Itsas luzoker arre
Itsas luzoker arre | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Echinodermata |
Klasea | Holothuroidea |
Ordena | Aspidochirotida |
Familia | Holothuriidae |
Generoa | Holothuria |
Espeziea | Holothuria tubulosa Gmelin, 1791 |
Itsas luzoker arrea[1] (Holothuria tubulosa) Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi den itsas luzoker espezie bat da. Mediterraneoan aurkitzen den itsas luzoker ohikoena da.
Itsas ekosistemetan garrantzizko funtzioa betetzen du, sedimentuak garbitzen bait ditu eta gorotzetan elikagai organikoak uzten baititu[2].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Johann Friedrich Gmelin naturalista alemaniarrak deskribatu zuen lehenengoz 1791. urtean.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luzoker baten itxura duen holoturia zilindrikoa da, azpialdean laua bada ere. 20-30 cm-ko luzera izan ohi du[3] baina 40 cm-ko luzera eta 6 cm-ko diametroa har ditzake[1]. Jasotako ale handienak 340 gramo pisatu zituen[4].
Aurrealdeko muturrean ahoa du. Garro batzuk baditu elikagaia ahoratzeko baina hain txikiak dira ikustea ere zaila dela. Beste muturrean kloaka du eta bertatik kanporatzen ditu hondakinak.
Gorputzaren kolorea arre iluna da, batzuetan gorrixka edo more antzekoa izan daiteke. Azala lodia eta oso trinkoa da. Gorputz osoan triangelu zorrotzen itxurako punta bigunak ditu[3], papila deitzen direnak, eta epidermisak mukosa babesle bat jariatzen du aldiro. Mukosa horren kolora apalagoa da gorputzarena baino. Horrekin algak, sedimentuak eta maskor zatiak itsasten zaizkio eta kamuflatzeko balio diote, bai eta harrapariak uxatzeko ere[3]. Gorputzaren azpialdean bentosa itxurako hanka anbulakralen hiru ilara ditu[5]. Ez du Cuvierren tuturik[1].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur epelak atsegin ditu. Bizkaiko golkoan aurkitzen da, bai eta Mediterraneo itsasoan ere. Mediterraneoan oso ugaria da.
Itsas hondo hareatsuetan eta sedimentu asko dauden eremu arrokatsuetan aurkitzen da, bai eta Posidonia zelaietan ere. Kostaldeko espeziea da eta gehienez ere 100 metrotako sakoneran aurkituko dugu.
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hankatxoak erabiltzen ditu desplazatzeko baina oso poliki ibiltzen da[1]. Sarritan bentosa horiekin arroka batetara itsatsi egiten da.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas luzokerrek ohi duten gisan detrituak, algak eta planktonaz elikatzen da[6]. Mugitzen denean sedimentuak irensten ditu eta aurkitzen dituen elikagaiak xurgatzen ditu[2]. Digestio aparatua zeharkatu ondoren hondakinak kloakatik kanporatzen ditu. Soka edo hari itxurako gorotzak dira hesteetako mukosaz estalita ateratzen direnak[5].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie dioikoa da, hu da, arrak eta emeak daude, baina ez dira itxuran desberdintzen.
2003ko abuztuko ilargi beteko egun batean ernalketa nola gertatzen den ikusi zen Mediterraneo itsasertzean. Luzoker helduak ur azalekoagoetara mugitu ziren eta kopuru handiak elkartu ziren[5]. Denek batera askatu zituzten arrautzak eta espermatozoideak atzeladea altxatuz (gorputzaren 2/3)[4]. Horrela jartzen dira itsasoko korronteek arrautzak ahalik eta egokien barreiatzeko[3]. Lehenik arrak ziruditenek fluido zurixka bat askatu zuten uretan laister sakabanatzen zena, eta ondoren emeek fluido likatsuagoa askatu zuen. Askapen bakoitzak 30 minutu iraun zituen. Dirudienez ilargi betean gertatzen da eta urak 25ºC-ko tenperatura izan behar du[7].
Ernaldutako arrautzetatik larbak ateratzen dira 24 orduren buruan eta pelagikoak direnez zooplanktonaren parte bihurtzen dira. Larba horiek alga mikroskopikotaz elikatzen dira eta tarteko hainbat estadio pasa ondoren itsas hondora jaisten dira eta azken metamorfosi baten bidez itsas luzoker gazte bihurtzen dira[8].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas ekosistemetan garrantzizko funtzioak betetzen ditu. Alde batetik bioerremediazioa egiten du, hau da, sedimentuak garbitzen ditu. Bestetik gorotzetan elikagai organikoak uzten ditu hesteetako mikroorganismoez josita eta horrela ingurunea ongarritzen du[2].
Itsas luzoker arrearen harrapariak itsas izarrak, hainbat arrain espezie, karramarroak eta itsas igarabak dira[9].
Gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asia aldeko hainbat herrialdetan jaten da, Txinan, Hong Kongen, Singapurren, Malaisian, Japonian eta Hego Korean[9], 1980. hamarkadan elikagai oso ezaguna bihurtu zen. Asiako merkatu beltzean oso garesti saltzen den elikagaia da[2]. Norvegian ere kontsumitzen da. Gizakiarentzako osasuntsua da, proteina bioaktiboak eta omega-3 eta omega-6 gantz azido asko dituelako[10]. Asia hego-ekialdeko herrialde horietan "superelikagai" kontsideratzen da horregatik[9].
Turkiarrek itsas luzokerra arrantzatzen dute eta Asiara esportatzeko eguzkitan edo labean lehortzen da edo izoztu egiten da. Abuztuan eta irailean arrantzatzea debekatu zen animaliaren ugalketa garaia delako. Eskariaren hazkunde horrek akuikultura jarduerak abiatu ditu[9].
Itsas luzoker lehortua berhidratatu egiten da eta zopatan edo gisatuta jaten da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Indonesieraz) Yumpu.com. «Donostiako Itsas Ornogabeak - adeve.es» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Pepinos de mar (Holothuria tubulosa)» www.malaga.es 2024-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Holothuria tubulosa Gmelin, 1790» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b «Holothuria tubulosa, Tubular sea cucumber : fisheries» www.sealifebase.ca (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b c «Club de Inmersión Biología :: 17. Erizos y pepinos de mar, Holothuria tubulosa» www.cibsub.cat (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ «Sea cucumber» web.archive.org 2011-12-11 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ Ocana, A. & L. Sanchez Tocino. (2005). "Spawning of Holothuria tubulosa (Holothurioidea, Echinodermata) in the Alboran Sea (Mediterranean Sea)". Zoologica Baetica. 16:, 147–150 or..
- ↑ «Brief introduction to mariculture of five selected species in China» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Pepino de mar: alimentación, reproducción y acuicultura. 2023-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
- ↑ Mecheta, Asmaa; Hanachi, Amine; Jeandel, Carole; Arab-Tehrany, Elmira; Bianchi, Arnaud; Velot, Emilie; Mezali, Karim; Linder, Michel. (2020-06-28). «Physicochemical Properties and Liposomal Formulations of Hydrolysate Fractions of Four Sea Cucumbers (Holothuroidea: Echinodermata) from the Northwestern Algerian Coast» Molecules 25 (13): 2972. doi: . ISSN 1420-3049. PMID 32605291. PMC 7412306. (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).