Edukira joan

Haur-ezkontza

Wikipedia, Entziklopedia askea
1939an Indonesian ospaturiko haur-ezkontza bat.

Haur-ezkontza adingabe batek gauzaturiko ezkontza formal edo informala da. Haurra mutil zein neska izan daiteke, baina ohikoena neska bat gizon heldu batekin ezkontzea da. Hori dela eta, haur-ezkontzek genero-desparekotasunean izan ohi dute oinarria.

Estatu bakoitzak ezartzen du ezkontzeko behar den gutxieneko adina. Ohikoena 18 urte behar izatea da, baina hau estatuz estatu aldatu egiten da eta badira adingabeen ezkontzak onartzen dituzten estatuak. Hau estatu bakoitzeko legedian zehazten da. Hala ere, zenbait kasutan kultur tradizioa legearen gainetik jar daiteke, modu honetan haur-ezkontzak egitea ahalbideratuz. Beste kasu batzuetan adingabeen ezkontza baimentzen da, beti ere gurasoek espresuki baimendu ezkero. Zenbait egoera berezik ere ahalbideratzen dute haur-ezkontza, adibidez nerabeen haurdunaldiak.

Haur-ezkontzak haurren eskubideak eta giza eskubideak urratzen ditu eta oso kaltegarria izan liteke haurrarentzat, bereziki nesken kasuan. Urtero 18 urte baino gutxiagoko 12 milioi emakume ezkontzen dira.

Industria iraultzaren aurretik munduko hainbat lekutan, besteak beste Indian, Txinan eta Ekialdeko Europan, emakumeak pubertarora heldu bezain laster ezkontzen ziren, nerabezaroaren erdian. Gizonezkoak beranduago ezkontzen ziren, familia bat mantentzeko beste diru irabazten zuten arte. Horrek gizon helduak emakume nerabeekin ezkontzea eragiten zuen.

Antzinako gizarteetan oso ohikoa zen emakumezkoak pubertarora heldu aurretik ezkon-hitza ematea. Garaiko juduentzat oso ohikoak ziren haur-ezkontzak, ia neska guztiak pubertaroan ezkontzen zirelarik.[erreferentzia behar] Halakhan, lege juduan, adingabeak 12 urte eta egun bat baino gutxiagoko haurrak (nesken kasuan) eta 13 urte eta egun bat baino gutxiagoko haurrak (mutilen kasuan) dira.[1]

Antzinako Grezian emakumezkoen ezkontza zein amatasun goiztiarra bultzatu ziren.[2] Gizonezkoak ere nerabezaroan ezkontzea bilatzen zen. Antzinako Erroman emakumezkoak 12 urte ingururekin ezkontzen ziren eta gizonezkoak 14 urte ingururekin.[3] Erdi Aroan Ingalaterran zeuden legeak erromatarrek zituzten legeen antzerakoak zirenez 16 urte baino gutxiagokoen arteko ezkontzak oso ohikoak ziren.  Txina inperialean haur-ezkontzak normalak ziren.[4][5]

Beste gizarte premoderno batzuei kontrajarriz Ipar-Mendebldeko Europan ezkontza adina asko atzeratu zen, 20-30 urterekin ezkontzea zelarik ohikoena.[6] [7]Ingalaterrako datuek erakusten dutenez XIV. menderako ezkontza adina atzeratzea lortu zuten. Honek common law modura ezagutzen den zuzenbide anglosaxoiean eragina izan zuen, ezkontzeko adinak eta bortxaketak legez erregulatzen zituen lehen estatu europarra bilakatuz. 1275ean 12-14 urte baino gutxiagoko emakumeekin sexu harremanak izatea debekatu zen, baina 1579an adina 10era jaitsi zen. XVIII. mendearen amaieran britaniar administrazio kolonialak haur musulman eta hinduen ezkontzei adin mugak ezarri zien indiako azpikontinentean.[7]

