Kroazia
Kroazia[1] (kroazieraz: Hrvatska, xř̩ʋaːtskaː ahoskatua), ofizialki Kroaziako Errepublika (kroazieraz: Republika Hrvatska, ˈrepǔblika ˈxř̩ʋaːtskaː ahoskatua), hegoaldeko Europako estatu burujabe bat da, Mediterraneoaren, Europa erdialdearen eta Balkanen arteko bidegurutzean kokatua. 2013ko uztailaren 1az geroztik Europar Batasuneko kidea da.[2] 2009ko apirilaren 1ean NATOn sartu zen.
Hiriburua Zagreb da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziak ilbehera edo ferra itxura duen estatua da, Itsaso Adriatikoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Serbia, Bosnia-Herzegovina ekialdean, Montenegro hegoaldean eta Eslovenia eta Hungaria iparraldean. Itsasoaren beste aldean Italia dago. Lurraldea bitan zatitua du hegoaldean, Bosnia-Herzegovina den Neum herriko inguruko tartak banatua. Lurraldea askotarikoa da: ordoki, aintzira eta mendixkak ipar eta ipar-ekialdean (Erdialdeko Kroazia eta Eslavonia), basoz estalitako mendi garaiak (Dinara 1.831m) eta Itsaso Adriatikoko kostalde menditsua (Istria, Ipar Kostaldea eta Dalmazia).
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotariko lurraldeen bidegurutze izanda, askotariko klimak ere baditu. Ipar eta ekialdean kontinentala da, mediterraneokoa kostan eta mendiko klima hego-erdialdeko eskualdean.
Klima desberdin hauek paisaia aniztasun izugarria ematen diote Kroaziari:
- Eslavonian Sava, Drava eta Danubio ibaien arteko lautadan hariztiak nagusitzen dira, berezko duten faunarekin. Urte-sasoiaren arabera uholdeak gertatzen dira eta aintziretako landaretza agertzen da.
- Kroazia erdi eta iparraldean paisaia ondulatua da, nekazaritzarako ezin hobea. muinoen hegoaldean mahatsa ere landatu da.
- Dinariar Alpeetan dagoen Gorski Kotar eremuan pagoak eta pinuak dira nagusi. Adriatikotik datozen haize hezeek prezipitazio ugari uzten dute bertan. Hartzak eta otsoak aurki daitezke baso hauetan.
- Istrian lur gorri buztintsua daukagu. Zelaiek eta baso txikiek estaltzen dute penintsula.
- Kostaldean uda luzea, beroa eta lehorra da eta negua berriz motza eta arina. Honek mediterranear basoa dakar. Artea ugari da, baita zuhaixkak ere.
Kostaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziaren ezaugarri turistiko nabarmenena bere kostaldeak osatzen du, Istrian hasi, Kvarneko golkoan eta Dalmazian jarraitu eta Dubrovnikeraino iristen dena. 1.778 kilometro luze den kosta dauka (5.790 uharteak kontutan hartuta) eta hondartza ugari daude, gehienak harrizkoak. Kostatik hurbil 1.185 uharte ditu hauetatik 66 daude populatuak. Handiena Cres uhartea da eta populatuenak Krk, Korčula, Brač eta Hvar.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danubio ibaiak Kroazia eta Hungaria artean muga egiten du eta beraz Kroaziak dituen ibai nagusiak, Sava eta Drava, Danubio beraren adarrak dira. Itsaso Adriatikora doazen ibaiak Dinariar Alpeetan jaiotzen dira eta ibilbide laburra dute. Handienak Neretva eta Cetina ibaiak dira.
Parke nazionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zortzi parke nazional daude Kroazian.
- Mendialdean:
- Kostaldean:
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotariko lurraldeen bidegurutze izanda, askotariko klimak ere baditu. Ipar eta ekialdean kontinentala da, mediterraneokoa kostan eta mendiko klima hego-erdialdeko eskualdean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziako historia Balkanetara VII. mendean kroaziarren etorrerarekin hasten bada ere, horren aurretik beste herri batzuek iragan ziren: Hallstatt kultura, La Tène kultura, iliriarrak, greziarrak kostaldean... Erromatarrek K. a. 168an konkistatu zuten lurralde hori, eta Mendebaldeko Inperioaren gainbeherarekin, hunoak eta ostrogodoak iragan ziren, Bizantziar Inperioak bereganatu baino lehen.
