera iristean, abiadura 50 km/h-ra murriztu daiteke eta ggaraiera, berriz, 3 eta 30 m artera iritsi, itsaspeko erliebe motaren arabera. Gandorren arteko distantzia ere (L uhin-luzera) kostaldetik gertu estutu egingo da.
Uhina ur-zutabe osoan hedatzen denez, gainazaletik hondoraino, hidrodinamikaren teoria linealerako hurbilketa egin daiteke. Horrela, E energia-fluxua honela kalkulatzen da:
,
non d fluidoaren dentsitatea den.
Teoria linealak iragartzen du olatuek energia kontserbatuko dutela kostaldean hausten ez diren bitartean. Kostaldetik gertu, energiaren barreiadura itsas erliebearen ezaugarrien araberakoa da. Energia hori barreiatzeko modua H/h erlazioaren araberakoa da. Behin lehorrera iritsita, olatuak hausteko modua H/L erlazioaren araberakoa da, L beti H baino askoz handiagoa denez, tsunamia olatu txiki eta lauak bezala hautsiko dira. Energia barreiatzeko modu hau ez da oso eraginkorra, eta horrek olatuak lurrean barneratzea dakar, itsasaldi bizi bat bezala[5].
Atzerakada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uhin guztiek dute tontor positibo eta negatiboa, hau da, gandor bat eta naba bat. Tsunami baten antzeko uhin hedatzaile baten kasuan, Nara ala bestea izan daitezke lehorrera iristen lehena. Gandorra bada, olatu hautsi handi bat edo bat-bateko uholdea izango da lehorrean nabarituko den lehen efektua. Hala ere, iristen den lehen zatia naba bat bada, itsasertza atzeratu daiteke, normalean itsaspean dauden eremuak agerian utziz. Atzerakadak ehunka metrokoa izan daiteke, tsunamiaren indarrren eta itsaspeko erliebearen arabera. Arriskutsua da oso, jendea ez baita ohartzen zein egoera jasa dezaketen, itsasertzera gerturatzen baitira jakin-mina asetzeko edo agerian geratu diren arrainak biltzeko.
Tsunami kaltegarri baten olatualdi 5 eta 60 minutu artekoa izan daiteke[3], baina tipikoa 12 minutukoa da. Horrela, itsasoak atzera egiten du atzerakada fasean, itsaspeko eremuak agertuz lehen 3 minutuen ondoren. Hurrengo 6 minutuetan, urak gandorrean pilatzen da, kostaldean gainezka eginez. Hurrengo 6 minutuetan, uhina gandorretik (goragunetik) nabara (beheragunera) igarotzen da, eta uholdeak atzera egiten du berriro, hondakinak eta biktimak ozeanora eramanez. Prozesua hurrengo olatuekin errepika daiteke.
Neurketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tsunamien eragina edo magnitudea neurtzeko, Richter eskalaren antzeko eskala batzuk erabiltzen dira.
Sieberg-Ambraseys eskalak, BRGMk erabilia (Frantziako Geologia eta Meategi Bulegoa), mailaka sailkatzen ditu tsunamiak[6].
Maila | Larritasuna | Uhina | Eragina |
---|---|---|---|
1 | Oso arina | Mareografoetan bakarrik sumagarria | Gabe |
2 | Arina | Itsasertz lauetan sumatua. | Gabe |
3 | Nahiko larria | Oro har sumatua. | Uholdea malda gutxiko itsasertzetan, eramandako ontziak, kaltetutako eraikuntza arinak. |
4 | Larria | Sumagarria. | Uholdeak. Kaltetutako eraikuntza gotorrak. Eramandako itsasontzi handiak. |
5 | Oso larria | Oso sumagarria | Uholde orokor handiak. Horma eta eraikuntzak larriki kaltetuak. |
6 | Ezin larriagoa | Oso sumagarria | Suntsitutako eraikuntzak itsasertzetik nahiko urrun. Itsartzeko uholde larriak sakonera handiko urekin. Itsasontzi handiak oso kaltetuak. Zuhaitz erauziak edo hautsiak. Biktima ugari. |
Imamura eskalak tsunamiei magnitude bat egokitzen die. Akitsune Imamurak sortua 1942an eta Iidak garatua 1956an, eskala sinpleenetakoa da. Magnitudea kalkultzako, olatuaren garaiera itsasertzean hartzen da kontutan honako formularen arabera[7]:
non magnitudea den eta olatuaren gehienezko garaiera ( logaritmo bitarra da).
