Edukira joan

Trentoko kontzilioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trentoko kontzilioa
Irudia
Jatorrizko izena(it) Concilio di Trento
Motasinodo
Denbora-tarte1545 - 1563ko otsailaren 21a
Parte-hartzaileak

Trentoko kontzilioa[1] Erromako Eliza Katolikoak burututako batzar multzoa izan zen 1545-1563 bitartean. Trento hirian egin zen, Italia iparraldean, orduan gotzain-printze baten menpeko hirian.

Kontzilio honek garrantzi handia izan zuen Erdi Arotik Aro Modernorantzko bidean. Kontzilio ekumenikoa deritzona izan zen, Elizako garrantzi handieneko karguak bildu baitziren aita santuak horrela deituta eta kristautasunari zegokien gaiak eztabaidatzeko xedean. Paulo III.a aita santuak egin zuen deia eta, erreforma protestanteari aurre egiteaz gain, dogma katolikoa finkatzea ere nahi zuen, XVI. mendeko eliza katolikoak degradazio eta krisi larria jasan baitzuen.

Trentoko kontzilioaren ondorio garrantzitsuena kontraerreforma izan zen, hau da, protestantismoari aurre egiteko berpizkunde katolikoa.

Euskal letretarako oso garrantzitsua izan zen. Besteak beste, kristau dotrina tokian tokiko hizkuntzan irakastea onartu zen eta, horren ondorioz, euskarazko lehen dotrina katolikoak idatzi eta inprimatu ziren: Santxo Eltsoren galdua (1561-1568), Betolatzarena (1596), Materrarena (1617), eta abar.

Kontzilioa, segidan ez bazen izan ere, 1545 eta 1563 urteen bitartean garatu zen eta hiru etapa ezberdin bereiz ditzakegu:

  • 1545-1547: Kontzilioari hasiera eman zitzaion. Partaideen gehiengoa italiarra izan arren, nabarmena izan zen espainiarren ordezkaritza eta bere formakuntza. Izurrite baten mehatxuak bilkura bertan behera utzarazi zuen.
  • 1551-1552: Julio III.a aita santuarekin. Alemaniar ordezkaritza nabarmendu zen eta Karlos V.ak traizioa jasan zuen, aliatua zuen Mauricio Saxoniakoa protestanteekin bat egin eta Innsbrucken eraso egin zionean. Berriro utzi behar izan zuten bertan behera kontzilioa.
  • 1562-1563: Pío IV.a aita santuarekin. Ez dago alemaniar ordezkaritzarik eta erreformistarik ere ez. Gaiak bukatu zituzten oraingoan.

Kontzilioan bi alderdi izan ziren aurrez-aurre:

  • Batak jarrera kontziliatzailea proposatzen zuen protestanteekiko, haiekin akordiora iritsi nahi zuelako.
  • Bestea, aldiz, intransigentea zen eta hau izan zen irabazle.

Hitzartutako dogmak ez ziren berriak, baina zehaztu eta argitu egin ziren, doktrina katolikoari elkartasun handiagoa emanez eta ideaia protestanteen aurka eginez. Akordioarekin, kontzilioak bi ideien arteko erabateko haustura ekarri zuen.

Honako hauek dira aplikatu ziren neurrietako batzuk:

  • Gizakiaren salbazioaren ideia, bai fedearen eta baita ekintza onen ondorioz ere.
  • Kleroaren moralizazio maila handiagoa.
  • Kristoren presentzia Eukaristiaren sakramentuan aintzakotzat hartu.
  • Eliz-hierarkiaren goi karguen pilaketaren kontrola.
  • Induljentzien kontrola, abusuei ekidinez.
  • San Jeronimoren Vulgata Bibliako testu ofizial bilakatu.
  • Idatzi Sakratuen interpretazioa Eliza Katolikoaren esku.
  • Zeremonia liturgikoen sistematizazioa.
  • Ama Birjina eta santuen benerazioa.
  • Elizbarrutiko apaizgaitegien sorrera.
  • Parrokia agiritegien sorrera.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2018]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]