Esan bezala, kroaziarrak Balkanetan VII. mendearen hasieran finkatu ziren, eta bi printzerri, Dalmazia eta Panonia, osatu zituzten. Trpimirović leinuaren etorrerarekin, 850 inguruan, bi lurralde horiek hurbiltzen hasi ziren, eta, 925ean erresuma osatu zuten, Tomislav erregearen agindupean.
Hungariako Erresumarekin batasun pertsonalean sartu zen 1102an. Mohácseko batailaren ostean (1526), Habsburg leinuaren mendera igaro zen Kroazia. XVI. mendean zehar, Kroaziako lurraldeak Otomandar Inperioak azpiratu zituen. XVIII. menderako, Otomandar Inperioa Hungariatik eta Kroaziatik kanporatuta, Vienak lurralde horiek era zentralizatuagoan gobernatu zituen. XIX. mendean nazionalismo erromantikoa areagotu zen Kroazian, germanizazioari eta magiarizazioari aurre egin nahian. Kroazierazko literaturan eta kulturan aurrerapauso nabarmenak eman ziren 1830etik aurrera.
1848ko iraultzekin, Habsburgeko lurraldeetan Austria-Hungariako monarkia ezarri zen, baina hura ez zen bereziki ona izan herriaren autonomiarako. Lehen Mundu Gerraren amaierarekin, Habsburgeko Inperioa ere bukatu zen eta Kroazia 1918-1929 bitartean Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuman sartu zuten eta 1929tik 1941 arte, Jugoslaviako Erresuman.
Bigarren Mundu Gerran, 1941-1945 bitartean, Ardatzak estatu-txotxongiloa eratu zuen Kroazian. Aliatuen garaipenarekin, Kroazia Jugoslaviako Federazioko zati bihurtu zen. 1991n independentzia aldarrikatu zuen. Gerra latz baten ostean, 1995eko Daytongo akordioari esker, borroka amaitu zen, independentzia lortu zuela.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroazia sistema parlamentarioa duen estatua da, Jugoslaviatik banatu eta 1991eko urriaren 8an independentzia aldarrikatu ondoren 1992an Nazio Batuen Erakundeak onartu zuena. 2000 artean sistema erdi-presidentziala izan zuen.
Kroaziako Errepublikako presidentea bost urtean behi aukeratzen da eta bi agintaldi izan ditzake gehienez. Azkenengo hauteskundeak 2015eko urtarrilaren 11an izan ziren eta Kolinda Grabar-Kitarović izan zen garailea. Parlamentuak Sabor izena du eta ganbera legegilea da. 100 eta 160 eserleku artean ditu. Bigarren ganbera bat ere bazen, Konderrien Etxea, baina 2001ean desegin zen.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau eremu historiko eta geografiko handik osatzen dute Kroazia:
- Kroazia erdialdea: Hasierako Kroaziako erresumaren lurrak hartzen dituen eremua.
- Istria: Itsaso Adriatikoko penintsula handiena, Italiar kutsu handikoa.
- Eslavonia: Kroaziaren ekialdeko lautada.
- Dalmazia: Erdi eta hegoaldeko kostaldeko eremua.
Banaketa administratiboari dagokionez, Kroazia 20 konderri edo eskualdetan (županija, pl. županije) eta hiri baten (grad) antolatzen da. Eskualde bakoitzak demokratikoki hautatutako batzar bat du, lau urte balioa duena. Batzarrak eskualdeko urteko aurrekontua, gobernua eta abar aukeratzen ditu. Gobernu hauen burua župan bat da eta hamabi dožupan edo sailburu ditu agindupean.
