Edukira joan

Stegosaurus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Stegosaurus
Jurasiko Berantiar, 155 Ma-150 Ma

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaOrnithischia
FamiliaStegosauridae (en) Itzuli
SubfamiliaStegosaurinae (en) Itzuli
Generoa Stegosaurus
Marsh, 1877
Azpibanaketa
  • S. ungulatus Marsh, 1879
  • S. sulcatus Marsh, 1887
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiabelarjalea
Luzera9 m
Altuera3 m
Masa7 t

Stegosaurus edo estegosauroa ("narrasti teilatuduna", grezieraz) Ornithischia dinosauroen barneko genero bat izan zen. Jurasikoan bizi zen (156 eta 144 milioi urte inguru), gaur egungo Ipar Amerikan eta Europan. 2006an Portugalen ale bat aurkitu zen[1].

Lau hankako belarjalea zen. Bizkarra oso okertua zuen eta bertan kokaturik zituen plaka handien bi lerroengatik errazen identifikatzen den dinosauriotako bat da. Aurreko hankak oso motzak ziren eta horri esker burua lurretik gertu eramaten zuen. Isatsa zurruna zen, arantza luzeak zituena, eta airean eramaten zuen.

Aurkikuntzen historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko fosilak eta izendapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen fosilak Othniel Charles Marshek identifikatu zituen 1877an, Hezurren Gerraren garaian. Fosilak Morrison (Colorado) herriaren iparraldean aurkitu zituen eta Stegosaurus armatus izena eman zien[2]. Plaka handi horiek ikusita, dortoka itxurako animalia bat zela pentsatu zuen eta "narrasti teilatuduna" izena ezarri zion generoari. Hurrengo urteetan, ale gehiago aurkitu ziren eta Marshek berak hainbat argitalpen egin zituen 1877 eta 1897 artean[3].

Espezie berriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
S. ungulatus-aren ilustrazioa (Marsh, 1891)

1878an Edward Drinker Copek antzeko animalia baten fosil zatiak aurkitu zituen eta Hypsirhophus discurus izena eman zion, baina gaur egun Stegosaurusen sinonimo kontsideratzen dute ikerlari gehienek.

Hurrengo urteetan, Stegosaurus espezie berriak aurkitu zituen Marshek: Stegosaurus ungulatus (1879), Stegosaurus "affinis" (1881, egun nomen nudum kontsideratzen dena), Stegosaurus stenops (1887), Stegosaurus duplex (1887) eta Stegosaurus sulcatus (1887)[3]. 1901ean, Frederick Lucasek espezie berria aurkitu zuen eta, Marshen omenez, Stegosaurus marshi izendatu zuen, baina Hoplitosaurus generora aldatu zuten urte horretan bertan.

Harez geroztik, makina bat hezurdura aurkitu dira Wyoming, Utah eta Colorado estatuetan (AEB).

Plaken kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
S. stenops-aren fosil bat (1914), "errepidean harrapatua" ezizena duena.

Museoetan Stegosaurusen hezurdurak eraikitzen hasi zirenean, eztabaidak sortu ziren plaken kokapenaren inguruan[4], izan ere, aurkitu ziren aztarnetan, plakak hezurduraren inguruan edozein modutan agertzen baitziren.

  • Aurreneko interpretazioan Marshek teilatuko teilen antzera kokatu zituen plakak.
  • 1891ean plaka lerro bakarra kokatu zuen Marshek, bizkarraren gainaldean luzatzen zena[5].
  • 1901ean bertan Charles R. Knightek bi lerrotan kokatu zituen, lerro bakoitzeko plakak parekatuta.
  • 1960eko hamarkadan, lerro bietako plakak norantza txandakatuta kokatu ziren[6].
S. ungulatus (laranja) eta S. stenops (berdea), gizaki baten tamainarekin laderatuta.

Hainbat espezie deskribatu dira: handiena Stegosaurus ungulatus zen. Estegosauro helduak 9 metroko luzera[7], 4 metroko garaiera eta 7 tonako pisua zituen[8]. Lau hanka apaxdunek eusten zioten gorputzari. Gorputza aurrerantz estutuz zihoan, buru txikiraino. Beste aldetik, isats zurruna zeukan eta lau arantzaz hornituta zegoen.

Estegosauroaren osagai adierazgarrienak bizkarrean zituen plaka edo xaflak ziren, bi ilaratan antolatuta.

