Edukira joan

Israelen Zisjordaniako eraso kanpaina (2023-2024)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Israelen Zisjordaniako eraso kanpaina
Motagatazka
Honen parte da2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena eta Israel-Palestina Gatazka
Osatuta

Israelen Zisjordaniako eraso kanpaina 2023ko urriaren 7tik hazten joan den israeldar eraso militarren eta kolonizazio ekintza bortitzen multzoa da, une desberdinetan jazoa eta 2023-2024ko Israel-Palestina gerran kokatua. Hasiera batean, israeldar agintarien ekimen militar gehiena Gazaren kontra bideratu bazen ere, egonezina eta tentsioa berehala heldu zen Ekialde Hurbileko beste lurralde batzuetara eta, bereziki, Palestinako Zisjordaniara. Istiluek, israeldar kolonoen indarkeria ekintzek eta kanpaina militar gero eta gordinagoek biztanleria zibila gogor astindu zuten. Ondorioz, suntsipena maila eta hildakoak handitzen joan dira. 2024ko abuztuan, Israelek ordu arte ikusi gabeko kanpaina militarrei ekin zien Zisjordania iparraldean.

Kolono eta indar militar israeldarren eskalada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du Zisjordania, eta lur palestinarra da, berez. Hala ere, urteotan gero eta kokagune judu gehiago eraiki dituzte Zisjordanian, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute.[1] Hamasen urriaren 7ko erasoen ondoren, arreta guztia Gazara bideratzen zen bezala, aldi berean israeldar indarrek 31 palestinar hil zituzten bakarrik astebetean.[2] Gainera, NBEk 2024ko martxo hasieran azaldu zuenez, Zisjordaniako israeldarrek palestinarrei tratu iraingarria eta giza legearen kontrakoa, sexu jazarpena eta bortxaketa mehatxuak egin zizkieten beren operazioetan.[3] Urriaren 25ean, israeldar indarrek Nabluseko alde zaharra bonbardatu zuten eta, gero, soldaduek eraso egin zuten, droneak lagun zituztela. Ilargi Gorria erakundeak 25 palestinar artatu zituen; hiru hilik suertatu ziren, eta bost larri zauriturik. Israelek aipatu zuen Lehoiaren ezkutalekua daraman talde armatu bat israeldarrei erasoak egiten ari zitzaiela. PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu zien «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko».[4]

Azaroaren 27an, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek iragarri zuen aurrekontuen zati handiago bat bideratuko zutela Zisjordanian kokagune juduen eraikuntza sustatzera. PANek erabaki hori salatu zuen: «Bi estaturen konponbidearen aurkako urrats bat gehiago da hori».[1] Azaroaren amaieran Gazako lehendabiziko pausa humanitarioa gertatu arren, Zisjordanian israeldar erasoek, sarekadek eta hilketek bere horretan jarraitu zuten. Azaroaren 27an bertan, Israelek 56 palestinar eraman zituen atxilo.[1] Urtarrilaren 30ean, komando israeldar bat, emakumez eta ospitaleko uniformez jantzia, tiroka sartu zen Jeningo ospitale batera, eta bertan artatuak ziren hiru miliziano hil.[5] Urtarril hondarrerako, Zisjordaniako ekonomia itolarrian zen, % 30eko beheraldiaz. Palestinako Agintaritza Nazionala bere burua ezin finantzatuz zebilen. Izan ere, Israelek jasotzen zituen tributu guztiak, eta gero zati bat palestinarrei ematen; Israelek, ordea, hori eten egin zuen guztiz.[6]

Hala 2023ko azaroan nola 2024ko otsailean, Amnistia Internazionalak israeldar indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten, tortura kasu oso ohikoak eta indarkeria hilgarriaren erabilera neurrigabea eta legez kanpokoa. Aipatu kasu larrien artean, aipatu zuen jada zauriturik edo hilzorian zetzatenen laguntzan inor sokorri joatea eragoztea edo laguntzaile horiei, tartean zirela medikuak, eraso egitea.[7][8]