Hauek dira eskualdeak:
1 Zagreb (Zagrebačka)
2 Krapina-Zagorje (Krapinsko-zagorska)
3 Sisak-Moslavina (Sisačko-moslavačka)
4 Karlovac (Karlovačka)
5 Varaždin (Varaždinska)
6 Koprivnica-Križevci (Koprivničko-križevačka)
7 Bjelovar-Bilogora (Bjelovarsko-bilogorska)
8 Primorje-Gorski Kotar (Primorsko-goranska)
9 Lika-Senj (Ličko-senjska županija)
10 Virovitica-Podravina (Virovitičko-podravska)
11 Požega-Eslavonia (Požeško-slavonska)
12 Brod-Posavina (Brodsko-posavska)
13 Zadar (Zadarska)
14 Osijek-Baranja (Osječko-baranjska)
15 Šibenik-Knin (Šibensko-kninska)
16 Vukovar-Syrmia (Vukovarsko-srijemska)
17 Split-Dalmazia (Splitsko-dalmatinska)
18 Istria (Istarska)
19 Dubrovnik-Neretva (Dubrovačko-neretvanska)
20 Međimurje (Međimurska)
21 Zagreb Hiria (Grad Zagreb)
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015ko erroldaren arabera 4,20 milioi biztanle ditu eta 75,9 biztanle kilometro koadroko. Jugoslavia ohiko herrialdeen artean gizarterik homogeneoena da, banaketa etniko, hizkuntza eta erlijioari dagokionez.
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziako biztanleen gehiengoa kroaziarra da (%90,4). Gutxiengoaren taldeak inguruko herrialdeetatik etorritakoak dira, serbiarrak bereziki (%4,4) eta bosniarrak, hungariarrak, italiarrak, esloveniarrak, alemaniarrak, txekiarrak eta errumaniarrak hurrenez hurren.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011eko erroldaren arabera kroaziarren %95,6ak kroaziera du ama hizkuntza. Serbokroazieraren hiru aldaera estandarretako bat da.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijio askatasuna duen herrialdea bada ere kroaziarren %91,36a kristauak dira, hauetatik %86,28a katoliko erromatarrak.
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko erroldaren arabera Kroaziako hiri nagusiak honako hauek dira:
- Zagreb: 1.288.000 biztanle
- Split: 349.314
- Rijeka: 213.842
- Osijek: 107.784
- Zadar: 75.082
- Pula: 57.191
- Karlovac: 55.981
- Sisak: 47.699
- Varaždin: 47.055
- Šibenik: 46.372
- Dubrovnik: 42.641
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziaren Barne Produktu Gordina 52 bilioi dolarretakoa da, 12.405 dolar per kapita. 2010an zerbitzuen sektorea zen nagusi, BPG-ren %66a hartuz, ondoren industria sektorea, BPG-ren %27.2a. Nekazaritzak %6,8a baino ez du hartzen.
Izan ere turismoa nabarmen hazi da Kroazian. Gizateriaren Ondare ugari ditu eta Parke Nazionalek ere turismo ugari erakartzen dute.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aireportuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dalmazia eta Istria eskualdeek mediterraneo aldeko gastronomia dute, italiarren eragin nabarmenekoa, itsaskiak, barazki sukaldatuak eta pasta, oliba olioz eta baratxuriz ondo hornitua. Alde kontinentalean Hungariako, Austriako eta Turkiako sukaldaritzaren eragina du ordea, haragia eta ur gezatako arrainak dira aipatzekoak.
Ardoa ere ekoizten da Kroazian. Kalitate handikoak dira Esloveniarekiko mugan ekoizten direnak. Dalmaziakoak aldiz ardo italiarren antzekoak dira.
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziako arkitekturak inguruko herrialdeen eragina jaso du, barnealdean Austria eta Hungariarena eta Dalmaziako kostaldean eta Istrian Italiaren eragina.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kroaziako literaturak pizkunde garaian izan zuen garapen handia. Marko Marulić idazlea, Marin Držić antzerkigilea, Ivan Gundulić, Kroaziako poeta nazionala eta Ivan Mažuranić eleberrigilea besteak beste.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Futbola
Kroaziako futbol selekzio nazionala 1990 urtearen ondoren sortu zen. Bere bizitza laburrean izandako emaitzarik aipagarriena 1998ko Munduko Futbol Txapelketan lorturiko hirugarren postua izan da. Txapelketa hartan Davor Šuker izan zen gainera goleatzaile nagusia.
