Hispaniako Marka
Hispaniako Marka[1] ekialdeko Pirinioetako lurralde eta konderrien multzo bat da, 801-802ko kanpainetan sortua, Karlos Handiaren hedakuntza karolingioaren baitan eta andalustarren aurrez aurre.[2] Inperio Karolingioaren Septimania eskualdetik hegoaldera eta ekialdeko Pirinio mendilerroaz hegoaldera kokatzen zen, hala adierazten da IX. mendean karolingiar gorteko zenbait kronikagileren urte-liburuetan (Annales).
Frankoak ekialdeko Pirinioetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]759tik, Pepin Laburra errege franko karolingioa Pirinio ekialdera heldu zen, Narbona konkistatu ondoren. Kordoban Jusuf ibn Abd ar-Rahman al-Fihri wali edo gobernari independentea garaitua izan ondoren (756), hautsi egin zen al-Andalusen batasuna eta Kordobak mugetan indarra egiteko zeukan ahalmena. Pirinio ekialdeko hiribilduetako buruzagiak gotorlekuak berreraikitzen hasi ziren hegoaldeko eta mendebaldeko mugetan, eta leialtasuna karolingiarrei zin egiten.
Gironak (horrelako lehen hiribildua) 785ean aldatu zituen leialtasunak karolingioen alde.[2] 801ean, Gilen I.a Tolosakoa (Luis Errukitsua Akitaniako errege gaztetxoaren zaindaria) buru zuen espedizio batek Bartzelona konkistatu zuen. 811. urtean, karolingiar botereak bere gaina jo zuen, urte horretan huts egin baitzuen haien hedakuntzak Tarragona menperatzeko ahaleginean. Luis Akitaniako erregeak tropak eskuratzeko arazoak zituen, eta atzera egin zuen. Harrezkero, al-Andalusekiko muga Bartzelonaz hegoaldera egonkortu zen.[2]
826an, Aizon kataluniar (ustez godo edo andalustar) jaun batek gidatutako altxamendua hasi zen frankoen kontra, eta Abd ar-Rahman II.a Kordobako emirrarekin bat egin zuen. Istilua zapaltzeko karolingiarrek Lyondik antolatutako espedizio bat ez zen Septimaniara ere heldu eta, handik gutxira, Akitaniako (bigarren) gerra piztu zen, Pepin II eta Karlos Burusoilaren artekoa. Karolingiarren botere zentrala ahulduz joan zen egungo Kataluniako inguruan.
Bertako nobleziak gero eta botere handiagoa eskuratu zuen, eta, konderri hauek, praktikan, independenteak izan ziren. Edonola ere, zuzenbideko independentzia 1258ko maiatzaren 11n lortu zuten Corbeilgo Itunari esker.
Antolakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurralde horiek kontrolatzeko, Inperioko gainerako tokietan bezala, konderriak sortu ziren. Hispaniako Marka, frankoen mugetako lurraldearen hedadura aldatuz joan zen. Zentzu hertsian, Hispaniako markak Kataluniako konderriak biltzen zituen, baina geografikoki Gotiaren (Septimaniaren) eta Hispaniako Markaren arteko mugak ez daude hain garbi. Konderriek konde bana izaten zuten, betiere Tolosako duke handiaren edota Akitaniako erregearen kontrolpean, baina 800 urte inguruaz geroztik konderri bat baino gehiago bil zitezkeen konde bakar baten eskuetan eta horiek, aldi berean, Tolosako nagusiaren (erregearen edo dukearen) menpe zeuden.
Eskualdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hispaniako Marka garai ezberdinetan zehar eskualde hauek osatu zuten: Bartzelona, Besalú, Cerdanya, Conflent, Empordà, Girona, Osona, Pallars, Peralada, Ribagorza, Roselló, Urgell eta Vallespir.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ a b c Lopez de Luzuriaga Martinez, Iñaki. (2016). Euskaldunak eta karolingiar iraultza : Akitania eta Baskonian barrena. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-591-2. PMC 1055581693. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).