2024ko otsailaren 27an, Zisjordanian oinarritutako Palestinako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Palestinak bizi zuen ataka jasanezina zela eta. Nazioarteak onartzen duen aginte bakarra zen Zisjordanian gobernatzen zuen Palestinako Aginte Nazionala –PAN–. Gobernuko kide guztien izenean, Mohammed Shtayyeh lehen ministroak jakinarazi zuen kargua utziko zutela: «Dimisioa ematea erabaki dugu Zisjordanian eta Jerusalemen inoiz ikusi ez den indarkeria gorakada bizitzen ari garelako, eta Gazako Zerrendan egun bizi den gerra, genozidio eta gosetea medio».[9]

Beste fronte larri bat, kolono finkapenen zabalpena eta kolonoen erasoak nabarmen areagotzea izan ziren, estatu palestinar bat ezartzea bera kolokan jartzen zuena, eta gerra krimentzat ere har zitekeena. 2024ko martxoan, Israelek kolonoentzako 3.476 etxe eraikitzea aurreikusten zuen.[10] Uztailaren 5ean, palestinarrek aurre egin zioten Ramallah iparraldean, kolonoen milizia israeldarrek Umm Safa herrian jo zuten eraso bati, gero eta ohikoagoak zirenak.[11]

Israelen eskala handiko operazio militarrak Zisjordanian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024ko uztail eta abuztuan, israeldar operazioek gogor hartu zituzten Zisjordaniako herritarrak. Abuztuaren 28an hasita, ekintza militarrek larri areagotu ziren Tulkarem, Jenin eta Tubasen, jomugan jarriz errefuxiatu eremuak: 29rako, 18 pertsona hil utzi zituzten, tartean zela Mohamed Jaber Tulkarem Batailoiko buruzagia eta beste lau gerlari. Palestinar giza eskubideen aldeko erakunde batzuek ohartarazi zuten israeldarrak eskalada bat prestatzen ari zirela Zisjordanian, Gazan baliatu zituztenen antzeko taktikak baliatuko zituena; Israel Katz Israelgo kanpo gaietako ministroak Zisjordania iparraldea «aldi baterako hustea» agindu zuen.[12]

Irail hasieran, Zisjordaniaren aurkako aspaldiko erasoaldirik bortitzena hasi zuen Israelek, eta ordutik 30 pertsona baino gehiago hil zituen irailaren 19 arteko epean soilik.[13] 2024ko irailaren 9an, Israelgo Armada Zisjordania iparraldetik erretiratu zen 10 eguneko lehorreko operazio bortitzaren ondoren. Bitarte horretan, Jeningo osasun instalazioak blokeatu eta inguratu zituen. Gainera, ur hornidura eta estolderia sarea kaltetu eta bertako herritarren % 80 urik gabe gelditu zen. Jeningo kale, etxe, saltoki eta azpiegitura gehienak bulldozer bidez suntsitu ziren, eta Israelek frankotiratzaileak sakabanatu zituen etxeen teilatuetan. Guztira, 38 pertsona hil zituen, tartean zortzi adingabe, eta gutxienez 150 zauritu utzi. Jenin palestinar erresistentzia armatuaren erdiguneetako bat zen. Majed Abu Ramadan osasuneko ministroak adierazi zuenez, «ez soilik Gazan, Palestina osoan ez dago leku segururik».[14][15][16]

Dena den, irailaren 6an, Jeninez kanpoko Zisjordaniako beste herri batzuetan, Israelen kanpaina militar suntsigarriak jarraitzen zuen. Gainera, Israelgo soldatuek aktibista estatubatuar humanitario bat tiro hil zuen, Hamasen arabera AEBren ekipamendu militarraren bidez.[17] Irailaren 19an, gutxienez hiru palestinar hil zituen Israelgo armadak sarekada batean Zisjordanian, Jenin hirian. Hori jakinarazi zuen Palestinako Wafa albiste agentziak. Kaleratu informazioaren arabera, hiru soldadu etxe bat miatzera sartu ziren, eta ondoren hiru gorpu atera zituzten teilatutik.[13] Israeldar erasoek etengabe jarraitzen zuten bitartean, pauso bat gehiago eman zuen informazio isuria mozteko ahaleginean, unitate militarrak Ramallahko Al-Jazeera hedabidearen egoitzara sartuz, bost hilabete lehenago Jerusalem Ekialdeko egoitza itxiarazi ondoren, «segurtasun nazionalerako arrisku» bat zelakoan.[18]