Prva HNL da Kroaziako liga. Bertako talde nagusiak NK Dinamo Zagreb eta HNK Hajduk Split dira. Europako txapelketetan Dinamo izan da garaipena lortu duen bakarra, 1966-67 denboraldiko Feria Kopa (UEFAren aurrekaria zena) irabazi baitzuen.
Saskibaloia
1992ko Olinpiar Jokoetako zilarrezko medaila eta 1994ko Munduko Txapelketako brontzezkoa dira Kroaziako saskibaloi selekzioaren emaitzarik onenak.
Bi klub nagusi daude, eta bien artean Euroligako bost txapelketa irabazi dituzte, hiru KK Split taldeak eta beste bi Cibona Zagreb taldeak.
Txirrindularitza
CRO race (Kroaziako Tourra lehen), herrialdeko lasterketa garrantzitsuena da. 1994tik 1999ra ez zen lasterketa profesionala izan. Zenbait urtetan ez da egin, baina azken urteotan ospea izan du. Itzuli hau irabazi duten txirrindulari handienak, Vinzenzo Nibali eta Adam Yates izan dira. 2016. urteko ekitaldian, Victor de la Parte gazteiztarrak hirugarren poztua eskuratu zuen.
Eskubaloia
Kroaziako eskubaloi selekzioak garaipena eskuratu du bi Olinpiar jokoetan, 1996an eta 2004ean. Klubei dagokienez kroaziarrek hiru aldiz irabazi dute EHF Txapeldunen Liga (Europako txapelketa nagusia), RK Zagrebek bi aldiz eta RK Bjelovarrek behin.
Tenisa
Kroaziako tenis taldeak 2005eko Davis Kopa irabazi zuen.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriak eta herriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katedralak eta elizak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarren aztarnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Zadarreko Forum erromatarra.
Gazteluak eta jauregiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Sisakeko gaztelua.
Uharteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parke Nazionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizateriaren ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizateriaren Ondarea Kroazian | ||
---|---|---|
Šibenikeko Donejakue katedrala • Dubrovnik • Eufrasiar Basilika (Poreč) • Plitvice Aintziretako Parke Nazionala • Split eta Dioklezianoren jauregia • Stari Grad zabaldia • Trogir |
Kroaziar ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Petar Krešimir IV.a Kroaziakoa (?-1074/5), Kroaziako errege handiena eta azkena.
- Josip Jelačić (1801-1859), heroi nazionala. Kroaziako Bana izan zen 1848 eta 1859 artean.
- Ljudevit Gaj (1809-1872), kroazieraren gramatikaren sortzailea eta Iliriar mugimenduaren bultzatzailea.
- Nikola Tesla (1856-1943), fisikaria, matematikaria, asmatzailea eta ingeniari elektrikoa.
- Leopold Ružička (1887-1976), Kimikako Nobel Sariduna 1939an.
- Josip Broz Tito (1892-1980), militarra eta Jugoslaviako presidentea.
- Franjo Tuđman (1922-1999), herrialdeko presidentea.
- Dražen Petrović (1964-1993), Kroaziak eman duen saskibaloi jokalari handiena.
- Velimir Perasović (1965-), saskibaloi jokalari eta entrenatzailea.
- Davor Šuker (1968-), futbol jokalari ohia.
- Goran Ivanišević (1971-), tenis jokalari ohia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 38. arauaː Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ (Ingelesez) Croatia becomes the 28th Member State of the European Union. (Noiz kontsultatua: 2013-07-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Europar Batasuneko estatu kideak | ||
---|---|---|
Alemania · Austria · Belgika · Bulgaria · Danimarka · Errumania · Eslovakia · Eslovenia · Espainia · Estonia · Finlandia · Frantzia · Grezia · Herbehereak · Hungaria · Irlandako Errepublika · Italia · Kroazia · Letonia · Lituania · Luxenburgo · Malta · Polonia · Portugal · Txekia · Suedia · Zipre Sartzeko negoziatzen ari direnak: Albania · Ipar Mazedonia · Montenegro · Serbia · Turkia |