Laurent Schwartz
Laurent Schwartz (Paris, Frantzia, 1915eko martxoaren 5a - Ib., 2002ko uztailaren 4a) matematikaria izan zen.
Parisko École Normale Supérieuren egin zituen lehenengo ikasketak, eta 1937an graduatu zen matematikan. Doktoregoko ikasketak Estrasburgoko Zientzietako Fakultatean egin zituen. Hurrengo urteetan, Grenobleko eta Nancyko zientzietako fakultateetan aritu zen irakasle, eta garai hartan egin zuen banaketaren teoriari buruzko lan famatua. 1953an Parisa itzuli zen, eta han irakasle egon zen, 1959 arte.
Parisko Eskola Politeknikoan ere irakatsi zuen, eta erretiratu baino lehen, hiru urte eman zituen Parisko VII. Unibertsitatean. Banaketen teoriari buruzko ideiak Généralisation de la notion de fonction, de dérivation, de transformation de Fourier et applications mathématique et physiques (1948) liburuan agertu zituen lehenengo aldiz. Banaketen teoria kalkulu diferentzial eta integralaren hedapen bat zen. Heaviside eta Diracek, Schwarzek ez bezala, aplikazio berezi batzuei begira orokortu zuten kalkulua, oinarri matematiko abstrakturik eta zehatzik gabe. Era horretan, Schwarzen lana oso berritzailea izan zen. Harvardeko 1950eko Nazioarteko Kongresuan, Fields domina irabazi zuen. Horrez gainera, beste sari asko ere eman zizkioten Schwarzi: besteak beste, Parisko Zientzietako Akademiaren eskutik jaso zituen sariak 1955, 1964 eta 1972. urteetan. Ohorezko doktoregoak ere jaso zituen unibertsitate askotan, besteak beste, Humboldt (1960), Brusela (1962), Lund (1981), Tel-Aviv (1981), Montréal (1985) eta Atenaskoetan (1993). Kalkulu estokastiko diferentzialak ere landu zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.