Adibidez, 2004ko Indiako ozeanoko tsunamia 4 magnitudekoa izan zen Sumatran eta 2 magnitudekoa Thailandian[7].
Kalteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tsunami batek eragindako suntsiketa eta kalteak hiru faktoreren emaitza zuzena dira: uholdea, olatuen inpaktua egituretan eta eragindako higadura[3]. Pertsonak hondakinez betetako tsunami baten zurrunbiloetan harrapatuta daudenean, hiltzeko arrisku handia dute: itota, kolpe bat jasotzean edo traumatismo bat jasatean. Tsunamiek eragindako ur-laster bortitzek zubi, dike eta bestelako eraikinn zimenduak higa ditzakete, eta hauek eraitsi. Flotazioak eta arraste-indarrek eraginda, etxeak mugitu eta bagoiak irauli daitezke. Flotakinek ere kalte handiak eragin ditzakete. Horien artean, egitura ezberdinen aurka talka egitean jaurtigai arriskutsu bihurtzen diren itsasontzi eta ibilgailuak daude. Tsunami ahulek ere kalteak eragin ditzakete portuetan, bertako ontzi eta azpiegituretan. Ontzietako erregai isuriek edo findegi ahulduek eragindako suteek kalte handiak sor ditzakete, tsunamiak berak baino gehiago. Bigarren mailako beste kalte bat kutsadura kimikoa da, ur zikin kanporatuen ondorioz gerta daitekeena. Gainera, Fukushimako istripuaren ondoren, gero eta kezka handiagoa dago tsunamiaren eragin potentzialari buruz, uren atzerakadak zentral nuklearrak hozteko ur-hartuneak aurkitzen dituenean.
Tsunami suntsitzaile batek eragindako galera edo kalte zuzenak honela laburbil daitezke[3]:
- hildakoak eta zaurituak
- etxe suntsituak, partzialki suntsituak, urpean hartutakoak edo erreak
- beste jabetzei eragindako kalteak eta galera materialak
- itsasontzi kaltetuak, suntsituak edo lehorrera eramanak
- urrutira eramandako egurra
- suntsitutako itsas azpiegiturak
- azpegitura publikoei (trenbideak, bideak, zubiak, etab.) egindako kaltek
Tsunamiak eragindako bigarren mailako eta zeharkako kalteak honakoak izan daitezke:
- etxeak, ontziak, findegiak, gas-estazioak edo beste instalazio batzuk su hartzea
- ingurumen-kutsadura edo osasunerako arriskua, flotakinek, petrolioak eta hondakin arriskutsuen isuriek eragindakoa
- gaixotasun epidemikoak agertzea, larriak izan daitezkeenak eremu trinkoetan.
-
Phuket, Thailandia (2004)
-
2011ko Japoniako tsunamia
-
Indonesiako Banda Aceh estatuan 2004ko abenduan, tsunamia ondoren.
Izandako tsunamiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tsunami gehienak Ozeano Bareko kostetan gertatzen dira, baina mundu osoan gerta daitekeen fenomenoa da, ur kopuru handiak dauden lekuetan (itsaso, ozeano, aintzira). Ehunka tsunami sarri izaten dira, baina hain dira txikiak ezen ez diren arriskutsuenak ere detektatzen, ekipamendu espezializatuarekin ez bada.
1650 K.a. - Santorini
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1650 eta 1600 K.a. tartean (oraindik eztabaidagai), Greziako Santorini sumendi-uharteak eztanda egin zuen, uhartearen bi herenak ur azpira jaurtiz. 100-150 metroko tsunamia sortu zuen eta Kretako kosta suntsitu (70 kmra), kultura minoikoa ia ezabatuz. Gertaera hau jotzen da Platonek Kritias liburuan Atlantisen mitoa idazteko erabilitako iturburutzat.
1755 - Lisboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Milaka lisboatar hil ziren, 1755eko Lisboako lurrikararen ondoren sortutako tsunamiaren ondorioz. Lurrikarak sortutako txikizio eta anabasak milaka portugaldar bultzatu zituen Lisboako kostara, sutetik ihesi. Han, lurrikarak eragindako olatu erraldoiak harrapatu zituen. Katastrofe hartan Lisboako Baixa auzo guztia deuseztatu zen, Pombal markesak berreraiki zuelarik.
