Edukira joan

Sykes-Picot Hitzarmena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sykes-Picot Hitzarmena
Datuak
Gauzatua1915eko azaroa -
1916ko martxoa
Onartua1916ko maiatzaren 16a
Aurkeztua1917ko azaroaren 23an Errusiar Gobernu Boltxebikeak
EgileakErresuma Batua Mark Sykes
Frantzia François Georges-Picot
SinatzaileakErresuma Batua Edward Grey
Frantzia Paul Cambon
HelburuaEntente Hirukoitzak Otomandar Inperioa garaituz gero Ekialde Ertaineko lurralde banaketa zehaztea

Sykes-Picot Hitzarmena, ofizialki Asia Txikiko Hitzarmena (ingelesez Sykes–Picot Agreement edota Asia Minor Agreement, eta frantsesez Accords Sykes-Picot) Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua eta Frantziako Hirugarren Errepublikaren arteko ezkutuko hitzarmen bat izan zen, Errusiar Inperioaren onarpena ere izan zuen. Hitzarmen honen helburua Lehen Mundu Gerran Entente Hirukoitzak Otomandar Inperioa garaitzearen kasua emanez gero Ekialde Ertaineko lurralde banaketa zehaztea zen. Hizarmena gauzatzeko negoziaketak 1915eko azarotik 1916ko martxora ezkutuan burutu ziren, eta 1917ko azaroaren 23an Izvestia eta Pravda errusiar egunkari boltxebikeek ezagutzera eman zuten, handik egun gutxira, azaroaren 26an, The Manchester Guardian britainiar egunkariak egiaztatu zuen.

Hitzarmen honek berebiziko garrantzia izan zuen, eskualde honi bere orduko eta etorkizuneko egitura eman baitzion. Irak eta Siriaren arteko muga zehaztu zuen, eta ondorengo Israel eta Palestinaren arteko gatazkan eragina ere izan zuen.

Aditu eta jende askok Mendebaldeko mundua eta Arabiar munduaren arteko harremanen giltzarri edo inflexio puntutzat jo ohi dute. Alde batetik, Lawrence Arabiakoak arabiarrei Otomandar Inperioaren aurka borrokatu eta Britainiar Inperioaren aldeko aliatu bilakatzearen truk Siria Handiaren eremuan aberri arabiar nazional bakar bat sortzeko egin zien zina hautsi zen, eta bestaldetik, Europako bi potentzia kolonialek eremuaren kontrolaren banaketa burutu zuten: Frantziaren esku Turkiaren hego-ekialdea, Iraken iparraldea, Siria eta Libano gelditu ziren, eta Erresuma Batuaren esku, Mediterraneoaren kostaldetik Jordan ibaira zihoan lurraldea, Jordania, Iraken hegoaldea, eta Haifa eta Akre hiri-portuen arteko lur eremu txiki bat ere bai, Mediterraneorako sarbidea izan zezan. Aldiz, Errusiar Inperioak trukean Istanbul, Turkiar itsasarteak eta Armenia bereganatuko zituen.

1918an jada Otomandar Inperioaren porrota aurreikusten zenez, hitzarmena gauzatzeari eta lur eremuak britainiar eta frantziarren artean banatzeari ekin zitzaion. Aldiz, Errusiar Iraultza jazo eta Errusiar Inperioare eta tsarren gobernuaren desegitea jazo zenez, Errusian boterera iritsi berri ziren boltxebikeek 1917ko azaroaren 23an ezkutuko hitzarmena jendaurrean ezagutzera eman zuten, ondorioz "britainiarrak lotsarazi, arabiarrak haserretu eta turkiarrak poztu egin ziren".

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]