Urriaren 1ean, Israelgo Armadak hainbat segada eta atxiloketa egin zituen hainbat herri eta herrixketan, Betleemen eta Hebronen, besteak beste.[19] Hiru egun geroago, ustez gerra hegazkin batek Tulkarem errefuxiatu esparruari egin zion eraso, zehazki kafetegi bati. Bertaratuek eraikinaren sutea eta gorpuak, gehienak gorpu zatiak, ikusi zituzten sakabanaturik hondakinen artean. Palestinako Osasun Ministerioak zehaztu zuen gutxienez 18 pertsona hil zirela erasoan, eta asko zauritu.[20]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :9 izeneko erreferentziarako
  2. (Gaztelaniaz) Pita, Antonio. (2023-10-13). «La violencia se extiende a Cisjordania» El País (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  3. «UN report finds sexual violence on October 7 and in West Bank» Al-Jazeera 2024-03-04.
  4. «Israelgo Armadak beste hiru palestinar hil eta 22 zauritu ditu Zisjordanian» Berria 2022-10-25 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  5. Txantiloi:Es-US TUFAHA, Por AREF; Press, MELANIE LIDMAN y WAFAA SHURAFA Associated. (2024-01-30). «Soldados israelíes encubiertos asaltan un hospital en Cisjordania y matan a tres milicianos» Los Angeles Times en Español (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  6. «UNRWAri finantzazioa eten diote dozena bat herrialdek, Hamas 'babestea' leporatuta» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  7. (Ingelesez) «Spike in Israeli lethal force against Palestinians in Occupied West Bank» Amnesty International 2024-02-05 (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  8. (Ingelesez) «Israel/OPT: Horrifying cases of torture and degrading treatment of Palestinian detainees amid spike in arbitrary arrests» Amnesty International 2023-11-08 (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  9. «Zisjordaniako gobernu osoak dimisioa aurkeztu du, Palestinaren egoera jasangaitzagatik» Argia 2024-02-27.
  10. (Frantsesez) «Cisjordanie : les colonies israéliennes s’étendent à un niveau record | ONU Info» news.un.org 2024-03-08 (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).
  11. «Des Palestiniens ripostent une attaque coloniale dans un village à Ramallah» Wafa 2024-07-05.
  12. (Ingelesez) Pietromarchi, Alma Milisic,Virginia. «Israel’s West Bank assault updates: Attacks ‘fuelling explosive situation’» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-08-29).
  13. a b «Azken egunetako erasoak «gerra deklaraziotzat» hartu ditu Hezbollahko buruak» Berria 2024-09-19 (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
  14. (Ingelesez) Khadder, Mick Krever, Abeer Salman, Kareem. (2024-09-06). «‘All the streets were destroyed:’ Palestinians count the cost as Israel pulls back from Jenin» CNN (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
  15. (Gaztelaniaz) RTVE.es/AGENCIAS. (2024-09-06). «Israel se retira de Yenín diez días después del inicio de la mayor operación en Cisjordania en décadas» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  16. (Ingelesez) AJLabs. «Israel-Gaza war in maps and charts: Live tracker» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  17. «Hamar eguneko erasoaldiaren ondoren, Israelgo tropak Zisjordaniako Jenin hiritik irten dira» Berria 2024-09-06 (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
  18. (Ingelesez) «Press groups condemn Israel closing Al Jazeera office in Ramallah» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
  19. (Ingelesez) Mccready, Alastair. «Israel sends ground troops into south Lebanon as air raids intensify» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
  20. (Ingelesez) Gostoli, Umut Uras,Ylenia. «‘Largest yet’ Israeli strikes hit southern suburbs of Lebanon’s capital» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]