Petro Poroxenko
Petro Oleksiovytx Poroxenko (ukraineraz: Петро́ Олексі́йович Пороше́нко; Bolhrad, 1965eko irailaren 26a) ukrainar enpresaburu eta politikaria da. 2014ko ekainaren 7tik 2019ko maiatzaren 20ra arte Ukrainako presidentea izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Petro Poroxenko 1965ean jaio zen, Odesako oblasteko Bolhrad herrian[2], baina Vinnytsia hirian hazi zen. 1982-1989 bitartean, Nazioarteko Harremanak eta Nazioarteko Zuzenbidea ikasi zituen Kievko estatu-unibertsitatean[3]. Perestroika garaiko liberalizazioaz baliatu zen kakaoaren negozioan sartzeko, eta aberastasun handia bildu zuen gozogintzaren industriarekin. Hori dela eta, Txokolate erregea ezizena eman zitzaion[2]. Izan ere, Roshen, haren enpresa-taldea, gozogintzaren arloko liderra da Ekialdeko Europako zenbait herrialdeetan[2]. Horrezaz gain, automobilgintza, ontzigintza eta hedabide enpresak ere ditu[3]. Forbes aldizkariaren arabera, 1.300 milioi dolarreko dirutza dauka[4].
1998an Verkhovna Radako aulkia lortu zuen[5] Garai hartan, Leonid Kutxma presidenteari sustengua ematen zion Ukrainako Alderdi Sozial Demokratako (ukraineraz: Соцiал-демократична партiя України) kidea zen. 2000. urtean Solidaritate (ukraineraz: Солідарність, translit.: Solidarnist) alderdia eratu zuen, eta urte berean Eskualdeen Alderdiaren (ukraineraz: Партія регіонів, translit.: Partiya regioniv) sortzaileetako bat izan zen. Urte haietan Mykola Azarovekin elkarlanean aritu zen[3].
2001ean, ordea, Eskualdeen Alderdia utzi eta oposizioan zegoen Viktor Justxenkoren Gure Ukraina (ukraineraz: Наша Україна) koalizioarekin bat egin zuen. 2002ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Radako aulkia erdietsi zuen. 2004ko presidentetzarako hauteskundeetan Justxenkoren kanpainako buruordea eta babesle nagusia izan zen[3]. Hauteskundeen ostean piztu zen Viktor Janukovitxen aurkako Iraultza Laranjaren mezenas nagusitzat hartzen da. Izan ere, bere jabetza den 5 Kanala (ukraineraz: 5 канал) telebista katea garrantzi handiko arma izan zen matxinadan[6]. Justxenko presidente bilakatu zenean, Poroxenko Segurtasun Nazional eta Defentsa Kontseiluko idazkari izendatu zuten, baina 2005eko irailean kargugabetua izan zen, ustelkeriaz akusaturik[3].
2006an Radako aulkia atxiki zuen arren, ondoko urtean hauteskundeak errepikatu behar izan ziren eta bera ez zen aurkeztu. 2009-2010 bitartean Kanpo Harremanetarako ministroa izan zen Justxenkoren gobernuan[7]. Kargu horretatik Ukraina NATOn sartzearen aldeko jarrera erakutsi zuen[8]. 2012ko martxotik abendura, berriz, Garapen Ekonomiko eta Merkataritza ministroa izan zen Viktor Janukovitxen gobernuan[9]. 2013ko azaroan sortu zen Euromaidan izeneko protestaldi europazalearen alde agertu zen, eta ekonomikoki babestu zuen[3]. Protestaldien ondorioz, 2014ko otsailean Ukrainako parlamentuak Viktor Janukovitx presidente kargutik kendu eta hauteskunde aurreratuak deitu zituen[10].
2014ko maiatzaren 25ean egin ziren presidentetzarako hauteskundeetan nagusitu zen, bozen %57 lortuta. Bigarren bozkatuena Julia Timoxenko lehen ministro ohia izan zen, %12,39arekin. Poroxenkok guztira bozen %50 baino gehiago bildu zituenez, ez zen beharrezkoa izan bigarren itzulia egitea.[11]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Petro Poroxenko Ukrainako presidente berria da dagoeneko, eitb.eus, 2014ko irailaren 8an kontsultatua
- ↑ a b c Torre, Marina, Petro Porochenko, le ″roi du chocolat″, favori des élections présidentielles en Ukraine, latribune.fr, 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ a b c d e f Olszanski, Tadeusz A., Wierzbowska-Miazga, Agata, Poroshenko, President of Ukraine, osw.waw.pl, 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ The World's Billionaires: Petro Poroshenko, forbes.com, 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ Ukrainako Presidentearen webgune ofiziala, president.gov.ua. 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ Rodriguez, Mikel, ″Txokolate erregea″, tronua zain, berria.eus, 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ Ukrainian president proposes Petro Poroshenko for foreign minister, en.interfax.com.ua
- ↑ Poroshenko: «Ukraine could join NATO in 1-2 years, with political, public will», kyivpost.com, 2014ko irailaren 17an kontsultatua.
- ↑ L'oligarque Porochenko favori de la présidentielle ukrainienne, lapresse.ca, 2014ko irailaren 17an kontsultatua.
- ↑ Velte, Samara, Viktor Janukovitx kargutik kentzea onartu du Ukrainako Parlamentuak, berria.eus, 2014ko irailaren 8an kontsultatua.
- ↑ Aranburu, Iera. Enpresari milioidun bat izango da Ukrainako presidente berria. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziapean argitaratua (Noiz kontsultatua: 2014-9-8).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Petro Poroxenko |