Maximiliano II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa
Maximiliano II.a Habsburgokoa (Viena, 1527ko uztailaren 31 – Ratisbona, 1576ko urriaren 12a) Austriako artxidukea izan zen 1564-1576 bitartean, Hungariako (1563-1572) eta Bohemiako (1562-1576) erregea, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea (1564-1576). Bere politika erlijioso liberalari esker Alemaniako katoliko eta protestanteen arteko bakealdi bat lortu zen. Artisten mezenas eta humanista izan zen, baina bere helburu politikoak ez zituen gauzatu, ez etxean, ez atzerrian[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fernando I.a enperadorearen eta Ana Jagellon Hungariakoaren semea zen. Espainiako gortean hezi zen. Karlos V.aren aginduetara ibili zen hark frantsesen (1544) eta Esmalkaldako Ligaren (1547) aurka izan zituen gatazketan. Haren alaba Mariarekin ezkondu zen 1548an. Hala ere, Erreforma Protestantearen aldera agertu zuen zaletasunagatik ez zuten errege egin. Azkenean katoliko bihurtu behar izan zuen Bohemiako eta Hungariako errege izateko (1562). 1564an enperadore bihurtu zen. Protestanteen eta katolikoen artean bakea egiten saiatu zen, baina hartu zituen neurriak gehiago izan ziren protestanteen mesederako. Fernando I.a hiltzean turkiarrek baliogabeko deklaratu zuten 1562ko su-etena. 1566an Suleiman Bikainak Vienari erasoa jo zion. Hura hil zenean haren seme Selim II.ak hartu zuen aginpidea, eta 1568an zortzi urterako bakea sinatu zuen Maximilianorekin, baina guztiarekin ere ez zion hark bakerik eman.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Maximilian II Encyclopædia Britannica
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maximiliano II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa |