Sarah Kirsch
Sarah Kirsch (Limlingerode, Harz, Alemania, 1935eko apirilaren 16a - Heide, Schleswig-Holstein, 2013ko maiatzaren 5a) alemanezko idazlea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batxiler-ikasketak bukatuta, azukre-fabrika batean lanean hasi zen, eta baso-ingeniaritzako eta biologiako ikasketak hasi zituen gero. 1963-1965 bitartean literatura-ikasketak egin zituen Leipzigen, eta berehala bere lehen literatura-lanak argitaratzen hasi zen.
Poeta gisa izan zen ezaguna, baina poesiaz gainera irratirako istorioak eta kontakizunak ere idatzi zituen, haurrentzat batez ere: Die ungeheuren bergehohen Wellen auf See (1973, Mendia bezain gorako itsas uhin handiak), Allerlei-Rauh (1988, Astalarrua), Das simple Leben (1994, Bizitza soila). Bere poesiaren musikaltasuna eta soiltasuna direla-eta, herri-poesiaren tradizioan sartu ohi da, baina baita Britting, Krolow eta Bachmann poeten ildoaren jarraitzaile gisa ere. Bere poema gehienak amodioa eta izadia dute mintzagai; ez da ordea poesia harmonikoa edo idilikoa, gatazka, beldur eta hausturez betea baizik. Bere obrak arrakasta handia izan zuen aleman hiztunen artean eta sari asko jaso zituen, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren Heinrich Heine saria (1973), Europar Literaturako Petrarka Saria (1976) eta Konrad Adenauer Fundazioarena (1993), besteak beste.
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Landaufenthalt (1967, Egonaldia lehorrean)
- Erdreich (1982, Lurreko inperioa)
- Katzenleben (1984, Katu-bizitza)
- Hundert Gedichte (1985, Ehun poema)
- Schneewärme (1989, Elurraren beroa)
- Erlkönigs Tochter (1992, Elfoen erregearen alaba)
- Wasserbilder (1993, Ur irudiak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sarah Kirsch |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.