S. stenops baten garezurra.

Garezurra luzea eta estua zen, gorputzarekin alderatuta oso txikia. Sudurra eta begiaren artean dagoen fenestra zuloa txikia zen, egungo txorien antzekoa. Burua lurretik gertu zuenez, landaretza baxua jaten zuen, horrela interpretatzen da aurreko hortzen gabezia eta horren ordez zeukan adar itxurako mokoa. Azpiko baraila alboetatik luzatzen zen, haginak estaliz. Gaur egungo dortoken antzeko itxura bide zuen. Haginak txikiak, triangeluarrak eta lauak ziren, landareak ongi xehatzeko[9].

Garezurraren tamaina ikusita, estegosauroaren garuna intxaurra baino pixka bat handiagoa zen, ziur aski: zentzumenak gutxi garatuta zeuzkala iradokitzen du horrek.

Bizkarrezurrak lepoko 10 orno eta bizkarreko 27 zituen eta ondoren sakroko 4 orno zeuden. Horri isatseko 46 ornoak gehitu behar zaizkio. Hezur muina isatseko 35. ornoraino iristen zen.

Stegosaurus espezie guztiek bizkarraldean plakak zituzten. Elkarrekiko banaturik zeuden 17-22 plaka lau ziren[10]. Osteodermo esaten zaie eta gaur egun hainbat krokodilo espezietan ere ikusten dira. Plaka handienak aldakaren inguruan zeuden eta 60 cm zabal eta 60 cm garai ziren[10], espeziearen arabera plaken tamaina eta kokapena aldatu egiten da, ordea. Plakok keratinazko zorro batek estaltzen zituen[11].

Paleobiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stegosaurus ungulatus baten ilustrazioa.

Aurreneko fosilak identifikatu zituenean, aurreko hankak txikiak zirela ikusita bi hankako dinosauroa izango zela pentsatu zuen Marshek[12]. 1891ean, aldiz, animaliaren gorputz sendoa aintzat hartuta, lau hankatan ibiltzen zela ondorioztatu zuen[5] eta Stegosaurus ungulatusaren ilustrazio famatua egin zuen. Robert T. Bakkerrek proposatu zuen tarteka isatsa tripode gisa erabili eta tente jar zitekeela, zuhaitzetako hostoak jateko[13] baina Carpenterrek kontrakoa irizten zion[14].

Plakak kopulaziorako oztopo izango zirela ikusi da. Hainbat hipotesi proposatu dira: agian emea alboraka etzaten zela, isatsa altxatzen zuela... Baina hortaz ez da erabaki zehatzik hartu[15].

Aurreko hankak eta atzeko hankak hain tamaina desberdinekoak izanik, pentsatzen da animalia nahiko geldoa izango zela eta gehienez ere 6-7 km/h abiadura finkatu zaio[9]. Aurkitu diren oinatzak aztertu ondoren, adin desberdinetako estegosauroek taldeetan bidaiatzen zuela ikusi da. Lauzpabost kumeren aztarnak norabide berean aurkitu dira. Estegosauro gaztea helduaren oinatzak zapaltzen ditueneko arrastoak ere aurkitu dira[16].

Plaken funtzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estegosauroaren plaka bat.

Bizkarreko plakak defendatzeko zirela proposatu zuen Marshek, horregatik deitu zion Stegosaurus armatus ("armatua") aurkituriko aurreneko fosilari[12]. Davitashviliren ustez ordea ez ziren oso baliagarriak defendatzeko, finak zirelako eta asko kulunkatzen zirelako. Animaliaren alboak gainera babesik gabe uzten zituzten[17]. Horrela beraz aurkaria izutzeko funtzioa beteko zutela uste da, animalia handiagoaren itxura emango bailiokete estegosauroari.

Beste teoria batek adierazten du xaflak tenperatura erregulatzekoak zirela, gaur egungo elefanteen edo erbien belarrien antzera, izan ere plaka hauek oso baskularizatuak zeudela ikusi baita[18]. Airea plaka artean igaroz gorputza hozteko erabiliko zituzketen[19]. Kontrako hipotesiak ere badaude; eguzkiaren energia xurgatzeko erabiltzen zutela proposatu izan da[20].

Estegosauroak belarjaleak ziren, dena dela haginak Ornithischia ordeneko gainerako dinosauroengandik desberdinak ziren eta oraindik ez da ongi zehaztu estegosauroen elikadura estrategia[21]. Hortzak ez zeuden elkarri itsatsita eta badirudi goitik beherako mugimendua bakarrik egin zezaketela[22]. Fosiletan ez da gastrolitorik aurkitu, digestioan laguntzeko dinosauroek urdailean sartu izan ohi zituzten harriak, eta ondorioz landare kopuru handiak jan beharko lituzketela proposatu da.

