Jorge Rafael Videla
Jorge Rafael Videla (Mercedes, Buenos Airesko probintzia, 1925ko abuztuaren 2a - Marcos Pazeko espetxea, Buenos Airesko probintzia, 2013ko maiatzaren 17a) argentinar militarra eta diktadorea izan zen. 1976ko martxoaren 24an, batzorde militar batek, estatu kolpea eman ondoren, Argentinako presidente izendatu zuen; presidentzian diktadore gisa 1976tik 1981ra egon zen.
1985ean epaitu zuten lehen aldiz, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, milaka pertsonen heriotzaren erantzukizuna zuela ondorioztatu ondoan[1]. Inoiz ez zen egindako sarraskiaz damutu[2].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942. urtean eskola militarrean sartu zen, eta 1971. urterako jenerala zen. 1975. urtean estatu-nagusiko buruzagi eta gudarosteko komandante nagusi izendatu zuten. María Estela Martínez de Perón lehendakariaren aginduz, gogor zapaldu zituen Montonerosen eta Herriko Gudaroste Iraultzailearen jarduerak.
1976. urtean gudarosteko komandanteek estatu-kolpea eman zuten Argentinan eta Videla izendatu zuten lehendakari. Erregimen berriak alderdi-politikoak debekatu eta gerrillaren aurkako borroka indartu zuen. Giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, 30.000 pertsona desagertu ziren haren agintaldiko errepresioaren ondorioz[3]
Ekonomiari dagokionez inflazioa gutxitzeko ahaleginak egin zituen, eta ekoizpenean estatuaren parte hartzea gero eta txikiagoa izatea bultzatu zuen. Kanpo-merkataritzako harremanei oztopoak kendu izanak, ordea, inportazioak ugaldu zituen, eta Argentinako industria asko ixtera behartu. Batzorde militarrak ezarritako bost urteko agintaldia 1981. urtean amaitu zuen Videlak eta Roberto Viola jenerala izendatu zuten lehendakari.
1983. urtean, berriro demokrazia ezarri zenean, gobernu ohiko batzorde militarreko kideak eta hauek izendaturiko presidenteak diktaduran estatuko terrorismoa erabili izanagatik epaitu zituzten. Videlak uko egin zion defentsari eta 1985. urtean bizi guztirako espetxe-zigorra eman zioten. Baina 1990. urtean, berari eta gainerako diktadurako buruzagi militarrei, indultua eman zien Carlos Menem lehendakariak.
1998an berriz atxilotu zuten, presoen haurrak lapurtzea egotzita; izan ere, haurdun zeuden emakumeak kartzeletan edukitzen zituzten umea izan arte eta ondoren emakumea hil eta haurrak militarrei edo haien senideei ematen zizkieten[4]. Espetxean 38 egun igaro ostean, etxean atxilotua egoteko eskubidea eman zioten. 2008an, giza eskubideen aldeko taldeen argudioak onartuz, epaileak kartzelara bidali zuen.
2010ean Cordobako Auzitegi Federalak bizi arteko kartzela zigorra ezarri zion 31 lagunen hilketa leporatuta[1]. 2013an, berriz, 50 urteko kartzela zigorra eman zioten, presoen haurren bahiketagatik[4]. Marcos Pazeko espetxean hil zen, 2013ko maiatzaren 17an. Antza denez, diktadore ohiaren heriotza komunean gertatutako erorketa baten ondorioa izan zen[5].
Heriotzaren aurreko erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Estela de Carlotto, Maiatzaren Plazako Amen lehendakaria: «Izaki simaurra batek mundua utzi du» (Un ser despreciable ha dejado este mundo).
- Adolfo Pérez Esquivel: «Videlaren heriotzak inori ezin dio poza eman. Bizitzatik min handia egiten eta herri oso baten balorei muzin egiten igaro zuen gizona izan zen»[6].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Epelde, Elixabet. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diete Videlari eta beste 29 laguni Argentinan. in: Berria egunkaria, 2010-12-23. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
- ↑ Videla no se arrepiente, critica a los Kirchner y dice que "la República está desaparecida". in: La Nación egunkaria, 2012-02-15. lanacion.com.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
- ↑ Jorge Videla diktadorea hil da. in: Berria egunkaria, 2013-05-17. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
- ↑ a b Videla Argentinako diktadore ohiari 50 urteko kartzela zigorra ezarri diote. in: Argia astekaria, 2012-07-06, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0). argia.eus (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
- ↑ Videla komunean izandako erorketa baten ostean hil zela dio autopsiak. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
- ↑ Pérez Esquivel: "La muerte de Jorge Rafael Videla no debe alegrar a nadie". in: La Nación egunkaria, 2013/05/17. lanacion.com.ar (Noiz kontsultatua: 2015-08-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Orzaiz, Ion Kartzelan hil da diktadorea Berria.eus
- (Gaztelaniaz) Muere Jorge Rafael Videla, el ideólogo del terror Bbc.co.uk