Edukira joan

Liktor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Liktorra, fasces-a lepoan hartuta

Liktor (latinez lictor, -oris singularrean, lictores, -orum pluralean) Antzinako Erromako imperiuma zuten magistratu nagusien epaiak betearazteko arduraduna zen, hau da, derrigortzeko eta zigortzeko boterea zuen.

Izenaren etimologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aulio Gelioren arabera lictor hitzak ligare "lotu" aditzarekin lotuta legoke, liktoreek errudunak lotzen zituztelako azken oinazera eramateko unean[1].

Liktorrak fasces edo sortaizkora magistratuaren izenean eramaten zuen, aginpidearen ezaugarri gisa, eta magistratuaren zerbitzura egoten zen jendaurrean, eskolta moduan. Liktorrak banan-banan joaten ziren ilaran, magistratuaren aurretik, hari bidea egiteko. Azkena edo eskolta ematen zuen pertsonaiarengandik hurbilen zegoena (proximus lictor) guztien artean garrantzitsuena zen, eta magistratuak berari ematen zizkion aginduak[2].

Errudunak zigortzea ere liktorraren ardura zen edo hiltzea ere, erromatar hiritarrak baziren[3]; atzerritarrak edo esklaboak baziren borreroaren (carnifex) lana zen[2]. Bestalde, magistratuaren etxea zaintzeaz ere arduratzen zen.

Tito Liviok, bere Ab urbe condita liburuan, magistratuak bere liktorrei asaldatzaile edo setati bat heltzeko manua ematen dien zenbait aldi kontatzen ditu. Orduan, liktoreek arropak kentzen dizkiote eta makilekin jotzen dute[4].

Bi magistratu gurutzatzen direnean, beheragoko mailako magistratuaren liktoreek beren fasces jaisten dituzte, begirunearen adierazgarri. Gauza bera egiten dute Vestaren birjina bat bidean gurutzatzen badute.

Erroma barruan daudenean, fasces-aren aizkoraren burdina ezkutatuta dago, eta agerian dago Urbs-eko pomeriuma uzten dutenean.

Etruriar jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liktoreak Erromatar Monarkiaren garaitik dokumentatzen dira, eta etruriar jatorria izan dezakete. Liktoreak errege etruskoen aurretik joaten ziren, lepoan fasces hartuta. Errege bakoitzak, hamabi ziren, bere liktorra omen zeukan, baina botere guztia bakar batek behar zuenean (gerra garaietan kasu) hamabi liktore omen zituen. Silio Italikoren arabera, liktoreak eta fasces edo sortaizkorak Vetulonia hiritik sartuko ziren[5]. Baieztapen hau oinarritzen du Vetuloniako antzinako hilobi etrusko batean ("liktorearen hilobia" esaten zaio) fasces baten hondarrak aurkitu izanak, bertatik bi ahoko aizkora bat ateratzen zelarik[6]. Aztarna bakar honen interpretazioa antzinako testu baten argitan zuhurtziaz hartzen da gaur egun.

Monarkia garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako lehen erregeak, Romulok, ezarri zituen liktoreak, eta hamabi izendatu zituen bera zaintzeko. Liviok bi tradizio kontrajarri aipatzen ditu kopuruari buruzkoak. Lehenengo bertsioa da hamabi izan zelako augurioan agertutako hegaztien kopurua. Bigarren bertsioa da, berriz, etruriar errege kopurua hamabi zelako, estatu bakoitzeko bat, eta liktor bana izaten zutela[7]. Erromako erregeek, beraz, hamabi liktor izaten zituzten aurretik.

Errepublika garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregeengandik imperiumdun magistratuengana igaro zen liktoreak eramatearen duintasuna; hauek magistratuei eskolta ematen zieten eta ordena publikoa eta presoen zaintza bermatzen zuten.

Tarkiniotarren kanporatzearen ondoren, kontsulek izan zuten hamabi liktorren eskolta izateko eskubidea; bi kontsulak Erroman bazeuden, haietako batek bakarrik zuen aizkorak bistan zituzten liktorrak eramateko eskubidea, besteak, berriz, aizkorarik gabeko fascesak bakarrik zituela aritu behar zen. Valerio Publikolaren ondoren, aizkorak debekatu zituzten eta liktoreak kontsuletako bakar batek eramaten zituen eta besteak aperitor bakar bat. Erromatik kanpo eto armadaren buru bazihoazen kontsul bakoitzak zeramatzan bere hamabi liktoreak bere aizkoradun fasces-ekin[8].

Magistratu bakoitzaren aurreko liktore-kopurua garrantziaren arabera aldatzen da: bi edil kurulentzat, sei probintzietako pretorearentzat (bi Erromakoentzat), hamabi kontsul bakoitzarentzat[6]. Diktadoreak bi kontsulen liktoreak biltzen ditu, hogeita lau guztira.

Erromatar Errepublikaren amaieran, beste pertsonaia ofizial batzuek ere liktoreak zituzten lagun, hala nola Vesaren birjinak eta enperadorearen familiako emakumeak[2].

Inperio garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublika amaitzean, liktoreen babes eto bizkarzain zereginak guardia militarrak hartzen ditu, pretoriar guardia izango dena gerora, eta ohorezko eginkizuna dute magistratuekin eta pertsona gorenekin.

Oktavio Augustok, triunvir bezala, 24 liktore izan zituen, diktadore batek adina. Gero, kontsul bezala K.a. 33an eta, ondoren urtero, K.a. 31tik K.a. 23ra, hamabi likore izan zituen. K.a. 23aren ondoren, ez du kontsulatua onartzen baina, hala ere, K.a. 19an hamabi liktor Erroman eta kanpoan edukitzeko eskubide iraunkorra jasotzen du. Enperadoreek hamabi liktore izaten zituzten eta Domizianoren garaian enperadoreak 24 liktore izatea berreskuratu zuen[9].

Magistratuek eta prokontsulek liktore kopuru bera mantentzen dute Inperioan eta funtzio inperial berrien jabeek, berriz, garrantziaren arabera eta Erromatik kanpo dihardutenean: bi pretoriar edo kontsul-mailako magistratuentzat (curator, hiriko prefektua, Saturnoren altxorreko prefektua, altxor militarreko prefektua edo aerarium militare), bost liktor legatu propretoreentzat, eta prokontsulek, berriz, hiru. Seviri augustalek ere, kultu inperialeko apaizek, euren joan-etorrian liktor batekin ibiltzen ziren[10].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Auli Gellii Noctes Atticae: Liber XII, 3» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Enciclopedia moderna, 26: diccionario universal de literatura, ciencias, artes, agricultura, industria y comercio. Establecimiento Tipográfico de Mellado 1833 (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  3. «Livy: Book XXIV, 44» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  4. «Livy» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  5. «Silius, Liber VIII, 485» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-09).
  6. a b Heurgon, Jacques, La vida cotidiana de los etruscos, Ed. Temas de Hoy, 1994, 60-72 orr.
  7. «Livy I, 8» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  8. «Cicero: de Re Publica II, 53» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  9. «Cassius Dio Cocceianus, Historiae Romanae, book 67, chapter 4, section 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  10. «Petronius: Satiricon, 65» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]