Jules Mazarin
Giulio Raimondo Mazarino edo Mazzarino italieraz eta Jules Raymond Mazarin frantsesez (Pescina, Abruzzo, 1602ko uztailak 14 – Vincennes, 1661eko martxoaren 9a) kardinal, diplomatikari eta politikari trebea izan zen, lehenik Aita Santuaren zerbitzuan eta, ondoren, Frantziako erresumaren zerbitzuan. Richelieu kardinalaren oinordekoa izan zen. Batez ere Mazarin kardinala izenaz ezaguna da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1602ko uztailaren 14an jaio zen, Pescinan (garai hartan espainiar koroaren mende zegoen), Italiako hego-ekialdean. Ama, Hortensia Bufalini, Umbriako Città di Castelloko familia noble batekoa zen; aita, Pietro Mazarini (Mazzarini ere idatzia), siziliar jatorrikoa, Colonna familia ospetsuari lotuta zegoen. Mazarin Espainian prestatu zen, Alcalako Unibertsitatea eta Salamancakoaren artean.
Aita Santuaren diplomatikari gisan urte asko eman ondoren, 1642ko abenduaren 5ean, Estatuko Ministro Nagusi izendatua izan zen, Richelieu kardinalak hala gomendatua. 1643tik aurrera, Luis XIII.a Frantziakoa hil ondoren, Mazarinek Frantzia gobernatu zuen, Ana Austriakoa Luis XIV.a Frantziakoaren erregeorde gisan. Lehen Ministro gisan segitu zuen hil arte, aurkari gogorrak izan arren.
Kargura iritsi bezain pronto, nobleen etsaigoari aurre egin behar izan zion (bera hiltzeko konplot bat prestatzera ere iritsi ziren). Haren arrakasta diplomatiko eta militarrak gorabehera, Hogeita Hamar Urteko Gerra amaitzea lortu zutenak (Westfaliako Bakea, 1648), Frantziaren zailtasun ekonomikoak zirela medio, jendeak batere ondo hartu ez zituen txirotasun neurriak hartu behar izan zituen. Haren etsaiak bera boteretik botatzen saiatu ziren, baina beti-beti, egoera ondo konpontzea lortu zuen. 1650ean eta 1652an, erbesteratu egin behar izan zen, baina erregina eta jarraitzaile leial talde baten bidez (adibidez, artean Hugues de Lionne eta Michel Le Tellier) gobernatzen segitu zuen.
Parisera itzuli zenean, herriak goretsi zuen, gerraren amaiera eskertuz. Hala ere, ez zioten jatorri italiarra barkatu, ezta lortu zuen botere guztia ere, negoziatu gabe, zergak gehitzea ahalbidetzen zion boterea. Gaixotasun luze baten ondorioz hil zen Vincenneseko gazteluan 1661eko martxoaren 9an.
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arlo politikoko ondareaz gain (Jean-Baptiste Colbert idazkari pertsonala eta oinordekoa izan zuen), Mazarinek Frantziari bere ondasun guztiak ere utzi zizkion: 35 milioi libra ziren, haietako 8 txanponetan, hots, garai hartako Amsterdameko banketxe nagusiaren funtsak adina). Bere testamentuan, Lau Nazioen Eskola sortzea agindu zuen: geroago, Frantziako Institutua bihurtu zen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jules Mazarin |