1883 - Krakatoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Krakatoa sumendi-uhartea guztiz lehertu zen, barneko magma poltsak presio izugarri handiak jasan ondoren. 40 metroko olatu erraldoia sortu zuen eta 36.000 hildako eragin.
2004 - Indiako ozeanoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2004ko abenduaren 26an Indonesiako mendebaldean dagoen Banda Aceh hiritik kilometro batzuetara epizentroa zuen 9,2 Richter eskalako lurrikarak sortua. 320.000 hildako (210.000 Indonesian bakarrik). Ozeano Indioko kosta guztietan pairatu zuten: Indonesian, Malaysia, Thailandia, Bangladesh, India, Sri Lanka, Somalia, Kenia, Tanzania. Ozeano Barean ez bezala, Indiako ozeanoko herrialdeek ez zuten tsunami alerta zerbitzu garaturik.
2011 - Japonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko martxoaren 11n, Richter eskalan 9,0 magnitudeko lurrikara batek Japonia jo zuen.
Lurrikararen ondoren, tsunami alerta sortu zen Japoniako eta beste herrialde batzuetako kostalderako, Zelanda Berria, Australia, Errusia, Guam, Filipinak, Indonesia, Papua Ginea Berria, Nauru, Hawai, Ipar Mariana uharteak, Estatu Batuak, Taiwan, Erdialdeko Amerika, Mexiko eta Hego Amerikako kostaldeak barne, bereziki Kolonbia, Ekuador, Peru eta Txile.
Japoniak igorritako tsunami alerta, tokiko eskalan larriena izan zen, 10 metroko olatu bat espero baitzen. Kyodo albiste agentziak jakinarazi duenez, 4 m garaiko tsunami batek Iwate prefektura jo zuen. 10 m garai zen tsunami bat ikusi zen Sendaiko aireportuan, urpean geratu zena, eta olatuek autoak eta eraikinak suntsitu zituzten lehorrean barneratu ahala.
20.000 lagun inguru hil ziren Japoniak pairatu zuen tsunamirik gaiztoenean. Gainera, istripu nuklearra eragin zuen Fukushima zentralean[8].
Babesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alerta sistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Barearen inguruko hiri askok, batez ere Mexikon, Perun, Japonian, Ekuadorren, Estatu Batuetan eta Txilen, alarma sistemak eta ebakuazio planak dituzte tsunamien kasuan. Munduko hainbat tokitako zenbait institutu sismologikok tsunamiak aurreikusten dituzte, eta horien bilakaera sateliteek monitorizatzen dute. Tsunami baten etorreraz ohartarazteko lehen sistema, nahiko garatugabea, 1920ki hamarkadan jarri zuten proban Hawaiin. Ondoren, sistema aurreratuagoak garatu ziren 1946ko apirilaren 1eko eta 1960ko maiatzaren 23ko tsunamien ondorioz, suntsipen handia eragin zutenak Hilon (Hawaii). Ameriketako Estatu Batuek Pazifikoko Tsunamien Alerta Zentroa (Pacific Tsunami Warning Center) sortu zuten 1949an, mundu mailako datu eta prebentzio sare baten parte izatera pasa zena 1965ean.
Tsunamien iragarpena oraindik ez da oso zehatza. Itsasikara handi baten epizentroa eta tsunami batek iristeko behar duen denbora kalkula daitezkeen arren, ia ezinezkoa da itsaspeko lurrazalaren mugimendu handirik izan den jakitea, tsunamiak sortzen dituztenak izanik. Horren guztiaren ondorioz, oso ohikoa izaten da alarma faltsuak jotzea. Gainera, sistema horietako batek ere ez du balio ezusteko tsunami baten aurka babesteko.
Batzuetan, itsasikara sortzaileak epizentroa kostaldetik oso gertu izan dezake eta, beraz, lurrikararen eta olatuaren arteko tartea oso txikia izango da. Kasu honetan, ondorioak suntsitzaileak dira, ez baitago denbora nahikorik ingurua ebakuatzeko, eta lurrikarak, berez, aldez aurretik nolabaiteko suntsiketa eta kaosa eragin du, eta, ondorioz, oso zaila da ebakuazio ordenatu bat antolatzea. Hori izan zen 2004ko tsunamiaren kasua; izan ere, Indiako ozeanoan alerta-sistema egokia izan arren, agian ebakuazioa ez zen behar bezain azkarra izan.