XVIII. mendean Sirian bizi zen mediku eskoziar batek jakitera eman zuenez bertako herritarrek adin oso txikiko haurrentzat ezkongaiak bilatzen zituzten, baina ez omen ziren sexu harremanak ematen haurrak “adin nagusitasunera heldu arte”. XIX. mendeko Palestinan pubertarora heldu gabeko haurrekin sexu harremanak izan omen zituzten zenbait senarrek, baina hau ez zegoen begi onez ikusia. 1830ean, Edward William Lanek nabaritu zuen 16 urteko oso neska egiptoar gutxi zeudela ezkondu gabe. Garapen sozioekonomikoak, hezkuntzak eta mendebaldeko herrien influentziak eraginda 1920rako emakume egiptoarren %10a bakarrik ezkontzen zen 20 urte baino gutxiagorekin. 1923an Egiptoko Parlamentuak ezkondu ahal izateko gutxieneko adina ezarri zuen, 16 urte neskentzat eta 18 mutilentzat.[7]

Nazio Batuen Biztanleria Funtsak adierazi duenez haur-ezkontzak sustatu eta indartzen dituen faktoreen artean pobrezia eta biziraupen ekonomikorako estrategiak; genero-desparekotasuna; lurren edo ondasunen akordioak adostea edo gatazkak konpontzea; sexualitatearen gaineko kontrola eta familiaren ohorearen babesa; tradizioa eta kultura; eta segurtasunik eza (bereziki gerra, gosete edo izurri garaian) daude. Beste faktore bat ezkontza familia boteretsuen arteko harremanak sendotzeko erabiltzea da.

Lurralde batzuetan senarrak ordainsari bat ematen dio emaztearen familiari, hauek ezkontzarako baimena eman dezaten.[8] Batzuetan emaztea geroz eta gazteagoa izan, orduan eta gehiago ordaindu dezake senarrak. Honek zenbait familiak beren alaba oso gaztea izan arren erosle onenari saltzea ekartzen du. Neskatilen haur-ezkontzak egoera ekonomiko zailetatik irtetzeko balio die familia askori.

Ezkongaien bahiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkongaien bahiketa, gizon batek ezkondu nahi duen emakumea bahitzea suposatzen duen praktika da.[9] Ezkongaien bahiketa mundu osoan praktikatu da historian zehar eta oraindik besteak beste Erdialdeko Asian, Kaukasian edo Afrikako zenbait gunetan praktikatzen da. Leku gehienetan ezkongaien bahiketa delitu bat da eta ez dago ezkontzeko moduen artean onartuta.

Politika eta harreman finantzieroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurren ezkontzak egoera sozioekonomikoaren araberakoak izan daitezke. Kultura batzuetan aristokraziak, Europako aro feudalean adibidez, haurren ezkontza erabili du lotura politikoak ziurtatzeko metodo gisa. Familiek harreman politikoak eta finantzarioak sendotu nahi dituzte seme-alabak ezkontzean. Konpromisoa familientzako eta haurrentzako kontratu lotesletzat hartzen da. Konpromiso bat hausteak ondorio larriak izan ditzake, bai familientzat, bai ezkongaientzat.

Beldurra, pobrezia, gizarte presioak eta babesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur-ezkontzen arrazoietako bat gizarte ziurgabetasuna da. Zenbait lurraldetan beldurra diote neskak ezkondu aurretik jasan dezakeen bortxaketari, neskak gizartearen gaitzespena jasan dezakeelako. Adibidez, baliteke emakumeak ez ikustea ezkontzarako hautagarri, birjinak ez badira.[10] Beste kultura batzuetan gurasoek presio handia jasaten dute 18 urteko alabak etxean jarraitzen badu. Beldur eta presio sozial horiek haur-ezkontzen kausa gisara proposatu izan dira.

Muturreko pobreziak alaba zama ekonomiko bihur dezake familiarentzat eta goiz ezkontzeak zama hori arindu dezake, familiaren eta neskaren mesedetan.[11] Sarritan, ezkontza alabaren finantza-segurtasuna bermatzeko eta familiaren karga ekonomikoa arintzeko bitarteko gisara ikusten dute.