Estegosauroak bizi ziren garaian belarrik ez zegoen oraindik eta goroldioa, iratzeak, azeri buztanak, zikadak, koniferoak eta fruituak jaten zituzten[23].

Stegosaurus stenopsen hezurdura bat, "Sophie" izenaz ezagutzen dena, Londresko Historia Naturalaren Museoan.

Hasiera batean, espezie ugari deskribatu baziren ere, egun hiru espezie ziurtzat hartzen dira, zalantzazko batzuk ere dauden arren[24].

  • Stegosaurus ungulatus (Marsh, 1879), Como Bluff (Wyoming) eremuan aurkitu zen eta "apatxduna" esan nahi du[25]. Estegosauroen artean luzeena zen, 9 metrotaraino iristen baitzen. Portugalen aurkituriko alea espezie horretakoa zela uste da. Stegosaurus stenops espezieak baino atzeko hanka luzeagoak zituen eta bizkarreko plakak ere desberdinak ziren, txikiagoak baina punta zorrotzekoak. Baliteke lerro bietako plakak parekaturik egotea.
  • Stegosaurus stenops (Marsh, 1887), Cañon City (Colorado) eremuan aurkitu zen eta "aurpegi estua" esan nahi du[26]. Hezurdura guztia aurkitu denez, ongien ezagutzen den estegosauroa da. Horretaz gain, gazte eta helduen 50 hezurdura partzial aurkitu dira. Bizkarreko plakak txandakaturik zituen.
  • Stegosaurus sulcatus (Marsh, 1887), "ildaskatua" esan nahi du[26]. Stegosaurus armatus espeziearen sinonimotzat hartu izan da historikoki, baina gaur egun desberdinak direla uste da. Espezie horren isatseko arantzak luzeak eta ildaskatuak ziren.

Zalantzazkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Stegosaurus armatus (Marsh, 1877), aurkitu zen aurreneko estegosauro alea izan zen eta "armatua" esan nahi du[2]. Hezurdura partzialak baino ez dira aurkitu, 30 inguru[22]. Fosil guztiak hain egoera eskasean daudenez, zaila da gainerako espezieekin alderatzea; horregatik, egun nomun dubium ("zalantzazkoa") kontsideratzen da[24]. Generoaren espezie tipo izateko, Stegosaurus stenopsak hartu zuen haren lekua.
  • Stegosaurus "affinis" (Marsh, 1881). Pubis-hezur bat baino ez da aurkitu[3].
  • Diracodon laticeps (Marsh, 1881). Baraila hezur bat aurkitu da[27].
  • Stegosaurus duplex (Marsh, 1887)[24].

Berdefiniturikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat espezie hasiera batean Stegosaurus generokoak kontsideratu baziren ere, gaur egun beste genero batzuetan daude.

  • Stegosaurus marshi (Lucas, 1901) Hoplitosaurus generoan sartu zen 1902an[28].
  • Stegosaurus priscus (Nopcsa, 1911) Lexovisaurus generoan sartu zen eta gaur egun Loricatosaurus generoko espezie tipoa da[29].
  • Stegosaurus longispinus (Charles W. Gilmore, 1914)[3] Alcovasaurus generoko espezie tipoa da[30].
  • Stegosaurus madagascariensis (Piveteau,1926). Madagaskarren aurkituriko hortz bat baino ez zen eta gaur egun oraindik ez da inon kokatu.

Ondorengo kladograma hau Mateusek eraiki zuen 2009an[31]:

Stegosauridae

Kentrosaurus

Loricatosaurus

Dacentrurus

Miragaia

Stegosaurus

Wuerhosaurus

Hesperosaurus

Paleoekologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Allosaurus bat estegosauro heldua eta gaztea erasotzen, Denverreko Natura eta Zientzia museoan.

Stegosaurus ugari aurkitu diren Morrison Formazioa ingurune nahiko lehorra izango zen, ongi bereizitako sasoi hezea eta lehorra zituena. Uholde lautadak zeuden eta ibaien ertzean konifero zuhaitzak eta iratzeak bide zeuden. Haietaz gain, alga berdeak, onddoak, goroldioak, zikadak, gongkoak eta azeri-buztanak aurkitu dira; animaliei dagokienez, bibalboak, barraskiloak, arrainak, igelak, arrubioak, dortokak, muskerrak, krokodilazeoak...