-
Tsunami arrisku seinalea (Bamfield, Britainiar Columbia)
-
Tsunami ebakuazio bidea (Washington, AEB)
Arintze sistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tsunami ugariko herrialde batzuetan ingeniaritza neurriak hartu dira itsasertzean eragindako kalteak murrizteko.
Japonia, 1896ko hondamendi latz baten ondoren hasi zen babes-egitasmoak garatzen eta neurriak hartzen[9]. Harrez gero, tsunami horma asko eraiki ditu (12 m garai arte) kostaldeko gune populatuak babesteko. Beste kokaleku batzuetan, 15,5 metroko uholde-konportak eraiki dituzte ibai eta ubideaetan ura bideratu ahal izateko. Hala ere, haien eraginkortasuna zalantzan jarri da, tsunamiak horma gaindi baitezake.
Fukushima Daiichi istripu nuklearra eragindako 2011ko tsunamian, olatuek zentral nuklearreko itsas-horma gainditu zutenean[10]. Iwate prefeturan, tsunamien arrisku handiko eskualdea izanik, tsunami horma ugari daude kostako herrietan, guztira 25 km luze. 2011ko tsunamiak harresien %50 baino gehiago eraitsi zituen eta kalte katastrofikoak eragin[11][12].
UNEPek argitaratutako txosten baten arabera, 2004ko tsunamiak kalte gutxiago eragin zituen hesi naturalak zeuden eremuetan, hala nola mangladietan, koralezko uharrietan edo kostaldeko landaredian. Sri Lankako tsunami honi buruzko japoniar ikerketa batek, satelitezko irudietan oinarritutako modelizazio baten laguntzarekin, kostako erresistentzia parametroak ezarri zituen zuhaitz mota ezberdinen arabera[13].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Tsunami Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-16)
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=tsunami
- ↑ a b c d e f g (Frantsesez)(Gaztelaniaz)“Tsunamiei buruzko glosarioa”, Unesco (2009) frantsesez eta gaztelaniaz
- ↑ (Ingelesez) Barrick, Donald E.. (1979). A coastal radar system for tsunami warning. 8 Remote Sensing of Environment, 353-358 or. doi: . ISSN 0034-4257..
- ↑ (Ingelesez) Boris Levin, Mikhail Nosov: Physics of tsunamis. Springer, Dordrecht 2009, ISBN 978-1-4020-8855-1.
- ↑ (Frantsesez) Definizioak, tsunamis.fr webgunean BRGM (kontsulta: 2021-3-25)
- ↑ a b (Frantsesez) (pdf) Tsunarisque. Le tsunami du 26 décembre 2004 à Aceh, Indonésie. (Noiz kontsultatua: 2018-3-14).
- ↑ Japoniako 2011ko tsunamiaren urteurrena eitb albistegian (2021-3-11)
- ↑ (Ingelesez) Journalist's Resource: Research for Reporting, from Harvard Shorenstein Center. Content.hks.harvard.edu 2012-05-30.
- ↑ (Ingelesez) Phillip Lipscy, Kenji Kushida, and Trevor Incerti. 2013. "The Fukushima Disaster and Japan’s Nuclear Plant Vulnerability in Comparative Perspective". Environmental Science and Technology 47 (May), 6082–6088.
- ↑ (Ingelesez) Fukada, Takahiro. (2011-09-11). «Iwate fisheries continue struggle to recover» The Japan Times: 3. (Noiz kontsultatua: 2016-09-18).
- ↑ Carton Virto, Eider. (2013-12-01). «Fukushima, kezka eta premia» Elhuyar (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) El bosque detiene los tsunamis, una modelización con imágenes satelitales. (Noiz kontsultatua: 2021-3-24).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tsunamia izan eta gero, zer? artikulua (Galarraga Aiestaran, Ana) Zientzia.net webgunean
- Tsunamiak (Antton Alberdi Estibaritz) EuskalNatura.net gunean
- (Ingelesez):Lur-irristatzeak eragindako tsunamia animazio batean, GeoscienceAustralia.
- (Ingelesez):NOAA Tsunami Program.
- (Ingelesez):Tsunami berriak zein historikoak eta datu garrantzitsuak. Mapa batean kokatuta.
- (Ingelesez):2012ko Japoniako tsunamiren irudiak Youtubeko bideoan.