Beste faktore bat, ezkontza goiztiarrak alabarentzat babesa eskaintzen duela pentsatzea da. Gurasoen iritziz ezkontzak sexu promiskuitatearen aurkako babesa ematen due eta sexu transmisiozko infekzioetatik babestu dezake. Hala ere, praktikan ezkongaia adineko gizonezkoa izaten denez sexu transmisiozko infekzio bat harrapatzeko aukera gehiago izaten dute neskatilek.

Vedak deituriko liburu hindu sakratuan agertzen denez ezkontza brahmacharya fasea pasa duten bi pertsona helduren artean egin behar da.[12] Dharmaśāstra deituriko testu batzuek emakumeak pubertarora heldu ostean ezkondu behar direla dio, baina beranduagoko beste Dharmaśāstra batzuek pubertaroa baino lehen izan behar dela diote. Manusmritian esaten denez aita batek huts egin du pubertaroa baino lehen bere alaba ezkontzea lortu ezean. Pubertaroa pasa ta hiru urtera ezkondu gabe baldin badago emakumeak bere ezkongaia aukeratu dezake.[13]

Erdi Aroan ospaturiko haur-ezkontza kristaua.

Eruditu judu eta errabinoak pubertarora heldu aurretikoen arteko ezkontzontzen aurka agertu ziren.[14] Hala ere, baldintza berezi batzuetan aita batek 3 urte eta 12 urte arteko bere alaba ezkonduarazi zezakeen,[15][16] baina hau ez zegoen ondo ikusia.[17] Talmud eta Mishna liburuek diotenez neskak ezkontzeko gutxieneko adina 12 urte eta egun bat da.[18] Halakhak dioenez neskak ez dira ezkondu behar 12 urte eta erdi izan arte.

Eliza katolikoan 1917ko Zuzenbide Kanonikoko Kodearen aurretik ezkontzeko gutxieneko adina 12 urte zen neskentzat eta 14 mutilentzat, nahiz eta egoera zehatz batzuetan 7 urteko haurrak ezkondu zitezkeen.[19] 1917ko Zuzenbide Kanonikoko Kodean gutxieneko adina aldatzen da, neskena 14 urte eta mutilena 16 urte izatera pasaz. 1983ko Zuzenbide Kanonikoko Kodeak adin horiek mantendu zituen.[20] 1907ko entziklopedia katolikoak fidagarritasun gutxiko iturritzat izendatu dituen zenbait apokrifotan agertzen denez Mariak, Jesusen amak, 12 eta 14 urte artean zituen Josefekin ezkondu zenean.[21]

Zuzenbide kanoniko anglikanoak haurrak pubertarora heldu aurretik ezkontzea debekatzen du.[22]

Lege islamiarrak ez du gutxieneko adinik ezartzen ezkontzeko. Jurisprudentzia sunita klasikoak aita batek bere alaba adingabearen ezkontza bideratzea baimentzen du, baina ezkontza-eginbideak betetzeko, hau da, sexu harremanak izateko, senarraren, emaztearen eta emaztearen tutorearen artean adostasun batera heldu behar dira. Lehen sexu harreman hori emaztearen heldutasun fisikoaren arabera erabaki behar da. Hau Mahomak ezarritako aurrekari batean oinarritzen da, ustez Mahomaren hirugarren emazteak sei urte zituen eta bederatzi urterekin izan zuten lehen sexu harremana. XX. mendean xaria oinarri legaltzat duten estatu ugarik aurrekari otomandarrei jarraituz ezkontzeko gutxieneko adina zehaztu zuten, 15 edo 16 urte mutilentzat eta 13-16 urte neskentzat.