Estegosauroarekin batera, beste hainbat dinosaurio ere bizi izan ziren, besteak beste, Allosaurus terapodo haragijalea eta Brachiosaurus, Apatosaurus, Diplodocus sauropodoak. Dena dela, estegosauroak horiek baino eremu lehorragoak atsegin zituen[32].

Stegosaurus-a egungo kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Identifikatzeko erraza izanik filma, marrazki bizidun eta komiki askotan agertu ohi da. Halaber, haurrentzako jostailu ugari ere egin dira. Hasierako fosilak egoera kaskarrean zeudenez, itxura desberdin asko eman izan zitzaizkion, baina 1891ean Marshek itxura zehaztu zuenetik, dinosauro marraztuenetakoa da.

Marsh-en ilustrazioa erabili zen King Kong (1933) filmean agertu zen estegosauroa eraikitzeko[33].

Museo askotan ezinbestekoak dira estegosauroaren hezurdura eraikiak. Ezaguna da Londresko Historia Naturalaren Museoko "Sophie" izeneko estegosauroaren hezurdura, geologia atalera sartzeko korridorean[34].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Stegosaurus | Amigos de los Dinosaurios y la Paleontología» Mundo Prehistórico (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  2. a b (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1877-12-01). «A new order of extinct Reptilia (Stegosauria) from the Jurassic of the Rocky Mountains» American Journal of Science s3-14 (84): 513–514.  doi:10.2475/ajs.s3-14.84.513. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  3. a b c d Gilmore CW. (1914). Osteology of the armored Dinosauria in the United States National Museum, with special reference to the genus Stegosaurus. Series: Smithsonian Institution. United States National Museum. Bulletin 89 (89)..
  4. Colbert, EH. (1962). Dinosaurs: Their Discovery & Their World. Hutchinson Press, London, 82-99 or. ISBN 978-1-111-21503-3..
  5. a b (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1891-08-01). «Restoration of Stegosaurus.» American Journal of Science s3-42 (248): 179–181.  doi:10.2475/ajs.s3-42.248.179. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  6. Cameron, Robert P.; Cameron, John A.; Barnett, Stephen M.. (2015-08-15). «Were there two forms of Stegosaurus?» arXiv:1508.03729 [q-bio] (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  7. Holtz, Thomas R. Jr.. (2012). Dinosaurs: The Most Complete, Up-to-Date Encyclopedia for Dinosaur Lovers of All Ages. .
  8. (Ingelesez) Benson, Roger B. J.; Campione, Nicolás E.; Carrano, Matthew T.; Mannion, Philip D.; Sullivan, Corwin; Upchurch, Paul; Evans, David C.. (2014-05-06). «Rates of Dinosaur Body Mass Evolution Indicate 170 Million Years of Sustained Ecological Innovation on the Avian Stem Lineage» PLOS Biology 12 (5): e1001853.  doi:10.1371/journal.pbio.1001853. ISSN 1545-7885. PMID 24802911. PMC PMC4011683. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  9. a b Fastovsky DE, Weishampel DB. (2005). Stegosauria: Hot Plates. In Fastovsky DE, Weishampel DB (eds.). The Evolution and Extinction of the Dinosaurs (2nd ed.). Cambridge University Press, 107-30 or. ISBN 978-0-521-81172-9..
  10. a b Revan, A.. (2011). Reconstructing an Icon: Historical Significance of the Peabody’s Mounted Skeleton of Stegosaurus and the Changes Necessary to Make It Correct Anatomically. Doctoral dissertation, faculty of the Department of Geology and Geophysics, Yale University..
  11. (Ingelesez) Christiansen, Nicolai A.; Tschopp, Emanuel. (2010-09-01). «Exceptional stegosaur integument impressions from the Upper Jurassic Morrison Formation of Wyoming» Swiss Journal of Geosciences 103 (2): 163–171.  doi:10.1007/s00015-010-0026-0. ISSN 1661-8734. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  12. a b (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1880-03-01). «Principal characters of American Jurassic dinosaurs, Part III» American Journal of Science s3-19 (111): 253–259.  doi:10.2475/ajs.s3-19.111.253. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  13. (Ingelesez) Bakker, Robert T.. (1978-08). «Dinosaur feeding behaviour and the origin of flowering plants» Nature 274 (5672): 661–663.  doi:10.1038/274661a0. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  14. (Ingelesez) Mallison, Heinrich. (2010-09-01). «CAD assessment of the posture and range of motion of Kentrosaurus aethiopicus Hennig 1915» Swiss Journal of Geosciences 103 (2): 211–233.  doi:10.1007/s00015-010-0024-2. ISSN 1661-8734. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  15. Isles, Timothy E.. (2009-09-01). «The socio-sexual behaviour of extant archosaurs: implications for understanding dinosaur behaviour» Historical Biology 21 (3-4): 139–214.  doi:10.1080/08912960903450505. ISSN 0891-2963. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  16. «Arquivo.pt» arquivo.pt (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  17. Davitashvili L. (1961). The Theory of sexual selection. Izdatel'stvo Akademia nauk SSSR, 538 or..