Haur-ezkontzak kalte ugari sortu ditzazke haurrengan, bereziki emakumezkoengan. Adingabeko nesken osasun fisiko zein mentalean, hezkuntzan eta garapen sozialean eragin dezake ezkontzak. Haurrak izanik ezkontzen diren gizonezkoak aurkitu daitezkeen arren, emakumezkoekin alderaturik hau ez da horren ohikoa. Hauen kasuan arazoak zenbait betebeharrentzako prestakuntzarik eza izan ohi dira.[23]

Haur-ezkontzek emazteen osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dute.[24] Haurdunaldian eta erditzean izaniko arazoak dira 19 urte baino gutxiagoko nesken heriotza kausa nagusia garapen-bidean dauden herrietan. 15 eta 19 urte bitarteko emakumeek 20 urtekoen aukera bikoitza dute erditzean hiltzeko eta 15 urte baino gutxiagokoek bost aldiz gehiago.[25] Adin horietako neskak ez daude fisikoki erabat garaturik eta baliteke pelbisa eta erditze-kanala ez egotea erabat garaturik. Honetaz gain, beste hainbat gaitz izan ditzazkete, adibidez sexu transmisioko gaixotasunak.

Ondorengotzan ere eraginak izan ditzake amaren adinak. Adingabeko amek aukera gehiago dituzte umea galtzeko  edo arazo fisikodun umeak izateko.

Analfabetismoa eta pobrezia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur-ezkontzak sarri neskaren hezkuntzarekin amaitzea suposatzen du, batik bat praktika hau ohikoa den lurraldeetan.[26] Bestalde, hezkuntza gabeko neskek aukera gehiago dituzte haur-ezkontza bat jasateko. Ezkontzak neskarentzat familia zaintzea eta haurrak izatea suposatzen du, hezkuntzari amaiera jarriz. Horrek senarrarekiko dependentzia ekonomikoa sortzen du neska hauetan. Gainera senarra nagusiagoa izan ohi denez emakume asko gazte gelditzen dira alargun eta horrek arazo ekonomiko handiak suposatu ditzazke.

Genero indarkeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza maila baxuko emakume nerabe ezkonduek gizarte-isolamendua eta etxeko indarkeria jasateko arrisku handiagoa dute heldu gisara ezkontzen diren emakumeak baino.[25] Ezkondu ostean emaztea senarraren etxera joaten da bizitzera eta horrek askotan beste herri edo lurralde batera mugitzea suposatzen du, eskola, familia edo lagunak albo batera utziz, eta garai batean izan zuen babes soziala galduz.[27] Isolamendu sentsazio horrek arazo larriak eragin ditzake emaztearengan, bere osasun mentala kaltetuz.

Senar eta emaztearen arteko adin ezberdintasunak emazteak etxeko indarkeria zein ezkontideen arteko bortxaketa jasateko aukerak handiagotzen ditu.[28] Haurra izanik ezkondu ziren emakumeek jasandako genero indarkeria eta erailketa tasak heldu izanik ezkondutako emakumeenak baino handiagoak dira. Haur-ezkontzak emaztearen dependentzia osoa sortzen du, eta honi jasaten duten genero indarkeria batu ezkero arazo mental oso larriak sor daitezke haurrarengan.[29]

Haur-ezkontza tasa handiek negatiboki eragiten dute herrialdeen garapen ekonomikoan, emakumeak hezkuntza sistematik eta lan mundutik ateratzen dituelako. Adituek diotenez haur-ezkontzek Milurtekoko Garapen Helburuak betetzerako orduan traba bat suposatzen dute, hezkuntza, ekonomia, politika eta osasun alorretan duen efektuengatik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Rood, Judith Mendelsohn. (2005-05). «RUTH LAMDAN, A Separate People: Jewish Women in Palestine, Syria and Egypt in the Sixteenth Century, Jewish Studies Vol. 26 (Leiden: E. J. Brill, 2000). Pp. 315. $194.00» International Journal of Middle East Studies 37 (2): 290–291.  doi:10.1017/s0020743805372060. ISSN 0020-7438. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  2. Hardwick, L. (1996-02-01). «Review. Birth, death, and motherhood in classical Greece. N Demand» The Classical Review 46 (2): 303–304.  doi:10.1093/cr/46.2.303. ISSN 0009-840X. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  3. Dahl, Gordon. (2005-05). Early Teen Marriage and Future Poverty. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  4. Saito, Osamu. (1996-11). «Historical Demography: Achievements and Prospects» Population Studies 50 (3): 537–553.  doi:10.1080/0032472031000149606. ISSN 0032-4728. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  5. Zhao, Zhongwei. (1997-11). «Demographic systems in historic China: Some new findings from recent research» Journal of the Australian Population Association 14 (2): 201–232.  doi:10.1007/bf03029340. ISSN 0814-5725. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  6. Crone, Patricia, 1945-2015, author.. Pre-industrial societies : anatomy of the pre -modern world. ISBN 1-78074-741-1. PMC 898424478. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  7. a b c Brown, Jonathan Verfasser.. Misquoting Muhammad : the challenge and choices of interpreting the Prophet's legacy. ISBN 978-1-78074-782-8. PMC 952566840. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  8. (Ingelesez) BEARAK, Photographs by STEPHANIE SINCLAIR
    Text by BARRY. (2006-07-09). «The Bride Price» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08)
    .
  9. www.nationalgeographic.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  10. (Ingelesez) Raj, Anita. (2010-11-01). «When the mother is a child: the impact of child marriage on the health and human rights of girls» Archives of Disease in Childhood 95 (11): 931–935.  doi:10.1136/adc.2009.178707. ISSN 0003-9888. PMID 20930011. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  11. «Targeting Girls in the Name of Tradition: Child Marriage» U.S. Department of State (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  12. Macdonell, Arthur Anthony; Keith, Arthur Berriedale. (1912). Vedic index of names and subjects. London, Murray (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  13. (Ingelesez) Dahlaquist, Allan. (1996-12-31). Megasthenes and Indian Religion: A Study in Motives and Types. Motilal Banarsidass Publ. ISBN 978-81-208-1323-6. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  14. Gil, Moshe; Friedman, M. A.. (1985-10). «Friedman's "Jewish Marriage in Palestine"» The Jewish Quarterly Review 76 (2): 149.  doi:10.2307/1453880. ISSN 0021-6682. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  15. «MAJORITY - JewishEncyclopedia.com» www.jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  16. (Alemanez) Lőw, Leopold. (1969-01). Beiträge zur jüdischen Altherthumskunde. Gregg (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  17. (Ingelesez) «Ishut - Chapter Three» www.chabad.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  18. «JCR - The Babylonian Talmud, Kiddushin» juchre.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  19. «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: Canonical Age» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  20. «Code of Canon Law» web.archive.org 2008-02-20 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  21. (Ingelesez) Catholic Encyclopedia. 2020-04-26 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  22. Richard Burn, Robert Tyrwhitt and Robert Phillimore, The Ecclesiastical Law, Volume 4, Sweet Stevens & Norton (London), page 54
  23. Gastón, Colleen Murray; Misunas, Christina; Cappa, Claudia. (2019-05-02). «Child marriage among boys: a global overview of available data» Vulnerable Children and Youth Studies 14 (3): 219–228.  doi:10.1080/17450128.2019.1566584. ISSN 1745-0128. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  24. (Ingelesez) «Yemeni child bride dies of internal bleeding - CNN.com» www.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  25. a b (Ingelesez) Nour, Nawal M.. Health Consequences of Child Marriage in Africa - Volume 12, Number 11—November 2006 - Emerging Infectious Diseases journal - CDC.  doi:10.3201/eid1211.060510. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  26. International Center for Research in Women (2005), Too young to wed: education & action toward ending child marriage. Washington DC
  27. Nour, Nawal M. (2009). Child Marriage: A Silent Health and Human Rights Issue. MedReviews, LLC PMC 679520219. (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
  28. (Ingelesez) «Child Marriage» www.cfr.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).[Betiko hautsitako esteka]
  29. (Ingelesez) Avenue, Human Rights Watch | 350 Fifth; York, 34th Floor | New; t 1.212.290.4700, NY 10118-3299 USA |. (2013-06-14). «Q & A: Child Marriage and Violations of Girls' Rights» Human Rights Watch (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]