  18. (Ingelesez) Buffrénil, V. de; Farlow, J. O.; Ricqlès, A. de. (1986/ed). «Growth and function of Stegosaurus plates: evidence from bone histology» Paleobiology 12 (4): 459–473.  doi:10.1017/S0094837300003171. ISSN 0094-8373. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  19. (Ingelesez) Farlow, James O.; Thompson, Carl V.; Rosner, Daniel E.. (1976-06-11). «Plates of the Dinosaur Stegosaurus: Forced Convection Heat Loss Fins?» Science 192 (4244): 1123–1125.  doi:10.1126/science.192.4244.1123. ISSN 0036-8075. PMID 17748675. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  20. Main RP, Padian K, Horner J. (2000). Comparative histology, growth and evolution of archosaurian osteoderms: why did Stegosaurus have such large dorsal plates?. Journal of Vertebrate Paleontology. 20: 56A..
  21. Fastovsky, David E. & Weishampel, David B.. (2009). Dinosaurs: A Concise Natural History. Cambridge, GBR: Cambridge University Press, 89-90 or. ISBN 978-0-511-47789-8..
  22. a b Galton PM, Upchurch P. (2004). Stegosauria. In Weishampel DB, Dodson P, Osmólska H (eds.). The Dinosauria (2nd ed.). University of California Press ISBN 978-0-520-24209-8..
  23. «Stegosaurus» web.archive.org 2007-03-12 (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  24. a b c Carpenter K, Galton PM. (2001). Othniel Charles Marsh and the Myth of the Eight-Spiked Stegosaurus. In Carpenter K (ed.). The Armored Dinosaurs. Indiana University Press., 76-102 or. ISBN 978-0-253-33964-5..
  25. (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1879-12-01). «Notice of new Jurassic reptiles» American Journal of Science s3-18 (108): 501–505.  doi:10.2475/ajs.s3-18.108.501. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  26. a b (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1887-11-01). «Principal characters of American Jurassic dinosaurs; Part IX, The skull and dermal armor of Stegosaurus.» American Journal of Science s3-34 (203): 413–417.  doi:10.2475/ajs.s3-34.203.413. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  27. (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1881-05-01). «Principal characters of American Jurassic dinosaurs, Part V» American Journal of Science s3-21 (125): 417–423.  doi:10.2475/ajs.s3-21.125.417. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  28. (Ingelesez) Michels, John. (1902). Science. American Association for the Advancement of Science (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  29. Maidment, Susannah C. R.; Norman, David B.; Barrett, Paul M.; Upchurch, Paul. (2008-01-01). «Systematics and phylogeny of Stegosauria (Dinosauria: Ornithischia)» Journal of Systematic Palaeontology 6 (4): 367–407.  doi:10.1017/S1477201908002459. ISSN 1477-2019. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  30. Galton, Peter M.; Carpenter, Kenneth. (2016-02-05). «The plated dinosaur Stegosaurus longispinus Gilmore, 1914 (Dinosauria: Ornithischia; Upper Jurassic, western USA), type species of Alcovasaurus n. gen.» Neues Jahrbuch f??r Geologie und Pal??ontologie - Abhandlungen 279 (2): 185–208.  doi:10.1127/njgpa/2016/0551. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  31. Mateus, Octávio; Maidment, Susannah C.R.; Christiansen, Nicolai A.. (2009-05-22). «A new long-necked ‘sauropod-mimic’ stegosaur and the evolution of the plated dinosaurs» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 276 (1663): 1815–1821.  doi:10.1098/rspb.2008.1909. PMID 19324778. PMC PMC2674496. (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).
  32. Dodson, Peter; Behrensmeyer, A.K.; Bakker, Robert T.; McIntosh, John S.. (1980). Taphonomy and paleoecology of the dinosaur beds of the Jurassic Morrison Formation. Paleobiology. Cambridge University Press. 6 (2):, 208–232 or..
  33. Moore, R.. (2014). Dinosaurs by the Decades: A Chronology of the Dinosaur in Science and Popular Culture. ABC-CLIO..
  34. (Ingelesez) «A Stegosaurus brought to life» www.nhm.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2021-01-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]